JEKATERINBURG


Hiri interesgarri hau bere historiaren “preso” bihurtu zen boltxebikeek azken tsarra,

Nikolas II.a, eta bere familia exekutatu zituztenean Ipatiev Etxean

1918ko uztailaren 17tik 18rako gauean

 

GEOGRAFIA, HISTORIA ETA GERTAERA OHARGARRI BATZUK

Uraletako ekialdean dago, Moskutik ekialdera 1.670 km-ra, eta Europa eta Asia arteko banaketa geografikotik 38 km-ra.

Mendikateak ez du garaiera handirik eta hiri honetan are gutxiago, 237 m-ra baitago itsas mailaren gainetik, eta horregatik igarobide garrantzitsua izan da merkatarientzat Europako Errusia eta Siberia artean.

Bere hiri-mugen barruan lau urtegi daude eta beste lau aintzira natural.

1723.11.07an sortu zuten “meatze-gune gotortu” gisa, han aurkituriko aberastasunengatik, Petri I.a Handia tsarraren aginduei jarraituz. Bere izena omenaldi bikoitza da: bere emazteari, Katalina I.a Errusiakoa izatera iritsiko zenari, eta Alexandriako Santa Katalinari, meatzaritzaren errusiar zaindariari.

1924 eta 1991 artean Sverdiovsk izena hartu zuen, azken tsarraren, Nikolas II.aren, eta haren familiakoen exekuzioaren buru izan zen komunistaren abizena. Hiria kokaturik dagoen administrazio-eskualdeak izen horri eusten dio. Siberiako beste asko bezala, atzerritarrentzat “hiri itxitzat” jo zen 1991ra arte.

Gutxi gorabehera azken 100 urteetan izandako gertakizunek markatu egin dute hiria:

  • Azken Romanov-tarren exekuzioa, sarreran adierazia. Ikus, adibidez, esteka hau, ez baitzait oso alderdikoia iruditu: Nikolas II.a tsarraren familiaren hilketa
  • 20ko urteen bukaeran erregimen komunistak makineria astunaren (labe garaietarako mekanika, laminatzeko makina, zulagailu, garabi eta abarren) fabrika eraikitzeko agindu zuen, Uralmash deitua, Europako handiena garai hartan. Bigarren Mundu Gerrak sorturiko premia edo beharrizanen ondorioz, material militarra ekoiztera pasa zen. Gaur egun OMZ ingeniaritzako errusiar multinazionalaren jabetzakoa da, eta petrokimika, meatzaritza eta nuklear industrietarako makina astunak egiten ditu.

  • Bigarren Gerran, Siberiako beste hiri batzuk bezala, Europa aldeko industria asko jaso zituen, zegozkion teknikariekin eta prestakuntza-zentroekin batera. Jekaterinburg, Europarekiko hurbiltasunagatik, harrera-gune garrantzitsua izan zen. Enpresa eta hiritar asko han geratu ziren bakea itzuli zenean.
  • 1960ko maiatzean hegazkin espioi iparramerikar bat, Francis G. Powers CIAko agentea pilotu eta bidaiari bakarra zela, eraitsi zuten inguru hartan, eta pilotua bizirik harrapatu eta atxilotu egin zuten. 1962ko otsailean, Glienicke zubian Postdam-en, AEBetan atxiloturiko KGBko espioi batekin trukatu zuten eta ondorioz film asko egin ziren, eta horien artean nabarmentzekoa, “Bridge of Spies” (Espioien zubia, 2015), Steven Spielberg-ek zuzendua eta Tom Hansk-ek protagonizatua, nazioarteko zenbait sari jaso zituena, Oscar bat barne.
    Espioien zubia

 

  • 70eko urteetan probintzia bereko ingeniari gazte bat eta hirian bizi zena Alderdi Komunistaren Eskualdeko presidente izendatu zuten. Urte batzuk geroago munduko telebista guztietan ikusi ahal izan genuen tanke batera igota Moskun, erregimen zaharreko komunistek bultzaturiko estatu-kolpeari aurre egiteko. Errusiako Federazioaren presidente izatera iritsi zen. Haren izena, Boris Nikolaievitx Yeltsin.
    Borís Nikoláevich Yeltsin. Biografía

 

  • XXI. mendean 30 tona baino gehiagoko meteorito bat jausi zen hiritik gertu (Txeliabinsk-eko bolidoa). 1.200 zauritu inguru izan ziren talka-uhinaren ondorioz.
    Txeliabinsk meteoritoa (bideoa)

“Meteoroa 97.1 km-ko (60 miliako) altitudean hasi zen distira egiten, Lurraren eguratsa lehen aldiz jo zuenean; haren distirak 29.7 km-ko (18.5 miliako) maximoa lortu zuen, -27.3-ko magnitudera iritsiz. Konparazio batera, Eguzkiaren magnitudea 26.7koa da. Honek esan gura du meteoritoak Eguzkiak baino 30 aldiz distira handiagoa zuela.”
Chelyabinsk meteor shined brighter than the sun

 
DATU BATZUK

  Sverdlosk                ESPAINIA              EUSKADI
Eremua (km2) 194.800 505.370 7.234
Biztanleak 4.328.942          46.659.302          2.164.311
Biztanleak/km2          22,22     92,30    299,20
  Jekaterinburg                  Madril                  Bilbo
Biztanleak 1.455.904 3.207.247 345.122

Bertako klima siberiarra da, oso tenperatura hotzekin, -50 °C-rainokoak negu luzeetan, eta epelak uda laburrean, +15 °C eta +22 °C artekoak, +25 °C gaindituz noizean behin.

 

ZER EGIN JEKATERINBURGEN

Pentsa genezake Jekaterinburg, meatze- eta industria-hiria, ez dela oso interesgarria izango, geldialdi triste bat baino ez Transiberiarraren ibilbidean. Baliteke bidaiari batzuek horixe pentsatzea trenetik jaitsi baino lehen. Baina ez da horrela, aski gauza daude bertan ikusteko, hastapenetatik aberatsa eta handia (ia 1,5 milioi biztanle ditu) izan den hiri bati dagokion legez.

Bertan barneratu aurretik, txango bat egin genezake “Europa-Asia monumentu”raino, bi kontinenteen arteko muga markatzen duelarik. Pervouralsk-etik 5 km-ra dago Beriozov (hau da, Urkiaren) muinoan, 400 m-ra itsas mailaren gainetik, 1837an eraikia izan zen munduaren bi aldeak banatzen dituen puntu geografikoan. 1926an, suntsitu zutenaren ordezkoa egin zuten, eta gaur egungoa 2008an egina da. Bere kokapena beste interesik ez du.

Hirian bertan, bisita turistikoaren bidea, beste hiri batzuetan bezalaxe, lurrean margotutiko marra batek adierazten du, kasu honetan arrosa kolorekoa da. Egia zera da, jaramonik egiten ez bazaio, interes gutxi edo batere interes bako ibiliak egiten direla. Baina jarrai diezaiogun bisitatzea komeni denari:

  • Odol gaineko Katedrala.  Jekaterinburgen Nikolas II.a tsarra exekutatu zuten lekuan oroigarri gisa eraikia. Alexandro II.a tsarra San Petersburgon atentatuan hil zen lekuan eraiki zenaren izen bera du, azken hau benetan miragarria.
  • Boris Yeltsinek Ipatiev Etxea eraisteko agindu zuen eta bertan eraiki zen eliza. Sotoan dago exekuzioa izan zen aretoa.
  • Aipaturiko tsarraren izeba zaharraren Isabel Fiodorovna dukesa handiaren kapera. Oso polita, zurezkoa da.
  • Baita ere deigarria da Igokundearen Eliza, hiriko zaharrena.
  • Museoak, Siberiako beste hiri batzuetan bezala, hainbat gaitakoak daude. Nabarmentzekoak:
    • Jekaterinburgeko Historiaren Museoa.
    • Teknologia Militarraren Museoa.
    • Historia Militarraren Museoa.
    • Arkitekturaren eta Diseinuaren Museoa. Eta beste zenbait.

 

Bisitarako beste interesgune batzuk honako hauek dira: Visotsky Begiratokia, Rastorguev – Kharitonov Egoitza eta, bitxia (baina itsusia), Ordenagailu Teklatua erreproduzitzen duen eskultura.

Operaren Antzokitik eta Unibertsitatearen Egoitzatik hurbil Sverdiovsk-i eskainitako estatua bat ikus daiteke.

Hango parkeetako edozeinetatik paseatzea ere gomendatzen da.

Ideia hobea izateko, ikus: Jekaterinburg hiria (bideoa)

 

 

 

 

ROMANOV-TARRAK (Romanov Errusian)

Hiri hau romanov dinastiako Katalina I.a tsarinari eskainia dago, eta bertan exekutatu zuten dinastia bereko azken tsarra, Nikolas II.a, bere familiarekin. Beraz, beraiei buruz hitz egin behar da; gizarte aldetik, gogoratzen dira bai Petri I.a Handiak eraiki zuen hiriagatik (San Petersburgo paregabea) eta bai gobernatzeko izan zuten eragatik, salbuespenak salbuespen, autarkikoak eta tiranoak izan baitziren, herriarengandik urrunduak, batere kontuan hartu gabe askatasunek Europan egindako aurrerabidea eta, beraz, ezta Ilustrazioaren eta Frantziako Iraultzaren ondorioak ere; baita ere gogoan dira dekanbrista edo dezenbristekiko tratuaren porrotagatik, eta bere egin zutelako Erdi Aroko gobernu-ikuspegian oinarrituriko guztia, nahiz eta aitortu behar den jokaera honekin, XVIII. mendeko tsarrek bereziki, handiagotu egin zutela Inperioa.

Kontua ez denez historia-lezio bat ematea, ohar ─hobeto esanda, anekdota─ batzuk bakarrik egingo ditut pertsonaia hauetako biri buruz, eta dinastia honetaz hunkitu nauten gauza batzuez. Dinastia hasi zen Migel I.a tsar legez izendatu zutenean, txepel, gaixoka eta oso buruargia ematen ez zuen gaztea, eta hori Eliza Ortodoxoaren eta Boiardo nobleen arteko akordio baten ondorio izan zen, Nazioaren buru txotxongilo bat nahi baitzuten, baina urte gutxiren buruan egoeraz nagusitu egin zen eta berak hasitako dinastiak 304 urte iraun zuen.

Katalina II.a Handia

Jatorriz prusiarra eta ezkontzaz romanovtarra zen; bere senar ezdeusa, Petri III.a tsarra, agintetik bota eta bera bizi zen bitartean bere semeari agintzeko aukera guztiak kendu ostean, gogor erreinatu zuen Errusian 34 urtez, 1762 eta 1796 artean, herrialdea Inperio handi eta ahaltsu bihurtuz.

Gainera, bere sexu-jarduera bizi eta libertinoagatik ezagutzen da. Bazuen senarra (aipatu dudan bere aurreko tsarra), baina baita ere maitale iraunkorrak (horietako bat, ziur asko maiteena, Potiomkim edo Potenkim), zuzenean berak aukeratzen zituenak, eta beste batzuk, aldi baterakoak, bere lagun eta gizon-“dastatzaile” zen Bruceko kondesak hautatuak.

Maitale onak baldin baziren, antze horietan zuten mailaren arabera, beti jasotzen zuten saria: kargu eta tituluak, dirua, jabego berrietan lurrak eta milaka jopu batzuk, benetako esklaboak, lurrari atxikita lotean zihoazenak.

Baina tsarinarengan batez ere bere heriotzari buruzko kondairek ematen dute atentzioa. Ofizialki esaten da buruko isuria izan zuela bainuontzian, baina badira beste hiru bertsio gutxienez orrialde asko bete dituztenak:

  • 1. bertsioa.- Oso jatuna zen, eta obesitate eta idorreria handia zituen. Libratzeko ‘indarka’ zebilela, tentsio-igoera handi batek eragindako isuri baten ondorioz hil ei zen.
  • 2. bertsioa.- Hil zen unean, larrua jotzen ari zen maitale gazte eder batekin. Bere guardiako planta oneko soldadu bat zen, 16 urtekoa. Jo eta su ari zirela gertatu ei zen heriotza.
  • 3. bertsioa.- Zentzugabeena. Haren sexu-perbertsioa zoofiliara iritsia zen. Eta heriotza bere zaldi zuri ederrarekin larrua jo beharrak ekarri ei zion. 

Katalina II.aren, Errusia handi egin zuen tsarinaren, eskandaluzko sexu-bizitzaren egiak eta gezurrak.

 

Nikolas II.a.

Azken tsarra. 1894 eta 1917 artean gobernatu zuen. Zalantza barik, monarka autarkiko eta kikil hau bere buruargitasunaz konbentziturik zegoen (zuzenean bere gudarosteen buru jartzera iritsi zen I. Gerra Handian), baina erabat ezdeusa zen arlo guztietan, eta despota hutsa mendekoekin; bere emazte gaixoka, ezegonkor eta histerikoak menderatzen zuen, eta aldi beran, honek seme hemofilikoaren osasunarekiko mendekotasun handia zuen eta, bereziki, bere monje eta oheburuko petrikilo, eta ziur asko maitale, zen Rasputin biziotsuak agintzen zuenarekiko ere bai.

Duela 125 urte izandako haren koroatzea da irakur daitekeen zera arranditsuen eta zentzugabeena. Eta zorigaiztokoena ere bai. Morroi honi herria zenbat axola zitzaion erakusten du.

Hainbat egunetako festa pribatuak egin zituen, milaka gonbidaturekin; herriari helburu berarekin dei egin zitzaion eta, tradizioari jarraituz, zakutxo bat opari egingo zitzaion ogitarteko batekin eta vodka apur batekin Moskuko aldirietako landa batzuetan, egun batzuk lehenago suntsituak agintari berriaren ohorez egindako maniobra militarretan. Honetan tradizioari eutsi gura zitzaion.

Herria, pobre eta gose, han elkartu zen antolatzaileek espero baino askoz kopuru handiagoan. Zurrumurrua zabaldu zen, eta egiazko oinarriarekin, ez zela oparirik izango guztientzat, eta horrek jende-oldeak eragin zituen, eta ondorioz 1.389 hildako ofizialki (kronikarien arabera 4.000) eta 1.300 zauritu larri baino gehiago. Aipaturiko maniobra militarren ondoriozko lurzoru malkartsuak ere areagotu egin zuen hondamendia.

Ezbeharraren ostean eta zauritu batzuk bisitatu ondoren, tsar berriak festa pribatuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen, ezer gertatu ez balitz bezala.

Haren erreinaldian, gezurrezko askatasun herabe batzuk, herriaren presioz behartuak, eta errepresio-aldi gogorrak izan ziren, baita kutsu demokratiko lausoko parlamentuen eraketak, laster baliogabetuak ere. Ezin bestela izan eta horrenbeste tiraniaren ostean, honek guztiak Errusiar Iraultza ekarri zuen. Beharrezko haztegia prest zegoen etorriko zen asaldurako.

1999an San Nikolas bihurtu zen Eliza Ortodoxoarentzat.
Nikolas II.aren eta Alexandra Feodorovnaren koroatzea
Nikolas II.aren koroatze odoltsua Khodynkan

Romanovtarrak ezagutzeko modurik egokien eta atseginena da, nire ustez, izen bereko liburua, Simón Sebag Montefiore-k idatzia, irakurtzea: Los Románov

Eta Grigori Rasputini buruz ezagutzen den guztia irakurtzeko prest dagoenarentzat “La Rusia de Rasputín” liburu oso dokumentatua gomendatzen diot, José Miguel Romaña historialari eta kazetari getxotarrarena da.
LA RUSIA DE RASPUTIN (libro)

 

URAL MENDIAK

Mundu osoan ezagutzen den mendikatea da hau, Europa eta Asiaren arteko banaketa natural eta geografikotzat jotzen baita. Kaspiar Itsasotik Artikoraino doa 2.500 km-ko luzeran, eta zabaleran ez du orokorrean 150 km baino gehiago. Ez du gailur handirik. Bere puntu gorena 1.895 m-koa da itsas mailaren gainean.

Ziur asko gure planetako mendikaterik zaharrena da duela 250 mm urte eratu baitzen (Himalaiak 60 mm urte bakarrik ditu).

Eta batez ere, benetako aberastasun-iturri izan da eta da, XVII. mendeaz geroztik ustiatzen dihardutelarik.

Ural Mendiak

 

BESTE ERREFERENTZIA BATZUK

Eta zenbait bidaia-blog.

Jorge Ibor, apirila 2019.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude