Egun batzuetan abesti bat gogoratuz esnatu edo itzartzen naiz. Gaur izan da horietako bat.
Gutako askok gogoratuko dugu. Izenburuak aurreratu bezala, “Nosotros” da, bolero bat niretzat ahaztezina.
Esteka honetan duzue nik atsegin dudan interpretazioa, Eydie Gorme eta Los Panchos-ena.
Abesti honen eta daukan letraren −hobeto esanda, poesiaren− historia, interpretatzen duen taldearen erromantizismoaren mailakoa da, kasu honetan judu sefardi jatorriko estatubatuarrarekin.
Pedro Junco, egilea hala deitzen baitzen, 1920 eta 1943 bitartean bizi izan zen bere jaioterrian, Kuban. Txiki-txikitatik nabarmendu zen musikarekin, bai interpretazioan, bai konposizioan.
Bere bizitza laburrean, gainera, eskura jartzen zitzaizkion plazer guztiez gozatu zuen, eta gazteen “konkistatzaile” gisa famatua izan zen, baina haien konpainiaz gozatu besterik ez zuen egiten, inoiz ez sakontzen edo iraunkor bihurtzen. “Bihotzak apurtzen zituen”, lehen esaten zen legez.
Bat izan ezik, azkena, ahaztu den izenekoa.
Elkarrekin ibiltzen hasi ziren eta erabat maitemindu zen, izpiritu erromantiko eta bohemiar baten kasuan ezin bestela izan-eta. Neskak ere modu kartsuan maitatu zuen bera.
Neskaren senideek horren berri izan ostean eta bera zein lizun edo galdua zen jakinda, harremana debekatu zuten.
Bien bitartean, tuberkulosiak gaixotu zuen, eta horrek, hainbat gehiegikeriak higatutako bere egoera fisikoarekin eta urruntzeak sortzen zion malenkoniarekin batera, osasuna arinegi galtzera eroan zuen.
Ospitale batean sartuta, heriotza oso hurbil zuela ikusita, lagun kantari bati deitu zion, azken indarrekin konposatu zuena erakutsi eta irratsaio jakin batean boleroa interpretatzeko eskatu zion, bazekien-eta bere neskak, lotara joan aurretik, egunero entzuten zuela saio hura.
Horrela esan zion betiko agur, eta artean ere biziki maite zuela adierazi zion.
Ez dakigu mito edo istorio erreala den hori. Baina oso ondo dagokio boleroari.
Ez dakit zuek. Ni neu 18 urte nituen garaira eroan nau.
Gustatu zait abesti hau gogoratuz esnatzea. Eta horrela adierazten dizuet.
Jorge Ibor, 2026ko maiatza.