NOVOSIBIRSK (Hiri Berria)


DEITURA

1893an Transiberiarraren eraikuntza Obi ibai ikaragarriaren mendebaldeko bazterrera iritsi zen; Obi Siberiako hiru ibairik luzeenetako bat da Lena eta Jenisei-rekin batera. Beharrezkoa zen trenarentzat zubi handi bat eraikitzea bere ibilgu zabal eta emaritsua gainditzeko. Eta horretarako eskulan handia behar zen. Makina gutxi zegoen eta ez oso ona.

Lanak hasteko aukeratu zen lekuan, iparralderago dauden gune zingiratsuetatik urrunduta, “Herrixka Berria” deituriko herri txiki bat sortu zen. Etxebizitzak kaskarrak eta oinarrizkoak ziren, etxolak eta biltegiak behin-behinekoak baitziren.

Moskutik laster iritsi zen trena bertaraino. Materiala ekartzen zuen eta bueltan alea eta beste zenbait salgai eramaten zituen, eta inguru hartako biztanle eta nekazariak, orduan zirkulazio-bide eskasa izan arren, nahitaez han geldialdia egin beharraz baliatu ziren merkataritzarako. Trenarentzat geltokia egin zen eta, azkenean, Mosku eta San Petersburgoren ondoren, Errusiako hirugarren hiririk handiena eta Siberiako handiena izatera iritsi denaren zimenduak jarri ziren.

Egiaztatu zenean biztanleriaren zati esanguratsu bat kokaleku honetan jarriko zela bizitzen, 1903an formalki eratu zen hiria “Novonicolaevsk” izenarekin, hau da, “Nikolasen Hiri Berria”, orduan zegoen Nikolas II. tsarraren omenez. Ferrol del Caudillo bezalako zerbait, baina bertsio errusiar tsaristan. Tsarrak, oro har, autarkikoak, benetako diktadoreak ziren.

Komunistek agintea hartu eta Gerra Zibila gaindituta, ezinbestekoa zen berriro izena aldatzea. Erregimen zaharraren aipamen oro desagerrarazi behar zen. 1926an, Siberiako hiriburu izendatu berritan (1925 – 1937), “Novosibirsk” izena hartu zuen, hots, “Siberiako Hiri Berria”.

Hori gutxi balitz bezala, gaur egun “ezizena” ere badu: “Siberiako Chicago”.

DESKRIBAPENA

Sortu zenetik 135 urte igaro ostean, gaur egun 1.600.000 biztanle baino gehiago ditu; modernoa da, oparoa, aurreratua, kultua, ongi hornitua, ongi komunikatua trenez, hegazkinez, autoz, itsasontziz…; etorbide zabalak eta eraikin modernoak ditu, metroa eta ongi zaindutako berdeguneak, bisitarientzat atsegingarriak.

Hemen dugu erreportaje polit bat, zehatzago erakusten duena: Novosibirsk. Siberia. 2018 (bideoa)

Beraz, badirudi, oso gaztea izanik ere, ongi doakiola “handi” izenlaguna. Hona hemen adibide batzuk:

 

 

  • Opera eta Ballet-eko Antzoki Akademikoa Errusiako handiena da, Moskuko Bolshoi bera baino ere handiagoa, 12.000 m2, 1.800 besaulki eta 60 m-ko diametroko ganga handi bat duena.

 

 

 

 

 

 

 

 

  • Tren-geltokia handiena da Transiberiarraren ibilbidean.

 

 

 

  • Bere Liburutegia Siberiako handiena da.

 

 

Monumentuen artean nabarmentzekoa da errito ortodoxoko katedrala (beste katedral bat katolikoa da) San Alejandro Nevsky-ri sagaratua. Hirian harriz egindako lehenengo eraikina izan zen, 1899.12.29an irekia eta neobizantziar estiloan eraikia. 1937an itxi zen Sobietar gobernuaren aginduz eta 1989an ireki zen berriro.

Bere estatua batzuk ere deigarriak dira. Jakina, herrialdean gero eta gutxiago geratzen diren arren, Lenini eskainitakoa, tamaina handikoa, hiriko lekurik garrantzitsuenean dago. Beste bat Alejandro III. tsarrari eskainitakoa da, Obi gainean aipatu dugun lehenengo zubiaren abiapuntuaren oinean dagoena, baita beste bat oso bitxia ere, “semaforoari eskainitako lehen monumentua” deiturikoa.

Siberiako herri batean ezinbestekoa den legez, zurezko eraikin ederrak ditu, Tomsken baino gutxiago; haietako batzuk oso politak dira, baina historia laburragokoak.

 

 

MUSEOAK ETA ZIRKUA

Bukaerarako laga dut atal berezi bat Museoentzat, hauen artean aipagarriak direlarik: Tokiko Kultura eta Historiakoa, non tradizio zaharrak eta txamanismoaren jatorria azaltzen diren, eta Arte Museo Nazionala.

Bitxia, gutxienez, bada Hildakoen Museoa ere, izenak adierazten duen bezala, munduko hainbat lekutako ehorzketa-kulturari eskainia.

Baita ere deigarria da Zurezko Arkitekturaren Museoa. Bertan ikusgai dagoen lan bati buruz hitz egingo dut, Zashiversk deitu dudan atalean.

Hain tren-geltoki garrantzitsuaren egoitza denez, Trenaren Museoa ere badu.

Siberiako beste hiri batzuetan bezala, bada zirkuarentzat oinarrizko eraikin bat. Animaliak egoten dira ikusgai. Ez dira gu bezalakoak, hemen ez dira halako ikuskizunak onartzen, baina guk zezenak diruz lagundu, ehiza bultzatu edo husky siberiar zoragarri bat 80 metroko pisu batean edukitzen dugu.

Husky siberiar txakurrak Chukotka* eskualdean du jatorria Ekialdeko Siberia iparrean kokatua. Chukchi-ek etxekotu zuten, batez ere artzaintzarako, elur-lerei tira egiteko eta haurrei beroa emateko, ederto moldatzen baita hauekin. Erdi-tamainakoa, elurretan bizitzera ohituta dago eta ingurune horretarako prestatua du ilajea, nahiz eta gai den beste klima batzuetara egokitzeko.
Errusiako 10 txakur-motari buruzko erreportajea:
  Errusian jatorria duten 10 txakur-arraza
* chukotka

 

EKONOMIA

Novosibirsk Errusiako industria- eta finantza-gune nagusietako bat da. Aipagarriak dira bertako energia-sektoreak eta horien barruan, gas, metal-erauzketa, metalurgia eta makinenak dira aipagarrienak.

Enpresa garrantzitsuen egoitza da: NPCC, erregai nuklearraren ekoizlea; Novosibirskenego, energia-enpresa; Mendebaldeko Siberiako Tren Konpainia, aireontziak egiten dituzten enpresak, nekazaritarako ingeniaritzakoak, meatzaritzako ekipamenduak, telekomunikazioak, etab. Novosibirsk

Jakina, hain hazkunde azkarra izanik eta etengabeko eraikuntza berriak, eraikuntza-enpresa garrantzitsuak daude bertan.

 

IRAKASKUNTZA

Kulturaz hainbeste arduratzen den hiri baten inguruetan, nahitaez egon behar Unibertsitate Campus garrantzitsu eta zaindua, Akademgorodok Zientzia Gunea deiturikoan kokatua. Han daude goi-hezkuntzako 32 erakunde, 11 unibertsitate, 8 institutu eta 13 akademia, eta gainera goi-hezkuntzako 14 sukurtsal. Unibertsitaterik handiena Tekniko Estatala da bertan ari direlarik ikasten 22.000 gazte baino gehiago.

 

BESTE DATU BATZUK

Klimatologia Siberiako tipikoa da -30 °Cren azpitik neguan eta 35 °Cren gainetik udan, eta orduan Obi ertzeko hondartza handia jendez betetzen da eguzkiaz eta aire zabalean arrats beheran egiten diren kontzertu ugariez gozatzeko.

Hiritik gertu urtegi handi bat eraiki zen eta, bere presarekin, energia elektrikoaren ekoizpen-iturri garrantzitsua da. Haren handitasunagatik gomendagarria da bisitatzea.

Putoramako goi-ordokian Vivi aintzira dago, Errusiako erdigune geografikoa; Novosibirsken, berriz, “0” kilometro-puntua dago.

Kalitatezko jatetxe, kafetegi, pub eta diskoteka asko ere badaude bertan.

Aurreko guztiagatik, merezi du bertan egun pare bat geratzea Transiberiarrean bidaiatuz gero.

Zer galdu zaigu, bada, Novosibirsk-en? 36 ordu aurkitzeko

 

ZASHIVERSK

Lehen aipaturiko Zurezko Arkitektura Museoak, aire zabalean dagoenak, oso altxor berezi bat du: Zashiversk-eko benetako Salbatore eliza (1700. urtekoa), guztiz zurezkoa, jatorrizko kokalekutik piezaz pieza lekualdatua. Hiri hori, edo hartatik geratzen dena, 3.000 km baino gehiagora dago ipar-ekialdera, Zirkulu Polarraren barruan. Bere historia, gutxienez, bitxia da.

Zashiversk Siberia kolonizatzeko prozesu batean sortu zuten 1639. urtean defentsa-gune militar gisa, baina urte batzuk geroago administrazio-gune bihurtu zen. 1786an nolabaiteko garrantzia izatera iritsi zen, bertan Moskuko ordezkari bat bizi baitzen, bere zerbitzari, zenbait burokrata, 30 guardia kosako, 500en bat zibil, gehi beharrezko apaiz ortodoxo eta abarrekin. 30 etxe egonkor eta zenbait yurta egon ziren.

Batez ere zergetatik bizi ziren, eskuarki inguruko tribu nomadei gauzatan kobratzen zizkietelarik.

Laster, 1816an, hasi zen haren gainbehera, lehen baztanga edo nafarreri-agerraldia sortu baitzen biztanleen artean. Bigarren agerraldiak, 1840an, geratzen ziren biztanle guztiak garbitu zituen, eta mamu-hiri bihurtu zen.

Urte haietan hiri-esparruan, merkataritza-gunean, abandonaturiko kutxa bat aurkitu zen. Herriko txamanak iragarri zuen hura irekitzea suntsigarria izango zela herriarentzat. Hala ere, apaiz ortodoxo batek ireki egin zuen eta… barruan bizi zen Herio askatu zuen.

 

Ofizialki 1890ean utzi zion hiriak izateari.

1969an espedizio batek eskualdea bisitatu zuen eta egiaztatu zuen herriko eliza zutik zegoela onik eta osorik. Bi urte geroago desegin eta piezaz pieza Novosibirskera aldatu zen, han berreraikitzeko.

 

 

 

OBI IBAIA

“Antzinako” metodoaren arabera, hau da, buruz eta ukondoak urratuta, geografia ikasi genuenetako askok munduko ibai garrantzitsuenen artean Siberiako luze eta emaritsuenak ditugu gogoan: Lena, Jenisei eta Obi (honetaz are gehiago oroituko gara, gurutzegramak egiteko ohitura baldin badugu).

Jakina, beste ibai asko daude han. Negu luzeek, elurte handiekin eta ondoren hotzak eragindako izozteekin, ibai asko sortzen dituzte munduko bazter hartan.

Siberiaren handitasunarekin jarraitzeko, komenigarri iruditu zait ibai eder hau nabarmentzea benetan harrigarriak diren neurri batzuk aipatuz. Altai kraian sartzen da eta ipar-mendebaldera eta iparraldera joan ostean, Kazakhstan, Mongolia eta Txinako, eta batez ere Siberiako, lurrak ureztatuz, bere itzelezko estuarioan itsasoratzen da Kara itsasoan.

3.650 km-ko luzera du ofizialki, baina bere adarra, Irtish, kontuan harturik, 5.410 km ditu, hau da, munduko zazpigarren ibairik luzeena da.

Bere arroa, ia 3.000.000 km2koa, Argentina baino zabalagoa da, eta Siberiako hiri garrantzitsu batzuk (Omsk, Tomsk, Ekaterimburo…) ureztatzen ditu, Novosibirskez gain.

Zati handi batean, 2.900 km-ko ibilbidean, nabigagarria da urte-sasoi batean, hau da, batez beste 150 eta 190 egun urtean eskualdeen arabera, ur-gaina izozturik ez dagoenean.

 

ERRUSIAKO OHIKO ETXEBIZITZA. ISBA.

Hain herrialde zabalean etxebizitza mota ezberdinak daude, eta horien artean nagusi Isba.

ISBA landetxe-mota bat da; kontuan izanda oro har metal eta harri egokiak urriak direla han, erabat zurez egiten da; enborrez osatzen dira hormak, batzuk besteen gainean jarrita, aipaturiko arrazoiagatik ez baita iltzerik erabiltzen eraikuntzan. Junturak buztinez estaltzen dira. Sabaia lasto prentsatuz eta belar onduz egiten da.

Forma karratua du eta, eskuarki, 80 m2ko planta gela bakar batean. Lur-zati karratuen erdian eraikitzen dira, eta inguruan abeltegia, ortu txiki bat, bihitegia eta lanabesentzako etxola.

Ezinbestekoa den berogailu handi bat izaten du barruan, hori da etxeko gailu funtsezkoena, neguan beroa ematen baitu eta udan, urez beteta, bainuontzi legez erabiltzen da.

Neguan egurrez betetzen da goizean, eta aktibo eusten zaio iluntzera arte. Etxeko biztanleek bere inguruan lo egiten dute, ematen duen beroa aprobetxatzeko.

Erreportaje hau irakurtzea gomendatzen dizuet: Isba-ren mirariak

 

Beste eraikin tipiko batzuen artean IGLUA dago, Inuit edo eskimalena; hauek Siberian, beste inon baino gehiago daudelarik, ipar-ekialdean bizi dira, horietako asko Chukotkan. Etxe hauek 4 metroko diametroa eta 2 metroko garaiera izaten dute, izotzez eginak daude eta elurrez estaliak barrutik aire beroak ihesbiderik izan ez dezan, eta zorua elur-oreinen larruazalez estaltzen dute.

 

 

 

 

Iglu-hotelak ere badira munduan zenbait lekutan. Horietako baten, Siberia ekialdean dagoen Kamchatka-koaren, erreportaje labur hau utziko dizuet, ea norbait animatzen den bertan ostatu hartzera:
 ‘Iglu hotel’ hau Kamchatkan exotismoa bilatzen dutenentzako imana da (bideoa)

 

 

 

YURTAk ere badu garrantzia. Eragin mongoleko eskualdeetan du jatorria, eta ohiko erabilera du Baikal aintzira eta Buriatia inguruan, Erdi Aroan hasi zirelarik erabiltzen. Etxebizitza eramangarria da, oso egokia, beraz, herri nomadentzat; hotzaren eta haizearen kontra erresistentea, eta berora ere egokitua, estaltzen duten larruazalak ireki egin daitezkeelako, barruan korrontea sortzeko moduan.

 

 

Yurtak eraikitzeko ohiko eskulangintza “Gizateriaren Ondare Immaterialtzat” joa dago

Uda pasatzeko etxe tipikoa den DATXAz, Baikal aintzirari buruzko artikuluan idatzi dut, Baikal aintzira. “Siberiaren begi urdina” – “Errusiako Galapagoak”

Gehiago ikusi eta irakurtzeko:

 

BESTE ERREFERENTZIA BATZUK

 

Jorge Ibor. Bilbao, martxoa 2019.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude