BBK-ko Erretiratu eta Pentsiodunen Elkartearen Ohiko Batzar Nagusia


Eguneko gai-zerrenda

  1. Gauzatu egoeraren txostena
  2. 2018ko kontuak, ekitaldiko sarrerak eta gastuak dituena, aurkeztea eta, hala badagokio, onartzea
  3. 2019ko ekitaldiko sarrera eta gastuen aurrekontua aurkeztea eta, hala badagokio, onartzea
  4. Elkartearen 2018. urteko jarduera-txostena eta 2019. urterako jarduera-proposamena aurkeztea
  5. Zuzendaritza Batzordean kide berriak sartzea
  6. Gure WEBGUNEA: Bilakaera eta Edukiak
  7. HAZIA: 2018ko Ekitaldiko Txostena (Osorik berrikusiko dugu bere edukia, eta beraz aurrez irakurtzea gomendatzen da)
  8. Galde-eskeak
  9. Batzarreko akta idaztea, irakurtzea eta, hala badagokio, onartzea

Batzarraren amaiera gisa, Juanjo San Sebastian lankideak “La aventura de Ernest Shackleton.-Atrapados en el hielo” (Ernest Shackleton-en abentura-Izotzetan harrapatuta) dokumentala aurkeztuko digu, eta ondoren solasaldia izango da.

“Cantar de mío Cid” poema epikoaren 1. kantan, honela dio oihu-adierazpen batek:
Exíe el sol, Dios cuán fermoso apuntaba”. Horrelakoa izan zen joan zen martxoaren 21eko egunsentia: eguzki distiratsuak ezohiko zerbait egitera animatzen zuen, goizeko ibili bat egitera bozkarioz beteriko Bilbon, non oraindik badiren gauza dirdaitsuak ezagutzeko. Eta paseoan abiatu ginen 109 bazkide Bizkaia Aretorantz, han Mitxelena entzunaretoan egingo baitzen Batzarra.

2. deialdian eta prusiar puntualtasunez hasi da Angel Careaga lehendakaria, eskerrak emanez guztiei etortzeagatik, baita BBK Fundazioko zuzendari nagusiari, Gorka Martinezi, ere, Batzarra Bizkaia Aretoko Sala nagusian egiteko beharrezko baimena lortze aldera egindako gestioengatik.

1.- Eta Mariví, GAUZATUren ohiko berriemailea, bertan ez dagoenez, jarraitu du esanez gaur egun EPSV honek 143 bazkide eta 312 onuradun dituela, bere ondarearekin egiten diren inbertsioak epe luzerako Errenta Finkoan (% 97) soilik egiten direla, eta beraz, bere inbertsioei dagokienez, ultrakontserbadoretzat jotzen dela eta horri esker iaz % 4,55eko errentagarritasuna lortu duela. Harrapazak/n hori! Egindako Auditoriaren arabera, erabat bermaturik du bere prestazio definituen etorkizuna.

2.- Lehendakariordeari, Javier Villaverderi, eman dio berba, eta honek kontuak azaldu ditu labur, iazko aurrekontuari estu lotuak, baita aurtengo urterako aurrekontua ere. Bazkide guztiei bidali zaienez bai Balantzea eta bai Aurrekontua, iruzkin txiki bat bakarrik egin du Foru Aldundiak emandako diru-laguntzaren gutxitzeaz, nahiz eta zentzuzko kopuru bat ordaindu zaigun.

3.- Aurrekontuari dagokionez, iazkoaren oso antzekoa, ordenagailu baten erosketa bakarrik nabarmendu du, egungoa baino ahalmen handiagokoa, beren borondatez eta prestutasunez gai hau daramaten informatikariek beren eginkizuna hobeto betetzeko beharrezkoa.

Baita ere jakinarazi digu iaz 898 bazkide ginela, 168 sartu direla eta 30 irten (2 beren borondatez eta 28 heriotzagatik); beraz, 2018/12/31n 1.036 bazkide ginen guztira. Lan iluna baina arretatsua ari gara egiten oraindik bazkide ez direnak Elkartera erakartzeko. Baina uste da iritsi garela bazkide berri posibleen mugara, harremanetan jarritako beharginen % 31k ez baitu bazkidetu gura izan.

4.- Jarraian, Jorge Ibor-ek iaz egindako jardueren berri eman digu, baita parte-hartzaileen berri ere: 645 lagun izan ziren 14 ekitalditan. Kopuru garrantzitsua da, baina “in crescendo” joan beharko lukeena, kontuan izanda jardueren kalitatea eta askotarikotasuna.

Jarduera pertsona kop.
Elorrio txangoa 47
Hazia hautagaitza bazkaria 28
Batzarra 145
Batzarreko bazkaria 70
Japoniara bidaia 27
Pagasarrira igoera 34
Ondarroa-Lekeitio txangoa 40
Mauricio Uharteetara bidaia 11
Potes eta Liebanara txangoa 41
Urteko bazkaria 160
Butamarta olioen eskaintza 9
Toronjes de la Vallbona eskaintza 18
B Travel beherapen eskaintzak 15

2019. urtean, orain arte zenbait jarduera egin dira: J.R.Apráiz eta J.Campo-ren liburuen aurkezpenak 60 lagunen parte-hartzearekin; Pasaiara txangoa aurreikuspen guztiak gaindituz 95 lagunekin; Bilbao Basket-en partidetara 20 lagun. Eta laster Perura bidaia dago; maiatzean, 2. Igoera Pagasarrira; ekainean bidaia Extremadurara; urrian beste bidaia bat Nafarroa eta Errioxara; azaroan ohiko Meza eta ondoren bazkaria, aurten lehena Bilboko Erruki Etxe Santuko kaperan, eta bigarrena Hesperia hotelean, San Mames futbol-zelaiaren ondoan.

Ekimen bat dago martxan, hots, lehengo Kutxetan sartu zirela 50. urteurrena dela eta, 1969an hori egin zutenak elkartzea, eta oraingoz oso harrera ona du. Asmoa da ekimen honek jarraitutasuna izatea datozen urteetarako.

5.- Iaz ere jakinarazi genuen legez, Zuzendaritza Batzordeko bi kidek, eurek eskatuta, kargua laga zuten, eta behin-behinean haien eginkizunak beste bi pertsonak ─Ángela Jaular eta Antonio Garcíak─ hartu zituzten. Batzarrari beren karguak berrestea eskatu zaio, eta aho batez onartu da.

Asmoa da karguak ez betikotzea, baizik eta kideen berriztatze mailakatua egotea, 5 urteko aldia bete ostean.

Jakinarazi zaigu Zuz. Batz.az gain, beste bazkide batzuk ere beharrean dabiltzala batzorde hauetan: Informazioa eta Gardentasuna, Inbertsioak, Zerga Gaiak, Estatutu eta Araudiak (hemen hobekuntzak sartu gura dira batez ere hauteskunde-gaian), eta Ekitaldiak. Lan edo behar hauetara batu gura duten bazkideen laguntza eskatzen da.

6.- Antonio Garcíak, webgunean hain lan bikaina eta eraginkorra egiten diharduenak, jakinarazi digu bisita kopurua gehituz doala, dagoeneko hainbat posta-kontu ezberdin dauzkagula eta horietako edozein erabil daitekeela, azkena sartu direnek izen-emateak ON LINE egin ahal izan dituztela, eta lehentasuna, beste guztiaren gainetik, segurtasunari ematen zaiola, datuak zifraturik daude eta.

Datu anekdotiko bitxi legez, esan behar da bisiten % 80 Euskal Herrikoak eta Espainiako estatukoak direla, baina % 10,50, harrigarria bada ere, AEBetatik datoz, % 3,25 Frantziatik, eta gainerakoak Erdi eta Hego Ameriketatik.

Orrialderik ikusiena Hazia-rena da, eta hor interes handiena pizten dutenak, logikaz, Errentagarritasuna eta xedapenak dira.

Asmoa dago, eta horretan ari gara beharrean, webgunera euskarazko sarbidea jartzeko; bere zailtasunak ditu, baina BBK-ko Elebitasun Zerbitzuaren laguntzaz, uste da aurtengo ekainerako jada prest izango dela; gainera, beste xehetasun bat gehituko zaio: bakoitzaren urtebetetzean zorionak bidaliko zaizkio posta elektronikoz.

Laster aurkeztuko dira argazki-lehiaketarako Oinarriak, aztertzen ari gara eta.

7.- Berriro lehendakariak hartu du berba Batzar guztietako izarra den gaia azaltzeko, gehien kezkatzen gaituena da eta: HAZIA.

Betidanik, Zuz. Bat. honek gogoan izan du bazkideei informazioa, aldi bakoitzean ahalik eta zabalena eta gardenena, ematea helburu argia dela; eta horrela, 2018ko maiatzean zera onartu zen, informazio hori hilero posta elektronikoz bidaltzea helbidea eman dutenei, ez ordea “irekian” edo “paperean”, ez baitu eremu partikularretik irten behar. Txosten edo Oroitidazkia ere ez da webgunean esekiko, baizik eta bazkide bakoitzari bidaliko zaio.

Jada guztiok dakigun legez, 2018a urte nahasia izan da Burtsaren portaerari dagokionez, batez ere urteko azken hiruhilekoa, eta ondorioz Haziak errentagarritasun pirrikoa izan du, % 0,09koa, eta oso pozik egon behar dugu horrekin, zeren eta gure inguruko EPSVek (CaixaBank, Iberdrola, B. Popular, BBVA eta abarrek) guztiek errentagarritasun negatiboak izan baitituzte, baita % -2 baino handiagoak ere.

Hori gure kudeatzaileen aurreikuspenari esker izan da, aldez aurretik kontratatua baitzuten Estaldura Aseguru bat, azkenean gertatu dena gertatzeko aukeraren aurrean. Errenta Aldakorreko (E.A.) gure inbertsioen errentagarritasuna ez balitz pasa % -8tik, gainerakoaren Errenta Finkoaren errentagarritasun positiboak xurgatuko zukeen, baina E.A.ren bilakaera negatiboa % -14koa izatera iritsi da. Galera hauek dira estaldurak xurgatzen dituztenak eta ehuneko eskas bat POSITIBOAN mantentzeko aukera eman digutenak.

2019rako, eta lorturiko arrakasta kontuan izanda, estaldura berberekin jarraituko da, jokabide berari eusten saiatuz onartzen denetik: Errentagarritasuna eta Segurtasuna.

Atal batean gure Elkartea bere ahalegin guztiak egiten ari da, Haziako Gobernu Batzordean dituen ordezkarien bidez, Inbertsio Alternatiboen atalean. Erakunde Kudeatzailetik inbertsio horien ehunekoa % 5etik % 10era igotzea proposatu da, eta hau aurtengo Inbertsio Planaren Ildo Nagusiak onartu zirenetik 3 hilabete baino igaro ez direnean, nahiz eta gure ELKARTEAK, gure Kolektiboaren profil kontserbadoreagatik, aurka bozkatu zuen, behin eta berriro esanez kontuan izan behar zirela ez bakarrik jada egindako inbertsioak, baita hartutako konpromisoak ere. Joan zen maiatzean bilera eskatu zen gehikuntza horrek sortzen zituen zalantzak argitzeko. Irailean egin zen bilera hori eta gure Elkarteak nabarmendu zuen ez zirela horiek gure arrisku-parametroak, zeren eta B.K.P. esku-liburuetan eta beste F.P. batzuetan ere honelako inbertsioak ez baitira aholkatzen.

Azkenean, % 8ko maximoa erabaki genuen botazio bidez, bazkide babeslea den Kutxabanken botoak funtsezkoak izanik hori onartzeko.

Gure lehendakariak datu bat azpimarratu du, hots, deituriko BILERA ETA BATZORDE GUZTIETARA joan direla gure ordezkariak. Pozik egon gaitezke beraiek egindakoaz, guztioi (positiboki) eragiten digu eta. Baita ere azpimarratu du egokitzapen bat behar dela Erregelamendu eta Estatutuetako artikuluren batzuetan. Kanpo Auditoriak berak ere adierazi du horietan protokoloak ezarri behar direla Bazkideen arretarako Kutxabanken aldetik; une hauetan gabezia nabariak daude beraren jokabidean, adibidez, erabaki-guneak Gipuzkoara eraman dira, eta Bazkideari arreta emateko zirkuituak ez dira egokiak, Sareko edozein bulegotara joaten bagara, ez baitakite nola den eragikera, ezta norengana jo behar duten ere. Gob. Batz.ak jaso ditu gure iradokizunak eta datorren ekainean aztertuko dira bazkideek helarazi dizkiguten gorabehera hauek guztiak.

8.- Galde-eskeen atalean, esan da, oraindik norbait ez bada konturatu, alde bakarrez eta aurrez ohartarazi gabe, I.M.Q.ren koordainketako kuotak % 70 igo direla. Jada bidali da erreklamazio-eskutitza, oraindik erantzunik izan ez duena. Erantzuna iristen denean, erabaki adostuak hartuko dira, eta beraz oso komenigarria da ez botatzea 2019an jasotako fakturak, gero erreklamazioak egin behar baldin badira.

Orain aholkularitza juridikoa eskatzen ari gara, eta horretarako, behar baldin bada, k/k-an dagoen saldoa erabiliko da; aho batez onartu da ekintza hau.

9.- Batzarra 13:30ean amaitu da; Iñaki Palomar idazkariak egindako akta irakurri da, eta bertaraturiko 109 bazkideek onartu egin dute.

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude