2016ko irailaren 1ean, gure webgunean nire lantxo bat argitaratu zen:
“Lehen Gurutzada: hurbilketa bat”
Ez nekien lehenago beste gurutzada bat egon zenik fedegabearen aurka.
EGOERA HISTORIKOA
Gaur egungo Huesca probintzian gaude, XI. mendeko hirurogeiko hamarkadan. 300 urte baino gehiago ziren musulmanak Gibraltarretik Penintsulara sartu zirela eta, ia aurkaritza barik, Poitiersera iritsi zirela, non Karlos Martelen tropek “geldiarazi” zituzten.
Mairuen eta kristauen arteko elkarbizitza nahiko lasaia ari zen izaten Iberiar Penintsulako eremu honetan. Kontuan izan behar da Islama iritsi zenean erresuma erabat zatituta aurkitu zutela: bertako biztanle gehienak, klase apalenak, erromatar, zelta, iberiar eta zeltiberiarren nahasketa bat ziren, eta klase buruzagiak, berriz, godoak ziren, elite militarra, oro har, mendekoak gogor tratatzen zituztenak, garai hartan ohikoa zen jokaera, bestalde.
Konkistatzaile berriek, hasierako garaietan ez oso ugariak, iritzi hobea zuten herriaz. Konkista, erraza ez ezik, oro har, ondo hartua ere izan zen, edo, gutxienez, toleratua.
Musulmanek, zer egin behar zuten jakinik, bai juduei eta bai gehiengoa ziren kristauei gurtza-askatasuna onartu zieten zerga txiki baten truke, salbuespen bitxi batekin: ez zieten uzten beren tenpluetako kalteak konpontzen.
Gainera, laborantza eta ureztatzeko modu berriak ekarri zituzten, bertokoen bizimodua erraztu zutenak.
Musulmanentzat oso interesgarria zen al-Andalusetik hasita, Penintsularen ekialdetik, Pirinioetaraino zihoan eremu geografikoa. Gaur egun Aragoi den tokian hainbat hiri sortu zituzten, adibidez, Calatayud (Bilbilis erromatarretik gertu), Daroca eta Barbastro.
Aragoiko errege Antso Ramiritzek (1045-1094), bere aita Ramiro I.ak ─Erresuma honetan izan zen lehenak─ bezala, Cincaren ibar emankorra menderatu gura zuen eta, bide batez, Barbastro hiri gotor aberatsa konkistatu.
BARBASTRO
Hiri hau, dirudienez, Muza mairuak gotorleku defentsibo izateko sortu zuen mairuak Pirinioetara iritsi zirenean 711. urtean.
Vero eta Cinca ibaien arteko loturak osatzen duen haran emankorrean eta iparraldeko erresumetatik gertu kokatuta egoteak merkataritza-ibilbide garrantzitsuen erdigunean jarri zuen, eta garapen handira eraman zuen zirkunstantzia horrek. Eta badakigu, merkatariak non, dirua han. Gainera, “esklaboen merkatu” garrantzitsu bat zeukan, lurralde mairuetan garrantziaren adierazgarri, non godo eta normandiar emakumeak saltzen baitziren gehienbat, bereziki ilehori eta ilegorriak, garai hartan behintzat herriak gehien irrikatzen zituenak.
1063an, Ramiro I.ak Barbastro konkistatzea hartu zuen helburu. Aurrez, gertuko Graus hiria (gaur egun bere lukainkengatik ospetsua dena) hartzen saiatu zen, baina defentsako tropen aurka borrokan hil zen.
LEHEN GURUTZADA
Bere aita Ramiro I.a bezala, Antso Ramiritz oso ondo moldatzen zen Erromarekin. Horregatik lortu zuen, Aragoiko kondea zelarik, aita santuak errege aitortu eta kargua ematea zenbait ordainen truke, adibidez, basailutza onartzea. Horregatik, Aragoi erresuma bat da eta, ondorioz, bere lurraldea “Aragoiko Koroa” gisa ezagutzen da.
Alexandro II.a aita santuak bulda bat, mairuaren aurkako Errekonkista Gurutzada bat bultzatzen zuena, jaulki zezan lortu zuen erregeak. Borgoinan predikatu zen, eta, ondoren, Frantziako lurralde osoan. 1063. urtean gaude, eta Lehen Gurutzadatzat hartzen dena ondorengo aita santuak, Urbano II.ak, sustatu zuen eta Petri Ermitauak predikatu zuen 1096an.
Lehen bulda horren ezaugarriak geroago etorriko zirenen antzekoak izan ziren:
– Islamak menderatutako kristau-lurraldeen askapena bilatzen zuen.
– Borrokan hildako kristauari bere bizitzan egindako bekatu guztiak barkatzen zitzaizkion.
– Gurutzadan mairu bat hiltzea, haren ondasunekin geratzea edo hura zigortzea ez zen bekatu.
“Pizgarri” horiek Barbastroren konkistarako, ondorengo Gurutzada guztietan lez, hainbat klase sozial eta jatorritako armadak batzea eragin zuten: frankoak, borgoinarrak, aita santuaren armadako italiar-normandiarrak, eta gainera bartzelonarrak, urgelldarrak eta aragoitarrak, akitaniar soldaduak izanik gehiengoa.
Aurrean, Lleidako Taifako erregearen (al-Muzáffar) armada zegoen, bera baitzen Barbastron agintzen zuena.
Ondo defendatutako hiriaren setioa uda betean gertatu zen. Beroa itogarria zen. Hiriak arazo bat izan omen zuen. Ekaitz gogor baten ondorioz, gotorlekua urez hornitzen zuen lurpeko ubidearen gainera luizi bat erori omen zen, eta hura erabiltezin bihurtu; beraz, bertako biztanleek, azkenean, egarriaren egarriz amore eman eta borrokan etsi egin behar izan zuten.
Abuztuaren 24an, hiriak amore ematea lortu zuten kristauek, bertako biztanleen biziak, ez ondasunak, errespetatzearen truke. Ateak irekitzeak zerbait makurra iragartzen zuen jada. Biztanleak berehala irten ziren ibairantz egarria lehenbailehen asetzeko, baina harresietako pasabide estuetan haietako asko hil ziren jendetzak zapalduta.
Biztanle gehienek egarria kendu ostean, konkistatzaileek beren etxeetara itzultzera behartu zituzten, han itxaron zezaten. Kristauek harrapakin gisa banatu zituzten etxebizitzak, eta familia osoaren aurrean emakumeak eta neskak bortxatu ostean, ondasunak non ezkutatzen zituzten esatera behartu zituzten ugazabak, ondoren erruki barik hiltzeko. Hori hurrengo Gurutzadetan ere errepikatu zen. Azken finean, buldak bide ematen zuen horretarako.
Basakeria horren ondorioz, Saraqusta (egungo Zaragoza) Taifako al-Mutaqir buruzagi handiak Jihad-era dei egin zuen, eta armada boteretsu bat eratu zuen, bertan Rodrigo Díaz de Vivar buru zuen mertzenario-talde bat sartuta; hiria birkonkistatu eta kasu hauetan ohikoak ziren ekintza bortitzak errepikatu zituzten, urte bete beranduago.
– Cid, diruagatik, kristauen aurka borrokatu zen arabiarrekin, eta arabiarren aurka kristauekin. Kapital nahikoa lortu zuenean, independizatu egin zen, eta lurralde musulmanak konkistatzen jardun zuen bere probetxurako.
Handik urte gutxira, Antso Ramiritzen semea zen Petri I.a Sanoitz-ek Barbastro eta Huesca konkistatu zituen behin betiko, eta, horrela, bere domeinuak zabaltzeaz gain, Ebroko ibar emankorrera iristeko bi bide izatea lortu zuen eta horrek erraztu egin zuen haren seme Alfontso I.a Borrokalariak Saraqusta konkistatzea. Errege honen zenbait egitate nabarmendu behar ditut:
– Segidako 29 gudu edo batailatan parte hartu zuen eta guztiak irabazi zituen, bat izan ezik, Fragako konkistakoa, eta hantxe hil zen.
– Aragoitik itsasora irteera bat aurkitzen saiatu zen. Are gehiago, gertakizun oso bitxi batean, Granada urruna setiatzera ere iritsi zen alferrik, borroka barik zeregin hura utzi eta Motril inguruan itsasora iritsi zen.
– Homosexuala zen, eta horrek bi ondorio izan zituen:
-
-
- * Urraka andrearekin ezkonduta, sexualitateari eta ugalketari buruzko desadostasunak zirela-eta, oso liskar handia izan zuten, “Gerra Zibilean” amaitu zena.
- * Ondorengorik ez zuenez eta oso erlijiosoa zenez, testamentuan erresumaren oinordeko gisa hiru Ordena Militar utzi zituen arazo larri bat sortuz.
-
ITURRIAK
Nabarmentzekoak:
- Barbastro. Ciudad estratégica (Gertaerarik esanguratsuenak ezagutzeko modu atsegin eta lasaia)
- Cruzada de Barbastro
- La cruzada de Barbastro (Irakurtzea gomendatzen dut, alderdi galtzailearen ikuspegia, Ibn-hayyan historialariak idatzia, azaltzen baitu)
- Ibn Hayyan
- El ensayo general de las Cruzadas tuvo lugar en Barbastro
- El Cid, de José Luis Corral, eleberri historikoa.
IKUS HALABER
OHARRA
Gertaera historikoak ez dira egungo irizpideen arabera epaitu behar.
Bilbo, 2020ko apirila.