MOSKU


DATU BATZUK

– 1147an Juri Dolgoruki-k (1095-1157), Jurgi I.a Rus-ekoa deituraz ere ezagutzen denak, sortu zuen. Bere izenak Juri besoluzea esan gura du. Bere ohorez daude hiriko armarrian San Jurgi eta herensugea. Bere estatua bat ere badago Moskuko udaletxearen aurrean.

– Hiri honek 12.500.000 biztanle baino gehiago ditu (2018ko datuak), beraz, Europan biztanle gehieneko bigarren hiria da Istanbulen ondoren, honek 15.000.000 baino gehiago ditu eta.

– Munduko hiririk garestiena ere bada, eta bere atzetik datoz Seul, Tokio, Hong Kong eta Londres.

Forbes aldizkariaren arabera, New York gainditu du milioi askoko (edo mila milioiko) aberatsen kopuruan, 31 baititu, eta Ipar Ameriketako hiriak 30.

– Besteak beste, Madril eta Bartzelonarekin senidetuta dago.

 

 
– Hango metroa munduko bigarrena da munduan bidaiari gehien garraiatzeagatik, Tokiok bakarrik gainditzen duelarik. Sakonenetakoa da eta 215 geltoki ditu, horietako asko benetako museoak. Aipagarria da egiten ari zirela jazorikoa: Bigarren Mundu Gerran, alemanen eraso betean, eraikuntza-lanek aurrera jarraitu zuten ezer gertatzen ez balitz bezala.
 
– Hiru aireportu ditu eta bederatzi tren-geltoki.
 

 

 

HAINBAT ALDIZ SUNTSITUTAKO HIRIA

Nahiz eta ez den oso zaharra, hainbat aldiz izan da suntsitua.

– 1237-38ko arpilatzean hiria erabat suntsitu zuten Batu Khan-en mongolek, eta bertako jendea garbitu egin zuten.

Subotai jeneral ospetsua, historiako handienetako bat, ia Vienaraino iritsi zen.

– Ia berehala birsortu zen Mosku eta 1327an izen bereko Printzerriaren hiriburu bihurtu zen. Hazkunde nabarmena izan zuen, baina 1382an, bi urte lehenago moskutarrek eta aliatuek garaipen garrantzitsua lortu arren tartariar, mongoliar eta lituaniarren aliantzaren aurrean Kulikovoko guduan, hauek berrantolatu egin ziren eta hiriari eraso egin eta erabat arpilatu zuten.

1480an Ivan III.ak behin betiko garaipena lortu zuen tartariarren gainean, eta inperio zabal bat izango zenaren hiriburu bihurtu zen Mosku. Gero, hainbat gorabehera izan zituen hiriak eta garrantzizko herri-matxinadak, harik eta 1703an Petri Handiak San Petersburgo sortu berrira aldatu zuen arte hiriburua.

– Eta bere burua mundu modernoaren askatzailetzat zeukan Napoleonen inbasio-ahaleginera iritsiko gara. Estratega handi hau maniobra ausart baten bidez menderatu zuten. 1812.12.14an Moskuko biztanleek hiriko etxeak erre zituzten frantziarraren muturretan, eta hau negu latzaren erdian topatu zen, babesteko leku barik, janari barik, hornikuntza-lerroek etengabe huts egiten ziotela… eta errusiarrak atseden barik erasoan zituela.

– 1941.09.30 eta 1942.01.07 artean “Moskuko Gudua” izan zen Bigarren Mundu Gerraren barruan. Komunistak agintera iritsi eta berriro Errusiako hiriburu bihurtu zena, lehentasunezko helburua zen Hitlerrentzat. Sobietarren estrategiaren eta “Negu jeneralaren” artean, garaipen erabatekoa lortu zuten bertokoek. Denbora horretan eta nazien armada oso hurbil egon zen arren, Stalin ez zen Kremlinetik mugitu.

 

KRISTO SALBATZAILEAREN KATEDRALA

 

 

Munduko tenplu ortodoxorik garaienak, Moskuko eta Errusiako Patriarkatuaren egoitzak, gutxienez, oso interesgarria den historia du.

 

1812an, Aberri Gerra deiturikoan Napoleonen armada garaituta, Alexandro I.a tsarrak, Mosku berreraikitzeko planaren barruan, katedral handi bat eraikitzeko agindu zuen, garaipen handia erraztu zuen Jainkozko Probidentziaren laguntzaren ohorez.

 

 

 

 

Alexandro I.ak 1801ean hasi zuen agintaldia bere aita, Paulo I.a, erail zutenean. Erregimen Berriari zegokion giro liberalean hezia, Frantziako Iraultzarekin batera jaioa, aldatuz joan zen absolutismorik basatienerantz, eta bere burua “Europaren defendatzaile” aldarrikatu zuen, Aliantza Santuaren sortzaileetako bat izan zelarik. Oso erlijiosoa, 1825ean hil zen, nahiz eta esan zuten hil zen plantak egin eta ermitau-bizitza egitera erretiratu zela

“Lehenengo” katedrala orduan ospetsua zen Konstantin Thon arkitektoak diseinatu zuen errusiar tradizioaren arabera. Dena den, planoak aldatuz joan zen eta azkenerako, aldeak alde, Istanbuleko Santa Sofia katedralaren imitazio izatera pasa zen.
Eraikin zirraragarria hiriaren gainean eraiki zuen, Moskova ibaitik hurbil dagoen muino batean, 15en bat minutura Plaza Gorritik oinez joanda.
Bere eraikuntza 1839an hasi zen, eta lanek 44 urte inguru iraun zuten. Materialik onenak eta nobleenak erabili ziren, urre asko, eta ikono zoragarriak margotu edo lekualdatu ziren, horma eta sabaietan jartzeko.

Erregimen komunista iristean dena aldatu zen. Erlijioa jazartzeari ekin zioten hauek.
Stalinek, nabarmentzeko gogo itzela zuen diktadoreak, desegitea erabaki zuen, haren ordez egundoko eraikin bat egiteko, munduko handienak baino handiagoa izango zena neurriz, hasteko, orduan garaiena zen New Yorkeko Empire State baino handiagoa. Soviet-en Jauregia izango zen.
Gailurrean 100 m-ko garaiera izango zuen Leninen estatuarekin diseinatu zen. Adibide argigarri bat jartze aldera, hatz erakuslea 6 metro luze izango zen. 21.000 lagunentzako entzunareto edo auditoriuma ere izango zuen.
Horrela frogatu gura zuen mundu komunista kapitalista baino askoz hobea zela gauza guztietan.

1931n katedrala eraisteko agindua eman zuen. Bitxia bada ere, egun batzuk lehenago urrea, bitxiak, altxorrak, ikonoak beren lekuetatik kendu eta… betiko desagertu ziren!
Baina inork ez zuen kontuan izan tamaina horrekin eraikinak egundoko zimenduak beharko zituela eta itzelezko pisua hartuko zuela. Indusketak eta betelanak egiten ari zirela, ikusi zuten muinoa toki batzuetan arrakalatzen eta ibaiko ura sartzen hasi zela.
Arkitekto-taldearentzat zorionez, arazoak agertu eta gutxira alemanen erasoa izan zen Moskun eta lanak bertan behera geratu ziren epemugarik gabe.
Zuloa urez bete zen eta Moskuren erdi-erdian urmaela sortu zen, eta denbora gutxiren buruan igelez, eltxoz eta kiratsez bete zen. Esparrua hesitu egin zuten, baina erabilitako zura su-egur bihurtu zuten moskutar behartsuek neguko hotzari aurre egiteko. Hondamendi hutsa.


1958an Khrustxovek erabaki zuen lan handi bat lagatzea ondorengoentzat, eta han igerileku bat egitea agindu zuen, munduko handiena aire zabalean, eta ur berokoa, gainera. Kirtenkeria honek 1994ra arte iraun zuen, eta orduan erabaki zen berriro katedrala eraikitzea, garai batekoa imitatzen saiatuz. Berreskuratze honen bultzatzaileen artean Boris Jeltsin presidentea egon zen.
Lanak, garai batekoa baino askoz garatuagoa zen teknologiarekin, 2000. urtean amaitu ziren. Geroxeago, 2007an, Jeltsinen beraren hileta-elizkizunak egin ziren han, Alexandro III. a tsarraren ostean bigarren mandatari batenak.
Katedral ikusgarria ortodoxoen erlijio- eta erromes-gune da. Leku ona da ezagutzeko zelakoak diren erlijio honetako zeremoniak.

Aurrez azaldutakoa askoz hobeto eta zehaztasun handiagoz azaltzen du Ryszard Kapuscinski kazetari poloniarrak bere El Imperio liburuan.

Beste erreferentzia batzuk:

 

ZER IKUSI MOSKUN

Hainbeste gauza interesgarri dago Moskun ikusteko, ezen kosta egiten baita bizpahiru egunetarako batzuk aukeratzea. Komenigarri iruditzen zait bi gauza bereiztea:

 

1. Nahitaezko bisitak zirkuitu “estu” baten barruan:

– Kremlima eta bere barruan, besteak beste, Ama Birjinaren Lokartzearen, Deikundearen eta San Migelen katedralak daude, tsarraren kanoia eta munduko ezkilarik handiena, atzean istorio bitxi bat duena.

– Plaza Gorria (errusieraz gorria eta ederra baliokideak dira), San Basilioren katedrala eta Gum biltegiak.

 

– Historiaren Museoa, Kristo Salbatzailearen katedrala, Kazango katedrala, Bolshoi Antzokia, Unibertsitatea, Garaipenaren Parkea eta beste asko.
– Ezin dira ahaztu Metroko geltoki batzuk.

 

2. Gizateriaren Munduko Ondarea:
– Kremlina eta Plaza Gorria.

XIII. mendetik Errusian izan diren gertakizun historiko eta politiko garrantzitsuenei lotuta, Kremlina (Errusiako eta atzerriko arkitekto ospetsuek XIV. eta XVII. mendeen artean eraikia) Printze Handiaren egoitza eta erlijio-gune izan zen. Bere harresien oinetan, Plaza Gorrian, San Basilioren Basilika Errusiako monumentu ortodoxorik ederrenetako bat da.
Deskribapena erabilgarri dago lizentziapean
CC-BY-SA IGO 3.0 https://whc.unesco.org/en/list/545

– Hirutasun Santuaren eta San Sergioren laura edo monasterioaren arkitektura-gunea Sergiev Posad-en.

Laura edo lavra hau monasterio ortodoxoen adibide aparta da, oraindik jardunean dago, garatu zen garaiko (XV. mendetik XVIII.era) ezaugarri diren defentsa-egiturez hornitua. Eliza nagusian, Jasokundearen katedralean (izen bereko katedrala, Kremlinean eraikia, oroitarazten duena), Boris Godunov-en hilobia dago. Lauran dauden altxor ugarien artean, nabarmentzekoa “Hirutasun Santua”, Andrei Rublev-en ikono ospetsua.
source: UNESCO/ERI Deskribapena erabilgarri dago lizentziapeanCC-BY-SA IGO 3.0 https://whc.unesco.org/en/list/657

– Kolomenskoie-ko Igokundearen eliza.

Moskutik hurbil kokatua, Kolomenskoieko onibar inperialean, Igokundearen eliza 1532an eraiki zen, gerora Ivan IV.a Izugarria izango zen tsarraren jaiotza ospatzeko. Lehen eliza tradizionaletako bat izan zen, harrizko eta adreiluzko egiturarekin, zurezko teilatuz estalia. Arkitektura-estilo honek eragin handia zertu zuen ondorengo erlijio-arkitekturan.
source: UNESCO/ERI Deskribapena erabilgarri dago lizentziapean CC-BY-SA IGO 3.0 https://whc.unesco.org/en/list/634

– Novodevichy komentu-gunea.

Novodevichy komentua, Moskuren hego-mendebaldean, XVI. eta XVII. mendeetan eraikia, Moskuko estilo barrokoa deiturikoan, hiriko defentsa-sisteman sartu ziren monasterio-guneen kate baten parte da. Komentuak zuzeneko erlazioa zuen Errusiako politika-, kultura- eta erlijio-historiarekin, eta estu loturik zegoen Moskuko Kremlinari. Tsarraren familiako eta aristokraziako emakumeek erabili zuten. Tsarraren familiako eta segizioko kideak ere hango hilerrian hobiratu zituzten. Komentua errusiar arkitekturaren lorpen handienetako batzuen adibidea da, barrualde aberatsekin eta margolan eta tramankuluen bilduma garrantzitsuarekin.
Deskribapena erabilgarri dago lizentziapean CC-BY-SA IGO 3.0 htps://whc.unesco.org/en/list/1097

 

ERRUSIAR ERRULETA

Ausazko joko hilgarri bat da. Danbor-kargagailua duen errebolber bat hartzen da, bala guztiak kentzen dira bat izan ezik (edo bat baino gehiago lagatzen dira arriskua igo gura bada) eta bira ematen zaio. Posturagileak kanoia lokian jarri eta tiro egiten du. Balarik ez egokitzeko zorte ona baldin badu, apustua irabaziko du. Bestela, galdu egingo du. Eta bizia ere bai, noski.
Joko hilgarri honen lehen albisteak idazle iparramerikar batek, George Surdez-ek, eman zituen, 1937an argitaraturiko ipuin labur batean. Bertan kontatzen du Errumanian zegoela, 1917an, I. Mundu Gerran, istorio hau entzun zuela, hots, errusiar armadan goi-aginteko noble militar askok, garaituak izaten zirenean, joko hau egiten zutela ohorea salbatze aldera, zeren eta, hiltzen baziren, gutxienez beren ausardia frogatuta joaten baitziren.
Hala ere, hark kontaturikoa ez da guztiz sinesgarria. Esaten zuen bost bala lagatzen zituztela kargagailuan eta bat bakarrik hutsik. Bada, errusiar armadaren historia osoan izan diren danbor-errebolber guztiak 7 edo 8 balakoak izan dira. Seiko bakarrak Smith & Wensson amerikar ospetsuak ziren.

Gainera, ez da ezagutzen aurretiko dokumentu edo idatzirik jokabide honetaz berba egiten duenik errusiar armadan. Are gehiago, Surdezi berari “errusiar erruletaren asmatzailea” deitzen zioten bere herrialdean”.
Horregatik, agian, maiz “amerikar erruleta” deitzen zaio Errusian.
Michael Chiminoren “The Deer Hunter” (El Cazador) film zirraragarrian ‘errusiar erruletaren’ eszena ikustea gomendatzen dizuet. Dena den, esan behar da ez dela ezagutzen joko hilgarri honen kasurik Vietnamgo gerrak iraun zuen bitartean.

El Cazador (1978) – Errusiar Erruleta (bideoa)
Xehetasun gehiago: Origen y actualidad de la ruleta rusa

 

BESTE ERREFERENTZIA BATZUK

Wikipedia.org, lonely planet turismo-gida, eta irakurgai asko interneten eta zenbait liburutan.

Jorge Ibor
Agosto 2019

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.