hipoteka-gastuengatiko erreklamazioak

UCE-EHKB-REN ARGIBIDEAK ASOJUBI-RENTZAT HIPOTEKA-GASTUEN ERREKLAMAZIOEI BURUZKOAK EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAK 2024KO APIRILAREN 25EAN EMANDAKO EPAIAREN OSTEAN

1. Hipoteka-gastuen ordainketari buruzkoak.

Hipoteka-mailegu bat lortu duen kontsumitzaileak (edo aldatu duenak edo hipoteka-mailegu batean subrogatu denak) hipoteka-maileguaren formalizazio eta izapidetzean (edo hipoteka-maileguaren aldaketan edo subrogazioan) esku hartu duten hirugarrenen (tasatzaile, notario, jabetza-erregistratzaile eta kudeatzailearen) ordainsari eta gastuen ordainketa guztiak bere gain hartu beharko ditu, banketxearen ezarpenaren ondorioz.

Auzitegi Gorenaren jurisprudentziak ezarri duenez, hipoteka-maileguaren ondoriozko gastuen banaketa honako irizpide hauen araberakoa izango da:

a) Higiezinaren tasazio-gastuak: kreditu-erakundeak jasan behar ditu (salbu eta 2019ko ekainaren 16tik aurrera sinatutako hipoteka-maileguak badira; izan ere, 5/2019 Legea, Higiezinen kreditu-kontratuak arautzen dituena, aplikatuta, kontsumitzaile mailegu-hartzaileari dagozkio gastu horiek).

b) Hipoteka-maileguaren eskritura publikoaren ondoriozko notariotza-gastuak: zati berdinetan banatu behar dira mailegu-emailearen eta kontsumitzaile mailegu-hartzailearen artean (salbu eta 2019ko ekainaren 16tik aurrera izenpetutako hipoteka-maileguak badira; izan ere, 5/2019 Legea aplikatuta, finantza-erakundeari dagozkio gastu horiek).

c) Egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga: mailegu-hartzailearen kargura dira, zerga-araudia aplikatuta.

d) Jabetza-erregistroan inskribatzeko gastuak: erakunde mailegu-emaileak hartu behar ditu bere gain, hipoteka-bermea bere alde inskribatu zen eta.

e) Gestoria-gastuak: erakunde mailegu-emaileak hartu behar ditu bere gain.

2. Hipoteka-gastuak erreklamatzeko akzioa egikaritzeko epeari buruz.

Hipoteka-maileguaren kontratuak ezartzen dion klausula bat aplikatzearen ondorioz, hipoteka-gastu guztiak ordaindu dituen kontsumitzaile mailegu-hartzaileak behar ez bezala ordaindutako gastuak berreskuratzeko akzioak epe bat du, preskripzio-epea izenekoa, eta epe hori bost urtekoa da (Kode Zibilaren 1964.2 artikulua).

3. Hipoteka-gastuak erreklamatzeko akzioa preskribatzeko epearen zenbaketari buruz.

Hipoteka-gastuak erreklamatzeko akzioaren preskripzio-epea noiz hasiko den zehaztea izan da erreklamazioak ebatzi behar zituzten epaileen artean eztabaida eta interpretazio judizial gehien eragin dituen gaietako bat.

Horren erakusgarri dira hipoteka-gastuen erreklamazioetan epaileek erabilitako irizpideak: edo hipoteka-maileguaren eskritura publikoaren sinadura-data; edo hipoteka-gastuen ordainketa-data; edo 2015eko abenduaren 23a, Auzitegi Gorenak hipoteka-gastuen klausularen deuseztasuna deklaratu zuen eguna; edo 2017. urtea, orduan eman ziren-eta gizarte-komunikabideetan hipoteka-gastuen erreklamazioei buruzko lehen epaiak; edo 2019ko urtarrilaren 24a, Auzitegi Gorenak hipoteka-gastuak banatzeko irizpideak ezarri zituen eguna.

Arazoa Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak erabaki du, justizia-auzitegiek aplikatu beharreko doktrina ezarri baitu.

4. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024ko apirilaren 25eko epaien ondorioz emandako doktrinari buruz.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, hipoteka-gastuen itzulketa eskatzeko epea noiz hasten den ebazteko, 2024ko apirilaren 25eko epaiak eman ditu, 2024ko urtarrilaren 25eko epaia osatzen dutenak, eta honako doktrina hau ezarri du:

  • preskripzio-epea ezin da hasi Auzitegi Gorenak hipoteka-gastuen klausulen gehiegikeriari eta hipoteka-gastuen banaketari buruz emandako epaiak eman ziren egunean, ezta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak abusuzko klausulen deuseztasunari buruz emandako epaiak eman ziren egunean ere, kontsumitzaile ertainak ez baitu zertan ezagutu bere estatuko edo Europako jurisprudentzia.
  • preskripzio-epea hasten da zenbatzen kontsumitzaileak jakiten duenean hipoteka-maileguaren eskritura publikoan agertzen den hipoteka-gastuen klausula abusuzkoa dela, eta abusuzkoa izatearen ondorioz, klausula hori deuseza dela.

Doktrina horren ondorioz, kontsumitzaileak hipoteka-gastuen klausula abusuzkoa dela jakin duela egiaztatzen denean hasiko da zenbatzen erreklamatzeko epea, horrek ematen baitio aukera hipoteka-gastuak erreklamatzeko eta finantza-erakundetik jasotzeko duen eskubidea baliatzeko. Eta, printzipioz, hipoteka-maileguan sartutako hipoteka-gastuen klausula, abusuzkoa izateagatik, deusez edo baliogabea dela deklaratzen duen epaia irmo bihurtzen den egunean ezagutzen ditu kontsumitzaileak bere eskubideak, eta orduan ezagutzen ditu bete-betean hipoteka-gastuen klausularen gehiegikeriaren ondorioak, besteak beste, gastuak berreskuratzea dagokiola.

Beraz, une horretatik aurrera, kontsumitzaileek beren demandak aurkeztu eta jarri ahal izango dituzte hipoteka-gastuen klausula deusez deklaratzeko eta bidegabe ordaindutako zenbatekoak itzultzeko deklarazio judiziala eskatzeko, hipoteka-mailegua noiz formalizatu zen alde batera utzita; izan ere, kontsumitzaileak epaia lortzen duen egunean hasiko da kopurua erreklamatzeko akzioaren preskripzioa.

Hala ere, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2024ko apirilaren 25eko epaietan adierazi duenez, erakunde mailegu-emaileak badu ahalmena frogatzeko kontsumitzaileak klausula horren abusuzko izaeraren berri bazuela edo izan zezakeela, deuseztzat jotzen duen epai bat eman aurretik, baldin eta, horretarako, kontsumitzaile horrekiko harremanei buruzko froga zehatzak aurkezten baditu. Kasu honetan, epaileak erabakiko du, kontsumitzaile erreklamatzailearen inguruabarrak eta aurkeztutako frogak baloratuta, noiz hasten den kontsumitzaile horrentzat hipoteka-gastuak erreklamatzeko akzioaren epea.

Bilbon, 2024ko maiatzaren 24a.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude