Poliki-poliki hiltzen da bidaiatzen ez duena, irakurtzen ez duena, musika entzuten ez duena, bere baitan xarmarik aurkitzen ez duena.
Pablo Neruda
Sarritan, bidaia bat egiteko asmoa hartzen dugunean, jira eta bira ibiltzen gara buruan nora joan erabakitzeko, zer ikusi, zenbat egun, eta hori batere ezagutzen ez ditugun eta misterio-ukitu txiki bat izan dezaketen herrialde exotikoetara joan barik. Museoak eta museoak ikusiz, denbora gutxian asko ikusiz…, azkenerako lekuak nahasten dituzu eta deus ikusi eta ulertu barik amaitzen duzu. Argazki eta argazki gehiago, bideo eta bideo gehiago, … aurrean dituzun irudiez gozatzeko eta horiek astiro begiesteko aukera kentzen dizute.
Agian bidaiek sinpleak izan behar dute, eta hiri bat, herrialde bat ikustera goazenean ongi jabetu beharko genuke hango kaleez, jendeez, merkatuez eta unibertsitateez, eta liburu-dendetara sartu. Mezatara joan tokian tokiko parrokia edo katedralera. Xume jan hango jatetxeetan, presa barik eseri kafea hartzera hango terrazetan eta jendearen joan-etorriari erreparatu. Parkeetara joan, lorategietan ibili eta aulkietan eseri bertoko batek egingo lukeen legez. Antzokiak bisitatu, programaturiko kontzertu eta operetara joan eta haietaz gozatu. Parkeetan paseatu eta lorategiak eta iturriak miretsi, bisitatzen zabiltzan hiriko beste biztanle bat lez sentitu arte.
Bilboko aireportua hurbil dugunok, eta besteok ere bai, oso bidaia polita dugu Milan eta Genovara Italian, non egon ahal izango garen hamar egun zoragarri edo gehiago bi hiri polit horiez eta inguruez gozatzen, herrialde apurtu, aspaldiko eta liluragarri hartan.
Bilboko aireportutik irten eta bi ordu baino gutxiagoko bidaiaren ostean Milango Malpensa aireportuan lurreratuko gara, eta handik trenez edo autobusez ordubetean Milango Tren Geltoki Nagusira iritsiko gara; handik, tranbiaz edo taxiz, eskatua dugun hotel edo ostatura.
Milan Italia iparraldeko hiri aberats eta indartsua da, Lonbardia eskualdeko hiriburua. Oso ezaguna Europan modaren erdigunea delako bere desfile zoragarriekin, eta Scala antzokiagatik: operako antzoki handi honetan munduko kantari liriko onenek jarduten dute eta kontzerturik ederrenak ematen dira.
Italiako zati garrantzitsu gisa historia handia duen hiria da. Ospetsuak izan ziren bere borrokak, azpijokoak, eta Florentzia, Erroma eta Veneziarekin egindako itunak; ezin da irudikatu Italia Milan eta bere artista barik.
Egun batzuk eman genituen bertan eta orain labur kontatuko dizuet zer egin genuen, norbait animatzen bada hara joatera.
Plana zen Milanera joatea, han bost egun egon, eta handik, trenez, bi ordutan Genovara joatea eta han astebete egotea.
Bilboko aireportutik goizeko hamarretan irten zen hegazkina Milango Malpensara, eta han lurreratu ginen hamabiak baino lehen. Autobusa hartu genuen Milan erdialdera joateko, ordubeteko bidaia, eta handik tranbiaz hotelera beste hamar minutu. Tarte horretan hiriaz ideia bat eginez joan ginen: polita, oso dotorea eta interesgarria zirudien. 14:00etan iritsi ginen hotelera; maletak hustu, zerbait jan, atseden apur bat eta arratsaldeko seietan berriro hartu dugu tranbia Naviglira, ubideak dauden zonaldera; hura jatetxez betea dago, eta 10-12 euro ordainduta self service erako menuak dituzu oso onak. Kale polit haietan paseatu, ikuspegiez eta dendez gozatu, eta afaltzera eseri ginen; amaitzean berriro tranbia hartu eta lotara hotelera.
Biharamunean, jaiki, gosari handi bat egin, eta gero oinez, Milango kale eta eraikin zoragarriez gozatuz, Duomora hurbilduz joan ginen. Iritsi ginen, begiratu eta, han zegoen, handientsu! Zirraragarri eta aintzatsu! Ia ezinezkoa da pentsatzea nola egin ahal izan zuten halako arte-lana: dena estatuak dira, dena puntadun dorreak eta amaieran eskultura. Bitxia bada ere, gaur egun, aurrerapenak gorabehera, ezinezkoa izango litzateke halako obra egitea, kostu ekonomikoagatik eta ez legokeelako aski langile antzetsu halakorik egiteko gai. Kanpotik eta barrutik ikusi genuen, eta esandakoa: aintzatsua, loriatsua! Ezin laga begiratzeari.
Tarte on baten ostean, Victorio Emmanuel galerietara joan ginen, hantxe ondoan daude-eta; zabalak eta garaiak dira. Barruan ibili ginen paseoan eta dendetako erakusleihoak ikusten, onenetik onena baitago han (baita karuenetik karuena ere!), eta handik Scala antzokira abiatu ginen, galerietatik irten eta ezkerretara. Kanpotik ez du ezer esaten, oso xumea da dena, interesgarria dirudien gauza bakarra Leonardo da Vinciren estatua da, plazan dago eta atentzioa ematen du. Hala eta guztiz ere, hurbildu ahala gero eta liluratuago geunden, miretsi ahala gorputza tentetuz joan zitzaigun. Kanpotik xumea da, baina Milango Scala da, eta han abestu, jo eta zuzendu dute munduko musikari, abeslari eta zuzendaririk onenek: Scala da!, eta azkenerako erabateko zirrara eragiten dizu.
Gertu, kafe bat hartzera eseri ginen, eta kalearen eta han zebilen jendearen ikuspegiaz gozatzera. Geroago Sforzesco gaztelura abiatu ginen oinez; gaztelua da, jauregia da… harrigarria, zoragarria, sinestezina, arte-lan miragarria! Eta haren garai loriatsu eta aintzatsuan pentsatzen hasten zarenean, soldaduz, zerbitzariz, Milango hiritarrez, Ludovico Sforza kondeaz eta haren armada handiaz betea, ikara txiki batek hartzen zaitu hunkituta.
Gazteluko patioak zeharkatu genituen, atzealdeko lorategietan ibili ginen, inguratzen gintuen guztiaz liluratuta. Ulan Bator-eko margolari mongoliar bat zegoen, margolan zoragarri batzuk salgai zituena; berarekin berba egin eta bazkaltzera joan ginen hoteletik hurbil.
Siesta on baten ostean, arratsaldeko seiak aldera, berriro hartu genuen tranbia Scalara joateko. Bilbotik hartuta sarrerak genituen Zubin Mehta zuzendari indiar handiak zuzenduko zuen kontzerturako. Mozarten meza da Do minorrean, baina aurrez, eszenatokian, elkarrizketa izango da kardinal baten eta Zubin Mehtaren artean. Elkarrizketa ezin interesgarriagoa bi pertsona kultu, jantzi eta musika zale handien artean.
Scalara iritsi ginenean, mundu guztia zorrotz etiketaz jantzia zegoela ikusi genuen. Gizonek traje iluna zeramaten, frak, alkandora zuria eta gorbata edo tximeleta-begizta; emakumeek soineko luzeak, ia guztiak beltzak, eta takoidun oinetako asko. Ohartarazi ziguten aurrez, baina bidaian joan ginenez, ni neu sport arropaz joan nintzen; egia esan, atentzioa ematen nuen apur bat, nik ez nuen han beste gizonik ikusi jertsez jantzita ni bezala.
Kontzertua ikaragarria izan zen, palko batetik ikusi eta entzun genuen; une gorenetan, esaten zenuen: Alafede! Hemen nago, egia da, Scalan eta zuzenean! eta Zubin Mehtarekin… zirrara itzela zen, hunkidura egundokoa. Kontzertua amaitzean, mundu guztia txaloka, jende asko zutik, eta inor ez zen jarlekuetatik joaten. Zuzendaria sartu eta irten, tenorra eta baxua ere bai, sopranoak berdin, koruak gur egiten zuen eta berriro gur, eta orkestrak ere txalo jotzen zuen: batzuek biolinaren arkuez, beste batzuek eskuaz izterrak joz. Giroa sinestezina, eta azkenean zuzendaria berriro igo zen taula gainera, eta propina jotzen hasi ziren. “Hau entzuna dut!” “Oso entzuna dut, ezin liteke, baina… bai, bada!” Mozarten Ave Verum zen, eta ia malkoak atera zitzaizkidan hunkituta. Abesten hasi nintzenean ikasi nuen lehen gauzetakoa izan zen, eta konpasak eta letra jarraitzen ditut eta ahapetik koruarekin batera abesten dut, aurrez sekula entzun bakoa bezalako koru horrekin, Scalako koruarekin. Eta amaitu da emanaldia. Mundu guztia, salbuespen barik, zutik txaloka, eta giroa ezin ederragoa. Badirudi mundua geldi geratu dela eta une zoragarri horien edertasuna besterik ez dela geratzen.
Azken ohartxo bat: Milanera joaten bazarete, ez geratu Scalara joan barik, eta gozatu hango harmoniaz eta edertasunaz, …
Biharamunean, tren-geltokira joan ginen Varennara joateko, herri polita Comoko aintziraren ertzean. Iritsi eta nasatik irten ginenean, inguratzen gintuen guztiak liburu miragarri batetik ateratakoa zirudien, liluragarria! Kafea hartzera eseri ginen terraza batean aintzira-ertzean, eta paisaia mirestera… Egun osoa, eta beste hamar ere, hantxe egoteko moduan.
Varennatik Belaggio herri politera joan ginen ontziz. Polita esan dut? Ez! Ederra eta dotorea da ezin gehiago. Kaleetan ibili ginen eta dendak ikusi genituen. Berriro ontzia hartu genuen Varennara itzultzeko; mendi-magalean eta aintzira-ertzean dauden herrien ikuspegia zoragarria da, baina ezin gara han gelditu; beraz, Milanerako trena hartu eta hotelera itzuli ginen.
Laugarren eguna, euripean hasi da, zer egingo dugu? Berriro Duomora, oraingoan meza nagusia entzutera goizeko hamaiketan. Meza gotzain batek esan du, inguruan zazpi edo zortzi abade dituela; katedraleko abesbatzak kantatzen du, kide guztiak, denak gizonak eta mutikoak, kasulla zuriz jantzita. Meza zoragarria da, intsentsu-ontziaren erabilera abadeen aldetik ikusgarria!, altxatu eta birarazi egiten dute noranzko batean eta bestean, gora eta behera, albo batera eta bestera, kea dariola, ke handia. Meza atsegin eta polita. Meza zalea ez denarentzat ere merezi du ikuskizun legez. Handik irtetean Rizzoli Galeriara joan ginen; itzelezko liburu-denda da, ederra eta txukun atondua, plazaren arkupeetan; ia bi ordu eman genituen han… eta plazaren beste aldean zegoen liburu-dendan.
Metroan joan ginen gune berria ikustera, han baitaude biltzar-jauregia eta saltegi handiak. Barruan bazkaldu eta korridoreetan ematen zuten piano-kontzertu txiki bat entzun genuen. Haren ostean, berriro metroa hartu eta San Siro futbol-estadiora jo genuen. Kanpoaldean zegoen, egun hartan partida zen, eta inguru guztia postuz beteta. Denetik salgai: elastikoak, lepoko edo bufandak eta abar. Janari eta ogitartekoen saltokiak eta abar. Zelai barruko kantuak entzuten ziren, animazio handia zegoen, partida amaitu baino lehen alde egin genuen handik. Hotelera itzuli, afaldu eta ohera, eguna egitekotsua izan baitzen.
Beste egun bat. Gosaldu ostean, geure gauzak jasotzeko maletak egin eta hoteleko gela batean laga genituen. Paseatzeko gogoa genuen eta Duomora eta Sforzesco gaztelura abiatu ginen, barrutik ikusteko gogoz eta bere lorategiak eta inguruak lasaiago ikusteko gogoz geratu ginen eta. Bidean denda batzuk ikustera ere sartu ginen. Modaren hiriburuan geunden eta horretaz baliatu beharra zegoen, guztiak ziren politak eta. Bataren eta bestearen artean, eraikinak ikusi eta goizerdiko kafearen artean, ba, horrelaxe, goiza joan zitzaigun, eta ordu bietarako nekatuta iritsi ginen Gazteluko lorategien aurrera. Berandutu egin zitzaigun, hotelera itzuli behar genuen, zerbait jan, maletak hartu eta geltokira joan Genovarako trena hartzeko.
Bigarren egonaldi baterako Milanen, polita litzateke Leonardo Da Vinciren Azken Afaria margolana ikustera joatea, berriro hango kaleetan ibiltzea eta trenez Turinera ihesaldi bat egitea. Hango Alde zaharra ikustea, zirraragarria eta Europako politenetako bat omen da, eta Izara Santua ere ikustea.
Milanen igarotako egunak zoragarriak izan ziren, asko gozatu genuen eta gauza miragarriak ikusi eta entzun genituen, Bilbotik bi orduko hegazkin-bidaia eginda. Bidaia erraz, lasai eta zoragarria, eta egitera animatzen zaituztet benetan.
Gozatzeko egun batzuk gehiago dituzuenok, bi orduko tren-bidaia duzue Milanetik Genovara. Hiri ikaragarri atsegin, dibertigarri eta askotarikoaz gozatuko duzue han.
Gune historikoa ikusi ahal izango duzue, plaza tipikoz eta ederrez betea; eta Asinello ardo aromatiko bat hartu beharko zenukete Adriano e Marchesa tabernan, ezinbesteko geraldia baita, bestela hobe Genovara ez etortzea. Cobur jatetxean bazkaldu portuan, edo hirigune historikoko ‘maría’etan.
Gesù eliza, San Lorenzo, Duomoa eta Dukearen jauregia (Palazzo Ducale) ikustekoak dira. Piazza De Ferrari (plaza) bere iturri politarekin, operako antzokia eta Garibaldi zaldian inguru guztia zaintzen. Annunziata eta eliza ugari, barruan egon arte ez duzu jakingo zein handi eta bikainak diren.
Sekula dastatu bako izozki gozoak ahogozatuko dituzu eta harrizko jarleku edo harmailaren batean eserita egingo duzu hori, benetako genoarrak lez. Corvetto plaza eta bere kafetegi politak. Auzo elitistak Carignano lakoak, eta han kalearen amaieran bizigarri bat hartzera eseriko zara eta begiratoki handitik sekulako Genova begietsiko duzu. Castelleto ia Genovaren gorenean bere Antica Farmaciarekin karmeldar oinutsen monasterio baten barruan. Meza zalea baldin bazara, meza polita entzungo duzu Santa Teresa Jesusenaren irudiz betea dagoen eliza paregabe batean.
Erorikoen (“caduti per la libertà dell’Europa”) parkea zeharkatu eta Don Paolora joango zara Canoti-a jatera, pasta esnegaina bezalako kremaz betea, gozo-gozoa, edo izozkiak ere bai. Kalea zeharkatu eta Canoti-az ahogozoa egiten duzun bitartean, behatokitik, Lanterna, Genovako itsasargi handia miretsiko duzu, ainguraturiko ontziak eta hiriko teilatu lau edo zabaltzak, non bizilagunek terraza zoragarriak muntatzen dituzten uda apur bat freskoago pasatzeko.
Portuan ontzi bat har daiteke paseo polit bat emateko askotan ikusi bako laketontziak ikusten dituzun bitartean; 40 minututan Peglin lagako zaitu, Genova kanpoaldeko auzo batean, eta han paseo atsegingarri eta lasaigarria egin dezakezu. Villa Durazzo-Pallavicini-ren lorategietara joan, han paseatu eta gozatu: goiz atsegin bat edo egun osoa ere eman dezakezu, hango iturriak, txoko politak, pergolak eta bestelako miragarriak begietsiz. Hiru ordu inguru behar dira gutxi-asko han ibiltzeko. Leku hura gozamen hutsa da eta ez oso ezaguna; sartzeko hamar euro ordaindu behar dira.
Genova marinelen eta arrantza-portuko herrien hiria da eta horien artean daude Cinque Terrekoak. Mirarien arteko miragarriena, ikusi barik laga behar ez dena. Itsasontziz egitea da ohikoena, trenez ere bai, edo adoretsuenek mendiz mendi trekking eginez ametsezko ikuspegiekin gozatuz, itsasoa eta mendia, dena batera. Herrixkak mendi-magaletan eta itsasertzean. Ametsezko paisaiak ametsezko leku batean.
Etxeetako hormetan Caduti edo askatasunagatik erorikoen plakak ikusiko dituzu; izan ere, beren hildakoak, partisanoak, era batera edo bestera askatasunaren alde benetan borrokatu zirenak omentzen dituzte.
Kolon jaio eta bizi izan zeneko etxea ikustera joan ahal izango zara, hiriko harresiak ikusiko dituzu eta, esaten nuen lez, hiri berri eta harrigarri bat ezagutuko duzu.
Piazza De Ferraritik Via XX Settembrerantz irtengo gara, han denda polit eta dotore asko baitago; gainera, merkatu zentrala dago, hara joaten delarik jendea bere erosketak egitera.
Jauregien kalea ikusiko dugu, haietan bizi izan zelarik Genovako crème de la crème edo onenetik onena; jauregi haietakoren bat ikusterik ere izango dugu; gehienak orain enpresa garrantzitsuen eraikinak edo udal-zentroak dira. Baina ohartuko gara kale bakar batean metatu zen aberastasunaz eta botere kalkulaezinaz. Ia lehiaketa bat sortzeraino, ea nork zeukan jauregirik onena. Zenbat eta diru gehiago, orduan eta handi eta galantagoak jauregia eta lorategiak.
Itsasertzetik paisaiaz gozatuz Boccadasseraino joan zaitezke: hau Genovako auzo txiki bat da, itsasertzean dagoena hondartza eder-ederrarekin, Cinque Terrekoak baino gutxiago ez dena. Izozkiak atsegin badituzu, hondartzan bertan dagoen izozki-dendan erosi ahal izango duzu bat eta harkaitzetakoren batean eserita ahogozatu, olatuen marmarra entzuten duzun eta jendearen eta ontzien joan-etorria begiesten duzun bitartean, oso polita!
Kale eder eta handiosak, kalamastrak, kale zahar eta pobreak. Jauregi galantak, eliza bikainak, luxuzko dendak, museo interesgarriak, jardueraz beteriko portu itzelezkoa, eta jende miragarria, egonaldi dibertigarri, alai eta paregabeaz gozatzen lagunduko dizuna.
Eta ez izan zalantzarik: gauza asko laga genituen ikusi barik, asko, egun batzuk bakarrik ematen dituzun edozein hiritan lez. Baina, gutxienez, beraren ideia txiki bat behintzat egina izango dugu.
Bisitatzera animatzen zaretenok, ez ahaztu horiek bizitzeaz. Bidaia on!
Denbora, tristearen eta alaiaren, dibertigarriaren eta aspergarriaren, azken batean bizitzaren eta heriotzaren arteko tarte hori da, denbora ez urrea, baizik eta Bizia dela esaten diguna!
SFORZESCO GAZTELUA – MILAN
Bilbo, 2019ko iraila
Juan Carlos
Magnífico artículo Juan Carlos que incita a salir pitando en cualquier momento y seguir el recorrido que tan bien lo has plasmado.