ROSARIYO


Benetako gertaeretan oinarrituriko istorioa. Izena asmatua.

NEURE LANEKO OROITZAPENAK

Askok jakingo duzuen lez, 18 urtez behar egin nuen Berreskurapenen Sailean. Garai haietan, jarraibideak argiak ziren partikularren gaietan: kasu guztietan harremanetan jarri behar genuen “berankorrekin”, irtenbidea bilatu eta sekula santan ez jo epaitegietara, ongi ateratzeko itxaropenik txikiena zuen zerbait erreklamatzera.

“Lotsabakoen” maileguak bakarrik eramaten ziren auzitara. Eta ia ez zen batere izan.

 

UHOLDEAK ETA JENDEGUNEAK

1983ko abuztuan uholdeak iritsi ziren. Hondamendi beldurgarria. Baina hondamendi hura hobekuntzarako aukera izatea lortu zuten herritarrek maila guztietan izandako portaerak, alderdi politikoek, indar biziek eta administrazioek.

Santutxu Txurdinagarekin elkartzen den gunean, oraindik bertan den zubipeko igarobidetik hurbil, jendegune bat zegoen orduan. Furgonetak, zalgurdiak, oro har kanpalekuan zegoen guztia… eraman zuen urak.

Guztiei lagundu zitzaien eta askori pisu “sozial” bat eman zitzaien mailegu superbigunarekin, batez ere lehen urteetan. Errekalden Camilo Villabaso kale inguruan zeuden etxebizitza gehienak. Zuetako batzuek gogoan izango duzue.

Ordainketen lehen fasea, biguna, amaitu zenean, orduan hasi ziren arazoak.

 

ROSARIYO ETA BERE EGOERA

1991. urtea izango zen, oker ez banago, eta Bilboko Udaleko gizarte-laguntzaile bat, kasurik gaitzenak ekartzen zizkidana, etorri zitzaidan bulegora; berarekin batera, neska gazte bat, 25 urte ingurukoa, aurpegiz polita, apur bat kizkurturiko ile beltz-beltza, koipetsua baina ederra, zuena. Bost seme-alaba zituen eta orduan ere haurdun zegoen.

Haren egoera etsigarria zen. Senarrak, drogazalea, aurreratuta zuen HIESa. Eta, kontuz ibiltzen ez bazen, emazteak zeukan diru apurra osten zion droga erosteko.

Rosariyok kontatu zidan, eta gizarte-laguntzaileak berretsi zuen, haren diru-sarrera bakarrak Gizarte Ongizate Sailekoak zirela, eta aita-amaginarrebei lagunduz, kulero, bularretako eta galtzontziloak azoka txiki ibiltarietan salduta, ateratzen zuena.

Egoera muturrekoa izanik, konponbidea ere muturrekoa izan zen. Urtebeterako % 0ko interes- eta berandutza-tasa jarri nion, luzagarria, bere aldetik hilero, egun jakin batean, kopuru bat (ez dut gogoan zenbat) ordaintzeko konpromisoarekin. Ahalegin handia, baina egingarria.

Eta hilero, hitzarturiko egunean, bere diruarekin etortzen zen. Batzuetan, 50 edo 100 pezeta gehiagorekin ere bai, salmentak ondo joan bazitzaizkion.

Lankideei eman nien kasuaren berri. Berehala bihurtu ginen solidario. Etortzen zenean, prest izaten zuen dilista, garbantzu, arroz… fardel bat bere eskura. Eta hemen Elena ekarri gura dut gogora, agian hau irakurriko du-eta: bai handia izan zinela proposamen harekin!.

Gogoan dut, abendua iritsi zenean, apur bat gehiago jarri genuela denok: janaria eta, aparte, jostailu batzuk etxeko ume guztiek Gabonak ospatu ahal izateko.

Hurrengo hilean Rosariyo bere familia osoarekin etorri zen eskerrak ematera. Senarra, ordurako oso hondatua, ekarri zuen, eta orduan zituen 6 umeak, baina hilabete batzuk barru 7 izango zirela esan zidan. Ezin zion senarrari ezetz esan, eta hark ez zion prebentzio-neurririk hartzen lagatzen. Hori zen azalpena.

TRISTURA

Bizitzak aurrera jarraitu zuen, zazpigarren umea izan zuen eta, egun batean, etortzeari eta ordaintzeari laga zion bat-batean. Idatzi egin nion, gizarte-laguntzaileari deitu nion, … baina ez zuen ezelan ere erreakzionatu. Hilabeteak igaro ziren deus jakin barik.

Halako batean itzuli egin zen. Tartean ez zen hainbeste denbora igaro, baina zaharturik zegoen. Ile zuriek goibeltzen zioten adats beltz ahuldua. Utzikeriaren aztarnak nabari ziren garai batean polita izandako aurpegian. Betazpietako poltsatxoek adierazten zuten negar asko egin zuela, larregi.

Senarra zendu zitzaion. Egun batzuk geroago, aita-amaginarrebak joan zitzaizkion etxera ezustean. Berak, oso lanpetuta, umeak telebista ikusten lagata zituen. Dirudienez, iraingarria dolu-aldian. Ezkon gurasoek, doluaren urratze harengatik suminduta, 7 seme-alabak kendu zizkioten indarrez, eta bakarrik laga zuten, goibel, zeharo lur jota.

Ezin zuen neurririk hartu. Ez garaiek ez bere etniak lagatzen zioten.

ETSIPENA

Ez zen etorri ordaintzera. Ezin zuen. Ez zuen diru-sarrerarik. Zerbait askoz ausartagoa eta etsigarriagoa egin gura zuen: norbaitek esana zion non zeuden haren seme-alabak aita-amaginarrebekin (Valladoliden, oker ez banago). Furgoneta bat laga ziezaioten ere lortua zuen. Baina hark ez zekien gidatzen eta lagunek ez zuten istilutan sartu gura.

Furgoneta hartan berarekin Valladolidera joatea proposatu zidan, umeak bereganatzen saiatzeko, eta handik gero esango zidan leku batera eramateko, han bizitza berregiten ahalegintzeko.

Erreguka jardun zidan, negar batean. Bere itxaropen bakarra nintzela esan zidan. Baina ezin izan nuen. Ez nuen onartu. Besterik ezin nuela egin uste dut.

Orduan ikusi nuen Rosariyo azkeneko aldiz. Gehiago ez zuen dirurik sartu maileguan. Auzitara eraman genuen etxebizitza huts hura. Desagertua zen arrastorik utzi barik. Tira, hori ez da guztiz egia. Nigan oroitzapen lazgarria eta ezabaezina laga zuen.

EPIGRAFEA

Zirrara handia eragin zidan zerbait oroituz idatzi dut hau. Eta bere garaiak eta egoerak markaturiko emakume bat gogoratuz. Zalantza barik, emakume batzuek pairatu zuten egoera bat idatzita gera dadin. Ez dute halako garaiek sekula gure artera itzuli behar!

Eta, noski, Berreskurapenen Saileko lankideak ere gogoan ditut.

 

Bilbo, 2019ko ekainaren 22a.

Jorge Ibor.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude