AZKEN EGUNAK GINEAN
15 urte inguru zeramatzan herrialdean. Bizitza erosoa zuen. Pozez zoratzen zegoen bere lanbidearekin. Herriko medikua izaten jarraitzen zuen, errespetatua eta maitatua. Eta hirian giro solidario eta kultuenetan mugitzen zen, eta horrek ezeroso bihurtzen zuen herrialdeko agintarientzat. Herritarren artean “itzal handia” zuen, eta haren iritziak kontuan hartzen zituzten ginearrek.
Eta, batez ere, Luisek maite zuen han bizi zen jendea, eta haiek ere maite zuten bera.
Bere lagunik onena, benetako intelektuala eta, gainera, bere auzokidea, diktadore gogorrak zeukan oposizioaren buru agerikoa zen. Dena den, diktadoreak, bere babesle nagusiekin ─Espainiarekin eta AEBekin─ ondo geratzeko, demokrazia simulatzen zuen, eta han alderdiak aurkez zitezkeen betiere arau zorrotz batzuk betetzen bazituzten, besteak beste, hauteskunde-kanpainarik ez egitea.
Egun batean gertatu zen Luisi autoa hondatu zitzaiola, eta berak autoa behar zuen bisitak egitera joateko. Bere lagun eta auzokideak utzi zion. Maletategian kartel batzuk zeuden lagunaren argazkiarekin, hurrengo bozetan botoa eskatuz.
Kontrol batean militarrek geldiarazi zuten Luis. Autoa miatu ostean, zer zeraman ikusi zuten, baina osagile maitea zenez, behar izan zutenean haiek eta haien senideak hain modu gizatiarrean tratatu eta osatu zituen bera, kartelak han zeudenik ez zekiela esan zienean sinetsi egin zioten, eta aurrera jarraitzen utzi zioten.
Egun batzuk geroago, bere klinikan zegoela, atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten. Pare bat egunez eduki zuten han. Kontatu zidanez, jagoten zuten poliziek entretenitzen zuten eta etxeko janaria ekartzen zioten. “Inoiz ez dut Ginean hain ondo jan”, aitortu zidan.
Hirugarren egunean beste polizia batzuk agertu ziren, Espainiako enbaxadako langileekin batera. Hauek, euren gestioei esker, herrialdetik aterako zutela eta 20 urteko kartzela-zigorra aurreztuko ziotela esan zioten. Gineara ez itzultzeko konpromisoarekin.
Luisek esan zien ez zuela herrialdetik irten nahi, han uzteko bera, bazekiela isun bat eta hilabete batzuetako espetxealdi txiki bat baizik ezin ziotela jarri, eta hori hobe zela proposatu ziotena baino; izan ere, bazekien, irteten bazen, ezingo zela itzuli.
Gainera, bere familia zegoen. Baita metaturiko ondasunak ere, haien artean bere klinika maitea.
Alferrik izan zen. Indarrez hegazkin batera eraman eta Espainiara itzularazi zuten. Barajasen jendea zegoen haren zain. Prentsa idatzikoak, adibidez El País eta El Mundo-koak, zeuden, baita TVEko batzuk ere.
Egin zituzten erreportajeak tamalgarriak izan ziren, eta errealitatetik urrunduak. “Gobernuak erreskatatu du”, esan zuten. Bertsio “ofiziala” aldatu eta benetakoa ematea saiatu zen Luis, baina ez zioten jaramonik egin. El Mundo egunkariko emakumezko kazetari batek, Afrikako gaietan aditua eta Luisek ezagutzen zuena, hark bakarrik lortu zuen iruzkin txiki bat sartzea bere egunkariko bazter galdu batean.
Espainiak Obiangen gobernuak eskaturikoak bete zituen. Barne-aurkari bat gutxiago, neurri traumatikoen beharrik gabe.
COLA CAO-REN HERRIALDEA
Ekuatore Gineako Errepublika, Valentziar Erkidegoa baino txikixeagoa eta 1.200.000 biztanle baino gehixeago dituena, herrialde oihantsua da, eta Gineako Golkoan dago, ekuatoretik gertu.
Berezko aberastasun handiak ditu, besteak beste, zurgintza, meatzaritza eta, batez ere, petrolioa, Saharaz hegoaldeko hirugarren ekoizlerik handiena izaki; baina munduko herrialderik pobreenetako bat da, bertoko klase gidaria salbuetsita.
Espainiatik independizatu zenetik, 1968ko urriaren 12tik, bi diktadore beldurgarrik gobernatu dute: Francisco Macías Nguemak eta bere lobak, Teodoro Obiang Nguema egungo agintariak; honek, bere osaba estatu-golpe batean agintetik kendu ostean, esku gogorrez eta begirunerik gabe gobernatzen du herrialde txiki eta aberats hau, bertan interes ekonomiko handienak dituztenek babestuta: Espainia (Interneten Roig, Montesinos, El Pocero, Villarejo… enpresak agertzen dira) eta AEB (batez ere, Mobil petrolio-enpresa).
Bertoko biztanle superstiziosoek gaztelaniaz berba egiten dute batez ere (biztanleen %88k baino gehiagok), eta sinesmen katolikoa dute, boterearekin kolaboratzen duen erlijioa. Biztanleen ehuneko handi bat egunean euro bat baino gutxiagorekin bizi da, eta lurraren aberastasunari esker elikatzen da. Bitartean, zerga batzuk bertoko ministroen banku-kontuetan sartzen dira zuzenean.
Gineako erregimen presidentzialistak “hauteskundeak” egiten ditu lau urtean behin, baina oposizioari ez zaio hauteskunde-propagandarik egiten uzten, eta hauteskundeak guztiz ilunak, gardentasun bakoak, izaten dira, ia nazioarteko lekuko barik eta alderdi ofizialistaz bestelako alderdietako ordezkari barik prozesuan eta boto-zenbaketan.
Azken hauteskundeetan Obiangen alderdiak ordezkari guztiak lortu zituen Diputatuen Kongresuan eta guztiak bat izan ezik Senatuan. Handik gutxira, oposizioko ordezkari bakar hori eta haren alderdiko beste 16 kide atxilotu eta espetxeratu egin zituzten beren jardunbide politikoengatik, “Estatuaren interesen aurkakoak”.
Baina egoera tristea bada diktadore honekin, “Jaunak zuzenean izendatua eta berari bakarrik kontuak eman behar dizkiona”, okerragoa zen aurrekoaren politika.
Bertako biztanleak, pobreak izateaz gain, behin baino gehiagotan esaten dudan lez, superstiziosoak dira, nahiko inuzenteak eta jende ona, baina ezikasi edo ezjakinak. Luisek beltzen onberatasuna azpimarratzen dit, “giza arrazako izakirik onenak dira, zuriekin elkartzen diren arte”.
Nabarmendu beharrekoa da malariarekin duten arazoa eta hura tratatzeko botika falta.
Oharra: herrialde honetaz eta han buru den klaseaz gehiago irakurri gura duenarentzat, esteka bat utziko dut NBEko Giza Eskubideen Batzordearen irizpenarekin. Nahiz eta zaharra izan, indarrean jarraitzen du: guineaecuatorial
ESTATU KOLPEA ETA EPAIKETA DIKTADORE KARGUGABETUARI
1979an herrialdearen egoera erabat jasanezina bihurtu zen. Macias, diktadorea, ez zen inorekin fidatzen, eta bereizi barik egiten zituen hilketak eta espetxeratzeak, baita inguruko eta konfiantzazko jendearena ere. Eta hori, herrialdea erabateko pobrezian mantentzen zuen bitartean.
Bere loba, Teodoro Obiang, Defentsa-ministrordea zen, Armadako komandantea eta Playa Negrako presondegi beldurgarriaren zuzendaria, eta hara joaten ziren heriotza-zigorretik libratzea lortzen zuten goi-agintari militar matxinatuak; ba, osabaren aurka altxatu zen loba.
Aurkakotasun horregatik, Obiang degradatu eta jauregiko lorezain bihurtu zuen; osabak uste izan zuen iseka hori nahikoa zigor izango zela eta, gainera, familiaren presioetatik libratzen zen horrela. Emaztearen iloba kutuna zenez, zigor handiagotik libratu zen.
Baina gogora dezagun Espetxe Militarreko mandataria izan zela Teodoro. Eta goi-agintari ohi asko zeuden kartzelan. Haien artean, Zaragozako Akademia Militarrean berarekin ikasitakoak nabarmentzen ziren. Loba kargutik kendu zutenerako, jada oso aurreratuta zeuden elkarrizketak militar haien artean matxinatzeko, antza, AEBk eta Espainiak lagunduta. Eta Teodorori eskaini zioten etorkizuneko agintea, altxamenduaren buru jartzen bazen.
Baina ‘banana’ herrialde batean gauzak ezin akasgabe atera. Kolpea uztailaren 25erako planifikatu zen, baina leku horietan gertatzen diren gorabeherengatik, ezin izan zen gauzatu abuztuaren 3ra arte.
Interneten aurki daitezkeen informazio askoren arabera, Santiago egunean bertan, Espainiako Kanpo Arazoetako Ministerioak, atzerapen horren berri ez zuenez, Ekuatore Gineako gobernuko presidente berriari telegrama bat bidali zion, agintea modu baketsuan hartzeagatik zorionak emanez eta hauteskunde orokorrak azkar egitea desiratuz.
Edozelan ere, baina betiere kanpoko komunikazio bati esker, Macias ohartu zen berehalako arriskuaz eta zein bakarrik geratu zen. Fidagarrienak iruditzen zitzaizkionak armatu zituen, besteak beste, Jauregiko mantentze-lantaldeko igeltsero eta arotz batzuk, material militarraren funtzionamenduaz zipitzik ere ez zekitenak, eta ahalik eta diru eta bitxi gehienekin ihes egiten saiatu zen.
Aireportuak zainduta egongo zirela uste zuenez, errepide eta bideetara jo zuen, gutxien ibilitakoak aukeratuz, Gabonera iristen saiatzeko, han asiloa lortzea espero baitzuen. Ibilgailu-karabana txiki bat muntatu zuen militar fidagarrienekin, eta ahal zituen diru eta bitxi guztiak eraman zituen. Bere ohiko jokabide zitalaren ildotik, eraman ezin zituen dirua, dibisak, artelanak eta bitxiak erre edo suntsitzeko agindu zuen.
Abuztuaren 3an burutu zen ofizialki estatu-kolpea. Aurreko gauean Espainiako Legioaren kantuak ematen aritu ziren irratiak. Diktadore kargugabetuaren bila atera zen armada. Handik 15 egunera hartu zuten atxilo, ordurako galdua zuelarik bidean bere konboiaren eta lapurtutakoaren zati handi bat.
Abuztuaren 18an, beraz, Macías oihan barrenean atxilotu eta Malabora eraman zuten. Hilabete geroago epaiketa militar bat hasi zen Marfil zinema kalamastran, ziurrenik herrialdeko lokalik handiena baitzen. Ateak irekita egin zen epaiketa, eta hura jarraitu zuen jendeak etengabe eteten zuen bere oihu eta irainekin. Diktadore ohia zurezko kaiola batean sartu zuten, eta kaiola sabaitik eseki zuten, egoera itxuragabea sortuz. Epaiketa masa-ikuskizun lotsagarri bihurtu zen.
Aurreikusten zen heriotza-zigorraren aurrean, Maciasek, epaiketan egin zuen azken berbaldian, aldarrikatu zuen magia beltzaren praktikan gaitasun handiak zituela oraindik, eta heriotza eragiten ziotenek eta haien familiek oinaze ikaragarriak jasan beharko zituztela hil artean.
Iragarpen horren ostean, eta guztiak hain superstiziosoak izanik, kolpistek erabaki zuten, fusilamendu-pelotoiari sari handiak emateaz gain, hura osatzen zuten soldaduen kopurua handiagotuko zutela eta armak banatuko zizkietela munizio errealarekin edo jaurtigairik bako balekin, era batekoak edo bestekoak nork zituen jakin barik, eta hala egin zuten. Pentsatzen zuten, era hartara, diktadore kargugabetuak ez zuela jakingo nork tiro egin zion, eta, ondorioz, fusilatzeko prest zeuden aski soldadu aurkitu zituzten.
Teodoro Obiang lider eta demokrata gisa onartu zuten berehala Juan Carlos I.ak eta Adolfo Suarezek. AEBek denbora gehiago behar izan zuen agintari berriaren izaera demokratikoari buruz zituen zalantzengatik. Baina petrolioaren pisuak uxatu zituen zalantza guztiak, “Jainkoaren eta diruaren artean, bigarrena lehena da” esaldia baliaraziz.
Teodoro Obiangek boterean daramatzan 40 urteetan zehar, osabaren oinordeko duina dela erakutsi du. NBEren eta nazioarteko auzitegien aurrean salatuta dago genozida legez, Frantzia bertan zituen ondasunak bahitzera iritsi zen, eta Obiang estraditatzeko eskatu zuen. Hala eta guztiz ere, duela ez urte asko, Mariano Rajoyk, Afrikako goi-bilera politiko bat zela eta, herrialdea bisitatu zuen, eta diktadorearekin elkarrizketatu zen, nazioartean zuritze politikoko operazio gisa hartu zelarik.
(jarraituko du)
AURREKO: