ZEIN ALDETAN EGON


Otsailaren hasieran gaude, eta bazirudien pandemia gainditu ostean irribarrez hasi eta bizitzara itzuliko ginen urtea izango zela hau, baina, bai zera! Eta gutxi ez bagenu bezala, badira bizitza garrazten saiatzen direnak gerra ergel eta zentzugabeekin, Ukrainakoa eta besteren bat lakoekin, eta nire buruari galdetzen diot: “Zergatik? Eta zertarako?”. Gainera, Turkian eta Sirian izandako lurrikarak bezalako hondamendiak gertatzen dira, dagoeneko nahikoa zigortuta dauden eremu haietako zoritxarrak areagotu eta bertako jendearen artean sufrimendu ikaragarria, mugarik gabea, sorrarazten dutenak. Hori gertatzen denean, herrialde eta pertsona batzuek lagundu egiten dute eta eskuzabalak dira, solidarioak; beste batzuek, berriz, suntsipen handiagoa eragiten dute, edo zeharka begiratuz igaro eta besteen zorigaitzez baliatzen saiatzen dira. Egoera horien aurrean, tristatu egiten gaituzten sentimenduak izaten ditugu batzuetan, eta iraganeko gertaeren irudiak ere etortzen zaizkigu burura, batzuetan nahastu egiten gaituztenak, eta ez dugu jakiten zer pentsatu eta zein aldetan egon behar dugun.

Kremlinek Ukraina inbaditzeko emandako argudioak entzunda, agintari errusiarrek egindakoa justifikatuta egon zitekeela pentsa zitekeen, baina haiek egindako krimenen irudiak ikusita, sumindu egiten gara, eta badirudi errusiarrek, indarra erabiliz, ukrainar herriaz jabetu besterik ez dutela egin nahi, eta Ukrainak, halako erasoaren aurrean, bere burua eta bere estatu subiranoa defendatu baino ez duela egin.

Ipar-korearrak Hego Koreako eta Japoniako lurren gainetik misilak jaurtitzen eta, festa-egun batean bengalak eta konfetiak jaurtitzen dituzten umeak balira bezala, txaloka eta lurrak eta itsasoak zikintzen ikusteak, beldurra sentiarazteaz gain, zera pentsarazten dizu: “Agian izango dute horretarako arrazoirik”.

‘Iran’ izeneko herrialde batean eta beste hainbatetan, XXI. mendean, Moralaren Polizia dagoela irakurri, entzun eta ikusten da. Bai, bai, ondo irakurri duzu, Moralaren Polizia, jantzita zelan ibili behar duzun esaten dizuna, eta emakume bat atxilotu dezakeena, ez beloa ez eramateagatik, baizik eta txarto jantzita eramate hutsagatik… atxilotu, polizia-etxera eroan eta tratu txarrak eman heriotza eragin arte, benetan gertatu den bezala! Eta oraindik bada jendea esaten dizuna: “Baina hori haien kultura da, guk ez dugu sartu behar horrelako gauzetan, joango dira pixkanaka ikasten, hemen ere duela gutxi arte emakumeek mantelina edo buruko zapia eroaten zuten”.

Orduan, horrelako ikuskizun danteskoen aurrean, eta hain iritzi ezberdinen, batzuk erabat zentzu bakoen, aurrean, tristatu eta gizadiak erremediorik ez duela pentsatzen duzu. Orduan etortzen zait burura Leonard Cohen-en esaldi bat, niretzat dena laburbiltzen duena: Batzuetan, zein aldetan egon behar duzun jakiteko, bestaldean zeintzuk dauden ikustea nahikoa”. Leonard Cohen.

Beste barik, agur.

Juan Carlos Ruiz de Villa

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude