AZTIAK
Urrutiko herrixkak bisitatzen hasi zenean, aborigenek bazuten medikuen berri, baina oso gutxi ziren bat ezagututakoak.
Horregatik, aztiak, xamanak, ziren beren medikuntza berezia egiten zutenak herritarrekin. Eta batzuetan emaitza onarekin. Gogamenaren boterea uste duguna baino askoz handiagoa da, esaten zidan Luisek.
Haiekin batera bizitzen ikasi zuen. Beharrezkoa zen elkar ondo hartzea.
Mugitzen zen bakoitzean egiten zuen gauzetako bat umeei bizkarroi edo parasitoak kentzea zen. Hori oso gauza ona eta atsegina zen haientzat, eta aztiek ez zuten hartarako ohiturarik. Oso lagungarria gertatu zitzaion berarengan konfiantza izan zezaten. Hain zen atsegingarria umeentzat, hain pozik jartzen zituen eta hainbeste pozten ziren gurasoak ere, …
Denborarekin, azti haietako bat bere ospitalera eraman zuen. Indigenen aurrean eragin handiena zuena zen, ongien komunikatzen zena eta bere lagun handiena egin zena, eta, beraz, guztientzat fidagarriena.
Sukaldari-lana eman zion. Nahiko ondo egiten zuen. Gainera, Luisek batzuetan bere botikak konjuru eta dantza batzuekin batera erabiltzeko baimena ematen zion. Baita kalterik egiten ez zutela bazekien edabeekin ere. Horrela, mesfidatienek ere medikuntzan konfiantza izatea lortzen zuen.
Baina baita ere jakin zuen batzuek, Diktadoreak adibidez, magia beltza erabiltzen zutela. Jakin zuen neska gazte bat xaman baten konjuruengatik hil zela. Gaitza gertatzen zitzaion sinestea.
Egun batean indigena indartsu eta osasuntsu bat agertu zen erietxean. Urrutitik etorria zen senide batzuek lagunduta. Egun batzuk barru hilko zen une zehatza iragarri omen zion azti batek. Medikuak zerbait egin ote zezakeen ikustera etorri ziren.
Bere aukeren barruan, era guztietako analisiak eta miaketak egin zizkion. Ez zuela beldurrik izan behar esan zion, primeran zegoela-eta. Baina, badaezpada ere, ospitaleratu egin zuen, medikuaren zaintzapean jartzeko.
Pazientea, unea hurbildu ahala, amatatuz joan zen. Iragarri zioten unean bertan hil zen. Gaixotasunik izan barik.
SORGINA
Ohikoa zen bisitatzen zituen herrietan ume asko aurkitzea. Familia bakoitzean normala zen urtean bat jaiotzea, emakumea emankorra zen bitartean. Baina guztiek ez zituzten bizitzako lehen urteak gainditzen. Garai hartan Gineako haurren heriotza-tasa oso handia zen. Horrek populazio-jaitsiera handia eragin zuen Maciasen garaian.
Baina bisitatzen zuen lekuetako batean lehen urtea betetzera iristen ziren umeen kopurua bereziki txikia zela iruditu zitzaion. Eta hango ohiturei buruz galdetu zuen, zer gertatzen zen jakiteko.
Kontua da herriko biztanleetako bat moja misiolari batzuekin egona zela denboraldi batez. Lekaimeen sinesmenak hartu eta bere sinesmen eta usteekin batu eta nahasi zituen, koktel leherkor bat sortuz.
Herrira itzuli zenean, bere erlijio-kontzeptu berriez berba egiten hasi zitzaien herrikideei, haiek ere superstiziosoak. Irakatsi zien umeak, jaio bezain laster, bataiatu egin behar zirela, eta horrela zerua irabaz zezaketela, bereziki laster hiltzen baziren.
Egun gutxiko jaioberria hartu eta bere bataio-erritu bereziari ekiten zion. Horretarako, oinetatik helduta, putzu zikin batean murgiltzen zuen segundo batzuez. Ondorioz, egoera txarrean zegoen ura edaten zuen umetxoak.
Haietako asko egun gutxira hiltzen ziren, hartzen zituzten infekzioengatik. Sorginaren arabera, Jainkoak, hain garbi eta aratzak ikustean, lehenago eramaten omen zituen bere altzora. Horregatik, zorte handia omen zen gertatzen ari zena.Ezin izan zituen indigenak konbentzitu, ezta sorgina ere, zeukaten arazoaz. Tokiko agintariei jakinarazi behar izan zien, eta haiek “adeitasunez” (Luisek ez zuen metodoa jakin gura izan) konbentzitu zuten sorgina ohiturak aldatzera. Handik aurrera, buru gainean ur apur bat garbixeagoa isurita bataiatzen zituen umetxoak.
OSPAKIZUNAK
Han edozein arrazoirengatik antolatzen zen festa bat, ospakizun bat. Eta osagilearen helduera zen arrazoi garrantzitsuenetako bat. Ohikoa bihurtu zen bisitatzen zituen bakoitzean ospakizun bat egitea. Lehenik kontsulta pasatzen zuen, eta gero parranda etortzen zen.
Bertan, aborigenek dantza egin eta euren instrumentuak jotzen zituzten, suaren inguruan abesten zuten bitartean. Esan zidan kontu handiz ibili behar izaten zuela, zeren eta, behin denak bete-betean festan sartutakoan, bazirela ohitura batzuk nagusitzen zirenak: adibidez, eurek destilatutako alkoholak, haluzinogenoak eta neska gazteak eskaintzea, eta hori haien sendiek ere ondo ikusten omen zuten hartzailea medikua baldin bazen, baina Luis ez zegoen horrekin ados, normala denez. Sexu-askatasuna, ‘ñaka-ñaka’ Luisen arabera, jai haietan bereziki gura zuenaren esku egoten omen zen.
Herrixketako batean, bertokoak inguruko landare baten sustraia murtxikatu eta, ondoren, estasian sartzen omen ziren. Zati bat eroatea proposatu zioten. Hartara ohituta ez zegoenez, lehen aldian botilan alkoholdun edari batean kopuru txiki bat sartzea gomendatu zioten, eta denbora batez gorde zezala, ospakizun oso bereziren batean dastatzeko.
Ospitalera itzuli zenean, whisky botila batean sustrai-zati txiki bat laga zuen, eta laster zetorren Urtezahar gauera arte gorde zuen. Gau hartan, kanpai-hotsen ostean, han zeudenek likidoaren tragoxka bat edan zuten. 24 orduz egon zen “zopatuta”. Amesgaizto etengabea zuela oroitzen da: bere gela hartz mutur-handiz beteta omen zegoen, alde guztietatik igotzen zitzaizkiola. Oso gaizki pasatu zuela, izugarria izan zela, esan zidan.
Bizi zen herriko jaietan, ohikoak ziren saltinbanki ospetsu baten ekitaldiak, zut jartzen zuen zuhaitz-enbor leundu eta koipeztatu luze batekin. Haren ikuskizuna enborrean gora igotzea zen, artazika, goiko aldean bereziki.
Atsekabe handiz gogoratzen du erakustaldi haietako batean, aktorea goren-gorenean zegoela, enborra hautsi, lurrera erori eta zerraldo geratu zela. Nire laguna bertan egon arren, ezin izan zuen ezer egin hura salbatzeko.
Alabak ordezkatu omen zuen, enbor berri batez hornituta.
(jarraituko du)
AURREKO: