elkarrizketak Elkartean

Amaia Zubeldia Sagardoa Route-koa da, sagardotegietara txango on bat antolatzeko ezinbestekoa den erakunde laguntzailekoa.

Urtero, otsailean, sagardotegi batera txangoa egitera ohitu gara, bisita kultural interesgarriekin batera.

Gure afiliatuak deialdia iritsi arte zain egoten dira izena emateko. Egun gutxiren buruan betetzen dira eskainitako postuak, 110 normalean, eta “itxaron-zerrenda” ireki behar izaten da.

Ahalik eta onenak izan daitezen ordutegien koordinazioa, bisita kultural eta gidatuak eta sagardotegi on baten aukeraketa, Sagardoa Route erabiltzen dugu.

Ni neu, hainbeste urteren ostean, harreman oso ona izatera iritsi naiz bertako arduraduna den Amaia Zubeldiarekin.

Azken txangoak arrakasta handia izan eta egun batzuetara, Elkartearen izenean, berarekin “elkarrizketa” egiteko aukera eskatu diot.

Elkartea: Kaixo, Amaia. Mila esker beste behin artatzeagatik. Hasteko, zerbait kontatu behar didazu zutaz, zeure buruaz.

Amaia: Dagoeneko badira urte batzuk elkarrekin beharrean, bai! Proiektu hau ilusio handiz sortu duen pertsona bat naiz. Askotan esaten dut esperientzia hau hirugarren ume batez erditu eta hura haztea bezalakoa izan dela: gogorra, bai, baina oso suspergarria ere bai.

Txikitan oso une politak partekatu nituen aitaita eta amamarekin baserrian. Nire amamak baratze edo ortuan egiten zuen lan, eta ondoren azokan saltzen zituen produktuak; aitaitak, berriz, sagardo naturala egiten zuen dolare txikian.

Turismoa ikasi nuen bidaiatzeko grina nuelako, eta ez nuen inoiz imajinatu azkenean turismoa barrutik landuko nuenik, sagardoarena bezain tradizionala den sektore bati lotuta, gainera, ezagutzera emateko aukera eta modu berrietara ireki beharra du-eta.

Denborarekin ulertu nuen turismoa tokian tokiko ekoizleen kultura, landa-mundua eta lan edo beharra balioesteko tresna ere izan daitekeela, jendea gure sustraiekin eta tradizioekin lotzen duten benetako esperientziak sortuz.

Oso atsegin dut lehen sektorea eta bere baitan hartzen duen guztia: familiak, hizkuntza, lurraldea eta jendea. Horregatik plazer hutsa da niretzat zuei zuen erabakietan laguntzea.

Elkartea: Sagardoa Routeri buruz gehiago ere jakin gura nuke: noiz sortu zen, zuen helburua, jarduerak… Lantaldeaz ahaztu barik.

Amaia: 2017an sortu zen, sagardoaren Jatorrizko Izendapenarekin batera. Ibilbide, kontzeptu eta agentzia bat antolatzeko eta sortzeko beharrizana ikusi genuen, bertoko sagarra eta kalitatezko sagardoa bultzatzen lagunduko duen estrategia landu ahal izateko. Sagardoa Route, Euskal Herriko Sagardoaren Ibilbidea, sagardogintzaren sektorea bultzatu eta sustatzeko tresna bihurtzeko helburuarekin sortu zen, euskal sagardoari eta tradizio paregabe honen osagai diren upategiei balioa emanez. 

Elkartea: Goazen gure eremura, zein da, zure ustez, txango hauen arrakastaren oinarria?

Amaia: Benetakotasuna. Gure ustez, proposamen hau ekoizlearen beraren ikuspuntu eta beharrizanetatik sortu izanak ezartzen du desberdintasuna.

Sagardoa Routeren arrakastaren gakoa bere jatorrian eta funtsean datza, sagardo-ekoizleek eurek eta eurentzat sortutako ekimena baita. Ibilbidea Euskal Herriko Sagardo Ekoizleen Elkartearena da, eta sektoretik bertatik sortu da, upategiei eta ekoizleei beren burua ezagutzera ematen laguntzeko, beren lan edo beharrari balioa emateko eta aukera eta merkatu berriak irekitzeko.

Ekoizleekiko lotura zuzen horrek benetakotasuna ematen dio proiektuari, eta sektorearen beharrizanen benetako ezagutzatik lan egiteko aukera ematen du, euskal sagardogintzaren kultura hurbiletik, modu jasangarrian eta bere sustraiekiko leialtasunez sustatuz.

Proiektuak harrera oso ona duela egiaztatu dugu, belaunaldiz belaunaldi errotutako benetako tradizioan oinarritzen baita. Ez dugu ezer berririk asmatu; bertoko jendeak betidanik izan duen ohitura bat bizitzeko aukera besterik ez diogu eskaintzen bisitariari.

Upategi batera sagardoa dastatzera joatea, sagardoaren elaborazioa hurbiletik ezagutzea, ekoizleari zuzenean erostea eta, bide batez, ohiko menuaz gozatzea gure kulturaren eta gastronomia eta bizikidetza ulertzeko dugun moduaren parte da. Hain zuzen ere, benetakotasun horrek egiten du berezi Sagardoa Route

Elkartea: Zelan prestatzen da txango bat gure kolektiboarentzat?

Amaia: Kolektiboak benetan zer gura duen ulertzea izaten da zailena, hau da, zer gustu dituen eta guk eskaintzen dugunera zelan egokitu jakitea, eta hori ezarritako aurrekontuan sartzea. Zuen kasuan, plan bat garatu ahal izateko konfiantza eskertzen dut gehien, nire ikuspegitik ekarpen txiki bat eginez eta plana gustuko izan dezakezuela jakinda.

Kolektibo batentzako txangoa prestatzeak antolaketa, koordinazioa eta, batez ere, taldearen beharrizanak entzutea eskatzen du. Gure kasuan, modu pertsonalizatuan lan egiten dugu elkarte edo kolektibo bakoitzarekin, haren interesetara, pertsona-kopurura eta prestasunera egokitutako esperientzia diseinatuz.

Upategietako bisitak, sagardo-dastatzeak, ohiko menuak… koordinatzeaz arduratzen gara, baita, beharrezkoa bada, garraioa eta bestelako jarduera osagarriak ere. Gure helburua bisitariek benetako eta hurbileko esperientziaz gozatzea da, euskal sagardogintzaren kultura modu eroso eta ondo antolatuan ezagutuz.

Gainera, upategiekin eta ekoizleekin zuzenean lan egitean, proposamen oso benetakoak eta talde bakoitzari egokituak eskain ditzakegu, betiere xehetasunak zainduz.

Elkartea: Urtero iruditzen zaigu oso zaila izango dela aurrekoaren arrakasta gainditzea. Jarduera honen 10 urteetan (8 urte zuekin) interes handiko leku askotan ibili gara. Zein izan da gehien asebete zaituen txangoa? Zer ari zara prestatzen etorkizunerako?

Amaia: Gustatzen zait ikustea bezeroak gogoko gaituela. Hau da: pertsona bat edo talde bat sagardotegi batera eroateak familia baten lan edo beharra aurkeztea esan nahi du, eta familia horrek agian belaunaldiak daramatza sagardoa egiten; edo baliteke duela gutxi hasi izana horretan. Eta hori gustatzen dela ikusteak, sagardo ezberdinak dastatzeak edo sektorean egiten diren aldaketek bezeroa pozik uzten dutela ikusteak benetan motibatzen nau. Etorkizuna iraganarekin lotzen dut. Beti nondik gatozen jakitea, hurrengo urteetan zer izan gura dugun markatzeko.

Txango zehatz batekin baino gehiago, bereziki pozik sentitzen naiz lortzen dugunean bisitariek ulertzea sagardoa dela landa-inguruneari lotutako kultura bat eta bizitzeko modu baten parte. Horregatik gustatzen zaigu, sagardotegiak bisitatzeaz gain, lehen sektorearekin, landa-eremuarekin eta tokiko kultura eta gastronomiarekin lotutako jarduera osagarriak proposatzea.

Tokian tokiko ekoizleak bisitatzea, natura-ingurunean paseoak, nekazaritzarekin lotutako esperientziak edo gastronomia-tailerrak lagungarriak dira esperientzia askoz ere osoagoa eta benetakoagoa izan dadin. Jendeak gure tradizioekin zelan konektatzen duen ikustea eta sagardo-botila bakoitzaren atzean dagoen lan edo beharra baloratzea da, zalantza barik, atsegingarriena.

Etorkizunari begira, modu jasangarrian hazten jarraitu gura dugu, euskal sagardogintzaren kultura eta bere inguruko landa-ingurunea hobeto ezagutzeko aukera emango duten esperientzia berriak sortuz. Gure asmoa da tokian tokiko ekoizle, upategi eta eragileekin lanean jarraitzea, gero eta proposamen benetakoago eta askotarikoagoak eskaintzeko, betiere gure tradizioaren funtsa eta sustraiak mantenduz.

Elkartea: Pixkanaka, mugakide diren beste erkidego batzuetako (Kantabria, Errioxa eta, aurten, Kataluniako) kideak ere ari dira etortzen. Gainera, hori bat dator autonomia-erkidegoetan produktua sustatuz merkatuak zabaltzeko egiten ari zareten saioarekin: zerbait bururatzen zaizu egiteke dagoen zeregin hori aktibatzeko gure kolektiboan?

Amaia: Gauza asko egin daitezke eta, gainera, uste dugu gakoa malgutasuna eta proposamenak kolektibo bakoitzari egokitzea dela. Formatu, egun edo jarduera desberdinak plantea daitezke, talde bakoitzaren interesen arabera. Taldeak batzeko edo zatitzeko aukera ere badago, pertsona bakoitzak esperientzia pertsonalizatuagoez gozatzeko aukera izan dezan.

Hain zuzen ere, merkatuak zabaltzeko eta beste autonomia erkidego batzuetan euskal sagardoa sustatzeko lanean ari garen honetan, horrelako lankidetzak oso interesgarriak izan daitezkeela uste dugu. Sagardoaren kulturak eta horren inguruko guztiak —gastronomia, paisaia, tradizioa eta landa-mundua— gaitasun handia du hainbat lekutako pertsonekin konektatzeko.

Sagardotegietara bisitak egiteaz gain, esperientzia gastronomikoak, lehen sektoreari lotutako jarduerak, bisita kulturalak edo landa-ingurunean ibilaldiak barne hartzen dituzten proposamenak diseina ditzakegu, horrela programa osoak eta talde bakoitzari egokituak sortuz.

Elkartea: Esperientzia pertsonal pare bat ditut Sagardoa Routerekin. Euskadin bizi ez den jendearen bisitak jaso ditugu eta Gipuzkoan barrena bisita bat antolatu diet zuen aholkularitza eta lankidetzarekin. Horrek ematen dit aukera bide hau gomendatzeko, ados bazaude. Zuekin harremanetan jarri al daitezke horrelako jardueretan interesa duten elkartekideak? Behar izanez gero, bidaia osoaren prestakuntza eta kontratazioa ere errazten diezue? Zelan?

Amaia: Poz-pozik egingo nuke! Zuzenean deitu diezadakete nire telefonora edo mezu bat bidali, eta ziur aurkituko dugula irtenbideren bat. Plazerra izango da horrelako esperientzia bat antolatu gura duen edozein elkartekideri laguntzea. Hain zuzen ere, bisitariek gehien baloratzen duten gauzetako bat aholkularitza hurbila eta pertsonalizatua izatea da.

Elkartea: Elkarrizketa honen ardura dudan aldetik, amaitu nahi dut aitortuz plazer bat dela zure taldearekin eta, bereziki, zurekin lan egitea eta oso pozik eta harro nagoela Sagardoa Routerekin hain “feeling” ona izateaz. Eskerrik asko zure denbora eskaintzeagatik.

Amaia: Ba, niri ilusio handia egin dit elkarrizketa hau egiteak eta gure esperientzia zuekin partekatzeak. Ez gara ohiko agentzia bat, baizik eta sektorea bera gara eta egiten duguna erakutsi nahi izan dugu. Eta hainbeste jende ordezkatzen duen zuen kolektiboa, adibidez, gustura dagoela eta errepikatu gura duela ikustea opari handia da.  

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude