KAZAN

Hiririk zaharrena handien artean, eta handiena zaharren artean

KAZANERA TRENEZ

Moskutik Jekaterinburg-era trenez joateko hiru ibilbide har daitezke:

  • Transiberiarra Nizhni Nogorod-en barrena ezinbesteko geldialdi hauek eginez turistentzat:
    • Vladimir hiria ikusi eta txangoak Suzdal eta Urrezko Eraztunera. Sarri sartzen dira bisita hauek Moskutik egindako zirkuituetan.
    • Nizhni Nogorod.
    • Perm, gehi Perm-36 lan-esparrura, ongien kontserbaturikora, bisita gogorra eginez.

Ibilbide hau oso ederra da eta kultura eta historia aldetik interes handikoa da, baina arazo bat du, Siberian barrena ibilaldi bat egin gura bada: larregi (gutxienez lau egun) luzatzen du bidaia eta asko garestitzen du (ibilbidearen Europako zatia garestiena da alde handiz).
Hala ere, interesgarria izan daiteke eskualde honetara berariazko bidaia bat egiteko aukera aztertzea.

  • Transiberiarra jatorrizko bidetik oraindik operatibo dago, baina ez da hain interesgarria eta gutxi erabiltzen da.
  • Trena, ez Transiberiarra, Kazanen barrena, hiri honetan geratzea gomendatzen da, berez ere aski erakargarria baita ibilbide hau justifikatzeko.

Azaldutako arrazoiengatik, nik neuk Kazango bidearen alde egingo nuke. Beraz, hiri honetaz berba egingo dizuet.

JAKINGARRIAK

  • Sorrera. Ohikoa den legez, hainbat kondaira dago. Ospetsuenaren arabera, eskualde hau konkistatua zuten Iparreko bulgariarrei (gutxi dakigu hauetaz) azti batek aholkatu omen hiri bat sortzeko sua erabili barik kazolan ura irakin zitekeen lekuan. “Kazan”ek kazola esan nahi du.
    • Ez dut lortu gehiago jakiterik kondaira honetaz, beraz, in situ galdetu beharko da.
  • Söyembikä (Sjujumbike) dorrea. Ivan Izugarriak Kazan konkistatu zuenean, liluratuta gelditu zen Söyembikä printzesa ederraz eta indarrez bere emazte bihurtzea erabaki zuen (jada bazituen beste batzuk). Are gehiago, bertsio batek esaten du emakume honen edertasunak eragin zuela hiria konkistatzeko gerra bera.
    Baina printzesak ez zuen ezelan ere hura maite eta onartzen. Tiranoari aurka egitea ezinezkoa izango zela ikusita, baldintza bat jarri zion: agindu zezala dorre bat eraikitzeko, ordura arte ezagutzen zen garaiena, astebeteko epean bakarrik.
    Tsar beldurgarriak erronka onartu eta lortu zuen dorrea astebetean egitea. Amaitu zutenean, goren-goreneraino igo eta printzesak bere burua bota zuen handik. Söyembikä (Sjujumbike) dorrea, okertua, ezinbestean ikusi beharrekoa da.
  • Kazango Unibertsitate famatuak bi ikasle ospetsu izan zituen: Tolstoi eta Lenin. Eta buruzagi boltxebike honi eskainia dago unibertsitate-esparruko estatua bakarra. Bitxikeria gisa, esan dezagun ez zituela han ikasketak amaitu, bota egin zuten eta.  

DATU BATZUK

Kazan Tartaria edo Tatarstango errusiar errepublikako hiriburua da, eta hiririk garrantzitsuena.

  • Tatarstango errepublika, Volgako Barrutian kokatua, Errusiaren europar aldean ekialdean dago, eta herrialde honetakoa da 1522an Ivan Izugarriaren gudarosteek konkistatu zutenetik. Hainbeste urte integraturik egotearen ondorioz, kultura eta hizkuntza aldetik puntu komun asko dituzte. Hala ere, tartariarrek ez dute beren erlijioa, Islama, laga, horretarako ahalegin asko egin den arren. Eta erlijioaren gai honek eragin du beraien irrika independentista ere, sobietar aldiaren ostean egindako erreferendumaren emaitzak, Moskuk sekula onartu ez duenak, garbi erakutsi zuen legez.
  • Tatarstango biztanleak 70 etniatakoak dira, tartariarra eta errusiarra izanik nagusi.

Ikus ditzagun zifra batzuk:

  Tatarstan ESPAINIA EAE
Eremua km2 67.836,0            505.370,0 7.234,0
Biztanleak 3.894.284,0     46.659.302,0 2.164.311,0
Biztanleak/km2            57,4                    92,3 299,2
  Kazan   Madril    Bilbo
Biztanleak 1.243.500            3.207.247 345.122

Bestalde, Kazan hiriburua XI. mendearen hasieran (1005) sortu zuten Iparreko bulgariarrek, 300 bat urtez menderatu zutelarik, mongolek konkistatu zuten arte. Hauek, bestalde, Urrezko Hordan (mongolieraz ‘kanpamendu’) sartu zuten, izen honekin Genghis Khanen iloba batek sorturiko estatuan.

Hiri honetan bada gai bat, Transiberiarraren ibilbidean ekialderago dauden beste batzuetan ere errepikatzen dena: mendebaldetik lekualdaturiko fabrikak daude, II. Mundu Gerran armada naziak egin zitzakeen erasoetatik babestu ahal izateko.

Bai tren-bidaia hiri horretaraino eta bai bizitza hirian bertan, Errusiako europar alde osoan legez, nabarmen garestiagoa da siberiar aldean baino.

 

ZER IKUSI

Bisitarik garrantzitsuenak nabarmenduko ditut, guztiak bere Kremlin zuriaren barruan; XVI. mendean Ivan Izugarriak eraiki zuen eta ordudanik bere horretantxe mantentzen da.

  • Adreilu zurizko Kremlina, gotorleku berezia, parekorik gabea, Unescok Gizateriaren Ondare deklaratua, honela deskribatzen duelarik esparrua:

Kazango Kremlinaren historia- eta arkitektura-gunea.
Antzinako leku batean eraikia, Kazango Kremlina Urrezko Hordaren eta Kazango Khanatoaren musulman-garaikoa da. Ivan Izugarriak konkistatu zuen 1552an eta Volgako Lurraldearen kristau-egoitza bihurtu zen. Errusian iraun zuen gotorleku tartariar bakarra eta erromes-leku garrantzitsua da Kazango Kremlina, XVI. mendetik XIX.era artekoak diren eraikin historikoen multzo garrantzitsua, eta horiek aurreko (X. mendetik XVI.era arteko) egituren hondakinak integratzen dituzte
Deskribapena erabilgarri dago lizentziapean CC-BY-SA IGO 3.0 https://whc.unesco.org/en/list/980/

Pena merezi du eta El Kremlin de Kazán orrialdea bisitatzea gomendatzen dizuet irakurketaz gozatzeko, nik jartzen dudana baino askoz egokiagoa; hala ere, Kremlinaren barruko monumenturik garrantzitsuenez deskribapen labur bat egiteari ekingo diot:

 

 

  • Söyembikä-ko (Sjujumbike, Siuyumbiké) dorre okertua: honetaz berba egin dut aurrez. Kremlinaren parte da. Hiriko eraikin ezagunenetako eta garaienetako bat. Hurbil dagoen Volga jagon edo zaintzeko eraiki zela uste da. “Dorre Okertuen” zerrendan sartuta dago, horien artean oso ezaguna Pisako Dorrea. Baita ere zerrenda honetan sartzen da gugandik hurbilago dagoen San Juan de los Panetes elizako dorrea, Zaragozan.

 

 

 

 

 

  • Kul Sharif (Qol Šärif) meskita, Errusiako bigarren handiena, Txetxenian dagoen Groznikoaren ondoren. Bere garaian Europako handiena izan zen, Istanbulekoaren ondoren.
     
    Izena, Kul Sharif, XVI. mendean errusiar inbaditzaileen aurkako borroka gidatu zuen lider musulmanaren omenez jarri zitzaion. Islamaren nagusitasunaren eta errepublika honetako biztanleen artean hain biziak diren independentzia-irriken ideia argia ematen digu.

 

 

 

 

 

 

  • Deikundearen edo Kazango Andre Mariaren Katedrala, hiriaren eta Errusia osoaren zaindaria, barruan dagoen ikono zoragarri batean irudikatua. Esaten da berari esker lortu zuela errusiar armadak garaipena Napoleonen aurka. Katedral honek bikain margoturik ditu hormak eta sabaiak. Merezi du alditxo bat aulkian eserita geratzea beraietaz eta kontatzen dituzten istorioez gozatzeko.
  • Erlijio eta joera guztiak bake-bakean bizi dira elkarrekin Kazanen.

 

 

 

Badira beste leku egoki batzuk bisitak egiteko: metroa luxuzko geltokiekin, kale erakargarriak eta abar.

Zalantza barik, Kazanera joanez gero bertako gastronomiaz gozatu beharra dago, goi-mailakotzat jotzen baita, nahiz eta itsasotik urrun dagoelako mugaturik egon, Siberia hegoaldeko ibilbide osoan gertatzen den bezala. Jaki batzuk azpimarratuko ditut:

  • Echpochmark, hiruki erako enpanadak, haragi, gehienetan idiki, txikituz eginak, patata eta tipularekin. Jaki tartariar tipikoa.
  • Shurpa, arkumeki- edo idiki-zopa askotariko landare eta espeziekin.
  • Pilaf, oso ohikoa Asia erdialdean, arroza arkume edo oilaskoarekin, landare eta espezie minarekin. 
  • Chak-chak. Postre hau irin, olio, ezti, azukre eta vodka asko samarrez egina da, eta bere errezeta erraza hemen ikus dezakegu: Postre Chak Chak
  • Boortsog, hemen erroskilak (Mongolian galletak) gurin frijituzko oinarriarekin.

Hiria, irakurri dudanez, polita eta atsegingarria da, eta komeni da ordu batzuk libre izatea bertan paseatu eta gozatzeko.

 

TXANGO BAT

Raifako monasterioa (Kazandik 27 km-ra). Oso gomendagarria da bisita, baita bidaiariak Urrezko Eraztun ikusgarriaz gozatu badu ere.

Tatarstango erlijio- eta erromes-gune handiena da. Filareto monjeak sortua eta 1613an irekia, leku baketsu eta lasaia da, bare-bare bertan paseatzera gonbidatzen zaituena. Han sentitzen den bakea hain handia denez, esaten dute inguruko basoko igelak ere ez direla ausartzen korroka egitera. Baita ere esaten dute ibilaldi polita egin daitekeela itsasontziz inguru hartan.

 

 

  •  
  •  
  •  
  • Fiodor Nikitich Romanov, Filareto, (1553 – 1633), noble boiardoa, Ivan Izugarriaren semearen, Errusiako Teodoro I.aren, tutorea izan zen. Hura hil zenean, seme-alabarik izan barik, Fiodor zen haren ondorengo izateko hautagai nagusia. Baina hautatua Boris Godunov izan zen eta honek, tronuratu eta hiru urtera, gure pertsonaia eta emaztea botoak egitera behartu zituen eta monasterioan, egungo Goiaingeruaren Oblast-ean, europar Errusiako iparraldean, sartzera behartu zituen, Filareto eta Maria Filareto izenak hartuta.
    Urte batzuk geroago, Dimitri I.a Faltsuak, iruzurtitzat joak, Godunov garaitu ostean, askatu egin zuen eta Moskuko eta Errusia guztiko patriarka izendatu zuen. Maila gorenean azpijoko askoren ostean, Filaretok proposatu eta lortu zuen “benetako” tsar bere seme bat izendatzea, eta hau izan zen, Miguel I.a izenaz, Romanov dinastiako lehena. Aktiboki jardun zuen berarekin gobernu-lanetan.

 

 

HIRE BILA NOAK/N

“Hire bila noak/n” izan zen bere erreinaldi osoan gerran egon zen Svatioslav I.a (942-972) Kiev-eko agintari beldurgarriaren goiburua. Haren goiburua, guduetan aurkariak kikiltzeko erabiltzen zuena, bat zetorren pentsatzeko eta jarduteko manerarekin: HIRE BILA NOAK/N.

“Bere espedizioetan ez zuen gurdirik, ez te-ontzirik … eroaten. Dendarik ere ez zeukan, burusi bat botatzen zuen lurrean gainean etzateko eta zela erabiltzen zuen buruko legez. Gauza bera egiten zuten haren segizioko guztiek”.

Gerrari ausarta eta bere herritarren buruzagi militar handia, Volgako eremuak, Kaspiar Itsasaldeko estepa eta Balkanak menderatu zituen. Gazte hil zen, borrokan, ondorengo barik, eta horrek tronurako hautagaien artean borroka basatia sortu zuen, gerra zibil odoltsuarekin eta inperioa zatikatuta amaitu zena.

Errusiako historian egon den buruzagirik odoltsuenetako bat, besteak beste, Iparreko bulgariarrak, Kazan sortu zutenak, menderatu zituen, eta khazariarrak ere bai, garai hartan nagusi ziren herriak.

Kontuan izanda gaurkoan Ivan Izugarria eta Svatioslav I.a aipatu ditudala, eta Jekaterinburgi buruz idatzi nuen artikuluan, Katalina Handia, Russia Beyond-en artikulu hau gomendatzen dizuet (gaztelaniaz dago):
Los 3 mandatarios más beligerantes de la historia de Rusia

ERREFERENTZIAK

Besteak beste (guztiak gaztelaniaz):

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies