SAN FRANTZISKO KALEA (laugarren zatia)


San Frantzisko auzoaren luzera osoan, zenbait kale zeuden aldapan gora, Gorte kalean amaitzen zirenak. Eta zuek izan dezakezuen iritzia gorabehera, kale hau ez zen inoren txinatar auzoa ere, soil-soilik Gorte kalea zen, Palanka ere deitua, Zabala kalean hasi eta Mirasol Kondearen kalean amaitzen zena. Apur bat ezohikoa, bertan bizi baitziren pertsona arrunt eta normalak, batzuk maila moral izugarrikoak, baita dantzariak, kupletistak, bezeroei edaten laguntzeko neskak eta, zergatik ez esan, zelanbaiteko prostituzioa ere bai, gero areagotu zena. Giro hori arratseko ordu batzuetatik aurrera izaten zen, batez ere asteburuetan, aste barruan ez baitzegoen hainbeste mugimendu.

Baina, begira, “Gorte kaleko” (eta ez txinatar auzoko) “arriskua” hain zen handia, ezen gure gazteek, agur-festa, afari edo beste edozein parranda zutenean, Bilboko taberna eta kafetegi gehienak, guztiak ez esateagatik, azkar ixten zirenez, gazteak Gorte kalera joaten ziren parranda amaitzera, eta hori goizaldeko ordu bata edo ordu biak arte izaten zen gutxi gorabehera, gertuago ordu bietatik, egia esateko.

Gorte kaleak, nahiz eta giro egokiena ez izan, ez zuen ezelango arriskurik jendearentzat, eta arriskuaz ari garenean, gauaz ari gara, egunez auzo lasaia baitzen, hori bai, prostituzioko tabernekin, ia denak kalearen amaieran zeudenak, hau da, Zabala kaletik hurbil: ospetsuenen artean el Gato Negro, Palanca 34 eta besteren batzuk zeuden.

Farmazia bat ere bazegoen, eta han Bilbon ezagutu diren lehen preserbatiboak saldu ziren isil-gordeka.

Kalearen erdialdera, Gorte kalea beste edozein auzo lakoa zen: han zegoen Harino Panaderaren okindegia, Maria Libarona andrea zuen arduraduna: bere txabusina zuriarekin, ondo orraztuta eta ezin txukunago, adeitasun handiz ematen zien zerbitzu bezeroei. Elikagai-denda ere bazen, eta haren jabeak, Eugenio jaunak, inork ez bezala gozatzen zuen bere bezeroekin eta dendarekin, eta ezagutu den urdaiazpiko-ebakitzaile onenetako bat zen. Arrandegia ere bazegoen, Eduardoren ardurapean, mutil jatorra, arrandegira hurbiltzen ziren emakumeen goizak alaitzen zituena bere graziarekin eta lan onarekin. Baita egur-ikaztegi bat ere, Luis jaunak gobernatua, inguruko ijitoek errespetu handia zioten eta aholku eske joaten zitzaizkion. Garai haietan oso normala zen ikatza eta egurra erostea sukaldeko txapa edo ekonomiketarako, hala, jakiak prestatzeaz gain, etxea berotzeko moldatzen baitziren. Ikatza hiriko etxe aberatsenetako berogailuetarako saltzen zen. Inguru hartako biztanleak pertsona xumeak ziren, baina jende ona. Auzoan emakumeek familiakoak balira baino hobeto ezagutzen zuten elkar, eta harreman adeitsu eta adiskidetsua zen nagusi. Aipagarria da Zabala auzoko jende talde batek dirua biltzeko izan zuen ekimena, penizilina aurkitu zuen Fleming doktorearen bustoa egiteko, eta azkenean lortu ere bai: bustoa plaza txiki batean jarri zuten, kalearen hasieran, Gorte kalearen amaieraren parean. Horrek jendearen jarreraren ideia bat ematen du: pertsona onak ziren!

Tira, Gorte kalea berez ia leku normala zen, tabernaren bat edo besterengatik izan ezik. Gero, inguruetako kaleak eta plazak zeuden, Harrobi, esaterako, oso ospetsua, plaza hura izan baitzen urteetan zehar inguruaren hedapenerako toki bakarra. Bertan egon zen Bilboko lehen elkarte sozialista, Facundo Perezagua, Bizkaiko sozialismoaren lehen liderra, buru izan zuena.

Gorte kaletik gertuko beste kale batean Bataclan egon zen, benetako kabareta eta beharbada inguruko finena, gauero errebista-emanaldi bat egoten zen han, eta neska eder eta gorpuzkera bikainekoek parte hartzen zuten. Lokal hura ezaguna egin zen Juanito “El Trianero”k jardun zuelako bertan; Palankako mito hura Espainiako lehen transexualetako bat izan zen, Coccinelle frantziarrarekin soilik aldera zitekeena.

Bilbo osoko eta Bizkaiko herrietako jendea ─senar-emazteak, bikoteak eta gizonak bakarrik, emakumeak bakarrik ez ziren inoiz ikusten─ izaten zen ikuskizunean, eta xanpain botila on eta garestiak irekitzen ziren edateko. Musikaren eta nesken dantzen konpasean, jendeak barre egiten zuen, edan egiten zuen, musuka aritzen zen, eta ahal zuenak behar ez zuena ukitzen zuen eta batzuetan zaplatekoren bat jasotzen zuen bueltan, baina garrantzitsuena zen jendeak ikuskizun atsegin, garbi eta dibertigarri batez gozatzen zutela. Bataclan hark, 1960ko hamarkadan Bilbon hain fin, dibertigarri eta ospetsua izan zenak, beharbada, Parisko Bataclan ospetsutik hartuko zuen izena. Edozelan ere, alaitasuna eta dibertsioa ekarri zituen aldi batez gozatzeko premia handia zuen leku batera.  

Boni tabernako Bonifacio sukaldariak, Gorte kalera etorri aurretik, Al Caponerentzat lan egin zuen, haren bizkartzain eta sukaldari izan zen, horretaz harro zegoen, eta gangsterrak opari egin zion gerriko bat erakusten zuen.

Hernani kalearen hasieran, Lamana kalearen eta Mesedeetako zubiaren aldera, Jesusen Mirabeen komentua dago. Hango kapera ederra da, Bilboko ederrenetako bat: hara sartu, bankuetan eseri eta hango edertasunak eta lasaitasunak espiritualtasun eta buruarentzat sosegu handiko uneetara eroaten zaitu.

Erakunde erlijiosoa ospitale-arlokoetakoa da, gaixoak jagon edo zaintzen dituzte, eta garrantzi handia izan zuten meatzarien eta haien familien zaintzan Trianoko eta Zugaztietako meategietan.

Moja haiek meritu itzela dute: egunero, goizeko zortzietatik aurrera, ehun pertsona ingururi ematen diete gosaltzen, eta jakiak inguratu, sukaldean prestatu, zerbitzatu, garbitu, kontsolamendua eman… eurek egiten dute dena, ezelango kexa barik, maitasunez eta behartsuenei laguntzeko irrika handiz.

Komentuko solairuetako batean, gaixo terminalak, non egonik ez dutenak, maitasun eta profesionaltasun handiz zaintzen eta artatzen dituzte, eurek bilatzen dute mantenua eta eurek ematen diete. Gauez, borondatearen truke, gaixoak zaintzera ere joaten dira mojak, edo arazoak dituzten familietako eta familia ugarietako haurrak zaintzera, gurasoek lo egin, atseden hartu eta gau lasairen bat igarotzeko aukera izan dezaten.

Gizarte- eta giza lan handia egiten dute mojek, altruistak dira eta ongia egiten dute, esaera zaharrak dioen lez, nori egiten dioten begiratu barik.  

Eskerrik asko hango guztiei, Ahizpei, Amei, eskerrik asko egiten duten on guztiagatik.

Kalean lasaitasuna arnasten zen, hiriko beste edozein lekutan bezala hara eta hona ibiltzen zen jendea. Emakumeak beren etxeetatik jaisten ziren erosketak egitera, garai hartan egunerokoa zena, arrandegira joaten ziren, janari-dendara, eta abar. Eta hala dendariek, azkenean, auzo osoa eta bertan jazo edo gertatzen zena ezagutzen zuten. Aberatsenek, halakoak ere baziren-eta, telefonoz eskatzen zuten erosketa eta mandatugileak bizikletaz eroaten zien. Edo kaxa oso astuna baldin bazen, sorbaldan eroaten zien, eta kontuan izanda orduan Bilboko inguru hartan igogailurik ez zegoela, egiten zuten lana gogorra eta neketsua zen.

Baina ilunabarrean, auzoaren zati bat prostituzio, zurrut eta areto-dantzen gune bihurtzen zen, non dantzatu ahal izateko diru kopuru bat ordaindu behar izaten baitzen, eta trukean txartel bat ematen zizuten, dantza-lagun izan gura zenuen neskari eman behar zeniona.

Auzoan bitxigileak, bulegariak, dendariak, goi-mailako ijitoak eta behe mailako batzuk ere bizi ziren. Baina hark familia handi bat zirudien, han denek ezagutzen zuten elkar, beren txutxu-mutxu, inbidia eta abarrekin, baina auzokide zintzoen portaerekin ere bai. Norbaitek zerbait behar zuenean, leku batetik edo bestetik, laguntza emango zion norbait aurkitzea zen normala.

(jarraituko du)

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.