Putoranako goi-ordokia eta Norilsk (natura vs kutsadura)

Egokia iruditu zait bi paraje hauek, hain hurbil daudenak eta hain ezberdinak direnak, artikulu bakar batean elkartzea. Lehena naturaren paradisu bat da, bigarrena planetako hiririk kutsatuenetako bat. Biak daude Zirkulu Polar Artikoaren barruan..

 

PUTORANAKO GOI-ORDOKIA

Natura Erreserba eta Gizateriaren Ondarea

Norilsk hiritik ez oso urrun, Siberiaren iparraldean eta Zirkulu Polar Artikoaren barruan, Putoranako goi-ordokirako sarbidea dago, Natura Erreserba 1988tik eta Gizateriaren Ondarea 2010etik.

SESBeko Gobernuak Natura Erreserba izendatu zuen, munduko elur-oreinen bilgune handiena, baita ere han bizi diren musmoi edo mufloien kolonia handia ere, zaintzeko helburuaz, besteak beste.

 

Bestalde, Unescok arrazoi hauek eman zituen Gizateriaren Ondaretzat aldarrikatzeko:

“Paisaia zabal eta askotarikoa da, natura-edertasun ikusgarria duena. Putoranako goi-ordokia birjina da eta ez dio giza azpiegiturak eragin. Bere ezaugarri natural bikainen artean basaltozko trapp (eskailera) gune zabala dago geruzatan, dozenaka arroila sakonek ebaki dituztenak; ur hotzeko ibai eta erreka ugari milaka ur-jauzirekin; 25.000 aintzira baino gehiago fiordo formazioarekin, erliebean dagoen bariazio handiari lotuak. Egundoko paisaia artiko eta borealak ukitu barik daude, likenezko tapizekin eta iparreko latitude hauetan ezohikoak diren basoekin”.. Fuente: http://whc.unesco.org/en/list/1234
source: UNESCO/ERI. Description is available under license CC-BY-SA IGO 3.0

Putoranako goi-ordokia 1.875.000 hektarea baino gehiagoko eremua da. Itzelezkoa.

Bere mendiak ez dira bereziki garaiak, gehienez ere 1.700 m itsas mailaren gainetik, eta gailur gehienak 1.000 eta 1.500 metro artean daude.

Joan zen mendeko 30-40ko urteetan hasi ziren lehen aldiz bertatik ibiltzen Evenki herri nomadakoak ez ziren pertsonak; izan ere, hauek baitira, beste etnia txiki batzuekin batera, handik ibiltzera ausartzen diren bakarrak.

 

 

Baina gaur egun oraindik ere baditu eremu zabalak gizakiak sekula zapaldu bakoak.Putoranan ez dago biderik, ez errepiderik, ez aireporturik, ez itsas porturik, baina bai eremu oso zabalak helikopteroz bakarrik irisgarriak.

Zirkulu Polar Artikoaren barruan kokaturik dagoenez, neguak oso gogorrak eta oso luzeak dira eta udak laburrak eta freskoak, baina erantsitako arazo batekin: eltxo-multzo ugari eta gogaikarriak agertzen dira eskualde batzuetan; izan ere, tenperatura igo, elurra urtu eta zoru izoztuan istil handiak sortzen dira (permafrost).

Konpentsazio gisa, bere paisaia izoztuen edertasuna bizitzaren itzulera ematen duena bihurtzen da.

Orrialde honetan argazki-erreportaje oso interesgarria daukagu:

Putoranako goi-ordokia, harkaitzen eta uraren siberiar erresuma

Putoramako goi-ordokian Vivi aintzira dago, Errusiaren erdigune geografikotzat hartua. Ibai-aintzira da, 86 km luze eta 5 km zabal. Ez dago giza kokalekurik hurbil.

 

 

ZUHAIXKA METEREOLOGOA: STLANIK-A.

Siberiako iparraldean, non hotza muturrekoa baita negu luze-luzean, oso zuhaixka berezi bat bizi da: stlanika. Zedro siberiarraren familiakoa, aparta da bizirik irauten. Bere erroak harkaitzen arrakaletan sartzen ditu, enborrak beso baten lodiera du eta 3 metrorainoko garaiera hartzen du. Bere fruitua artaburu oso berezia da. Hosto iraunkorrekoa da. Eta erresistentzia handikoa da klima gogorrarekiko, bere sentikortasun oso “bereziarekin” batera.

Negua hurbildu eta hotzaren eta etengabeko haizearen mehatxua hurbiltzen denean, espero izatekoa da edozein unetan hasiko dela elurra jausten. Stlanikak iragarriko digu badatorrela une hori.

Elurra hasi baino egun pare bat lehenago, zuhaixka bere gainera makurtuko da eta sustraiak babesten dituen harkaitza besarkatuko du bere adaburuak. Hartza balitz bezala hibernazio-aldia hasiko du. Kuzkurturik non dagoen jakingo dugu bere gainean elur-metatxo bat eratuko baita.

Negua amaitzera doa. Ez dakigu zehazki noiz. Stlanikak bai. Eguraldi ona hurbiltzean tentetu egingo da eta bere adaburua agertzen hasiko da elur hotz eta oraindik gogortuaren artetik. Ez du hutsik egingo. Eguraldi ona iritsiko da udazkenera arte geratzeko. Lehenengoa izango da negutik iratzartzen.

Arazo bat du bere espezieko guztiekin batera: ezin du pentsatu. Eta negu minean sua pizten badiozu hurbil, esnatu eta tentetu egingo da. Eta sua amatatu ostean, bere fetu-jarrerara itzuliko da.

Baita ere bere presentziaz gozatzen dutenak gehien alaitzen dituen zuhaitza da: beti dago verde.

 

NORILSK

Norilsken muturreko hotza biztanleen bihotzeko berotasunaz konpentsatzen da

Zirkulu Polar Artikoaren barruan kokatua, Norilsk da munduan iparraldeen dagoen hiria 100.000 biztanle baino gehiagokoa.

Errusian dauden 42 “hiri itxietako” bat da, eta izen horrek esan gura du ezin dituztela atzerritarrek bisitatu KGBren ondorengoa den SVR edo Gobernuaren Zerbitzu Sekretuaren berariazko baimen barik. Hiri hauetatik % 75 Defentsa Ministerioaren araupean daude, eta gainerakoak Energia Atomikorako Agentzia Federalaren mende.

Egitate horren, gehi hotzaren eta kutsadura handiaren, ondorioz, 2017an atzerriko 222 turista bakarrik jaso zituen (nazionaltzat dauzkate errusiarrak eta bielorrusiarrak).

1920an sortu zen, sobietar erregimenaren barruan, preso deportatuekin natura-aberastasunak ustiatzeko helburuaz. Biztanleria biderkatu egin zen 1937an Stalinen purga edo garbiketen ondorioz presoak masiboki hartu zituenean, doako eskulana izanik meategietako erauzketak egiteko.

Hiri da 1953tik. Bertako biztanleek nikel, kobre, paladio… meategien, munduko garrantzitsuenen, ustiapen intentsiboan dihardute batez ere. Planetako hamar hiririk kutsatuenetako bat da. Euri azidoaren ondorioz, ez du zuhaitzik inguruan 48 km-ko erradioan. Mundu osoko sufre-dioxidoaren % 1 baino gehiago sortzen duela jotzen da.

Meategirik kutsagarrienetako bat, hiriaren erdian kokatua, aldaketa-prozesuan dago bere jardueraren ingurumen-eragina gutxitzeko.

MMC Norilsk Nickel enpresa, hiriaren benetako jabea eta kontrolatzailea, munduan nikel eta paladio gehien ekoizten duena da, Errusian urrea erauzten lehena, platinoan laugarrena mundu mailan (Stillwater M.C. estatubatuarrarekin elkarlanean) eta planetako kobre-meatzaritzan lehen 10en artean ere badago. Moskuko burtsan eta Nasdaq-en kotizatzen du, eta Errusiako BPGaren % 1,5 sortzen du.

Norilskeko klimatologia benetan gogorra da. Estatistikoki Errusiako bost hiririk hotzenetako bat da.

Errusiako 5 hiririk hotzenak

45 egunez urtean ez dute eguzkirik ikusten, eta giro-tenperatura -50 °C-raino iristen da; haizea, berriz, 25 metrora segundoko; eta elurrak inguru guztia estaltzen du gutxienez 250 egunez urtean. Aitzitik, eguzkia dute gau eta egun 24 orduz maiatzaren 21 eta uztailaren 24 artean, eta tenperatura 30 °C

Norilsk (wikipedia)

baino gehiagokoa izan daiteke “Lurzoru glaziar” edo permafrost zonaldean dago, eta horrek esan gura du zorua eta zorupea izoztuta egoten direla urte osoan, eta beraz etxerik xumeenak pilote gainean oinarritzen dira lurrazala ez ukitzeko. Bestela, isolatzaile barik, tenperatura hotz-hotzak etxebizitzetara igoko lirateke egituran gora.

Inguruetan lan bortxatuen eremu ikaragarria izandakoaren hondakinak daude, monumentu bat dagoelarik purga handien garaian hara deportaturiko jendetzaz oroitzeko.

Oso interesgarria da Bertoko Historiaren Museoa: han daude ikusgai eta (errusiera jakinez gero) irakur daitezke bortxazko lanen esparruko presoen eskutitzak.

Bitxikeria legez, gehitu behar da posible dela elur-oreinaren haragia erostea erdialdeko supermerkatuetan.

Hiria Krasnoiarskeko kraikoa da (Errusiako administrazio-banaketa mota bat). 

Veamos algunos datos:

         Krasnoyarsk                ESPAINIA              EUSKADI
Eremuak km2 2.366.797 505.370 7.234
Biztanleak 2.865.908 46.659.302 2.164.311
Biztanleak/km2 1,2 92,3 299,2
                   Norilsk                  Madril                  Bilbao
Biztanleak 177.428 3.207.247 345.122

 

Bertakoen bizi-itxaropena 46 urtekoa bakarrik da. Hala ere, badu zerbait erakargarria: meatzaritzaren eta industriaren ondorioz ez dago langabeziarik eta beharra ondo ordaindua dago. 15 urtez lan egin ostean, pentsioa lor daiteke eta etxebizitza doan Errusiako edozein eskualdetan.

Enpresaren aberastasunagatik ez da elikagairik, ezta tropikalik ere, falta, nahiz eta oso garestiak izan, ez dagoelako bertan batere kultibo-lekurik eta gaitza delako inportatzea.

Krasnoiarskera, Kraiko hiriburura ─handik igarotzen da Transiberiarra eta espresuki idatzi dut berari buruz artikulu bat─ 630 km daude lerro zuzenean. Baina klimatologiaren ondorioz ez dago bien artean ibil daitekeen errepiderik; beraz, hara iristeko, eguraldiak lagatzen duenean, hegazkina erabili behar da.

Enpresaren izotz-hausteko ontzian ere joan daiteke hirira.

Esandakoaren ideia bat egiteko RT Errusiako telebistaren kanalaren erreportaje hau ikus daiteke:
SAKON : Norilsk

TURISMOA

Blog, artikulu eta erreportajeetan diotenez, hiriak interesa sortzen du “muturreko turismoa” deituaren barruan. Biztanleek, guztiz atseginak atzerritarrekin, beren aisialdia aire zabaleko jarduerekin betetzen dute klima eztiagoa denean, edo lokal itxietan bestelako giroa dutenean. Irakurri dudanez, “turistek” badute aukerarik jardunean dagoen nikel-meategi handi bat ikusteko ere.

“Sarbide” nagusia da hurbil samar dagoen Putoranako goi-ordokirako.

Ez dago ikusterik Transiberiarrean bidaia eginez.

GULAG: 58. ARTIKULUA

“Errusia gauza asko ikusia da bere mila urteko historian. Bada gauza bat Errusiak sekula ikusi ez duena mila urte horietan: askatasuna”. Vasili Grossman, kazetari eta idazlea (1905-1964)

Norilski buruz idazterakoan ezinbestekoa da bortxazko lanen esparruak eta purgak aipatzea.

Langile esklabo ziren presoen hezur gainean eraikia, Norilsk Stalinen gulag-aren mugako postu gisa hasi zen, eta hain egoera gogorreko lekuan, ezen 1935 eta 1956 artean hara eramandako 650.000 presoetatik, gutxi gorabehera jota, 250.000 inguru hotzak, goseak edo nekeak hil baitziren”.
 Bizimodu hobearen bila muturreko hotzaren eta iluntasunaren artean 

Komunismoaren garaian Siberiara egindako deportazioak Kode Penaleko bi artikuluk arautzen zituzten, batez ere:

  • 10. artikulua preso komunen kasuan

Preso hauek tratu bereizia zuten. Teorian, lan-eremuetan beren egoera hobetzeko aukera zuten eta ohatilari, praktikante, kontulari… izatera iristeko aukera, baina, egiaren orduan, preso politikoek hartu ohi zituzten postu horiek.

Bitxia bada ere, artikulu honen arabera zigorturiko emakumeak aske geratzen ziren kontzentrazio-esparruan ume batez erditzen baziren. Horregatik, asko saiatzen ziren haurdun geratzen handik irteteko irrikaz.
Varlam Shalámov, Relatos de Kolimá, volumen II – la orilla izquierda.

  • 58. artikulua preso politikoentzat

Purga edo garbiketen biktima izateko egon zitezkeen arrazoi politiko ugarien ideia bat egin gura duenak ondorengo estekan Zigor Kode Sobietarraren “58. artikulua” irakur dezake, bortxazko lan-eremu oso gogorretako bizimoduaren kontatzaile handiek hainbestetan aipatua, Alexander Solzhenitsyn-ek (Gulag artxipelagoa) eta Varlam Shalamov-ek (Kolymako kontakizunak) besteak beste.
 58. artikulua (Errusiako SESFko Zigor Kodea)

Epaiak emateko ez zegoen aurretik epaiketarik egin beharrik, aski zen sinaturiko salaketa huts bat fiskalak edo epaileak zuzenean eman zitzan. Garairik gogorrenetan senitartekoak salatzera iritsi ziren, ezkontideak, neba-arrebak, seme-alabak, mendekoak… norberaren aurkako salaketari aurrea hartzeko, erregimenaren “begiko izateko” edo profesionalki gora egiteko, beste arrazoi batzuen artean.

Adibidez, adierazpen-delituengatik prozesatzea ahalbidetzen zuen, edo horien jakitun izanik ez salatzeagatik.

Nolabaiteko “gutun zuri” edo erabateko eskua izanik, Stalinen Polizia Sekretuaren arma politiko bihurtu zen. “Altzairuzko Oihalaren atzeko” sobietar orbitako herrialdeetan ere aplikatu zen.

Falkovski, honen delitua agitazio edo asaldura izan zen. Froga: Falkovskiren eskutitzak emaztegaiari eta honenak senargaiari. Korrespondentziak bi pertsona edo gehiago eskatzen ditu. Orduan, 58. artikulua, 11. puntua (aplikatzen da): “erakundea”, eta horrek dezente larritzen du kausa. (Varlam Shalamov, Relatos de Kolimá/Kolymako kontakizunak).

Bortxazko lan-zigorrak Siberiako eremu berezietan 25 urtera artekoak izan zitezkeen eta kondenatuen senitartekoengana irits zitezkeen, eta pertsonak nahiz beraien ondarea harrapa zezakeen zigorrak, presio-neurri gisa. Zigorra bete ostean, errudunak eskuarki ez zuen baimenik lortzen ohiko bizilekutik 150 km baino gutxiagora bizitzeko.

Normala zen, hain suplizio luzearen ostean eta jakinik “markatuta” zeudela, askatasunari beldur izatea, bereziki (Troskistaren) “T” zutenak espedientean, hauen jazarpena gogorragoa izaten baitzen. Horregatik, kondena bete ostean, asko lan-eremuetan bertan geratzen ziren. Beste batzuek ez zuten askatasuna jasaten eta zuzenean beren buruaz beste egiten zuten.

Egia esateko, aipaturiko idazleak irakurriz, ez dakigu hobe zen deportazioaren kondena jasatea ala zuzenean Moskuko Luvianka plazan zegoen NKVDren egoitzaren sotoetan hilak izatea.

 

AIPAMEN GEHIAGO

Bilbao, marzo de 2019. Jorge Ibor.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies