Estatutuak


I. TITULUA

IZENA, HELBIDEA ETA LURRALDE-EREMUA

1. art.

“Asociación de Personas Jubiladas y Pensionistas de BILBAO BIZKAIA KUTXA-BILBAO BIZKAIA  KUTXAKO Jubilatu eta Pentsionisten  Elkartea” izenarekin, Elkarte hau eratu da, BILBAO BIZKAIA KUTXAko enplegatuak izan ostean, erretiroagatik, ezintasunagatik edo enpresarekin adostuta erretiro aurreko baja kausatu izanagatik enplegatu izateari laga ziotenak bere baitan batzeko, betiere, beren borondatez, horrela eskatzen badute indarrean dagoen araudiaren eta Estatutu hauen arabera.

2. art.

Helbide soziala Bilbon izango du, Printzipe kalean, 5-5.ean, 508 departamentuan.

3. art.

Elkartearen eremu geografikoa BILBAO BIZKAIA KUTXArenarekin bat etorriko da

II. TITULUA

XEDEA, IRAUPENA ETA NORTASUN JURIDIKOA

4. art.

Elkartearen helburu edo xedeak honako hauek izango dira:

  1. Lankidetza edo bizikidetza printzipioetan oinarrituta, bere bazkideen artean adiskidetasunezko harremanak sustatzea.
  2. Bazkideen taldeko edo banako interesen babesaz arduratzea.
  3. Bazkideen gizarte-, kultura- eta dibertimendu-jarduerak sustatzeko ideiak iradokitzea eta proiektuak lantzea.
  4. Eskudun diren agintari eta erakundeek, BILBAO BIZKAIA KUTXAk, Enplegatuen Elkarteek eta jarduneko beharginen elkarteek aurkezturiko ekimenak egikaritzen laguntzea, hala badagokio.
  5. Aurrezki Kutxen ongintza- eta gizarte-izaera mugatzen duten irizpideen, baita Kutxa horien sorkuntza eta garapena inspiratu zuten zio edo zergatikoen, defentsa egitea ere, indarrean dagoen legeria errespetatuz.
  6. Aurrezki Erakundeen edo, oro har, gizartearen zerbitzura erretiroa hartu duten guztien duintasuna kontuan izango duen ekintza, publiko edo pribatu, oro sustatzea, horietako bakoitzaren lanbide- eta giza esperientzia ugaria bazkideei edo eskatzen duenari eskainiz.
  7. Honelako elkarteak sortzen laguntzea, betiere kontuan izanda indarrean dagoen araudia.

5. art.

Elkarteak iraupen mugagabea izango du, Estatutu hauetan xedatutakoa izan ezik.

6. art.

BILBAO BIZKAIA KUTXAKO Jubilatu eta Pentsionisten Elkarteak nortasun juridikoa du eta erabateko autonomia bere xedeak betetzeko; era guztietako ondasun higigarri eta higiezinak eduki, eskuratu, kargatu eta besterendu ahal izango ditu, baita horien gain xedapen- eta jabari-egintzak egin ere; dagozkion akzioak eta eskubideak egikaritu eta era guztietako prozedurak jarraitu, dagokion Erregistroan inskribatzen den momentutik.

III. TITULUA

BAZKIDE-IZAERA LORTZEA ETA GALTZEA

7. art.

Estatutu hauetako 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, Elkarte honetakoak izango dira sartzea eskatzen dutenak hurrengo artikuluak xedatzen duenaren arabera.

8. art.

Elkartean sartzeko, erretiratu edo pentsiodun izateaz gain, dagokion eskaera egin beharko zaio Zuzendaritza Batzordeari, eta kuotak ordaintzeko eta Estatutuei men egiteko konpromisoa izenpetu.

9. art.

Bazkide-izaera galdu egingo da erretiratu edo pentsiodun izateari lagatzeagatik, heriotzagatik, borondatezko bajagatik Zuzendaritza Batzordeari idatziz adierazita, baita Batzarraren erabakiz ere honako kasu hauetan:

  1. Ezarritako kuotak ez ordaintzeagatik.
  2. Estatutu hauek, baita Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusiaren erabakiak ere, hautsi edo urratzeagatik
  3. Bere jokabideagatik, bazkideak bere ospe eta estimazio pertsonalari edo Elkartearen izen onari kalte egiten dionean.

IV. TITULUA

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

10. art.

Bazkide guztien eskubideak izango dira:

  1. Ekitaldi sozial guztietara joatea.
  2. Batzar Nagusietan berba eta botoa izatea.
  3. Zuzendaritza Batzordeko karguetarako hautatzaile eta hautagarri izatea.
  4. Ideiak, proiektuak, proposamenak edo mozioak iradokitzea, Elkartearen jarduerak handiagotu ahal izateko, betiere aurretik daudenak hobeto garatzeko lagungarri izan badaitezke, edo bazkideen artean harreman pertsonalak sustatu eta hobetzeko baldin badira; eta, oro har, bere ustez Elkartearen martxa onerako izan daitekeenean esku hartzea
  5. Batzar Nagusi bakoitzaren aurreko 10 egunetan, Elkartearen egoitzan diru-sarrera eta gastuen kontu-egoera aztertzea Elkartearen egoitzan.

11. art.

Bazkideen betebeharrak dira:

  1. Estatutu hauetan xedatutakoa betetzea.
  2. Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen baliozko erabakiei men egitea, Elkartearen xedeekin bat baldin badatoz.
  3. Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
  4. Karguak betetzea, horietarako hautatuak izan badira, salbu, ez onartzeko arrazoi egiaztaturen bat alegatu eta Zuzendaritza Batzordeak hori onartzen duenean.

12. art. Berbazko ohartarazpena.

Beren betebeharrak ez betetzeagatik bazkideei ezarri ahal izango zaizkien zigorrak honako hauek dira:

  1. Berbazko ohartarazpena.
  2. Bazkide-izaera galtzea.

Zigor horiek Zuzendaritza Batzordeak ezarriko ditu, aurrez espedientea irekita, eta hemen, 15 eguneko epean, bazkideari entzungo zaio. Hartzen den erabakiaren aurka, alegazioak formulatu edo ez, bazkideak Batzar Nagusian helegitea aurkeztu ahal izango du, eta honen erabakia behin betikoa izango da.

V. TITULUA

SARIAK ETA OHOREAK.

13. art.

OHOREZKO KIDE izango dira Elkartearen aldeko merezimendu ohargarri edo zerbitzu bereziengatik nabarmendu diren erakunde edo pertsona fisikoak, nahiz eta ez izan bazkideak.

OHOREZKO KIDE izendatzeko, Zuzendaritza Batzordearen proposamena eta Batzar Nagusiaren onarpena beharko dira.

Bilbao Bizkaia Kutxa (BBK) banku-fundazioa gure Elkarteko ohorezko kide izango da betiko.

14. art.

MEREZIMENDUZKO BAZKIDE izango dira, zerbitzu garrantzitsuak egin dituztelako, izendapen hori merezi duten erakundeak edo pertsona fisikoak.

Izendapen honetarako, gutxienez hamar bazkideren proposamena beharko da, eta beraien ustez izendapen hori zergatik merezi duen azaldu behar dute idatzi batean; Zuzendaritza Batzordearen erabakiz egingo dira izendapenak, eta honek hurrengo Batzar Nagusian emango du horien berri, izendapen hori merezi izateko dituzten zio edo arrazoiak ere zehaztuz.

VI. TITULUA

GOBERNU-ORGANOAK.

15. art.

Batzar Nagusia izango da Elkarteko organo gorena eta bazkide guztiek osatuko dute.

Elkarteko gobernua eta administrazioa Batzar Nagusiari egokituko zaio. Honek izendatuko du Zuzendaritza Batzordea, eta honek bere gain hartuko ditu zuzendaritza, administrazioa eta jarduerak gauzatzeko eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearazteko eginkizuna.

16. art.

Batzarrak, nahitaez, ohiko bilera bat egingo du urtean behin, lehenengo bost hilabeteen barruan, honetarako:

  1. Elkartearen martxa aztertzeko.
  2. Diru-sarreren eta gastuen kontuak eta aurrekontua aztertzeko eta, hala badagokio, onartzeko.
  3. Zuzendaritza Batzordearen proposamenei, egingo diren jarduera eta proiektuei buruz informatzeko, eta beharrezko akordio edo erabakiak hartzeko.

17. art.

Batzar Nagusia honako kasu hauetan bilduko da izaera bereziarekin:

  1. Zuzendaritza Batzordeari egoki iruditzen zaionean.
  2. Bazkideen laurden batek gutxienez idatziz eskatzen duenean.
  3. Elkartearen ondasunak besterenganatu behar direnean edo karga ezarri behar zaienean.
  4. Estatutuak aldatu behar direnean.
  5. Elkartea deuseztatu behar denean.

18. art.

Batzar Nagusietarako deialdiak idatziz egingo dira, eta aurrerapen honekin: HAMABI EGUN, gutxienez, Ohiko Batzarretarako, eta HIRU EGUN, gutxienez, Berezietarako. Deialdietan eguneko aztergai-zerrenda, lekua eta ordua (lehen deialdian eta bigarren deialdian) zehaztuko dira.

19. art.

Batzar Nagusia balioz eratuta geratuko da lehen deialdian, bertan bazkideen erdiak biltzen badira; eta bigarren deialdian, zeingura dela ere bertaratzen direnen kopurua.

Erabakiak bertaratuen gehiengoz hartuko dira, ondorengo kasu hauetan izan ezik, bertan dauden bazkideen bi heren beharko baitira honako hauetarako:

  1. Zuzendaritza Batzordeko kideak izendatzeko edo horien izendapenak berresteko.
  2. Elkartearen ondasunak besterentzeko edo kargak jartzeko.
  3. Estatutuak aldatzeko.
  4. Elkartea deuseztatzeko.

Batzarreko lehendakaria Zuzendaritza Batzordekoa izango da eta botazioetan, berdinketa kasuan, bere botoa erabakigarria izango da.

20. art.

Zuzendaritza Batzordean lehendakaria, lehen lehendakariordea, bigarren lehendakariordea, idazkaria, idazkariordea, diruzaina, kontularia eta zazpi batzordekide izango dira.

Zuzendaritza Batzordeko karguak doakoak izango dira, Batzar Nagusian aukeratuko dira, eta berrautatuak izan daitezke, gehienez, beste denboraldi baterako.

Estatutuzko denboraldia bete dutelako –eta ondorio hauetarako agintaldi bakoitzaren epea hiru urtekoa izango da– karguetan daudenek eta araudiaren arabera lagatzen dutenek kargu horietan jarraituko dute ordezkoak karguez jabetu arte. Hutsik geratzen diren karguak Zuzendaritza Batzordeak bete ahal izango ditu, behin-behinean, horretarakoxe deituriko Batzar Nagusiaren bilerara arte.

21. art.

Zuzendaritza Batzordeak ohiko bilkura egingo du hiru hilean behin gutxienez, eta bilkura berezia lehendakariari komenigarri iruditzen zaionean edo Batzordeko lau kidek eskatzen dutenean. Kasu guztietan, idatziz egin beharko da deialdia zortzi egun lehenago. Hala ere, ez da aurretiko deialdirik beharko ohiko bilkura edo bilkura berezia egiteko Batzordeko kide guztiak bertan egonik aho batez erabakitzen badute bilera egitea.

Zuzendaritza Batzordea balioz eraturik geratuko da lehen deialdian, bileretan kideen erdiak daudenean gutxienez, eta bertan baldin badago lehendakaria edo lehendakariordea; bigarren deialdian ez da beharko gutxieneko kopururik, baina bai lehendakaria edo lehendakariordea bertan egotea. Erabaki edo akordioak bertaratuen gehiengoz hartuko dira.

Berdinketa kasuan, lehendakariaren botoa erabakigarria izango da.

VII. TITULUA

KARGU SOZIALAK

22. art.

Elkarteko lehendakaria Batzar Nagusikoa eta Zuzendaritza Batzordekoa ere bada. Esan bezala, hiru urterako izango da aukeratua eta eskuduntza hauek izango ditu:

  1. Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen buru izatea.
  2. Eztabaidak eta bilerak zuzendu, bideratu eta amaiaraztea, baita erabaki edo akordioak betearaztea ere.
  3. Zuzendaritza Batzordeak eskuordetuta, Elkartea legez ordezkatzea, honek esku hartu behar duen era guztietako ekitaldi eta harremanetan.
  4. Sinadura erabiltzea, gastuak agintzea, ordainketak eta diru-sarreren egiaztagiriak baimentzea, diruzainarekin edo, hala balegokio, kontulariarekin batera edozelako kontuetan akreditaturiko funtsak erabiliz.
  5. Batzar Nagusiaren eta Zuzendaritza Batzordearen bileren deialdia agintzea.
  6. Estatutuak betetzea eta betearaztea.
  7. Elkartearen martxa onerako beharrezko funtzioak garatzea.
  8. Estatutuzko arauek esleitzen dizkioten egiteko bereziak egikaritzea.
  9. Lehendakariak urtero eman behar dio Batzar Nagusiari bere eta Zuzendaritza Batzordearen jardueraren berri.

23. art.

Lehen lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du hau kanpoan edo gaixo dagoenean, eta gainera Zuzendaritza Batzordeak esleitzen dizkion egitekoak izango ditu. Bigarren lehendakariordeak lehen lehendakariordearen egitekoak beteko ditu berau falta denean, baita lehendakaria ordeztu eta beronen egitekoak bete ere, eta gainera Zuzendaritza Batzordeak esleitzen dizkion egitekoak izango ditu.

24. art.

Diruzainak funtsen kontserbazioa zainduko du Zuzendaritza Batzordeak erabakitzen duen moduan eta kobrantza- eta ordainketa-agiriak sinatuko ditu, aurretik lehendakariak baimenduta; honekin batera, edo hau kanpoan edo gaixo dagoenean lehendakariordearekin batera, aurreko 23. artikuluan xedaturikoaren arabera, kontuetan akreditaturiko funtsak erabiliko ditu. Kontularia ordezkatuko du hau gaixo edo kanpoan dagoenean edo kargua hutsik geratzen denean.

25. art.

Kontularia arduratuko da Elkartearen Kontabilitateak, uneoro, bere egoera ekonomia ondo adieraz dezan, diru-sarreren eta ordainketen zehaztasuna egiaztatuz. Bere sinadurarekin, Batzarrari aurkeztu beharreko kontuen eta balantzeen egoera berretsiko du, lehendakariaren oniritziarekin. Diruzaina ordeztuko du hau gaixo edo kanpoan dagoenean.

26. art.

Idazkariak bere egitekoak Batzar Nagusian eta Zuzendaritza Batzordean beteko ditu. Bere egitekoen artean daude, lehendakariaren aginduz, gobernu-organoen bileretara dei egitea, bileren Aktak egitea eta hartutako erabakiak ziurtatzea. Akta-liburuak eta bazkideen erregistroa zertu eta gordeko ditu, eta bere ardurapean izango ditu Batzar Nagusietara bertaratuen zerrendak, horrela quoruma eta, ondorioz, bileren eta erabakien baliotasuna kontrolatzeko. Eskuordetzen zaizkion egitekoak ere beteko ditu.

27. art.

Idazkariordeak eskuordetzen zaizkion Idazkaritza-funtzioak beteko ditu, eta gainera idazkaria ordezkatuko du berau kanpoan edo gaixo dagoenean edo kargua hutsik geratzen denean.

28. art.

Batzordekideak Zuzendaritza Batzordearen bileretara joango dira, berba eta botoarekin, eta beren esku izango dituzte Batzorde horrek esleitzen dizkien egitekoak.

VIII. TITULUA

ONDAREA ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK

29. art.

Elkartea hasierako ondare barik eratu da.

30. art.

Elkartearen baliabide ekonomikoak honako hauek izango dira: Batzar Nagusiak legez bazkide osoentzat ezartzen dituen kuotak; bazkide berrien sarrerako kuotak, horrela erabakitzen bada; bazkideen borondatezko ekarpenak, dohaintzak, diru-laguntzak eta Elkarteari egiten zaizkion eta Zuzendaritza Batzordeak onartzen dituen era guztietako ekarpenak.

IX. TITULUA

ELKARTEA DEUSEZTATZEA

31. art.

Zuzendaritza Batzordearen proposamenez, Batzar Nagusi Bereziak, horretarako deituak, bertaratzen direnen bi herenen aldeko botoarekin erabakitzen duenean deuseztatuko da Elkartea. Deuseztatzea erabakita, une horretan dagoen Zuzendaritza Batzordea bihurtuko da Batzorde Kitatzaile, eta honek gauzatuko ditu dagozkion eragiketak eta, behin horiek eginda, soberako funts edo ondasunak, baldin badaude, ongintza- eta gizarte-ekintzetarako izango dira, BILBAO BIZKAIA KUTXAn dagokion Gizarte Ekintza Sailaren bidez.