LUIS ADISKIDEA (lehen partea)


SARRERA

Esan liteke Luis nire lagun handia izan zela 15-18 urte genituenean. Baina askoz gehiago izan da. Beti izan da nire lagun handia. Nahiz eta bizitzak banandu eta 30en bat urte egon garen elkar ikusi barik eta elkarren berri izan barik. Izan ere, orain, bion artean 500 km baino gehiagoko tartea egon arren eta bizitza erabat desberdinak daramatzagun arren, elkar ikusten dugunean, gutxitan, badakigu lagunak izaten jarraitzen dugula.

Duela hilabete batzuk Luisi bisita egin nion bere etxean, mediku gisa bere azken urteak egin zituen Teruelgo herri batetik hurbil. Berarekin Gudar eskualdeko leku ederretan barrena, zuzenean egiaztatu ahal izan nuen haren paziente izandakoek dioten maitasun izugarria.
Hori horrela bada gurea bezalako herrialde batean, erraza da imajinatzea zer gertatuko zen hirugarren munduan, bere lanbidean aritu zen herrialdeetan: Ginean, Mauritanian eta Guatemalan.
Hemen idatzitakoa kontatu dizkidan pasadizo eta istorioen parte da. Espero dut hark esandakoa zuei zuzen helaraztea.

OIHANEAN GALDUTA

Mediku laguntzaile lez, lehen destinoa Ginea izan zuen, eta joan zen mendeko 80ko hamarkadaren hasieran iritsi zen hara.
2.000 biztanle inguruko herri batean hasi zen, 65.000 inguruko barruti baten hiriburuan, itzelezko oihan itxi baten ertzean zegoen hondartzan zehar.
Francisco Macías diktadoreak, Espainia gogorarazten zion guztiaren etsai amorratuak, lankidetza-hitzarmenak zituen, beste herrialde batzuen artean, SESB, Txina, Kuba eta Tanzaniarekin eta horrek boterean jarraitzea bermatzen zion, bere herrialdeko aberastasunak ustiatzearen truke; hura agintera iritsi arte militarrek gobernatu eta nagusiki espainiar zein iparramerikar enpresaburuek administratu (edo espoliatu) zituzten aberastasunak.
Sobietarrek medikuak bidaltzen zizkioten, Luisek eroso, larderiatsu eta ezaupide gutxikotzat jotzen dituenak. Hango unibertsitateetako txarrenak, zalantza barik.
Txinatarrek oro har kalitate txarreko botikak bidaltzen zituzten, mendebaldean genituenekin ezin konparatuzkoak.
Herrialde “adiskide” horiek laguntza militarra ere ematen zuten, eta arlo horretako teknikari batzuk.
Luisi egokitu zitzaion ospitalea hondartzaren mutur batean zegoen, eta hondartzan zehar biztanleen etxeak zeuden. Errusiar batek zuen hango ardura, baina inoiz herritik atera bakoa zen gaixoak ikustera. Gertuen zegoen hurrengo zentro medikoa 75 kilometrora baino gehiagora zegoen, tartean oihan itxi batekin, non herrixka oso apal eta atzeratuak baitzeuden, oso komunikabide txarrekin.
Ospitale hark Europako erizain aditu bat zuen, profesional ona eta ezaupideak zituena.
Iritsi bezain laster ordeztu zuen aurrekoa. Herriko gaixoei miaketa egin eta dena prest utzi ostean, nolabaiteko mapa bat marrazteko eskatu zuen, bere jarduera-eremuan zeuden herrixkekin eta haiek ikustera joateko modurik onenarekin.
Horrela, ospitaleko arreta eta joan-etorriak txandakatzen zituen. Hurbilen zituen herrietara oinez joaten zen sarri-sarri; 100 km-ren barruan zeuden herrietara hilean behin joaten zen, 4 edo 5 egunez, Land Rover zahar batean; eta hiru hilean behin, tramankulu berean, urrutien zeudenetara joaten zen 15en bat egun igarotzeko.
Bere lehen joan-etorri luzeetako batean, arratsaldean jada, ibilgailu zaharra matxuratu egin zitzaion. Ezin izan zuen edo ez zuen asmatu konpontzen. Maletatxoa hartu, han gutxieneko botikak eta gailuak sartu, mapa moduko hura ere hartu, eta hurrengo herrixkarantz abiatu zen. Baina gautu egin zitzaion jendea bizi zen lekuren batera iritsi aurretik.
Pentsatu zuen: “Oinez jarraitzen badut, ziurrenik galdu egingo naiz, eta ziurrenik eraso egingo didate animaliek. Hemen geratzen banaiz, ez naiz galduko, baina ziurrenik piztien atzaparretan amaituko dut”
Eta erabaki zuen: bi moduetara hil naitekeenez, hobe dut Heriok atseden hartuta nagoela eroatea. Etzan eta lasai-lasai lo geratu zen. Animaliek ez zioten bisitarik egin.

 

ETXEBIZITZA

Kontatu dudan lez, hura bizi zen herria itsasoaren eta oihanaren artean sartuta zegoen. Ospitale xumea hareatzaren hegoaldeko muturrean zegoen; aitzitik, osagilearen etxea, onena, beste puntan zegoen, iparraldeko muturrean.
Ospitaleak etxola txiki bat zuen atxikita, eta Luisi nahikoa eta egokiagoa ere iruditzen zitzaion hura bertan bizitzeko eta ospitaleko beharrei eta larrialdiei erantzun ahal izateko. Baina denbora gutxi zeraman han, eta oraindik ez zekien bizilekuz aldatzeko zer egin behar zuen. Hari bizitegi bat esleitu zioten eta, hasiera batean, han bizi behar zuen.
Han denbora gutxi zeramala, agintari militar berri bat bidali zuten barrutira. Berehala hartu gura izan zuen nire lagunaren etxebizitza, onena baitzen. Erabaki zuen konbentzitu behar zuela zeinahi metodo erabilita. Hartaz berba egiteko, eskola gisa erabiltzen zen barrakoira dei egin zion.
Eskolan umeentzako ikasmahai batean eserarazi zuten, eta agintari berria, baita polizia-burua, alkatea eta epailea ere, denak militarraren menpekoak, oholtzara igo ziren. Epaiketa sumario batean bezala, baina manera onekin. Beldurtu edo kikilarazi beharra zegoen.
Iritsi berriak sermoi bat bota zion, eta kontra egin barik bere egoitza utz ziezaion konbentzitu gura izan zuen. Esandako guztia isilik entzun zuen Luisek. Agintari berriak bere erretolika amaitu zuenean, nire lagunak jaiki eta erantzun zion:
“Nik ere nahiago dut ni nagoen etxebizitza zuk hartzea eta ni ospitale ondoko etxolara joatea. Bat gatozenez, irtenbide bat aurkituko dugula uste dut. Baina agiri hau daukat”, esan zuen patrikatik paper bat atera eta erakusten zuen bitartean, “medikuak non bizi behar duen esaten duena. Eta sinaduren artean presidentearena dago. Eskertuko nizueke aldaketa lortzeko ahal duzuen guztia egitea.”
Agintari miliar berria eta bere laguntzaileak Diktadorearen sinadura ikustean, lehenik tente jarri ziren, eta, ondoren, Luisi, elkarrizketa ahazteko eta inori ez kontatzeko eskatu zioten.
Herrixka hartan 2 urte baino gehixeago egon zen Luis bizileku berean, aldatu barik. Bazekien ez zegoela beste aukerarik agintzen zuenaren baimen barik.

 

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.