ELEFANTE TXIKIA
Pasarte hau maitasun handiz gogoratzen du Luisek. Iritsi eta gutxira gertatu zen.
Ekuatore Ginean elefante-arraza bat dago, bertokoek “nanoa” deitzen dutena, galtzeko arriskuan dagoen espeziea.
Aberats berri alemaniar batek dirutza xahutu zuen elefante-ehizaldi bat antolatzen, eta ahalik eta baliabide gehienekin joan zen hara, bertoko gidariak eta garraiatzaileak barne.
Oihanean zeudela, elefante txikiagoen, bertakoek “nanoak” deitzen dituztenen, talde bat agertu zen han. Indigenek zaratarik ez egiteko eta aginduen zain egoteko gomendatu zioten. Inola ere ez tiro egiteko une egokia iritsi baino lehen.
Baina alemaniarrak bere fusil ahaltsua hartu eta, urduri, katuari eragin zion komeni zen unean eta lekuan egon barik, eta egoki destatu edo apuntatu barik; horrek elefanteen ihesaldi zalapartatsua eragin zuen baina, zorionez, ez zien ehiztariei kalterik eragin.
Bakarrik geratu ziren ehiztari-aprendiza, bertokoak eta elefante-kume despistatu bat, beretarrei jarraitu ezinik handik aurrera ehiztari ausartarengandik banandu ez zena.
Laguntzaileek elefantearekin batera Luisek lan egiten zuen herrixkara eraman zuten alemana. Zer egin ez zekitela, biak ospitalean uztea baino ez zitzaien bururatu.
Gogoan du nire lagunak zelan jagon behar izan zuten animalia txikerra, 80 edo 100 kg inguru pisatzen zituena. Izan ere, agintariei gertatuaren berri eman ostean, denboraldi bat itxaron behar izan zuten arazo burokratikoak konpondu eta piztia handik eroan arte, oihaneko elefante-talderen batean behar bezala sartzeko.
Ezin du ahaztu zelan egin behar izan zuten tamaina handiko biberoi bat txikerrari esnea emateko, zorionez ugaria inguru hartan, naturak han sortzen duen guztia lez. Biberoia tronpaz hartzen eta bere kasa edaten ere irakatsi zioten.
Argazkiren bat badu gordeta elefantetxoarekin, animaliak eta herrialde hark berarentzat suposatu zuen guztiarekiko nostalgiaz erakutsi zidana.
DIKTADOREAK EZAGUTZEA
Luisek Gineako egonaldian bi presidenteren, osabaren eta lobaren, agintaldia ezagutu zuen, independentzia lortu zuenetik herrialdea burdinazko ukabilaz gobernatu duten diktadoreak biak ala biak.
Lehenengoak, ezjakina eta ankerra, jakin zuen zein maitatua eta ospetsua zen Luis osagilea, eta inbidia-sentimendu sakona sortu zion horrek.
Pentsatzen zuen zerbait egin beharra zeukala erakusteko Luis, ezaupide eta gizatasun handiagokoa izan arren, bera baino gutxiago zela.
Gertatu zen diktadoreak udako egoitza bat zuela finka batean nire lagun maitea egon zen bigarren hirian, non hilabete batzuk bakarrik egin baitzituen.
Agintari gorenak deitu eta tenis-partida bat jokatzeko erronka bota zion; partida ikusten izango ziren agintariak, prentsa, lausengari zuriak, etab. Zorionez, Luis ez zen oso ona kirol hartan, eta ez zuen inolako ahaleginik egin behar izan galtzeko, bestela, irabazi ahal izan balu, ez zuen amore emango; eta hori gertatu izan balitz, batek daki zer gertatuko zen, agian oso garesti ordainduko zuen.
Hortaz, erraz gainditu zuen diktadoreak, eta hedabide guztiek eman zuten albistearen berri: medikuaren gainetik zegoen presidentea. Ezin zitekeen bestela izan.
Bigarren presidentea beste arrazoi batengatik ezagutu zuen. Gaixotu egin zen, eta diagnostiko nahiko gogorra eman zioten. “Espainiar mediku ospetsuari” deitzeko agindu zuen, eta diagnostikatu zioten gaixotasunaren berri inork ez aurreratzeko agindu zuen.
Luis bat etorri zen bere lankidearekin diagnostikoan eta jarraitu beharreko tratamenduan. Zorionez eta beren ezaupideei esker, bi osagileak oso ondo atera ziren probatik.
Baina bigarren kasu honek ez zion ezertarako balio izan atxilotu eta herrialdetik kanporarazi zutenean.
BERE KLINIKAREN FINANTZAKETA
Azkenean iritsi zen Batara, hiri nagusira, helmuga irrikatura. Aurrezki batzuk zituen, eta bere klinika munta zezakeen. Eta halaxe egin zuen. Gero, herrialdetik bota zutenean, han geratu zen, inolako ordain barik beretzat eta saltzeko eta mantentzeko aukera barik. “Nazionalizazio” moduko bat izan zen, kalte-ordain barik.
Hirian, herrialde osoan bezalaxe, hiru biztanle-mota zeuden funtsean:
- Militarrak eta atzerritarrak, eskuarki agintariak edo inguruan zegoen industriako, bereziki zurgintzako, behargin kualifikatuak. Argi eta garbi, gehien irabazten zutenak ziren.
- Industria haientzat lan egiten zuten aborigenak edo zeharka hartatik bizi zirenak, baita merkatariak eta funtzionarioak ere. Aurrekoak baino klase apalagokoak ziren.
- Oihanaren eta beren laboreen ugaritasunetik bizi ziren aborigenak, dirurik eta ezaupiderik ez zutenak.
Bere pazienteak artatzeko, hiru klasetan banatu zituen:
- Iguala bat sortu zuen aberatsenentzat. Zenbait pribilegio eman zizkien, hala nola gelarik onenak ospitaleratzea behar zutenean, eta aldizkako prebentzio-azterketak. Hilero ordaintzen zuten, eta ondo, tratu horrengatik. Hori zen Klinikaren diru-iturri nagusia.
- Beharginei kopuru minimo bat kobratzen zien egiten zien kontsulta bakoitzeko. Ozta-ozta gastuak ordaintzeko.
- Baliabiderik ez zutenak; beraz, haiengandik ia inoiz ez zuen ezer kobratzen. Hori bai, Ospitaleak bere mugapenak zituenez, behar izanez gero, egonaldian jan zezaten etxetik janariren bat ekartzeko eskatzen zien. Klinika beteta zegoenean, berriz, “koltxoi” batekin etortzeko ere eskatzen zien, baldin bazuten.
Herrialdea behartsua zen aberastasunaren mendebaldeko zentzuan. Baina inork ez zuen hotzik pasatzen klimagatik, ezta goserik ere naturaren ugaritasunagatik. Oihanean erraza zen fruitu eta sustrai jangarriak aurkitzea (hangoek ezagutzen zituzten) eta animaliak ehizatzea.
Luisekin nengoela, inguruan ugari zegoen armadillo moduko baten argazkia erakutsi zidan. “Zein polita den!” esan nion, eta erantzun zidan: “Bai, eta ez dakizu zein gozoa!”.
Bertokoek jaten eta edaten zutena probatzea gustatzen zitzaiola aitortu zidan. Ia animalia guztien haragia jandakoa da. Besteak beste, tximinoa, lehoinabarra (ez omen zitzaion gustatu), sugea, hainbat intsektu mota eta abar aipatu zizkidan.
(jarraituko du)
AURREKO: