bankuko kreditu-txartelak: bermeak


Bankuko kreditu-txartel bat erabiltzea orokortuta dago produktuak edo zerbitzuak ordaintzeko, eskudirua lortzeko eta, era berean, berehalako kreditua izateko, erosketak geroratuta ordaintzeko eta erosketetan deskontuak lortzeko. 

Baina, kreditu-txartelak behar bezala erabiltzeko, beraien beste abantaila eta onura osagarri batzuk ere ezagutu behar ditugu, hala nola, txartel horiek barne hartzen dituzten aseguruak (istripuetakoa, bidaia-laguntza eta iruzurraren aurkakoa), horien kostua, eskuarki, kreditu-txartelagatik ordaintzen den urte-sarian sartuta egoten delarik (doako prestazioak dira), edo, bestela, kontratatutako produktuaren arabera aldizkako ordainketen bidez egiten da (aukerako prestazioak izaten dira, aurrez ordainduta lortzen direnak).

Artikulu honetan, erosketetan kreditu-txartela erabiltzeak dituen abantaila eta bermeei buruz berba egingo dugu, hau da, kreditu-txartelaren bidez ordaindutako produktu edo zerbitzu bat eskuratzean, erosketan ordaindutako zenbatekoa txartelaren titularrari berreskuratzeko edo itzultzeko aukera ematen dioten egoerak aipatuko ditugu.

Ikus ditzagun txartelaren erabiltzaileak topa ditzakeen egoera batzuk:

Itzulketak: Saltoki edo merkataritza-establezimendutik kanpoko erosketetan, kontsumitzaileak atzera egiteko eskubidea du 14 egun naturaleko epean, eta elkarri prestazioak itzultzeko betebeharra dute. Baina, kreditu-txartel batekin ordaindutako erosketa bat baliogabetu ostean, establezimenduak ez badizu zenbatekoa itzultzen, kreditu-txartelaren erakundeari eman diezaiokezu gorabehera horren berri, ordaindutako dirua itzul diezazun.

Gainkarguak: Establezimendu batek artikuluren batean kargu gehigarri bat kobratzen badizu, berarekin harremanetan jarri beharko duzu arazoa konpontzeko. Baina establezimendua ez badago prest itzulketa egiteko, gorabehera horren berri zure kreditu-txartelaren erakundeari eman diezaiokezu, kreditu-txartelarekin ordaindutakoa itzul dezan.

Kargu bikoitzak: Batzuetan, salgai bat, hutsegitez, bi aldiz fakturatzen da, behin egin beharrean; horren ondorioz, kreditu-txartel baten titularrak bi aldiz ordaintzen du produktu edo zerbitzu beragatik. Eragiketa okerren kasu honetan, establezimenduak ez badu kargu bikoiztua itzultzen, gorabehera horren berri eman diezaiokezu zure kreditu-txartelaren erakundeari, zenbatekoa itzul dezan.

Eman bako zerbitzuak: Produktua edo zerbitzua entregatu edo eman ez denean eta saltokiak ez duenean egiten ordaindutakoaren itzulketa zure kontura, zure erakundeari eska diezaiokezu dagokion kargua atzera botatzeko. 

Azkenik, zure kreditu-txartelari lotutako bermeei buruz Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunaren (UCE-EHKB) gomendio praktiko batzuk emango dizkizugu:

Kreditu-txartel bat kontratatzen duzunean, eskatu eta irakurri arretaz kreditu-txartelen onuren programa eta erabilera-baldintzak, edukia, estaldura eta mugak edo bazterturikoak ezagutzeko. Zalantzarik izanez gero, eskatu argibideak zure banku-entitatean edo kontsumitzaileen elkartean, kontratatu aurretik.

Eta gorabeheraren bat gertatuz gero, jakinarazi berehala erakundeari, eta hark inprimaki bat bidaliko dizu, erakundeak ezarritako epearen barruan bete beharko duzuna, kreditu-txartelak eskaintzen dizkizun berme eta abantailez baliatu ahal izan zaitezen.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.