Mandalay (II)


Egun hartako egitarauan itsasontziz egindako txango pribatu bat zegoen.

Goiz jaiki eta gosaldu ondoren, Irawadi ibai itzelaren eskuinaldeko ertzean dagoen kai xume batera abiatu ginen.

Tokiak itxura penagarria eman zigun. Ibaiertzean bertan bazen jende xumearen kanpaleku bat, non zikinkeria eta desordena nagusi baitziren.

Gertatzen da ibaiak montzoiekin hazkunde handia izaten duela; izan ere, 3 edo 4 metroko garaiera bakarrik izan arren, kontuan izan behar da ibilguaren zabalera handia, eta, horrez gain, ez dago desnibel nabarmenik, beraz, ez du ia kalterik eragiten, muturreko uholdeen urteetan izan ezik.

Uste dut egoera hau Egipton Nilorekin gertatzen denaren antzekoa dela. Bi kasuetan, ekarpen handia eta beharrezkoa egiten zaio horrela nekazaritza-aberastasunari.

Ura bere ohiko mailara jaisten denean, irla edo uharte batzuk sortzen dira bere ibilguan, korronte motelak eramandako harearekin. Material hori oso ona da eraikuntzan erabiltzeko.

Mendi leunetako biztanleak, nekazari oso pobreak, aldi baterako jaisten dira uharte horietako hondarra lehorreraino garraiatzen lan egitera.

Distantzia txikira eta gastu gutxiagorekin bizi ahal izateko, behin-behineko kanpalekuetan ezartzen dira ibaiaren ondoan, eta hurrengo montzoiak sortzen dituen ur-goraldiek suntsitzen dituzte kanpaleku horiek.

Uharteetako hondarra gabarretan garraiatzen dute lehorrera, eta handik, buruan eroaten dituzten saskiak erabiliz, bereziki emakumeek, txandaka igotzen dute zain dituzten kamioietaraino.

                                                                             Udalekua

Behin-behineko kanpalekua, non hilabete horietan bizitzen diren, zikinkeriaz betea zegoen erabat. Jateko tokian ume bat ari zen kaka egiten, txerri eta kaleko zakur batzuk (Myanmarren asko daude horietakoak) beren kasa ibiltzen, eta igartzen zen inor ez zela arduratzen hilabete batzuk barru, ur-goraldi berriarekin, urak eramango zuena garbitzeaz.

Hain leku kaxkarra zeharkatuz, ontzien gunera iritsi ginen, eta haietako bat guretzat bakarrik zen. Itsasontziak, gutxi gorabehera jota, 25-30 metroko luzera izango zuen. Gainaldearen zati bat olanek babesten zuten eguzkitik, eta guztia banbuzko aulki, besaulki eta mahaiz hornituta zegoen.

Mingun edo Min Kun-era abiatu ginen. Ibai-bidaiak, 11 km inguru, ordubete baino gehixeago iraun zuen.

                                                                    Ayeyarwadin nabigatzen

Beste ontzi batzuekin batera joan ginen, eta bidaiari asko samar bakoitzean, guztiak helmuga berera zihoazenak, eta bidean, besteak beste, te suspergarri bat hartu genuen pastekin.

Ibai eder eta ikusgarrian barrena egindako ibilian, haren ertzetan laborariak, nekazariak, artzainak, arropa uretan garbitzen ari ziren emakumeak eta abar ikusi genituen. Ez asko ere, inguru hura ez baita oso populatua. Bitartean, itsasontzian, kapela tipikoak eta argazki-liburu politak saldu zizkiguten prezio onean.

Tratuan ibili ginen. Prezio bat esaten genuen bakoitzean, marinelak telefonoz galdetu behar izaten zion lehorrean zegoen nagusiari, eta beste zenbateko batekin erantzuten zigun. Hala joan ginen prezioa doitu edo egokitzen eta, beraz, entretenimendu erantsiarekin nabigatzen.

Lehorreratu eta kakahuete-soro eder bat inguratu ostean, malda arin batean bidean gora igo ginen, turistentzako salmenta-postuekin bi aldeetan, eta Mingungo pagoda amaitu gabera iritsi ginen. 1838an lurrikara gogor batek hondatu zuen arren, garai guztietako pagoda handiena izateko proiektatu zena zein harrigarria zatekeen miretsi eta irudikatu ahal izan genuen.

Diotenez, XIX. mende-hasieran eraikiarazi zuen erregeak moteldu egin zuen obra, igarle batek ohartarazi ziolako amaitu bezain laster gobernua galduko zuela eta hil egingo zutela.

Urte batzuk geroago, aipatutako lurrikararen ondorioz, geldiarazitako eraikuntza albo batean goitik behera zatituta geratu zen, argazkian erraz ikus daitekeen bezala. Hori dela eta, ezinezkoa da obrei berriro ekitea, eta gaur egungo egoeran erakarpen turistiko gisa geratu da.

Pagodatik gertu “munduko kanpairik handiena”rekin topo egin genuen, baina benetan bigarrena izango da, zeren eta Kremlineko Santa Katalinakoa baino txikiagoa baita, San Yuk aitortu zigun bezala. 4 metroko altuera du eta 5 metroko zirkunferentzia. Egur batzuen gainean bermatuta dago, lurretik metro erdira.

Pagoda bukatugabean jartzeko aurreikusita zegoen. Eta pagoda inoiz amaitu ez zenez, hor dago, erabiltzeko zain. 90.000 kilo baino gehiago pisatzen du. Barruan zutik hainbat pertsona sartzen dira.

Ezinbesteko kanpaiak jo genituen, beti kopuru bakoitian, eta San Yuk esan zigun han bazela fenomeno “misteriotsu” bat: kanpai barruan kanpoko ezer ez zela entzuten, ezta jotzen zutenean ere.

Sartu nintzen eta, jakina, txantxa hutsa zen, San Yuk egin zigun lehena. Soinuak ia burua lehertu zidan. Geroago berretsi genuenez, birmaniarrek oso umore berezia dute, nahiko gogaikarria.

                                                                     Pagoda amaitu gabea

Ondoren, gertu dagoen Hsimbyume pagoda zuri eta ederrera abiatu ginen. Hura ere XIX. mendearen hasieran eraiki zuen printze batek bere emaztegai maitearen omenez; izan ere, izen hori omen zuen eta lehen haurraz erditzean hil omen zen.

Zazpi terraza zentrokide ditu, gure gidariaren arabera, zazpi itsasoak irudikatzen dituztenak, eta, beste iturri batzuen arabera, Meru mendi sakratu eta mitologikoa, haren tontorrean, hinduisten arabera, Shivá jainkoa bizi delarik. Pagodaren zuri orbangabeak harritu eta liluratu egiten du.

Bisita labur bat egin ostean, oinez jarraitu genuen inguruko mendi baten gailurreraino, non monasterio txiki bat dagoen. Monjeek San Yu ezagutzen zuten eta tea hartzera gonbidatu gintuzten, eta tearekin pastak, guretzat ireki zituzten kaxetan zerbitzatuak. Beste argazki-sorta bat egin genuen haiekin, eta, bitartean, gure herrialdeaz galdera asko egin zizkiguten.

Mingundik alde egin genuen, baina aurrez bideko postuetan zeuden emakume atsegin, sinpatiko eta batere gogaikarriak ez ziren saltzaileen eskaintzak jaso genituen. Nola ez, beharrezko tratuen ostean, haiei ere erosi genizkien gauza batzuk.

Joanekoa bezain atsegina edo atseginagoa izan zen itsasontziz egindako itzulera. Denbora luzea eman nuen San Yurekin lasai berbetan. Esan zidan Bilbon bizi zen senar-emazte batzuk zituela bezero, medikuak biak, eta Myanmarrez maiteminduta zeudenez, sarri bidaiatzen zutela hara. Berak pertsonalki artatzen omen ditu. Izenak eman zizkidan, baina ez ditut gogoratzen. Era berean, bere zerbitzuak eskaini zizkidan, inoiz ezagunen batek edo neure seme-alabek, senideek edo lagunek turismoa egitera joan gura bazuten hara.

2020ko otsailean izan zen aukera hori. Ana eta bere bikotekidea, Guillem, Myanmarrera joan ziren. Baina berandu esan zidaten, eta berarekin harremanetan jarri zirenean, beste zerbitzu bat hitzartuta zeukan.

Hain irudi penagarriko leku berean lehorreratu ostean, Mandalayra itzuli ginen, eta hotelean garbitu ondoren, astia genuela aprobetxatuz, gure kasa ibiltzera atera ginen. Jauregiko babes-erretenerantz abiatu ginen, eta handik itxuraz hiriko kale nagusia eta, ustez, komertzialena zen kalera hurbilduz joan ginen.

Moto ugarien kutsadura jasanezina zen. Begiak eta eztarriak minduta genituen. Kaleak zeharkatzea odisea bat zen. Gutxi balitz, espaloiak urri ziren eta haietan motor gehiago edo obretarako hartxintxar-metak zeuden.

                                                     Hsimbyume pagoda

Norabide argirik gabe eta egoera hartan ibiltzeaz apur bat nekatuta, taxi bat hartu eta geure hoteletik irtetean ikusia genuen JJ kafetegira joan ginen, oso modernoa eta mendebaldeko diseinukoa zen. Garagardo batzuk hartu eta patata frijitu batzuk eskatu genituen laguntzeko. Horren ordez platano frijituak, oso goxoak, atera zizkiguten, eta fruitu lehorren batzuk. Leku hura, berria, goi-mailako eta prezio baxukotzat katalogatu genuen.

Arrats behera zen. Berriro hoteleko teilatu laura joan ginen afaltzera. Lehen esan dudan bezala, gau hartan jende asko zegoen: gurekin aretoa bete egin zen. Uste dut garaieragatik eta hotela trafiko gutxiko leku batean egoteagatik kutsadura ez zela nabaritzen.

San Yuri ahaztu egin zitzaion hara joatekoak ginela ohartarazi eta gura genuen menuaren berri emateaz. Ahal izan genuen bezala ulertu genuen elkar. Bereziki zaila izan zen azaltzea kontua gure gidariak ordainduko zuela biharamunean, eta hala egin zuen.

Hotela trafikorik eta zaratarik gabeko kale batean zegoela azpimarratu behar dut.

 

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude