“Personajes del callejero de Getxo”. – Sarrera

SARRERA

Herri bat, oroimen historikorik gabe, informaziorik gabe, bere balioak, bere nortasuna, ezagutu gabe, kolonizaziorako eremu oso egokia da.
José Mª Jimeno Jurio

Eguneroko errutinaren ondorioz gure ingurua balio positiboak hauteman barik begiesten dugu, baina begirada geldiarekin, zalantza barik, aurkituko genituzke balio horiek. Egunero gurutzatzen gara pertsona berberekin, haienganako jakin-minik txikiena ere piztu barik. Azkar-azkar elkar agurtzen dugu bereziki ezagutzen ez ditugun eta gure bizitza osoan tratu gutxi izan dugun pertsonekin ere. Ez dakigu nor diren, zertan aritzen diren, zer kezka dituzten, zerk hunkitzen dituen, zerk entretenitzen dituen, zer arazo dituzten, zoriontsu edo zoritxarrekoak diren, erraz konformatzen edo etsita sentitzen diren, zer asmo dituzten eta abar

Berdin gertatzen zaigu gure inguruko eraikinekin, duten balioa eta esanahia dutela ere, ikustearen poderioz, jada ez digute atentziorik ematen. Hala eta guztiz ere, denok sentitzen dugu noizbait begiratzen eta ikusten ikasi beharra, gauzak berriro aztertzen, gure analisi-gaitasuna berritzen eta, zergatik ez esan, miresmena eta harridura sentitzen ikasi beharra. Zenbat aldiz entzun dugun berbetan, zeri buruz ari diren jakin barik, sentimenduak eta emozioak pizten dizkigun itzelezko eraikin bat edo artelan bat ikustean senti daitekeen gozamen estetikoaz!

Eguneroko gauzak ere, hala nola metroa, autobusa edo gure auto partikularra hartzea, hain errutinazkoak direnez, horietaz ez dugu honelako galderarik egiten: Nork diseinatu edo trazatu du metroa? Nork eman zion forma Lezama Leguizamonen etxeari? Nork delineatu zituen gure herriko kaleak? Nori bururatu zitzaion Ereagaren erdian bainuetxe bat jartzea? Zergatik da Neguri hain toki esklusibo eta pribilegiatua? Itaun asko ez ditugu egiten, egungo bizimoduak, abiada bizian, ez digulako uzten geldialdirik egiten horiek formulatzeko. Baina bada esaldi bat nonbait irakurria eta neure egiten dudana: “Zenbat eta gehiago hurbildu historiara, orduan eta zirraragarriagoa da”. José Mª Jimeno Jurio historialariak, 2001ean Lizarran emandako hitzaldi batean, honako hau esan zuen: “Bere iragana, bere nortasunaren ezaugarri nagusiak ezagutzen ez dituen herria edonork nahierara erabil dezakeen txotxongiloa da”.

Oroimenak lo dirau, denbora akabatuz eta, neurri handi batean, norberaren utzikeriaz. Oroimen hori gogoratu eta gal ez dadin besteei emateko gogo edo gurariak, eta iraganak sustraiak bota dituela eta etorkizuneko hosto berriekin zuhaitz bat sortzen ari dela sentitzeak bultzatu gaitu inoren bizipenak ordenan jartzeko bidean lanean hastera, bizipen horiek geure egiteko eta, horrela, bizia berreskura dezaten presentzia iraunkorragoa emateko. Erretratatu gura izan ditugun pertsona hauen existentziak eta energiak bizi garen herritik hurbilago sentiarazi gaitu, bertako jendearen izaera sakonago ezagutu dugu, eta bere kostaldearen postal ederren edo inguruko jauregi distiratsuen gainetik besteengandik bereizten duena hobeto bereizi dugu. Herri bat bere historia, bere jende eta, zergatik ez, bere mito eta kondairen arabera definitzen da, nahiz eta hauek jada kaleetako hormetan plaka bat baino ez izan.

Jendeari galdetzen badiozu: Nongoa zara? Gehiengo handi batek bere jaioterriaren izena esanez erantzungo dizu, eta, oro har, maitasun handia izango dio. Batzuek, ordea, jaioterria ahaztu barik, bizitzeko aukeratutako lekuak maitasun pertsonal handiagoa merezi duela argudiatzen dute, hori norberaren erabakia delako eta jaioterria, berriz, ez. Urteek aurrera egin ahala, jendea gero eta gehiago identifikatzen da bere bizilekuarekin, iraganaren oroitzapena baztertu barik. Bizi ahal izateko Getxo aukeratzeko begirunea izan duenak beti sentituko du ondo aukeratu duela.

Denok dakigu zein den gure bizilekua, agian kasu askotan izena eta abizena dituen kale batean dago. Udalerri honetan 340 kale inguru daude eta 70 baino gehixeago pertsonei eskainiak. Baina badakigu nor zen jaun edo andre hori? Zein garaitan bizi izan zen, zer-nolako gorabeherak pasa zituen, zer egin zuen gure kaleak haren izena eramateko? Denok dakigu nor izan zen Agirre Lehendakaria, Cristobal Colon, Jose Maria Iparragirre, baina nik galdetzen dizut, irakurle maitea: badakizu nor zen Etxeandia apezpikua, Echagüe jenerala, Caddie Carlos, Carlos Häes, Nizeto Urkizu edo Juan Bautista Zabala?

Biografien, hobeto esanda azalpen biografikoen, liburu honek tokiko historiaren bilakaeran garrantzitsuak izan diren kale izendun guztien bilduma izan gura du; nagikerian ez erortzeko gogoak eraginda egin dira, eta hurbilekoenari –eta beraz aurkitu eta ezagutu barik geratzeko arrisku gehiago duenari– buruzko jakin-minak eraginda. Errepaso honek ez du pertsonaia bakoitzarekin sakon-sakona izan gura, ez da hori gure asmoa; izan ere, kasu askotan badituzte biografia osoak, eskarmentu handiagoko luma adituagoek eginak; gure lan hau gure herriaren oroimen kolektiboan dagoen hutsune hori betetzen saiatzen da. Dibulgazio-lana da, ahanzturaren aurkako erresistentzia-gune bat sortzen saiatu gura du, eta gure kale-izendegiaz baliatzen da, pertsona horiek, bizi garen leku honekin berarekin zerikusia izan zutenek, izen eta abizendun horiek, kale-izendegian egoteko, gauzaturiko gertakari garrantzitsuenak aletzeko. Baina azalpen biografiko bat besterik ez dira, beraien garrantzia azpimarratzeko. Eta horrekin, herri jakin baten garai zehatz baten erretratu orokorra egiten saiatuko gara.

Nire lana aurretiko lanen, guztiak ere pertsonaia liluragarriei buruzkoen, sinopsia egitea izan da, baina biografia osoaren izen arranditsua emateko adina sakondu barik, ezta panegirikoarena ere, ez baitaude goraipatzeko edo laudatzeko tonuan idatzita. Ahaztu barik ikerketa on bat behar dela, erakundeen edo familien artxiboak, liburutegiak, hemerotekak, bibliografia… historiaren hutsuneak edo kontakizunaren puntu kontraesankorrak izaten baitira iradokitzaile bihurtzen dutenak, eta intriga interesgarriagoa izaten baita jada eskura dagoen ebidentzia baino. Bestalde, batzuetan, historialariek egiantz handieneko hipotesia erabili behar izaten dute ziurtasunik ez duten gertakariei buruz. Halaber, kasuren batean eta familiakoen laguntza eskergaitzarekin, aierurik gertagarrienaz baliatu behar izan dugu bizitza oso bateko hutsune ezkutu, ezezagun edo arakatu bakoak bete ahal izateko.

Irakurleak ez dezala ordena logikorik bilatu hemen, ez dago eta. Gurata egin dugu horrela. Hasiera-hasieratik, pertsonaiak gure gogamenera etorri ahala lantzea proposatu genion geure buruari, edo hainbat bitartekok gure esku jarritako edo liburutegiren batean aurkitutako edozein kale-izendegi errepasatu ahala. Une batzuetan zalantza izan dugu alfabetoaren araberako egitura eman, edo auzoen araberakoa, baina azkenean erabaki dugu askoz ere hobe dela irakurlea parte aktiboago bihurtzea, eta bere kabuz bilatzea gehien iradokitzen dion pertsonaia.

Gertakariez gain, batez ere asko azpimarratu gura ditudan bi alderdiri erreparatuko diegu, nire ustez, gehien interesatzen zaizkigunak izan behar dute eta: gizabanakoaren nortasuna edo izaera, eta hark gure udalerriarekin izandako harremana. Gustavo Adolfo Bécquer poeta gisa ezagutzen dugu, baina egon al zen inoiz Getxon? Constantino tenorra benetan Getxon jaio zen, kontatzen den legez? Agirre Lehendakariak abestu al zuen “Biotz-Alai”n? Frogatuta dago “Gernikako Arbola” Iparragirre bardo unibertsalak konposatu zuela? Nor zen Real Socorroko markesa eta zer egin zuen bere bizitzan? Nor izan zen Novia de Salcedo? Manuel Mª Smithek diseinatu ote zuen San Mames futbol-zelai zahar eta jada eraitsia? Zein zen Juan Sebastian Elkanoren benetako abizena? Andres Isasi kalea Areetako egungo kontserbatorioari izena ematen dion musikariari eskainia dago benetan? Nondik dator “giri” hitza? Nori bururatu zitzaion Neguri auzoa eraikitzea? Nor izan ziren (Agirretarrak) Areetaren desanexioa eskatu zuten lehenak eta zergatik eskatu zuten Areetaren desanexioa? Non aberastu zen Juan Bautista Zabala, 100 urte geroago Algortako haur askori ikasketak ordaintzen laguntzen jarraitzeko aukera ematen duena? Izan al zen gure arbasoen komunitatean norbait bere aberastasuna gaur egun higuingarri gertatuko litzaigukeen moduan egin zuenik, trafiko-esklabotzan, adibidez?

Gure kaleak daraman izenari buruz ziur asko egiten ditugun galdera hauei eta beste askori erantzun egokia ematea espero dugu, betiere argi izanik iturri askotatik, artxibategi- edo bibliografia-iturrietatik, batzen dugun informazioa ez okertzen eta ez mozorrotzen saiatuko garela. Datuak ahalik eta zehatzen garatuko ditugu, nahiz eta jakin akats bat baino gehiago egingo dugula, batez ere omisioz beste ezerengatik baino gehiago. Funtsean, aurrez haiei buruz idatzitakoan oinarritu gara, nahiz eta beti ez izan egiari lotua; hainbat ikerketa-ildori jarraituko diegu sare sozialetan aurkitzen den lehenengo gauza fidagarri bihurtu barik, baizik eta bilatze-lana egingo dugu ahalik eta zorroztasun handienarekin historian aurkitzeko Getxoko kale-izendegiko pertsonaia horien alderdi bereizgarriak.

Ez ditut ahaztu gura istorio honetako benetako protagonistak. Gure kale-izendegiko izen guztiek, eta guztiek diot, badute merezimendu nahikorik bertan egoteko, arrazoi batengatik edo besteagatik. Era guztietako pertsona interesgarriak aurkitu ditut: santuak, ia gaur egungoak, politikari ospetsuak, finantzari berritzaileak, letretako printzeak, pertsona anonimoak, Mundu Berriaren aurkitzaileak, abokatuak, medikuak, margolariak, militarrak, musikariak, merkatariak eta baita kirolariak ere. Horiek guztiek atentzioa eman didate beren berezitasunagatik. Gehienak beren irrika ekintzaile eta berritzaileengatik bereizten dira, baina badira batzuk, ez hain zuzen ospetsuenetakoak, guregan arrastoa utzi dutenak, agian orain arte ez dugulako behar beste sakondu haien irudi publikoan eta pribatuan. Tamalgarria da, XXI. mendean, askatasunen garaian, guk ezin onartu izatea argi eta garbi aparta den jendearen berezitasuna. Agian, ezin dugulako jasan jenialtasuna, edozein motatakoa, betikotu egiten dela gu bete edo aseko gaituen azalpenik izan barik.

Irakurle zailduren batek esango dit zerrenda honetan izen asko falta direla eta hala da. Baina arrautza eta oiloa lez, zer izan zen lehenago? Abizena baserriari izena jartzeko, ala baserriaren izena beraren jabea bereizteko? Esate baterako, Domingo de Diliz (1663), Francisco de Piñaga (1667), Antonio de Gobela (1764), Pedro de Basaldua (1759), Juan de Alango (1562), San Juan de Arrigunaga (1651), Miguel de Hormaza (1609), guztiak izan ziren fabrikako maiordomoak, Telletxe, Salsidu, Aretxeta (1617ko baserria), etab. Gure ustez, abizena toponimo bat da, eta dotoretasun-seinale zen etxe edo etxebizitzaren izena hartzea norberaren izen gisa, edo etxebizitzari izen gisa bere jabearen abizena ematea; beraz, ez gara sartu beste liburu baterako emango luketen bide bazter horietan. Ez naiz sartuko, ezta ere, “El Carmen”, “Las Mercedes”, “Andra Mari”, “Begoña” eta antzeko Ama Birjina izenekin.

Niretzat, behintzat, aurkikuntza harrigarria izan da jakitea zelakoa zen Itsasadarra duela 130 urte, Historian hutsaren hurrengo tartea, baina gure udalerrian mugarri bat aurrekoaren eta ostekoaren artean. 1825ean, gaur egun Areeta deitzen duguneko biztanleak 23 ziren; hogeita hamabost urte beranduago, 1860an, 36 ziren; baina berrogei urte beranduago, 1900ean, 1.411 ziren. Zer gertatu zen eklosio hori izateko eta hirigintza-bultzada berri baten protagonista bihurtzeko? Zergatik izan behar zituen bere itxura edo konfigurazioan hain ezberdintasun esanguratsu eta nabarmenak Andra Mari eta Algortarekin alderatuta? Horretarako guztirako izango dira erantzunak, gogor apustu egin zuten pertsonaia berezi, berritzaile eta beldurrik bako inbertsiogileen ekintzen bidez, askotan Estatua bera eta Getxoko Udala bera ere aurkaritzat izan arren.

Eta eskerrak eman gura dizkiet zeregin honetan modu batera edo bestera lagundu didatenei; batzuk aipatzen hasita, Getxoko Udalaren Artxiboa, Algortako Udal Liburutegiak, Gloria Lara eta Bilboko Foru Liburutegiko kideak, Bilboko Arte Ederren Museoko Liburutegia, Pedro Bilbao doktorearen senitartekoak eta oinordekoak, Iñigo Sainz de Incháustegui, Gabriel Ramos Urangaren emaztea eta seme-alabak, Miguel Beascoa udal-arkitektoaren semea, Itziar, Jose Mª Basterra Ortizen biloba, Rosario Areilza xarmangarria, Edurne Garaizar, Batxi Uribarriren biloba, Tomás Guzmán eta Peli Olabarri, Luis Vallejo Chalbaud, Manuel Valdés y Colón de Carvajal, Javier Chavarri, Mª Josefa eta Conchita Prado ahizpa liluragarriak eta haien lehengusina ezin adeitsuagoa, Sofía Smith, Manuel Mª Smith arkitekto ospetsuaren iloba, Elena Arroyo eta haren bi lankideak BBVA Fundazioko Artxiboan, ikerketa-lana hainbeste erraztu didatenak; mota eta izaera guztietako jendea, Urretxua alkate ohia kasu, jakinduria eta oroimen onaren eredua; Euskaltzaindiko Mikel Gorrotxategi, asko lagundu duena toponimikoekin; Getxosarri blogaren egilea, Karla Llano, kalean behin baino gehiagotan harrapatu dudana ordura arte erantzunik bako galdera bat baino gehiago egiteko; nire oinarri izan diren idazleak, gehienak ez oso ezagunak, edo aita Zabala fraide hirukoiztarra bere Historia de Getxo handiarekin, inspirazio-iturri izan dena; edo Jose Mª Beaskoetxea, Getxori buruz hainbeste idatzi duena eta gure iraganaren errealitatea ezagutzeko denok irakurri beharko genukeena; horietan oinarritu naiz orrialde batzuetan lan hau gauzatzeko. Horiei guztiei, baita ahaztu zaizkidanei ere, eskerrik asko.

Ez dut aipatu barik utzi gura emakumeak eta gizonak omentzen dituzten kaleen arteko desberdintasun ikaragarria. Emakumezkoak, ia denak, santak. Gure herri-ondarean izan behar dute, eta egia esateko badira, emakume ospetsuak, plaka bat merezi dutenak, eten barik oroitu ditzagun. Gure herriko, Getxoko, jendea animatzen dut Udalari “emakumezko” izenak planteatzera, bakoitzaren ustez nahikoa merezimendu dutenak. Ziur nago izan badirela.

Javier Campo Esteban

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies