MANDAR TXIKIA

Bazen behin nekazari bat, belardi berde eta polit bat zuena, eta maiz ibiltzen zen bertan paseatzen. Egun batean pentsatu zuen han zerbait falta zela belardiari animazio eta bizitza gehiago emateko. Etxera iristean emaztearekin hitz egin zuen, eta bien artean feriara joan eta behor polit eta indartsu bat erostea erabaki zuten. Esan eta egin, feriara joan ziren, eta, han zehar buelta batzuk eman ostean, kanela-koloreko behor eder bat ikusi zuten, gainera bi urteko behorkume bat zuena. Izugarri gustatu zitzaien eta erostea erabaki zuten, baina, jakina, zelan erosiko zuten ama eta alaba han bakarrik utzi? Beraz, nekazariak emaztearekin berba egin zuen berriro eta biak erosi behar zirela erabaki zuten. Amari ‘Kanela’ deitu zioten eta alabari ‘Gris’, ilea apur bat grisaxka zuelako. Abeltzainari diru dezente ordaindu eta baserrira eroan zituzten.

Biharamunean, belardira eroan zituzten, eta han batera eta bestera korrika eta lasterka, zuhaitzei, bitxiloreei eta landa berde osoari bizia ematen zieten. Belar freskoa jan eta euriaren ura batzen zuen bainuontzitik ura edaten zuten, indartsu eta osasuntsu haziz. 

Egun batean, abeltzain batek astar txiki bat eta beste bat zaharragoa eskaini zizkion, akordio batera iritsi, tratua itxi eta gure baserritarrak erosi egin zizkion. “Baina zer egin orain astoekin? Non gordeko ditugu?” galdetu zion bere buruari. Berriro hitz egin zuen emaztearekin eta hark esan zion: “Non hobeto belardian behorrekin baino?”. Hurrengo egunean, nekazariak astarrak belardi berdera eroan zituen. Belardia, gainera, oso zabala zen eta belar asko zuen, han denentzat, behor eta astoentzat, zegoen janaria. Egunak igaro ziren, eta bakoitzak bere kasa egin arren bizitza, behorrek alde batetik, astarrek bestetik, elkarri enbarazurik ez egiteko, noizean behin elkarrekin ibiltzen ziren jolasean eta lasterka. Denak pozik zeuden, eta harmonia egoki eta politean bizi ziren, belar onaz eta landa eta itsasoari begira zituzten ikuspegiez gozatzen.

Hara non egun batean baserritarrak esan zien bere semeei: “Behor gaztea hazitarako zaldi batekin gurutzatzera eraman beharko litzateke, kume eder eta polit bat izan dezan”. Han joan ziren mutilak zelaira behorrak ikustera. Eta a zer ezustekoa! Behor gaztea ernari zegoen, kumea egiteko, eta ez hori bakarrik, haren ama ere bai!

Ama eta alaba ernari, “Nor izan ote da?” esan zioten elkarri. Bakarra izan zitekeen. Astar nagusia! Bestea oso txikerra baitzen oraindik. 

Beraz, astar kaskarin batek ernari utzi zituen bi behorrak, ama eta alaba. Ondorioz, lehenik mandar txiker eder eta arin bat jaio zen, itxura dotore eta harroxkoa zuena. Eta belardi berean bizi izan ziren amona Kanela, hiru urteko ama Gris eta hilabete gutxiko mandar txiki dotore eta harroxkoa. Egun batzuk geroago, beste mandar txiker bat jaio zen, amona Kanelaren ernaldiaren ondorioz.  

Orduan, mandar txiki bilobak anaiorde bat zuen aitaren aldetik, aldi berean bere ama Grisen neba zena, hau da, bere osaba ere bai. Eta astar kaskarina, bere aita izateaz gain, aldi berean bere aitonaordea ere suertatu zen.

Halako nahasketaz nekatuta, baserritarrak saldu egin zuen astar kaskarina, astar txikiarekin geratu zen baina beste zelai batera eraman zuen eta behor eta mandar txikerrengandik bereizi zuen. Azkenean denak pozik, bakoitza bere etxean, denak batera baina ez nahastuta.

Bizitzak batzuetan horrelako opari hauekin harritzen gaitu, Ama Lurraren eta bere Naturaren indarraren ondorioz. Dena ez dago idatzita, lur asko eta bizitza asko dago idazteko.

Mandar txiker dotore, arin eta harroxkoa asko hazi zen eta bizitza ona eta polita izan zuen. 

AMAIERA 2023.06.22

©Juan Carlos Ruiz De Villa

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies