IZEKO JOSITA


HITZAURREA

Maria Jose koinatari eskainia, orain arte bezainbeste behiak maitatzen jarrai dezan.

Munduko neska-mutiko guztiei, bizitzak eskaintzen digun askatasuna, gizakiaren altxorrik handiena, preziatzen ikas dezaten, horrek ahalbidetzen baitigu lepokorik gabe mugitzea, hesi barik aukeratzea, geure buruaren eta geure patuaren jabe izatea.

Egun bat iritsiko delakoan guztiak betiko bakean eta askatasunean hazi ahal izango direna.

IZEKO JOSITA

Bazen neskato bat oso alai eta dibertigarria, baina beharrerako oso gogo gutxi izaten zuena. Behi bat ikusten zuen bakoitzean esaten zuen: A zer zortea duen txatxu horrek! Beti etzanda ezer egin barik. Zergatik ez ote nintzen neu ere behi jaio? Horrela ez nuen eskola joan eta ikasi beharrik izango, ez goizetan aurpegia garbitu, ez beste ezertxo ere.

Egun batean, landan zehar zihoala, etzanda zegoen behi bat ikusi eta esan zion: A zer pagotxa duzun! Zu atseden ederrean; ni, berriz, egun osoa batetik bestera, gelditu barik, leher eginda; ez dakizu zer inbidia dizudan! Zurea bai bizimodu ederra!.

Erantzun zion behiak: Zortea? Nik zortea dudala diozu? Zuk bai zortea! Hara eta hona ibil zaitezke, beste herrialde batzuk eta beste jende batzuk ezagutu, beste hizkuntza batzuk ikasi eta gauza berriak ikusi, inork eragotzi barik.

Begira! Ikusten duzu alanbrezko hesi hori? Nik hementxe egon behar, ezin naiz irten eta. Saiatzen naizen bakoitzean, hori ukitu eta kalanbrea ematen dit; beraz, beste erremedio barik, hementxe egon behar etzanda, zenbat gauza egin ahal izango nituzkeen hausnartzen zorioneko hesi hori ez balego hor.

Batzuetan pentsatzen dut polita izango litzatekeela hegan egitea. Zu ibilia zara hegazkinez? Bai, ziur asko! Ikusten? Ni ez, eta ziur asko ez dut inoiz lortuko. Kontatu, mesedez, dena zabal-zabal eta polita ikusiko da, ezta? Munduaren postal handi bat balitz lez, herriak eta jendeak, itsasoak, mendiak, ibaiak… Zein polita! Nik, berriz, beti belardi bera ikusten dut, ibai bera eta hesi berberak. Zein pozik ibiliko nintzatekeen hegan!

Eta trenean, ibilia zara trenean? Egia da etxeak pasatzen ikusten dituzula, eta gizon-emakumeak, eta zuhaitzak, eta soloak, dena!, paisaien film bat balitz bezala?

Tira, ikusten dut bidaiatu duzula, baina zuk nire inbidia duzu. Horra hor! (Begira!) Gainera, jabeak esaten dit egunero esne pila bat eman behar dudala, bestela, hiltegira bidaliko nuela haragitarako. Beraz, egun osoa jan eta hausnarrean, jan eta hausnarrean, … ematen dut; beti jaten ahoa ere minduta izaten dut, eta jetzi eta jetzi, titiak ere minduta, hain minduta ezen egun batzuetan negar egiten baitut!

Euria edo hotz denean, orduan ere hesitik ezin naiz irten, eta izugarrizko hotzeriak izaten ditut eta oso txarto pasatzen dut, ez dudalako aterperik izaten. Bestalde, hau oso zikin egoten da beti, etzateko zelai-puska garbi bat topatzea ere oso gaitza izaten da. Egia esateko, egun batzuetan ez du batere gogorik ematen eta orduan jira eta bira ibiltzen naiz leku berean, ez dakizu zein aspergarria eta monotonoa den!

Hori gutxi ez eta beti gauza bera jaten dugu, belarra eta belarra, belarra era guztietara, bustia, sikua edo erdi sikua. Eta edateko ura, ura eta… ur gehiago, baina ez beti garbia ere, gehienetan zikina, herriko gaztandegiak ibaira botatzen ditu-eta bere hondakinak. Beste batzuetan korta ondoan dagoen askatik edaten dut, baina gauza bera, ia okerragoa ere bai, zapaburuak egoten dira eta! Eta edaterakoan oso kontuz ibili behar izaten dugu, gerta ez dadin zapaburuak irenstea eta gero barruan igelak haztea.

Larretik etxera eroaten gaituztenean, txilioka eta makila luze batez zartaka erabiltzen gaituzte: “Aida, aida! Aida, behia! Aida!” Txepelak izango bagina lez, ez dakizu ondo zein amorragarria den! Etxean gaudenean, askari lotzen gaituzte geldi egon gaitezen, eta hantxe elkarrekin lo egin eta bizitzera behartuta beti.

Eta kexu zara zu? A zer zortea duzun! Zuk gauzatu egin ditzakezu nire amets guztiak, hemen urtez urte etzanda egunen batean gauzatzea hausnartu ditudanak, baina ziur naiz ez ditudala sekula beteko.

Ez izan gehiago nire inbidiarik, zu libre zara, baliatu zeure askatasunaz, eta izan zeure jabe bakarra!, hesi eta lokarri barik.

Bizitzeko, gogoa bakarrik behar da, baina hegan ere egin gura baduzu, ilusio apur bat jarri beharko duzu, orduan baino ez duzu ukituko zorionaren zerua.

 

Egilea: Juan Carlos Ruiz de Villa

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude