Beloved: ez da kontatzeko istorio bat

Irakurtzeko erraza ez den arren, Beloved (euskaratuta dago: Maitea) XX. mendean idatzitako literatura-lanik bikainenetako bat da. Urratzailea, indartsua, hipnotikoa, kartsua.  Irakurtzeko zailtasuna haren formatik eta funtsetik dator. Kontatzen duen istorioaren edo istorio-bilbaduraren konplexutasunaz gain, benetan gaitz edo zaila egiten duena idatzita dagoen modua da: etengabeko flashbacken segida da, beti iraganera bueltatuz gertakizun berberei buruzko ikuspuntu ezberdinetatik. Itzulinguruka egindako kontakizun bat, gainditu ezin duen iragan ikaragarri bat behin eta berriz gogora ekartzen duena.

Sethe-ren istorioa kontatzen du: amerikar gerra zibilaren garaiko emakume esklabo beltz bat da Sethe, bere plantaziotik hanka egiten duena esklabotzatik ihes egin eta 28 eguneko askatasunaz gozatzeko. Aurkitzen dutenean, ugazabak harrapatzen saiatzen dira, baina Sethek ezin du esklabotzara itzultzeko ideia jasan, eta bere alabetako bat, bi urte baino ez dituena, hiltzen du. Hain ekintza basatia, hain beldurgarria, hain dramatikoa, hainbat ikuspuntutatik kontatzen da, eta hori da eleberriaren erdigunea, gero sekula saihestu ezin den iragana bihurtzen dena. Izan ere, Beloved-en mamua, eraildako alaba, 18 urte geroago berragertzen da benetako pertsonaia bihurtuta, abstrakziotik urrun, gero eta eragin handiago eta boteretsuagoa duena etxe sorginduko biztanleen gainean, han bizi direlarik Sethe bera eta haren beste alaba, Denver, bakardadera eta komunitatearen gizarte-gaitzespenera kondenatuta. Beloved-en paper bikoitzak, erreal-fantasmalak, errealismo magikoaren eremuan sartzera behartzen du egilea, iragan krudel eta etorkizun etsigarri baten itzalak gauzatuz.

Ez du Toni Morrisonek XIX. mendeko amerikar kontinentean esklabotzaren deskribapenarekin atsegin hartzen. Eta, hala ere, bete-betean asmatzen du. Hartaz egiten duen erretratuak marra zuzenak ditu, idorrak, garbiak, hormako iltzeak lakoak. Trazu horiek esklabo beltzek pairatutako laidoak, umilazioa eta ikusezintasuna erakusten dituzte, edertasun mingarriz kontatutako errealitate gordina deskribatzen dute. Bihotza kolpekatzen dizuten iltzeak dira, ukabila lez uzkurtuta uzten dizutenak, egitateen basakeriaren eta hizkera liriko liluragarriaren arteko kontraste paregabea baitira. Liburua eskaintzen zaien ’60 milioi pertsona eta gehiago’ modu ankerrean, ikusezinean, pertsona gisa ukatuta, fisikoki eta mentalki suntsituta eta animalia gisa tratatuta bizi ostean hil ziren. Gaizkiaren hutsalkeriaren beste adierazpen bat. Hori da, tragedia greziar batean lez, alaba baten erailketa basatia maitasun goreneko ekintza gisa justifikatzen duen atzealdea, denboraren joanak gainditu gabeko erru-sentimendu bihurtzen duena. Ez zen krimen bat izan, maitasun-ekintza bat izan zen, maitasun ‘trinkoegia’.

Esklabotzaren erretratuak lehen planoan jartzen ditu arraza eta sexuen arteko erlazioak, eta ama-sentimendu konplexua eta ama eta alaben arteko harremanak garatzeko atzealde gisa balio du; harreman horiek istorioan zehar eboluzionatuz doaz, harik eta hiru emakume protagonisten nortasunak gurutzatu eta bakar batean bateratzen diren sinbiosi-une bat iritsi arte. “Hura nirea da” dio Sethek; “hura nirea da” dio Belovedek; “hura nirea da” dio Denverrek. Hiru ikuspuntutatik partekatutako sentimendu bera, agian pertsona bakar baten ahots desberdinak, erreferentzia bibliko bat beharbada. Baina tragediak, ezin ulertuzko heriotzak ─eleberri honetako pertsonaia guztiak, ukaezinezko magnetismo kutsu poetiko batean bildurik, arrastatzen dituenak─ markatutako sentimendua. Amaierara arte, non erredentzio kolektiboak katarsi gisa jokatzen duen eta gauzak bere lekura itzultzen dituen.

Idazleak errepikatu egiten du eleberriaren amaieran: ‘Ez da kontatzeko istorio bat’.

Ezta ahaztekoa ere.

Beloved-ek (Maitea) 1988ko Pulitzer saria irabazi zuen. Idazleak, Toni Morrisonek, Literaturako Nobel Saria irabazi zuen 1993an. XX. mendearen amaierako amerikar literaturako fikziozko lanik hoberentzat hartu izan da. Bere literatura-kalitatea zalantza guztien gainetik dago, nahiz eta irakurri dudan itzulpena ez zaidan onegia iruditu.

Iñaki Caminos
04.06.20

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies