1978. urtearen hasiera hartan, sartu berria nintzen gero desagertuko zen CAMBen maileguak izapidetzeko sailean, gaztea nintzen eta artean eskarmentu bakoa merkataritza-kontu haietan. Maileguen, hipotekazko zein pertsonalen, izapide guztiak Zentralean egiten ziren, eta sukurtsalek ez zuten maileguak izapidetzeko ahalmenik.
Goiz polit batean, gure saileko salmahai eder baina hotz hartara, non bezeroak zutik artatzen ziren, ondo jantzitako gizon bat hurbildu zen, zahartxoa agian eta itxuraz oso pertsona ona. Nik beste aldetik hurbildu eta ea zertan lagun niezaiokeen galdetu nion, hark erantzun zidan ea han ematen al ziren maileguak, eta ea posible ote zen berari bat ematea. Berbetan hasi ginen eta esan zidan: “Begira, mailegu bat eskatu nahi nuke; izan ere, nik badut diru apur bat aurreztuta, nire bizitza osoko aurrezkiak dira, baina batzuetan txarto sentitzen naiz, zeren eta, zelan izan dezaket nik diru hori gordeta? Hori eta zuek maileguan utzi ahal didazuena nire semeari laguntzeko izango lirateke. Haien ezkon bizitza ez doa ondo, baina oraindik elkarrekin lo egiten dute, eta agian nik lagunduko diedanarekin beren artean konpondu eta harremanak hobera egingo du”. Mundu askorik gabeko gaztea nintzen, eta elkarrizketa hark zirrara handia eragin zidan. Bizitza osoa lanean eta ahaleginean eman ostean erretirorako diru pixka bat aurreztea lortua zuen gizon bat… errudun sentitzen zen hura edukitzeagatik! Inoiz ez zuenez ezer izan, orain ezinezkoa iruditzen zitzaion zerbait izatea, horregatik sentitzen zen errudun. Gainera, ‘oraindik elkarrekin lo egiten duten!’ semeari eta errainari laguntzeko, gizonak mailegua eskatu gura zuen haiei emateko.
Zenbat maitasun zegoen pertsona harengan, bere erretiroko ongizateaz ahaztu baitzen, bere semeak eta errainak elkarrekin jarrai zezaten. Eta niri, orduan ezkon bizitzaren zirrikituetan sartzen hasitako gazteari, bizitzako ikasgairik politenetako bat eman zidan.
Eskaturiko mailegua eman zitzaion, esker oneko gizon hura gero behin baino gehiagotan etorri zitzaidan bisitan, eta jakin ahal izan nuen neurrian, bikote gazteak elkartuta jarraitu zuen, eta gizonak zoriontsu.
Beste barik, agur.
Juan Carlos Ruiz de Villa
2022-12-01