Historiako bahiketarik garrantzitsuena izan ahal zen. Europan gerra amaitu ostean, Frantziako Erresistentziako borrokalari ohi askok, batez ere gertakarien berri ondo zekitenek, luzaroan galdetu zioten beren buruari gertatutakoaren egia. Ez zuten ulertzen atzera martxa ulertezin haren azken arrazoia: Zergatik zapuztu ote zuen Londrestik garrantzi handiko “norbaitek”, azken orduan gainera, Hirugarren Reicheko Führerra bera Frantzian bahitu eta gero Royal Air Forceko hegazkin arin batean Ingalaterrako hegoaldera garraiatzeko plan bikaina?
Eta, argi dagoen bezala, politikoki zuzena ez den galdera bat egin behar da: Noiz emango dira argitara gai korapilatsu honi buruzko dokumentu edo agiriak? Hogeita hamar urterekin Erresuma Batuko artxiboak historia-ikertzaileentzat erabat ireki ez zirenez, beldur gara ez ote ziren «halabeharrez» suntsituko agiri konprometigarrienak igarotako hamarkadetan. Horrela, Sekretu Ofizialen Legeak ezarritako gehienezko muga ez betetzeaz gain, Gautxori Operazioa ezereztuta egotearen arduradun zuzenak dena estaltzen duen iluntasun horretan geratuko dira betiko. Estatu britainiarraren estoldetan daude oraindik, ezelango erantzukizunik barik denboren amaierara arte.
Geure buruari galdetu behar diogu zer gertatuko zatekeen, azkenean, Adolf Hitler bahitu eta Erresuma Batura eraman izan balute, han, bere ordezkari, NSDAPeko buru eta Estatu-ministro izandako Rudolf Hess-i lagun egiteko. Oso litekeena da, orduan, gerraren iraupena laburtzea, milioika bizitza salbatuz, zibilei eta militarrei hainbeste sufrimendu saihestuz. Eta, jakina, juduen eta ijitoen aurkako zapalkuntza hilgarriaren amaiera ere ekarriko zukeen sarraski-eremu lotsagarrietan.
Burdinazko eskuaz Hirugarren Reicharen destinoak zuzentzen zituen gizona segurtasun handiko espetxe britainiar batean giltzapetu eta alemaniar nazionalsozialismoa kolpe bikain batez burugabetzeko aukera, Keitel, Bormann, Göring, Himmler, Jodl eta esbastika edo gurutze gamatuaren diktadorearen gertuko beste laguntzaile batzuk hitzez hitz «umezurtz» uztearen parekoa zen. Bestalde, behin Frantzian bahiketa burututa, pentsaezina zen Erresuma Batuko lehen ministroak, Winston S. Churchillek, nazismoaren sortzailearen trukea baimentzea, itzelezko dirutza tartean izanda ere.
Benetako oinarria duten hipotesien eremuan, bideragarria zen gauza bakarra Alemaniak eta Ardatzeko aliatuek baldintza barik amore ematea zen. Eskakizun-ildo horretatik jarraituz, Berlinek ezingo zukeen inolako errepresaliarik agindu eskala handian, beldur izanik ez ote zuen, berehalako erantzun hilgarri gisa, Gerra Handian Bavariako errejimendu bateko kabo izandakoaren heriotza eragingo; gizon hutsala berez, baina paturik ankerrenaren deabruzko apetengatik autokrata bihurtua.
Edozelan ere, benetan egiazkoa zera da, aukera paregabea, planeta osoan mendeko albisteetako bat izango zena, laga zela igarotzen 1943ko urtarrilean. Hala ere, oraindik ez dakigun britainiar agintari gorenen zein beldur ezkuturengatik, Frantzian planifikatutakoa ezerezean geratu zen. Hitlerrek Reicheko Kantzelaritzako bunker osasungaitzean babesa bilatu zuen arte kontinente zaharrak jasan behar izan zituen gerra-gertakarien norabidea ondo okertzeko aukera izan zen; gero tropa sobietar mendekatien eskuetan erori aurretik bere buruaz beste egitea erabaki zuen bertan, eta orduan bakarrik gertatu zen Alemaniaren baldintza bako errendizioa.
Führerraren bisita sekretua
Wehrmacht-eko Lurreko Armadako Infanteria Dibisio batek 1940ko ekainaren 14an Paris okupatu ostean, alderdi askotatik modernoa bezain handia zen hiriburu hartara bisita “turistiko” bat egiteko gogo bizia sentitu zuen buruzagi nazi gorenak. Gainera, nahiz eta hango monumentuak ikusteko benetako irrika izan, munduko iritzi publikoaren aurrean in situ erakutsi gura zuen argi eta garbi garaile erabatekoa zela.
Eta, benetan, Hitlerrek presa izan zuen bere barne-irrika artistikoak asetzeko, Senako hiri handiaren okupazioa gertatu eta bederatzi egunetara. Haren lau motorreko Fw 200V-1 hegazkinak Gros Caillouko aerodromotik Le Bourget-ekora hegan egin ahal izan zuen ekainaren 23ko 05:30ean, Bf 109 ehiza-hegazkinen eskuadrila oso batek ondo babestuta uneoro. Ondoren, hamar ibilgailuko konboia martxan jarri zen, hiru Mercedes blindatuetako lehenengoan Führerra txoferraren ondoan zihoala, eta Speer eta Giessler arkitektoak, eta Becker eskultorea ere bai, atzeko eserlekuan zirela. 06:00etatik aurrera, “Argiaren Hiri” deprimitu hartako mirariak ikusi zituen in situ, zeinak, handik egun gutxira, itxurazko normaltasuna berreskuratuko baitzuen.
Aurreko egunean, Hirugarren Reicharen destinoak zuzentzen zituen despotak Versaillesko Itunaren «lotsa» ezabatu ahal izan zuen Compiègneko basoan, Parisko ipar-mendebaldean; izan ere, 1918ko azaroaren 11n Gilen II.a Kaiserraren Alemaniak amore emateko agiria sinatu behar izan zuen tren-bagoi berean egin zuen. Ibilbide hartan zeuden argazkilariek atera ahal izan zituzten argazkietan Adolf Hitler distiratsu ageri zen, baita, tarteka, bromazale ere. Mundua menderatzeko gau-eldarnioetan hain amestua zuen une harengatik zen, Frantzia bere oinetan umiliaturik jartzen zuen garaipen azkarraren emaitza baitzen.
Frantziara hurrengo bisita ofiziala 1940ko urriaren 22, 23 eta 24an egin zuen eta, hurrenez hurren, Pierre Laval Vichyko Kontseilu kolaborazionistaren presidenteordearekin, Espainiako agintari gorena zen Francisco Franco jeneralarekin, eta Pétain mariskal zaharrarekin elkarrizketatu zen egun haietan. Aipatutako datetatik aurrera, betiko galtzen da autokrata nazionalsozialistaren arrastoa Frantzian. Are gehiago, ofizialki baieztatzen da inoiz ez zuela berriro Frantziako lurraldea zapaldu.
Hala ere, Bigarren Mundu Gerra amaitu eta zenbait bosturteko geroago, 1943ko urtarrilean egindako bisita pribatu baten xehetasunak ezagutu ziren. Eta, hain zuzen ere, hortik sortu zen bahitzeko aukera aparta. Lehen begiratuan burugabekeria hutsa eman zezakeen arren, operazioa nahiko egingarria zen, berehala aztertuko den bezala. Horregatik, mendebaldeko aliatuek gerra-gatazka handiaren historia aldatzeko galdu zuten aukera itzela argi eta garbi erakusten duten xehetasunetan sartuko gara orain.
Aukera aparta
II. Mundu Gerra osoko gertaerarik harrigarriena izan zitekeena, funtsean, ideia sinplea zen, eta haren garapena arreta handiz prestatuko zuten. Hasteko, Frantziako Erresistentziako zenbait kidek Londresi abisua eman zioten —Frantzian kamuflatuta zeuden Special Operations Executiveko (SOE) buruzagien bidez— Wehrmachtek partzialki okupatutako beraien aberrira Hitlerrek bisita sekretu bat egiteko asmoa zuela. Eta zelan iritsi zen haien belarrietara hain informazio baliotsua? Bada, patuaren zori huts edo halabeharrez, abertzale frantziar borrokalarienetako baten emazteak zerbitzari gisa lan egiten zuen Châteauroux-eko luxuzko egoitza batean. Senako hiriburutik 270 kilometro hegoaldera zegoen, herrialdearen erdialdean ia, Champagne du Berry herri txikitik gertu. Emakume hark jakin zuenean Hirugarren Reicheko Führerrak XVIII. mendeko, XIX. mendean apur bat zaharberritutako, etxe hartan 48 ordu segidan atseden hartzeko asmoa zuela, orduan hasi zen dena.
Haren aurka atentatua egiteko edo agian bahitzeko aukerak paregabea zirudien. Oraingoan, behintzat, Adolf Hitlerrek jeneral eta buruzagien talde txiki bat bakarrik izango zuen lagun. Bere lagun sentimentalak, Eva Braunek, Parisen hainbat larru eta bitxi erosteko asmoa zuen bitartean, oraindik Europa erdiaren ugazaba zenak naturaren kontenplazio bukolikoarekin konformatzeko asmoa zuen. Mahastizaintzako paisaiez eta upategi, etxe eta mendi-hegalez jositako inguru hartan egingo zuen egonaldi laburra babesteko, Heinrich Himmler-ek uniforme beltzez jantzitako hogei gizonez osotutako guardia pretoriar hautatua prestatu zuen. SSetako buruzagi gorenak berak aukeratu zituen kontu handiz, banan-banan. Tiratzaile apartak ziren guztiak, eta, garrantzitsuena, zalantza barik beren bizitza sakrifikatzeko prest zeuden lider gorenaren segurtasun edo bizia salbatzeko.
1943ko urtarrilaren erdialdean —arerio autokrata beldurgarriaren bisitarako prestakuntzak areagotzen ari zirela egiaztatu ostean zerbitzariak—, Frantziako Erresistentziak presaka bidali zuen bere ofizialetako bat Britainia Handiko SOEk Frantzian zuen Kuartel Nagusira. Hitlerren aurkako operazio bateratu bat has ote zitekeen aztertzeko zen; Londresen ezin zuten halakorik amestu ere egin ezkutuko bisita haren ustekabeagatik, ezta perspektiban zeuden erraztasunengatik ere.
Urte beraren hasieran, Operazio Berezien Zerbitzua edo Special Operations Executive (SOE) oso ondo antolatuta zegoen antzinako Galiako herrialdean. Erresuma Batuko hiriburuarekin egunero irrati bidezko harremana izateaz gain, garrantzitsuena zen dozena-erdi aerodromo zituela ondo kamuflatuta. Haietatik atera eta sartzen ziren nahiko erregulartasunez Royal Air Forceko aireplanoak, gizonen beharrezko erreleboa eta sabotajeak egiteko hornidura-maila mantenduz. Kasu honetan zorte hutsez, inprobisaturiko belar-pista haietako bat Indre departamenduan bertan zegoen. Diktadore naziak bi egunez ostatu hartzeko asmoa zuen egoitzatik minutu gutxira zegoen biribilez.
SOE barnetik
Hitler Frantziako luxuzko etxe batean edukitzeko aukera hain ustekabekoa, SSetako hogei kide horien zuzeneko babespean bakarrik, tentagarriegia zen ekintza bortitz batean ez pentsatzeko. SOEk Frantzian zuen goi-buruetako batek eszeptiko antzean entzun zuen maquisarden ofizial urduri batek aurkeztutako nobedade sinestezina. Baina, pixkanaka, gaiarekiko haren interesa in crescendo joan zen.
Nabarmentzekoa da SOEk saboteatzaile-sare zabala zuela. Erakunde sekretu horren existentzia aipatzen duen lehen dokumentuak Neville Chamberlain-en sinadura dauka. Bakea salbatzeko Municheko Konferentzian lotsagarriki amore eman zuen lehen ministroaren bizitza politikoaren azken egintza izan zen; geroago, Winston S. Churchill askoz kementsuagoak ordezkatu zuen.
1940ko uztailaren 22an sortu zen Special Operations Executive (SOE), aliatu franko-britainiarrak Dunkerqueko hondartza-burutik berrontziratu, arrakastaz irten eta hilabete eta erdira; benetako «miraritzat» jo zuten infernu hartan, Luftwaffeko hegazkinen bonben eta balen azpian. Orduan utopikoa zirudien arren, Kontinentera itzultzea pentsatuz, Downing Streeteko 10. zenbakian erabaki zen SOEk bere ezkutuko lehen misioak hasi behar zituela, alemanek okupatutako Europa-zatian erresistentzia-mugimendu guztiei laguntza eskainiz, eta, gainera, haien ekintza koordinatuz. Eta hor, jakina, Herbehereak, Frantzia, Norvegia, Belgika, Polonia, Luxenburgo, Danimarka eta Txekoslovakia sartzen ziren orduan.
Special Operations Executive osoaren buru Gerra Ekonomiako ministroa, Hugh Dalton, jarri zuten. Churchill premier-ak izendatu zuen errekonozimendu-, espioitza- eta sabotaje-misioak gauzatu behar zituen erakunde berriaren erantzukizun politikoa bere gain har zezan, eta laborista honek berehala hartu zuen eredutzat Irlandako Independentzia Gerran sortutako IRA. Bere biografo Ben Plimlott-ek ‘politikari inspiratutzat eta benetako erradikaltzat’ hartzen duen norbait da.
Winston S. Churchill-ek berak bere kolaboratzaile zuzenenei emandako kontsigna oso sendoa zen: «Emaiozue su Europari!». SOEren lehen zuzendaria Sir Frank Nelson izan zen, goi-funtzionarioa eta Alderdi Kontserbadoreko kidea. Geroago, 1940ko azaroan, Colin Gubbins —brigadier bihurtu berria zen koronela— itzalpeko erakunde hartan operazio-buru izendatu zuten. Andrew Roberts eta Niall Fergusonek bien artean idatzitako Virtual History liburuan, karrerako militar ausart eta burutsu hori «gerrako heroi anonimoetako bat» bezala definituta geratu da. Dalton ministroak berak aukeratu zuen gerra-ekintzetan zuen eskarmentu zabalagatik: Gerra Handian Gurutze Militarra irabazia zuen —Sommeko batailan etsaien su biziaren pean zaurituak erreskatatzeagatik—, eta Irlandako gatazka armatuan, Errusiako Gerra Zibilean eta Norvegiako Kanpainan oso parte-hartze nabarmena izandakoa zen.
Baker Street-eko bulego zabal batzuetan instalatuta —egia esan, Tamesisetik baino Regent’s Parketik hurbilago—, Special Operations Executivek laster izan zituen atzerriko atalak, britainiar atalaz gain. Laguntza zuzena ematen zuten hirurak norvegiarra, frantziarra eta holandarra ziren. Barne-antolaketa horretaz gain, sekretismoa hain zen handia, ezen Erresuma Batuko oso herritar gutxik baitzekiten bazenik ere. Hura osotzen zuten gizonek, baita hari lotutako politikariek ere, «Baker Streeteko irregularrak» deitzen zuten batzuetan, Londresen kokatu ostean. Era berean, hizkera arruntean, «Churchillen armada sekretua» legez ezagutzen zuten SOE.
Gaur egun, badakigu erakundearen lehen hiru jarduera-urteak oso gogorrak izan zirela, Kontinentera bidalitako agenteak errazegi identifikatzen baitzituzten Gestapok eta SSek. Batez ere, haiek kamuflatzeko ematen zitzaizkien ziurtagiri eta agiri faltsutuen kalitate txarragatik izan zen hori. 1943an, kopia eskas horien bidez izandako porrot teknikoa gainditzeko, Science Museumek benetakoen berdin-berdinak ziren agiriak eman zizkien, eta Himmlerren lekaioak ez ziren gai izan akatsik txikiena ere antzemateko. Arrazoi horregatik, amaitu egin ziren atxiloketa guztiak naziek okupatutako Europan.
1940ko udaz geroztik, BBCk SOEren ekintzak babesten zituen Frantziako lurraldean. Irratizko misio horretarako programa-atal berezi bat izan zuen, betiere jarraibideak klabean bidaltzeko. Adibidez, «John-ek ez du bizarra egin gaur goizean» bezalako mezu sinple batek hain kamuflaje onarekin hornitutako aerodromo inprobisatuetara RAFeko hegazkinak iritsiko zirela adieraz zezakeen. Era berean, aldez aurretik finkatutako puntu jakin batean gerra-ekipoak jaurtiko zirela adieraz zezakeen agian; edo, beharbada, zubi bat leherrarazteko agindua, balio estrategikoa aitortzen zitzaiolako; edo, aldatze aldera, okupatzaileen tren-konboi bati eraso egiteko jarraibideak.
Plangintza perfektua
Frantziako Erresistentziako ofizialak Frantzian ezarritako SOEko goi-buruzagiari emandako hitleriar nobedade ikaragarrira itzuliz, berehala ekin behar zitzaiola erabat konbentzituta amaitu zuen goi-buruzagiak azkenean. Beraz, bahiketa ondo burutzeko moduaz datu gehiago eskatu zituen. Hor, emakume zerbitzariaren laguntzari esker, lursailaren plano zehatza sartzen zen, luxuzko egoitzarekin, baita Adolf Hitlerrek gaua igarotzeko erabiliko zuen gelarekin ere. Berrehun maquisard zeuden hautatuta, Frantziako erdialdeko borrokalari klandestinoen arteko onenak, 1940ko udaberri hartako porrot lotsagarriaren ondoren Wehrmachten botapean zegoelarik herrialdea. Edozertarako prest zegoen jendea zen, alemaniar gorrotatuei kolpe gogorrak emate aldera.
Forces Françaises Combattantesen Estatu Nagusiak planifikatutakoaren arabera, berrogeita hamar gerrillarik parte hartu behar zuten egoitzari aurrez aurre eraso egiteko; Châteauroxeko etxebizitza-gunetik pixka bat aldenduta zegoen. Beste horrenbeste gerrillari etsaiaren ondorengo edozein erreakziori aurre egiteko prest izango ziren. Gainerako ehunek urrutiago egon behar zuten, inguruko basoetan kamuflatuta, haien presentzia beharrezkoa izanez gero jarduteko. Ezin zitekeen ezer zori hutsaren esku utzi, Frantziako Erresistentziak etxebizitzarekin telefono bidezko komunikazio oro eragoztea espero zuen, horretarako zegozkion kableak moztuz.
Baina oraindik bazen azken eragozpen bat. Ezinbestekoa zen eraikinaren beheko solairuan SSek muntatutako hiru irratiak leherraraztea. Era berean, atzeko aldean zeuden bi auto blindatuak lehergailu indartsuekin suntsitu behar ziren. Beste saboteatzaile-talde batzuek auzo-bideak eta errepideak zeharkaezin bihurtuko zituzten, hogei kilometrorainoko erradioan. Aurreikuspenen arabera, aerodromo sekreturako sarbidea baino ez zen libre geratuko, zelai lau-laua zen, eta seinaleak ezin hobeto kamuflatuta zeuden egunez.
Halako prestakuntza militarrarekin, garraiorako aireplano arin bat Forces Françaises Combattantesen eskura jartzera mugatu behar zuen SOEk hitzartutako orduan. Hau da, zehazki, egoitzari eraso egiten zitzaion unean bertan. Dena kalkulatuta zegoen bahituaren aireratzea berehalakoa izan zedin zaintza handiaren pean zegoen eremu hartatik. Nahikotzat jotzen zen hori, gero oso goitik hegan egiteko Ingalaterrarantz. Behin itzulerako bidean, Frantziako kosta gainean, Royal Air Forceko ehiza-hegazkinen eskuadrilla oso batek emango zion eskolta.
Plangintza-paperean guztiak erraza zirudienez —errazegia agian, kontuan izanda nazionalsozialismo alemanaren despota beldurgarria zegoela jokoan—, Frantziako lurraldean zeuden SOEko agintariek logikoena aukeratu zuten. Lehenik eta behin, xehetasunez eta tokian bertan aztertu gura izan zituzten egin beharreko operazio ikaragarriaren benetako zailtasunak. Gauzak horrela, helburu gisa aukeratutako landetxe bikainaren inguruetan, Châteaurouxera iritsitako britainiar agente bereziek —kasu honetan, inguruko oihal-industria bateko langilez mozorrotuta— harrituta egiaztatu zuten Frantziako Erresistentziak ez zuela abagunea batere puztu ahoberokeriaz.
Are gehiago, maquisard ausartek planifikatutakoa baino askoz hobea zen dena, zuhaixka trinkoz inguratua baitzegoen eraikina. Horrek, ate nagusitik berrogeita hamar bat metrora, berrogeita hamarren bat borrokalari irregular egotea ahalbidetuko zuen gauez. Hori zen aurreikusitakoa guardiako SSek aurkitu ahal izan baino lehen, lehen alarma-seinalea emanez. Hurrengo urratsa masa-erasoa izango zen, kopuruz nagusitasun zabalarekin eta sorpresa-faktorea beraien alde zela, beltzezko uniformedun ia guztiak lo egongo baitziren. Ekimenari eutsiz, berehala leherrarazi behar zen beheko solairuko komunikazio-zentrala. Hortik aurrera, inork eta ezerk ezin izango zuen Hitler salbatu, errepide guztiak moztuta egongo baitziren, hurbileko aerodromo sekretura zeramana izan ezik. Baina bai Frantzian zeuden SOEko agintariek eta bai Forces Françaises Combattantesekoek beren plana desegin zezakeen aukera bat haztatu zuten. Diktadore naziak, inguratuta eta irtenbide barik bere burua galduta ikustean, beti soinean eroaten zuen zianuro-pastilla berehala erabiltzeko aukera.
Mezu erabakigarriak
Frantziako Erresistentziaren Renault ADR kamioi batek hainbat proba egin zituen, zehazki egiaztatzeko zenbat denbora behar zen Führerrak atseden hartuko zuen egoitzatik aukeratutako hegazkin britainiarraren eskailera txikiraino. Eta kronometroak, batez beste, hamazazpi minutu adierazi zuen. Hori gutxi balitz, helburu bihurturiko etxearen atzeko basoetan hurbil zegoen soilgune batean, aireplanoa saia zitekeen lurreratzen, betiere, aurreikusi gabeko muturreko larrialdi baten ondorioz, denbora gutxiago izanez gero. Adibidez, arerioaren irrati batek suntsitu aurretik denbora izaten bazuen laguntza eskatzeko edo Luftwaffeko paraxutistak denbora errekor batean iristea gertatzen bazen. Azken hori gertatzeko oso aukera gutxi ikusten zen, ordea.
Frantzian zeuden SOEko buruzagiak mende hartako bahiketaren egokitasunaz erabat konbentzituta zeudenez, beharrezko hegazkina Baker Streeteko Kuartel Nagusira eskatzea besterik ez zen geratzen. Eta denbora-tarte horretan, Londrestik zetorren baieztapen ofizialaren zain, aukeratutako kamioian garraiatzeko Führerrari eskuburdinak jartzea edo, agian, amytal sedium bezalako antsiolitiko bat injektatzea hobe ote zen eztabaidatu zuten. Lotura- eta laguntza-hegazkinera arazorik gabe igoarazteko modua zela pentsatu zen, atzeko kabinako ababorreko saihetsean barrura sartzeko egongo zen eskaileran gora.
1943ko urtarrileko azken astean, Frantziako lurraldean ziharduen SOEko buruzagitzak Gautxori Operazioaren lehen informazio ofiziala helarazi zuen hiriburu britainiarrera. Izen horrekin bataiatua zuten bahiketa-plan ikusgarria. Mezu bat kodetuta edo klabean bidali zen irratiz Frantziako lekuren batetik Tamesiseko hirira:
DENA PREST HITLER HARRAPATZEKO FRANTZIARA EGINGO DUEN BISITA PRIBATUAN. LYSANDER MOTAKO HEGAZKIN BAT BIDALTZEA BAKARRIK BEHAR DA. BEHAR BEZALA TREBATUTAKO JENDEA ERABILIKO DA, ETA OPERAZIOA ONDO ATERATZEKO AUKERARIK HANDIENAK DAUDE. ERANTZUN LEHENBAILEHEN.
Hautatutako hegazkin motorbakarra, Royal Air Force-ren 138. eskuadroikoa, Westland Lysander MkIIISCW bat zen, bereizgarri zuen ezarpen altuko hegalarekin. Adibidez, Belgika eta Frantzia nazio okupatuetan gerrillariei laguntza emanez arerioaren lerroen atzean izandako errendimendu bikainagatik, ezkutuko misioetan erabiltzeko aireplano egokia zen. Berdin balio zuen espioiak eramateko, edo Wehrmachteko Lurreko Armadak, SSek eta Gestapok oraindik kontrolatzen zituzten lurraldeetan eroritako hegazkinlari aliatuak berriz aberriratzeko; baita gerrako presoen garraiorako ere.
Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren hasieran Frantziara iritsi zen RAFen lehen hegazkina zen, baita Dunkerqueko hondartzatik herrialde hartatik alde egin zuen azkena ere. Gehienez 341 km/h-ko abiadura har zezakeen, eta bost metrailadorez armaturik zegoen. Gainera, funtsezkoena da oso gutxi prestatutako pistetan lurreratzeko eta aireratzeko gai zela. Bere multzoaren sendotasuna berme handia zen, baita haren 870 hp-ko Bristol Mercury motor izarraren ezaugarriak ere; motor horrek 970 kilometroko gehienezko autonomia ematen zion.
Hain misio delikaturako hegazkinaren parte-hartzea eskatzean azken katebegi ezinbestekoarekin dena eginda zegoelakoan, Frantziako lurraldean zeuden SOEko arduradun nagusiek ahaleginak koordinatu zituzten Forces Françaises Combattanteseko buruekin. Xehetasun ñimiñoenak ere azkar errepasatu behar ziren, «Baker Streeteko irregularren» behin betiko erantzuna gehienez ere 24 ordu baino ezin baitzen luzatu, harik eta autokrata naziaren Mercedes-Benz 770K blindatu zirraragarria hain zorrotz zaindutako landetxearen ataurrean aparkatu arte. Baina zelakoa haien guztien ezustekoa eta harridura, azkenean, Special Operations Executiveko nerbio-zentroaren mezua iritsi zenean. Upela bete ur izoztu kolpean gainera erori balitzaie legez izan zen:
«GAUTXORI» PROPOSAMENA AZTERTU DA ETA BERTAN BEHERA UZTEKO AGINTZEN DA. BERRIRO DIOGU, UTZI BERTAN BEHERA. EZIN DA ONARTU PLAN KARTSUEK ARRISKUAN JARTZEA FRANTZIAN OPERAZIO BEREZIETAKO ZERBITZUAREN ANTOLAKETA ETA OSPEA. JARRAITU AURRETIK AGINDUTAKO EGINKIZUNAK BETETZEN, AGINDUEN ARABERA.
Mezu horren aurrean, askok uste izan zuten SOEn ez zutela ulertu proposatu zitzaien aparteko operazioaren garrantzia. Gerraren norabidea alda zezakeen zerbait zen. Edo ez ote zuten egingarritzat hartzen? Arrazoi horregatik beragatik, eta Whermachtek okupaturiko Europatik Baker Streetera egunero iristen ziren mezuen kontzentrazio handiaren aurrean, gaizki-ulerturen bat egongo zela pentsatu zuten; edota, bestela, Adolf Hitler bera hitzez hitz eskueran zegoelako nobedadea dezifratzerakoan akats larriren bat egingo zuten agian. Eta hori, jakina, britainiarren aldetik Hitler hiltzeko hainbat plan zapuztu harrigarriren ostean zetorren.
Horrela, Frantzian zeuden Special Operations Executiveko arduradun nagusiek berriro ekin zioten Colin Gubbins brigadierrari bidalitako jakinarazpenean:
«GAUTXORI» ERABAT PREST. AZKEN AGINDUAK LEHENBAILEHEN BERRIZ AZTERTZEKO ESKATZEN DUGU.
Baina, lau ordura, SOEko operazio-buruaren bulegoaren erantzun hotza iritsi zen, orain kontraste-dutxa edo dutxa eskoziar gisa:
UTZI «GAUTXORI». Berriro diot. UTZI BERTAN BEHERA «GAUTXORI». BEHIN BETIKO AGINDUAK.
Frantzian zeuden SOEko buruzagiek eta Forces Françaises Combattanteseko buruzagiek batere ez zekitena zen alemaniarren bunker ultrasekretu bat zegoela, zeharkaezina zirudien baso baten barruan. Beraz, sekula ez zuten han Führerrari eta haren segizioari eraso egiteko aukerarik izan. Hormigoi armatu gogortuzko eta ureztaketarekin “ondu” berriak ziren horma haien artean, Hitlerrek, bere aholkulariekin, Ingalaterrako Bataila prestatu zuen, Luftwaffek RAFen gainean zuen nagusitasunarekin.
Nobedade handi hori ez da 2017ko urrira arte argitaratu, eta jakin izana Parisko argazkilari gazte baten bilaketa setatsuari zor zaio. Berehala argitaratu zituen Facebooken koloretako argazki batzuk, haren existentzia eta kanpoko igerileku erraldoi batena frogatzen zutenak. Lona mimetizatuen azpian kamuflaturik, Wehrmachteko ofizialen udako aisialdirako balio izan zuen. Sastrakak inguratutako esparru baten barruan, okupazio garaian museoetatik lapurtutako hainbat artelan ere aurkitu zituen Marc Askat-ek, hala nola Gustav Klimt austriar margolari sinbolistaren lan oso baliotsuak. Hala ere, Adolf Hitlerrek Frantzian erabilitako bunker bakarraren kokapen zehatza argitaratzea Defentsa Ministerioak debekatu egin du, oraindik ere Atzerriko Legioko kideek erabiltzen dutelako gerrillarien borrokako ariketa berezietan. Hortaz, denbora mugagabe batean, bere aurkitzaile ofizialak ezingo ditu argitaratu burdinaz eta hormigoiz egindako eraikuntzaren kokalekuari dagozkion koordenadak.
Erantzunik gabeko galderak
Zerk eragin zuen halako atzera martxa Londresen, dena prest zegoenean bahiketa, aurrez inork imajinatu ere egin ezin zuena, egiteko? Azken orduko ezusteko itzelaren aurrean, Forces Françaises Combattanteseko buruek ez zuten disimulatu beren aliatu britainiarrekin sentitzen zuten atsekabe handia. Ez zuten inoiz barkatu azken erantzun lakoniko hori, hain zehatz planifikatutako guztia behin betiko lurperatu zuena. Aukera paregabea galdu zen Führerra suntsitzeko. Gainera, uste edo aieru gehiegiri bide emanez orduan.
Berehalako ondorio zuzen gisa, Frantziako Erresistentziako zenbait destakamendu SOErekiko koordinazio oro hausteraino iritsiko ziren. Horrela jokatu zuten, beren kabuz eta arriskuz, alemaniarren okupazioaren amaierara arte; batez ere ideologia komunistako maquisardek, eta ez ziren gutxi, hain zuzen ere.
Hel diezaiogun berriro Adolf Hitlerren aurkako atentatua egiteko baimenaren ukoari. Hainbesterainokoa al zen arriskua, non ezin baitzen saiatu ere egin garai guztietako bahiketarik garrantzizkoena? Zeren beldur ziren Londresen diktadore nazionalsozialista harrapatzeko? Luftwaffeko aireplanoen mendeku masiboa eragitearen beldur agian, fronte sobietarretan jasandako galera larrien ondorioz Luftwaffe gainbehera garbian zegoenean? Hobe ote zen gerra mugarik gabe luzatzea eta, aldi berean, kontzentrazio- eta sarraski-esparruetan sartuta zeuden milioika gizaki errugaberen sufrimendua ere luzatzea?
Gaur egun, hainbeste denbora igaro ostean, erantzun koherenterik gabeko galderak izaten jarraitzen dute horiek. Jakitun gara, beraz, inoiz ez dutela, agiri ofizialak eskuetan, ikerketa arduratsu baten helburu izateko pribilegioa izango. Hain zuzen ere, agiri horiek falta dira. Inork ez daki ezer horiei buruz Erresuma Batuan, zeren eta, ziur aski, paperak su hartu eta erretzen den tenperaturaren biktima izatera igaroko baitziren modurik egokienean. Arduradun zuzenen izen-deiturak ofizialki falta badira ere, hemendik argibide batzuk emango ditugu horiek aurkitzeko.
Aginte-eskala oinarrizkoari jarraituz, ez dago inolako zalantzarik Gubbins brigadierra — azken finean, inoiz txintik esan barik goragoko aginduak betetzen zituen goi-militar bat baino ez zena— Hirugarren Reicheko buruzagi politiko eta militar gorena bahitzeko plangintza bikaina errotik moztu zuen azken erabakitik kanpo geratu zela. Gerra Ekonomiako ministro laborista, Hugh Dalton, geratzen da. Gaiaz halabeharrez Winston S. Churchill premier-arekin hitz egin behar izan zuen norbaiti buruz ari gara, biak baitziren larrialdi belikoaren ondorioz 1940ko maiatzaren 10ean sorturiko Batasun Nazionaleko gobernuko kideak. Baina biek hilobira eroan zuten beren sekretu taktiko aitorrezina, Alemaniako nazionalsozialismo higuingarriaren bururik ikusgarriena betiko mozteko aukera sinestezina pasatzen uzteko benetako arrazoia.
José Miguel Romaña
‘Toscana’ nobela historikoaren egilea