LUIS ADISKIDEA (bosgarren partea)


ERAKUNDE LAGUNTZAILEAK

Luisek Gobernuz Kanpoko Erakundeei (GKE) buruz duen iritzia ona edo oso ona da oro har, salbuespen bat izan ezik.

Ekuatore Gineara Kanpo Arazoetako Ministerioaren eskutik iritsi zen, garai hartan Ministerio hori baitzen atzerrian giza laguntza kudeatzen zuena.

Normaltzat jo daiteke herrialde hari laguntzea. Espainiako kolonia izana gutxira arte, espainiar batzuk han geratu ziren, eta kultura eta hizkuntza mantendu egin ziren, enpresa- eta merkataritza-interes handiez gain.

Handik gutxira, laguntza-jarduera Osasun Ministerioaren mende geratu zen. Geroxeago GKEen loraldia etorri zen, oso gertaera positiboa.

Ginean zegozkien laguntzak jasotzen zituzten, material eta botika moduan, erregulartasunez eta beharrizanen barruan, eta bidaltzeko gaitasunaren arabera. Horrela izan zen Luis han egon zen bitartean, bai bertako ospitaleetarako, haietan lan egin baitzuen hasieran, eta bai Bata hirian bere aurrezkiekin muntatu zuen klinikan. Beste kontu bat han bertoko osasun-erakundeak ziren.

Mauritanian bestelakoa izan zen egoera GKE jakin batekin, bera herrialde hartara eraman zuenarekin. Ez zidan esan gura izan zein zen. Jada hara iritsi aurretik izan zen arazo bat. Erakundea kezkatuago zegoen bere irudiaz eta laguntzak lortzeaz, jardueraz beraz baino.

Horregatik, botikak ez ziren kasu askotan ez beharrezkoenak ez komenigarrienak, eta, gainera, aspaldi iraungitakoak ziren askotan.

Baina are okerragoa zen azterketa, analisi eta abarretarako ekipamenduekin gertatzen zena. Orokorrean berriak, ez zituzten kontuan hartzen inguru hartako tenperatura altuak, eta sarri gertatzen zen egokiak ez izatea 40°ko giro-tenperatura gaindituz gero, ohiko samarra paraje haietan.

Hori maiz jakinarazten zitzaion zentralari, baina ez zioten inoiz jaramonik egin, eta egokiak ez ziren bitartekoak bidaltzeko errutina behin eta berriro ikusi zuen han egon zen ia bi urteetan. Ekipamendu berri eta garestiak, bazterturik eta ezin erabilita, hain beharrizan handiko lekuetan …

Guatemalan egoera aldatu egin zen. Ekintza-arduradun gisa joan zen Luis, behartsuena eta armada eta gerrillaren arteko liskar militarrengatik zigortuena zen eskualdera. Mediku gisa zegokion jarduerari, osasun-azpiegiturak berreraikitzea gehitzen zitzaion: hain beharrezkoak ziren osasun-etxeak, anbulatorioak eta ospitaleak.

Horretarako, zegokion GKEaren eta Europar Batasuneko funtsen laguntza zuen. Proiektuak aurkeztu, dirua lortu eta kontuak ematen zituen. Gainera, bere lanbidea betetzen zuen eta hainbat elkartetako laguntzaile-talde baten buru zen, gehienak oso gazteak ziren. Ezin hobeto berba egiten du ekintza haietaz.

Luisen iritziz, nahiz eta kasu batzuetan ez duten behar legez funtzionatzen, GKEen zeregina ona eta beharrezkoa da.

MAURITANIA

Ekuatore Gineatik Mauritaniara egindako aldaketa izugarria izan zen. Batetik, gogoz kontra utzi behar izan zuen herrialdera itzultzeko gogo bizia zuen; bestetik, oihanetik basamortura igaro zen, herri aborigenetatik nomaden kanpamentuetara, kristautasunetik islamismora, naturaren ugaritasunetik urritasunera.

Gogoan du Luisek Mauritaniara iritsi eta bere hiriburuko futbol-zelaira joan zela Afrikako musika-talde ospetsu baten kontzertua ikustera. Esparrua jendez mukuru zegoen. Bere lankideekin batera, neska talde batekin, beltzak noski, harremanetan jarri berriak ziren. Haietako bat bereziki ondo moldatzen zen Luisekin.

Kontua da neska hark asko ez zela hautsi zituela harremanak bere lehengo bikotekidearekin, eta hau neskaren gaineko eskubideekin sentitzen zela, jeloskeriak areagotuta. Zuri batekin irteten hasia zela jakinik, eta ikuskizunera joanak zirela, laster aurkitu zituen estadioan. Erraza zen, bera eta bere lagunak ziren ia zuri bakarrak. Eta berehala, jende gehiagoren laguntzaz, haren bila joan zen. Gutxigatik atera zen onik. Edo, gurago baduzue, hanka jokoari esker.

Beste gertakari batek ere, kasu honetan profesionalak, eragin zion.

Denbora igaro ahala, nabaritzen zuen bere ospitalearen eremuko haurrak ez zirela behar legez eta garaiz sendatzen, bere ezaupide eta eskarmentuagatik ondorioztatzen zuenez. Zentroko pediatrarekin berba egin zuen, europarra zen, baina medikuntzaz zipitzik ere ez zekiela ohartu zen, egokienak ez ziren gauzak errezetatu eta tratamendu desegokiak jartzen baitzituen.

Egoki iruditu zitzaion ikerketa batzuk egitea. Horrela jakin zuen ez zela medikua, erizaintzako lehen maila bakarrik gainditu zuela kalifikazio txarrekin, gezurra esan zuela bere curriculumean eta bere dokumentazio profesionala faltsifikatu zuela herrialde hartan postu bat lortzeko, behar bezalako prestakuntzarik gabe medikuntzan jarduteko arazorik ez zuela izango uste baitzuen.

Neska, gainera, inguruko enbaxada bateko goi-kargudun baten bikotekidea zen.

Luisek lortutako dokumentazioa aurkeztu zuen enbaxada hartan eta bere GKEan. Eta berehala lekualdatzea lortu zuen. Baina ez pediatra, bera baizik. Etxera bidali zuten. Berriro.

Han utzi zituen odol- eta gernu-analisietarako berak egindako oinarrizko ekipamenduak, berrien eta erabilgaitzen ordezkoak zirenak ahal zen neurrian; eta Tuaregei buruzko oroitzapen sakona ekarri zuen handik, haien abegikortasunaz, basamortuko giro gogorrera lortutako aklimatazioaz eta hain nabarmenak ziren begi urdin haien soaz.

GUATEMALA

Mauritaniatik itzuli eta gutxira proiektu berri batean murgildu zen, oraingoan GKE oso serio batekin eta Europako Batasunaren babesarekin.

Bere helmuga: Guatemala, eta han herrialdearen barren-barrenean, gerrillaren eta armadaren arteko borroka gogorrek errausturiko eremuan; jada azken fasean zegoen borroka, baina ez zen horregatik arriskua txikiagoa. Eta pobrea, oso pobrea.

Luisen egitekoa: mediku gisa jarduteaz gain, gutxieneko osasun-sare bat berregitea, hainbeste sufritzen ari zen populazioa artatzeko. Dena, kontsultategiak, erietxeak, osasun-zentroak, … suntsituta zegoen.

Baliabideak edo bitartekoak: proiektuaren araberakoak. “Patroi” edo ugazabak, Europako Batasunak, dirua zuen, eta funtsak esleitzen zituen, aurkezten zitzaizkion proiektuak zentzuzkoak baldin baziren. Egiten uzten zuen, eta emaitzak eta kontuak baino ez zituen eskatzen. Kontrol handia, hori bai.

Egoera tamalgarria zen, eta gosea zegoen. Ez Ginean, ez Mauritanian, ez zuen beste inon bizi izan suntsitutako eremu hartako intentsitatearekin. Eta beldurra, beldur handia. Baina beldurra berarenganako mirespen eta maitasun bihurtu zen, trukean ezer eskatu barik hara bere onena ematera joan zela ikusi zutenean.

Iritsi eta gutxira, eskarmentu gutxiko mediku kooperante gazte batzuen bila joan behar izan zuen. Lehen gaua erdi suntsitutako etxe batean igaro zuten. Gauak zarata asko zituen. Eta haien artean, aldameneko gelatik iristen zitzaizkion emakumezko mediku baten negar-zotinak.

Zer gertatzen zitzaion ikustera hurbildu zen. Eta dardarka eta negarrez aurkitu zuen, kamainaren azpian. Malko artean esan zion beldur zela, morteroak eta bonbak etengabe erortzen ari zirela entzuten baitzuen etxe ondoan. Ahal zuen guztia lasaitu ostean, Luisek etxebizitzatik kanpora eraman zuen, eta erakutsi zion zarata uralitazko sabai erdi suntsitu batek egiten zuela, bonbardatutako etxe bateko trenkadak jotzen baitzituen haizearen eraginez.

Egun batean, kooperante berri bat iritsi zen. Bere gauzen artean, jaki batzuk zeramatzan, eta nabarmentzekoak Príncipe galleta pakete batzuk, txokolatez barrubeteak. Luisek, haurren beharrizanak eta poztasun urriak ikusita, haien artean banatzea proposatu zion, eta horixe egin zuten. Ezin hobeto gogoratzen ditu gaileta bat jan ahal izan zuten zorionekoen aurpegiak. Zoritxarrez, ez ziren denentzat iritsi.

Behartuta zegoen bere joan-etorrietan gobernuaren indarrek zainduta ibiltzera. Normalean, laguntza-talde txiki bat, ofizialorde bat buru zuena. Soldadu berberak ia beti.

Egun batean, Luis bere helmugan utzi ostean, tiroketa bat entzun zuen. Segada batean harrapatu zituzten. Denak hil ziren. Luis korrika joan zen, baina ezin izan zuen ezer egin. Bera babestu zutenen gorpuak, oraindik bero eta balaz josiak, ikustea besterik ez. Biziak galdu zituzten gazteak. Ezagutzen zituenak. Guztiez oroitzen da.

Eta berehala ondorioztatua zuena jakinarazi zioten gero. Gerrillariak zain egon zirela soldaduak berarengandik banandu arte, berari minik ez egiteko. Baina horrek ez zuen kontsolatu. Inoiz ez.

(jarraituko du)

ANTERIORES:

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.