MONGOLIA eta ULAN BATOR


GENGIS KHAN

Mongoliako herriarentzat, Gengis Khan da bere heroi nagusia. Horregatik, berari buruz idatziko dut artikuluaren hasieran.

PERTSONAIA

Gogoan dudanez, irakurri nuen lehen liburuetako bat Gengis Khanen biografia izan zen. Oroimenean geratu zitzaizkidan haren jatorri noblea, familiaren hondamendia aita pozoituta hil zenean, eta zelan atera zen aurrera Temundschin txikerra (gero Gengis Khan deitua), eta zelan lortu zuen tribu nomada mongoliarrak eta tartariarrak batzea bikain erabiliz estrategia eta indarra.

Hark eta bere armadak indarkeria handia erabili zuten, eta izu-ikararen bidez, eremu zabalak konkistatu zituzten eta haietako biztanleak menderatzea lortu zuten, eta horrela eratu ahal izan zuen ziur asko historian izan den inperiorik handiena. Horretan lagundu zuen, halaber, berarentzat eta beretarrentzat giza bizitzak zuen balio urriak. Bereziki besteenak, noski.

Garai hartan, Temundschin-ek galdetu zien bere oerlok-ei (kontseilari eta agintari militarrei) zein zen plazerik handiena gizon baten bizitzan. Batak bestearen atzetik erantzun zioten: batek uxaldiak zituen gogokoen, besteak ehiza zapelatzekin, hirugarrenak borroka basapiztiekin, … Erantzun bakoitzari buruaz ezezkoa egiten zion: Zorionik handiena giza bizitzan, azaldu zuen, arerioa menperatzea eta jazartzea da! Beraien zaldi gainean zamalkatzea eta daukaten guztia kentzea! Maite izan zituzten izakien aurpegiak, malkotan blai, ikusaraztea, eta haien emazteak eta alabak besartean estutzea!
(Gengis-Kan, el conquistador de Asia. Michal Prawdin. 60. or. 60)

 

GENGIS KHAN-EN HILOBIA

Gengis Khan 1227.08.18an hil zen. Data ezagutzen da, baina arrazoiak ez daude argi. Esaten da zalditik erori ote zen (arraroa, zaldizko ona baitzen); edo zaldi gainean zegoela egin zioten zauriagatik, eta honek justifikatuko luke aurrekoa; edo tifusak hil ote zuen, gauza normala garai hartan. Beste batzuek diote haren konkubinetako batek hil zuela, hau ere arraroa, Gengis Khan-en heriotzak haren konkubina guztien heriotza zekarren eta.

Kondairak dioenez, haren hilobia, tamaina handikoa, soldadu-talde batek egin zuen beren leialtasunagatik hautaturiko arkitekto eta igeltsero batzuen laguntzaz, Batshireet gisa ezagutzen den eskualdean Ulan Bator-etik 270 km ingurura. 40 konkubina eta 40 zaldirekin batera hobiratu zuten, behar bezala erailak, haragoko munduan lagun izan zitzan.

Horrela eraturiko hilobi handi eta sakona lur ugarirekin estali zuten eta ehunka zaldik zapaldu zuten, erraz igarri eta topatzerik egon ez zedin; hala, egin zutenek bakarrik kokatu edo lekutu zezaketen.

Soldadu, arkitekto eta igeltsero haiek itzuli zirenean, azkenean non zetzan esaterik izan ez zezaten, Khan Handiaren armadako destakamendu batek hil zituen, eta aldi berean azken hauek ere azkar garbitu zituzten, ziurtasun handiagoa izateko ez zela posible izango hilobia topatzea, haren profanazioa eta arpilatzea saihesteko.

XXI. mende hasieran Chicagoko Unibertsitateak azterketa sakona egin gura izan zuen Enperadoreaz eta haren hilobiaz. Ezinezkoa izan zen lurralde hartan ezer egitea, ez baitzuten inolako gobernu-baimenik lortu han behar egiteko. Mongoliarrek beren liderraren gurariari leial izaten jarraitzen dute.

Unibertsitate berak egindako azterketaren arabera, gaur egun Asian 16.000.000 lagunek gene komunak dituzte Gengis Khanen zuzeneko ondorengoekin.

 

MONGOLIA

 

ALGUNOS DATOS

  MONGOLIA ESPAINIA EAE
Eremua (km2) 1.564.116            505.370 7.234
Biztanleak 3.112.127     46.659.302 2.164.311
Biztanleak/km2           2,0                    92,3 299,2
  Ulan Bator Madril    Bilbo
Biztanleak 1.396.288            3.207.247 345.122

 

HERRIALDEA

Gengis Khanek, era harrigarrian, historian izan den inperiorik handienetako bat bihurtu zuen nomaden lurraldea. XIII. mende-hasiera zen eta egoera 4 mendez luzatu zen.

XVII. mende-bukaeratik, Inperio Mongola desegin zenetik, 1911. urtera arte, Mongolia Mantxuriaren agindupean egon zen, nazio aske izan zen etapa labur batean, baina 1919an Txinak konkistatu zuen.

1921ean, Sukhe Bator buruzagiak ─Bogd Khan gisa ezaguna, “bere dinastiako Khan lehena eta bakarra”, budismo tibetarraren lider espirituala eta Jebtsundamba Khutuktu-ren zortzigarren berraragiztapena─ independentzia aldarrikatu zuen eta sobietarren orbitako herrialde bihurtu zen, harik eta 1992an sistema politikoa aldatu zuen arte, kutsu liberaleko Konstituzio berria onartuz. Bere gobernu-era orduan errepublika presidentzial/parlamentario bihurtu zen.

1989.12.10ean lehen manifestazioa izan zen Ulan Bator hiriburuan, eskatzeko herrialdeak utz zezala erregimen komunista eta onar zitzala demokrazia eta merkatu-ekonomia. Handik gutxira, 1990.01.11n, beste manifestazio bat izan zen hiriburuan -21°ko giro-tenperaturarekin, eta gehiago izan ziren ondorengo asteburuetan.
1990.03.07an hamar disidentek gose-greba hasi zuten plaza nagusian. Milaka lagunek bat egin zuten beraiekin eta jende-bilketa gobernaezina bilakatu zen. Bi egun geroago, 1990.03.09an, gobernu-alderdi bakarrak, Mongoliako Herriaren Alderdi Iraultzaileak, uko egin zion botereari eta hauteskunde orokorrak eta askeak iragarri zituen, urte bereko uztailean egin zirelarik. Alderdi hark berak irabazi zituen gehiengo handiz. Hala ere, erabat aldatu zuen bere Konstituzioa eta horrekin sistema politikoa.

Heriotza-zigorra 2015ean indargabetu zuen, baina oraindik baditu bortxazko lanak zigorra ordaintzeko sistema gisa.

Erdialdeko Asian kokatua, itsaso urrunera irteera barik, mugakide ditu Errusia (Siberia) eta Txina. Biztanleriaren %45 hiriburuan, Ulan Bator-en, batzen da.

Gobiko basamortuak herrialdearen eskualde garrantzitsua hartzen du. Gainerakoa estepak dira erdialdean eta ekialdean, eta Altaiko mendi-sistema, paisaia aldetik erakarpen handikoa, mendebaldean.

Azken 40 urteotan migrazio-joera handia egon da hiribururantz, eta bertan bizi da herrialde osoko biztanleriaren % 40 baino gehiago. Hiriburutik kanpo, oraindik nomada-kopuru garrantzitsua dago, batez ere beren yurtetan bizi direnak, eraikin hauek beti bizi-garantia izan baitira oso ingurune hotzetan, ezin hobeto ekipatuta egoten dira eta. Gainera, oso ongi prestaturik daude lekuz erraz aldatzeko, bizimodu nomadari dagokion lez.

Lan diplomatiko handia ari dira egiten potentzia nagusiekin. Mendebaldearen alde agertu zen Irakeko Gerran, kontingente bat bidali zuelarik bertara. Bake-soldaduak ditu NBEren aginduetara Sierra Leonan.

Ekonomiari dagokionez, herrialde behartsua da bizi-maila apalarekin baina etengabeko hazkundearekin. Bere jarduera, berdin samar banatuta, nekazaritzan, abeltzaintzan eta meatzaritzan oinarritzen da. Komunikazio-arazo handia du; komunikazio-sistemak, batez ere, trena –bide bakar batek elkartzen ditu Pekin eta Siberia, herrialdea iparretik hegora zeharkatuz– eta hegazkina ditu oinarri, errepideak urriak dira eta. Per capita errenta 3.166€koa da.

Biztanle gehienek erlijio budista tibetarra praktikatzen dute. Butanekin batera, konfesio hau nagusi den nazio aske bakarra da. Sobietarren garaian erreprimitu egin zuten, eta tenpluetariko asko suntsitu.

Klima kontinentala du, zabalera termiko handikoa, urteko minimoa -40° eta maximoa +40° ingurukoak izan daitezke.

Herrialdean sartzeko turista-bisa behar da, lortzeko konplexu samarra. Ez da txertorik behar. Osasun-sistema pribatua aski da, baina oso garestia, Ulan Batorren. Txartelak gero eta gehiago erabiltzen dira ordainbide gisa, baina oraindik nagusi da eskudirutan ordaintzea. Herrialde segurua da.

Turistikoki gutxienez 24 ordu eman behar dira hiriburuan, eta oso komenigarria da Transiberiarrean egitea Ulan Ule (Siberia) eta Ulan Bator arteko ibilbidea, hobe uda-hasieran edo udazkenean; estepa eta edertasun ikusgarriko mendiak zeharkatzen ditu. Baita ere gomendagarria da gutxienez txango bat egitea bere paraje interesgarrietako edozeinetara.

Bertoko janariei dagokienez, ez dago barietate handirik. Batez ere ahari edo jak haragia jaten da, gantz ugari eta irinarekin egosia, lekalez lagunduta. Jaki batzuen berri Siberiako mongoliar eskualdean eman dut, bereziki buriatoei eta tartariarrei buruz idatzi dudanean. Hiriburuan nazioarteko sukaldaritza duten jatetxeak ere topatzen dira, janari txinatarra dutenak nabarmenduz.

Dena den, bisitari orok behar luke dastatu Kumis-a, esne garratza, kefirrean oinarritua, tradizionalki behor-esnez egina, baina gaur egun ohikoagoa da behi- edo ahuntz-esnez egina izatea.

 

 

ULAN BATOR

Esan dudan lez, Mongoliako hiriburua eta hiri nagusia da, Estatuko biztanle guztien % 40 bertan dituena.

Herrialdearen iparraldean dago, itsas mailaren gainean 1.350 m-ra dagoen haran batean Tuul ibaiaren ondoan, egunetik egunera kutsatuagoa giza hondakinengatik eta meatzaritzagatik. Hiriaren izenak Heroi Gorria esan gura du eta Shuke Bator-i eskainia dago, honek XX. mendearen hasieran txinatarrak menderatu baitzituen errusiar armadaren laguntzaz.

Hiria 1639an sortu zen budismo-gune gisa. Erdigunea bizitokia da tipikoki sobietarrak diren hormigoizko eraikin handiekin, hiribide zabal eta handitan antolatuta. Periferia yurtaz josita dago, eta bertan jarduera nomada lagatzen duten biztanleak ezartzen dira.

Etorkinek landa laga eta hiriburuan ezartzen direnean, gobernuak lur-zati txiki bat ematen die bizi ahal izateko. Normalean ez dute aski diru izaten etxe baten eraikitzea ordaintzeko, eta landatik ekarritako beren yurtetan jartzen dira, oso ondo ekipaturik egoten dira eta.
Berokuntza-sistemarik ez dutenez, yurta hauetan, hotz egiten duenean, egurra erabiltzen dute sua egiteko, eta horrek neguan kutsadura handia sortzen du erretako egurraren keagatik, baina udan su horien beharrik ez eta kutsadura desagertu egiten da.

Asiako hiribururik merkeena da. Oso merke eros daitezke han bertoko eskulan edo artisau-lanak (baita imitazioak ere).

 

 

 

 

 

 

 

 

Atentzio eman dit Garuda txori mitologikoa adierazgarria izatea mongoliarrentzat, bereziki Ulan Uden, ohore hori Indonesia, India, Kanbodia, Japonia eta Myanmarrekin partekatzen duelarik.

 

 

Naadam-aren zale amorratuak dira, hor sartzen direlarik “hiru gizon-jokoak”: mongoliar borroka, zaldi-lasterketak eta arku-tiroa. Uztail-erdi aldera jaialdi nazional ospetsu bat egiten dute, nahiz eta udako beste egun batzuetan ere ikus daitezkeen lehiaketak. Mongoliarren borroka gizonek bakarrik egiten dute.

 

 

 

 

 

ZER IKUSI ULAN BATORREN

  • Erdialdeko Sükhbaatar plazan Bogd Khan (Sükhbaatar) heroi nazionalak Txinarekiko independentzia aldarrikatu zuen. Plazaren erdian brontzezko estatua dago haren ohoretan. Hementxe hasi ziren erregimen komunista amaiarazi zuten matxinadak.
    Plaza handi honetan, hiriko era guztietako jardueren erdigunea, Gengis Khanen Estatuaren Konplexua nabarmentzen da. Estatuan bertan igogailuz igo daiteke zaldiaren barrualdetik eta eskailera batzuetatik bururaino iritsi. Museo garrantzitsu bat ere badu eta inguruetan beste estatua bat, oraingoan Khan handiaren amarena.
  • Gandan Khiid monasterio budista, “alaitasun betearen leku handia”. Stalinen 1937ko erlijio-purgaren ostean geratu zen bakanetakoa da. Mongoliako ikusgarrienetakoa da. Komeni da erlijio-zeremonietakoren batera joatea, kantuengatik bereziki.
  • Beste interesgune batzuk hauek dira: soldadu ezezagunari Zaisan monumentua, sobietar artearen adierazgarri argia, eta handik ilunabar zoragarria ikus daiteke, eta Seul kalean eroso eta atseginez paseatzen da ilundu ostean.
  • Bisitatu beharrekoak dira Estatu Saltegi Handiak, eta haietan kalitate bikaineko produktuak eros daitezke: Khasmirreko oihal eta jantziak, arropa tradizionala, artisautza, …, merke, Ulan Batorreko biztanleen eros ahalmenaren arabera.

BIDEOA

Zahar samarra den arren (2010eko urrikoa) oso luzea ez den bideo hau interesgarria dela iruditzen zait:

Hor musikari batzuk ikusten ditugu musika-tresna tradizional bat jotzen, bi hariko biolin-mota bat, Gizateriaren Ondare Immaterialtzat joa; beraren definizioa UNESCOren esteka honetan ikus dezakegu:

Aipatzen duten kantuak ere kalifikazio bera du Unescorentzat.

Erreferentziak:
Bisatua lortzeko: VISADO DE MONGOLIA.
Bidaiatzeko gomendioak: Recomendación de viaje

Nire ustez garrantzitsuenak diren webgune eta blog-etako batzuk:

Beste kontsulta batzuk Interneten.
Lonely Planet turismo-gidaliburua ere bai inprimaturiko edizioan.
Eta, beti bezala, wikipedia gehiago.

EPILOGOA
Artikulu honekin amaitutzat ematen ditut nire kolaborazioak web-orriarekin Siberiari buruz eta, bereziki, Transmongoliarraren ibilbideaz. Egin nezakeen beste era batera eta beste xehetasun batzuekin. Baina horrela atera zait.

Ederto pasa dut irakurtzen eta idazten. Gustatuko zitzaizuela espero dut.

Antonioren lan edo beharra eskertu gura dut webguneko aurkezpenagatik eta nirekin izan duen pazientziagatik, bereziki argazkien gaian, baita nik idatzitakoa argitaratu aurretik berrikusi dutenena ere. Ez ditut irakurleak ahaztu gura eta, batez ere, iruzkinak bidali edo hobetzeko iradokizunak egin dizkidatenak. Eta eskerrak Araceliri, bidaiari handiari, bere iruzkin garrantzitsuengatik: berari leku bat gustatzen bazaio, zerbaitengatik izango da.

Azkenik, gainditurik sentitu naiz Siberiara (Mosku – Ulan Bator, Transiberiarraren bidetik) bidaia egiteko proposamenak jasotako erantzunagatik Ea gauzatzen den eta dena ondo ateratzen den.

ÍNDICE

Por orden de fecha de publicación en la web.

eta Mongolia eta Ulan Bator-i buruzko hau.

Bilbo, 2019ko iraila.
Jorge Ibor

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude