VILNIUS (LITUANIA)
Lehenengo bisita-eguna Vilniusen. Nire lehenengo bisita 2001ean izan zen, Lituania Europako Ekonomia Erkidegoan sartu aurretik. Asko aldatu da ordutik eta onerako bakarrik. Uste dut EEEko funts edo fondoen erabilera oso garrantzitsua egin dutela. Hango monumentu guztiez gain (asko dira), batez ere bertako kaleen eta monumentu-guneen garbitasunak eta zaharberritzearen kalitate handiak liluratu naute.
Goizean Lituaniako hiriburuan ibili gara Petri eta Pauloren eliza, Gediminas dorrea, Espiritu Santuaren monasterioa eta abar ikusteko.
Arratsaldean auzorik bitxiena ikusi dugu: “Užupis Errepublika”. Užupis artisten “errepublika” da. Bere ereserkia du, konstituzioa, presidentea, gotzaina, bi eliza, zazpi zubi eta zaindari bat (Užupisko brontzezko aingerua). Vilniuseko auzorik zaharrenetako bat da, eta dokumentu historikoetan jada XVI. mendean aipatzen da. Kanpoaldeko txiroena zen, baina gaur egun Vilniuseko auzorik ospetsu eta garestienetako bat da Užupis.
Antakalniseko hilerriaren bisita. Lituaniako lurretan hildako militar asko daude hilerri hartan. Napoleonek 1812an Errusiari egindako erasoan hil ziren soldadu frantziarren 3.000 hilobi baino gehiago nabarmentzen dira.
Bi mundu gerretan eroritako soldadu alemanak eta errusiarrak ere han daude lurperatuta, 1920ko borroketan hil ziren poloniarrak, eta 1991n tropa sobietarrek hil zituzten lituaniar abertzaleak, Lituaniaren independentzia-prozesuan.
Jende guztiak hitz egiten du monumentuei buruz, baina ez da garrantzi gutxiagokoa gidarien profesionaltasuna eta lan ona. Eskerrak eman nahi dizkiot Vilmari, gure taldearekin duen pazientziagatik eta, batez ere, gurekin partekatzen ari den bere ezaupide handiengatik.
VILNIUS-TRAKAI-KAUNAS
Hirugarren eguna Lituanian, gaur Vilniusetik irten gara Kaunasera joateko, baina Trakai gazteluan nahitaezko geldialdia eginez, gainera izeiz eta urkiz betetako parke nazionala baita. Gaztelu ikusgarria XIII. mendeko eraikin bikaina da. Uharte txiki batean dago, aintzira idiliko baten erdian, eta haren uretan adreilu gorriko horma altuen eta dorre lirainen silueta islatzen da. Vilma gure gidariak emandako azalpenekin, ibilbide osoa egin dugu gaztelu zoragarri hartako areto eta erakusketetan zehar, eta txalupan ibili gara aintziran.
Ondoren, eta bazkari zoragarri baten ostean (egundokoa kalabaza-krema!), Kaunasera joan gara, eta han lo egin dugu, baina lehenago, alde zaharra bisitatu dugu, baita bertako gaztelua, udaletxe zaharra, ‘beltxarga zuria’ gisa ezaguna, katedrala, askatasunaren hiribidea eta beste hainbat gauza ere.
Lituanian barrena Nida eta Klaipeda bisitatzen jarraitu dugu.
KLAIPEDA- KURLANDIA PENINTSULA – NIDA
Azken eguna Lituanian eta Letoniara goaz. Kaunasetik Klaipedara ibilbide luze samarra bada ere, merezi du, egia esan. Behin Klaipedan, ferrya hartu eta istmora eroan gaitu, non baitago Neringa parke nazionala, Kurlandiako Istmoko Parke Nazionala ere deritzona; Lituanian, Itsaso Baltikoaren kostaldean, dagoen eremu babestu bat da.
Hondar-barrak 98 kilometroko hedadura du, horietatik 52 Lituaniako lurraldean daude, eta gainerakoak hegoalderantz Kaliningradokoa (Errusia) den zerrendan. Lur-mihi horrek 400 metroko zabalera du zatirik estuenean, eta ia 4 km-koa (3,8 km) zatirik zabalenean.


Magoen basoko paseoa, zeharkaldian banaturik dauden irudi guztiei begira, batere zorrotza ez den treking txiki bat da, eta zerbait desberdinaz gozatu nahi duten bidaiariei ez ezik, familiei ere gomendatzen diet, umeek asko gozatzen dute eta. Bisita hau bizikletan egin zuen lagun batek gomendatu zidan, eta izugarri gustatuko zitzaidala esan zidan, eta uste dut hala izan dela taldekide guztien iritzia kontuan izanda.
Eguerdian Nidaraino joan gara: arrantzaleen hiribildu zahar bat da eta Itsaso Baltikoan kostaldeko leku erakargarrienetako bat.
Arratsaldean, istmo honetatik ferryz zeharkatu ostean, Klaipedara joan gara hiriaren bisita egitera, oinez ongi bisitatzen den hiri atsegina da.
Agur esango diogu Lituaniari, baina, egia esan, iritzi bikaina daramagu herrialde honi buruz.
KLAIPEDA – PALANGA- PAKRUOJIS JAURERRIA- RIGA (LETONIA)
Egun gogor samarra errepidean, Klaipedatik irten eta ia 400 kilometro egin baititugu, geldialdi batzuekin, Rigara iritsi arte.
Lehenengo geldialdia Pakruojis jauregian izan da. Lorategi ingeles eder bat da, estatua ugarirekin eta lore asko eta 48 hektareako lursaila duen baso ikusgarri batekin.
Lituanian, lehen Mundu Gerraren aurretik, bertako familia nobleek politika eta negozioak menderatzen zituzten garaietako oroigarri handi bat da.
Egia esan, merezi izan du gazteluko egonaldiak, bazkariak eta bertako bisita gidatuak. Gainera, oso dibertigarria izan den zeramika-tailer batean parte hartzeko aukera eman digute.
Bidaiari berrekin diogu, oraindik 190 km inguru geratzen zaizkigulako eta Lituanian azken bisita bat dugulako: Gurutzeen Muinoa. Bake-sentsazioa ematen duen lekua da, non lituaniarrek, errusiar okupazioan zehar, beren ausardia agerian utzi zuten okupatzaileen aurrean kemen-erakustaldi honekin.
Bisita amaitu ostean, Rigarantz, Letoniako hiribururantz, jarraitu dugu, bidaia honetaz gozatzen segitzeko zain baitugu.
RIGA
Lehen eguna Letonian, gaur hiria egokitzen zen, eta zelako hiria!!!, RIGA, bai bere iragan ikusgarriagatik, askotan menderatu dutelako suediarrek, errusiarrek, lituaniarrek eta abarrek, bai bere egungo izaerarengatik.
Hasteko, azoka, Europako handiena omen dena, bisitatu dugu. Bost pabiloiak, bitxia bada ere, hasiera batean baloi edo globo gidatuak ─zehatzago esanda, zepelinak─ hartzeko eraiki ziren, eta gero zatitu eta arrain, haragi, barazki, lore eta abarretako pabiloi bihurtu ziren. Kanpoaldea ere oso interesgarria da, Art Nouveau estiloarekin Rigaren erdigunean. Eguneroko bizitzako alderdiak eta bertako produktu gozoak ezagutzeko aukera paregabea.
Geroago, ibilaldi panoramiko bat egin dugu oinez galtzada-harrizko kaleetan barrena. Ondo kontserbatuta daude, eta erdigune historikoaren ezaugarri den Erdi Aroko giroa gorde dute. Bisitak alde zaharreko gauza garrantzitsuenak erakutsiz jarraitu du: elizak, Dome plaza eta bere azoka berezia, egun hauetan loreei eskainia dagoena San Juan eguna ospatzeko.


Azkenik, munduan dagoen Art Nouveau eraikin-bildumarik handiena ikustera jo dugu, haien bereizgarri diren lerro bihurri eta apaindura aberatseko fatxadekin; beste estilo batzuetako beste eraikin batzuekin batera, hiri polit hau harro sentiarazten dute.
RIGA- JŪRMALA-JELGAVA-RIGA
Egun trinkoa Letonian, goiz irten gara Jūrmalarantz, letoniarren artean oso ohikoa den uda-lekua, non oinak busti ere egin baititugu Baltikoan.
Hiriko erdigune osoan barrena ibili gara paseo atseginean, zurezko eta oso ondo zaindutako etxe eta saltokien artean.
Rundāle jauregia ere bisitatu dugu, non Errusiak Letoniarekin izandako lotura guztia azaldu diguten. Jauregi hau, nire ustez, nahitaezko bisita da Letonia landatarrean.
Eraikin barrokoen multzo hau, bestalde, atrakziorik bisitatuena da lar turistikoa ez den Zemgale eskualdean.
Zemgale nekazaritza-eskualdea da batez ere, eta bertan gauzarik erakargarrienak dira Curlandiako dukeak (Peter Biron) hemen eraiki zituen bi jauregiak (Rundāle eta Jelgava), baita Bauska hiri txikia eta bertako gaztelua ere.
Lorategiak eta gelak, guztiak zaharberrituak, ikusgarriak dira.
Gero Jelgava aldera jarraitu dugu, eta han hiriaren bisita labur bat egin dugu.
Horrela, Letonia utzi eta ikusteke daukagun azken herrialde baltikora, Estoniara, joango gara.
Espero dut bisita hauek guztiek bidaiatzera animatuko zaituztetela, dagoen gauzarik zoragarriena baita.
SIGULDA-PARNU (ESTONIA)
Atsekabe handiz esan diegu agur Letoniari eta bere hiriburu Rigari. Estoniarantz abiatu gara, baina ez lehenago Siguldako parke nazionala, ‘Letoniako Suitza’ deitua, bisitatu barik, bere muino leun eta baso hostotsuekin. Livoniarren tribua XI. mendean iritsi zen haranera, eta zurezko gaztelu eta gotorleku ugari eraikitzen hasi ziren, baita Turaida gaztelu ederra ere, 1214an eraikia eta gerra, sute eta suntsipen ugarietatik bizirik iraun duena.
Gutmanis haitzuloen bisita, non baitute jatorria Livoniarren historiako kondairarik ospetsuenek. Haitzuloko hormak eta sabaiak apaintzen dituzten margoak eta inskripzioak ikus daitezke.
Jada Estonian, Parmu bisitatu dugu jarraian: estoniar guztientzako udako hiri gisa gehiago ezagutzen da beharbada; bere golkoan hondartza oso interesgarriak ditu eta inguratzen duten basoek erakargarritasun handia ematen diote.
Hurrengo egunean Tallinn-era joan gara, agian ‘koroaren harribitxia’ da, bere alde zaharra gizateriaren ondare izendatuta.
TALLINN
Ikusgarria, ez dago Tallinn definitzeko beste modurik, hiri harresitua eta xarma bereziak dituena.
Tallinn bidaia honetako harribitxia dela uste dut, nahiz eta bidaia osoa ari zaigun oso atsegingarria gertatzen.
Parnutik irten ostean, Tallinnera joan gara, zortea eta gure korrespontsalaren kontaktua izan ditugu, eta horri esker 10:30ean iritsi garenean logelak prest geneuzkan eta berehala eman dizkigute, zoragarri.
Egun honetan, Vilniusetik izan dugun gidariari, Vilma-ri, agur esan diogu. Aurkikuntza handia izan da, komunikatzaile ona eta, batez ere, pertsona ona, beti irribarretsu eta eskaini ziezagukeenari adi. Bidaia gehiagotarako joko dugu berarengana, hori seguru, harribitxi bat.
Tallinnen, Anneli Ramos genuen zain, aita kubatarra eta ama estoniarra dituen estoniar bat, eta gaztelaniaz oso ondo hitz egiten duena. Berak erakutsi digu Erdi Aroko alde zahar guztia, atzo esan nuen bezala, Unescok Gizateriaren ondare izendatua; Katedralaren muinoa, hiri zaharra eta estoniar hiria bisitatu ditugu, baita ere Alexander Nevsky katedral ortodoxoa eta Toompea gaztelua, Estoniako Parlamentuaren egoitza.
Tira, egun osoa eman dezakegu hiri honi buruz berbetan, baina bidaiatu eta zuzenean gozatzera animatzen zaituztet.
Lahemaa parke nazionala
Egun bikaina berriro. Ezin gara kexatu eguraldiaz, bidaia osoan ona izan dugu eta.
Tallinnetik irten eta Lahemaa parke nazionalera abiatu gara, baina lehenago geldialdi bat egin dugu bidean Jãkala ur-jauzia ikusteko; urtegi batek eratutako ur-erorketa eder bat da, pena nahiko genukeen ur guztia ez izatea, baina, hala ere, ikustea merezi du.
Parke nazionalera bidean jarraitu dugu, eta, bertan, parke barruan 4 km inguruko ibilaldia egin dugu hezeguneen artean; geldialdia egin dugu bertan dagoen zelatari-postuan. Bidean aurrera goazela hezegunearen begietan islatutako zeru-urdinek argazki ikusgarriak ahalbidetu dizkigute.



Arratsaldean, bazkari tipikoaren ostean, Estonia alemanek kolonizatuta zuten garaiko jauretxe bat bisitatu dugu. Estoniako aberats handien indarra ikusten den garai batera eroan gaituzte irudiek.
Ilunabarrean Altjan, Estoniako kostaldeko arrantzale herrixka batean, ibili gara paseoan; zurezko etxeak ditu eta gaur egun uda igarotzeko lekua da.
Horrela, Estonia utzi eta Helsinkira abiatu gara, 2 ordu eta laurdeneko bidaia eginez ferryan.
HELSINKI (FINLANDIA)
Hauxe da talde zoragarri batekin egindako bidaia zoragarri baten gure azken etapa. Lagunak eta harreman onak sortu dira, talde txikia izatearen abantailak dira, eta hiriak ez ezik, Baltikoko errepublikek dituzten parke natural handiak ere lasaitasunez ikusi ditugu.
Gaur Tallinni agur esan behar diogu, beste guztiak bezala hobeto ezagutzeko denbora gehiago eskatzen duen hiria da, baina ferrya hartu behar dugu Helsinkira joateko, bisita laburra bada ere, benetan merezi du eta.
Benetan merezi du Helsinkirako bidaiak ferryz. Bi ordu eta erdi dira, eta uste dut denoi gustatu zaigula. Ferryan jan dugu buffet planean, eta egia esateko, askotariko gauzak zeuden eta oso gustagarriak: gaztak, izokina, kabiarra eta postreak.
Behin Helsinkira iritsita, gure autobusarekin (bidaia osoan gurekin izan den eta ferryan ere gurekin etorri den berarekin), Leticia gida mexikarra genuen zain.
Hiri osoan barrena lehen ikuspegi bat izan dugu autobusez, baina gero, denok hala eskatuta, bisita oinez egitea nahiago izan dugu, eta, batez ere, geneukan eguraldi bikainarekin, eskertu egin dugu. Bi katedralak ─luteranoa eta ortodoxoa─ eta parlamentua bisitatu ditugu, eta Oodi liburutegiarekin amaitu dugu bisita: Helsinkiko Liburutegi Nagusiak 100.000 liburuko gordetegia baino askoz gehiago izan nahi du; topaleku, irakurketa-etxe, hiri-gune eta arkitektura modernoaren maisulana, 16.000 metro koadro baino gehiagoko eremua. Liburutegiaren oinarrizko zerbitzuak doakoak eta publikoak izango dira. Gainera, esparru osoan haurrentzat soilik diren guneak daude, isiltasun- eta irakurketa-eremuak, eta ekitaldietarako toki espezifikoak.
Azkenik, hiriaren erdigunean dagoen gure hotelera joan gara, azken gauean atseden hartzeko eta bihar etxera itzultzeko
Hemen utziko dugu idatziz jasota Baltikoko herrialdeetan eta Helsinkin barrena egindako bidaia labur baina aldi berean interesgarri hau. Hamabi eguneko bidaia, oso ondo diseinatua, aprobetxatua, atsegina, lasaia, distiratsua…
Oroitzapen zoragarriak utzi dizkigun bidaia, eta berriro elkartzeko gogo handia duen talde bat.