Bide luzea egin behar genuen autoz, tartean geldialdi interesgarriekin.
Motoz eta autoz betetako hiri batean ordenarik gabeko trafikoa ezagutu ostean, zuzen-zuzenean biziko genuen hango errepide zahar eta ibilgailu askoko batetik mugitzeko eromena.
Jar gaitezen egoera hartan: zazpi lagunentzako edukiera zuen lur orotako Toyota eroso, berri, garbi batean gindoazen, esandakoa ulertzen ez zigun gidari batekin, noranzko bakoitzean bi erreiko bide batetik, bakoitza bere kasa ibiltzen zen autoz, motoz eta autobusez betea zegoelarik hura; gainera, idiek tiratutako gurdiak zeuden, iruditzen zitzaienean gogoak ematen zien bezala bidea zeharkatzen zutenak; eta hori guztia gutxi ez eta ibilbidean zehar sakabanatuta zulo ugari.
Uler daiteke zergatik ez zuen gure gidariak 60 km/h-ko abiadura gainditu, nahiz eta zuzengune luzeak izan gure bidean.
Kontuan izanda, lehen esan dudan bezala, eskuinetik gidatzen dela eta bolantea ere eskuin aldean egoten dela ibilgailuetan, San Yu, logika handiz, txoferraren ondoan eseri zen, hots, haren ezkerraldean, eta gidatu egin zuen, noiz eta zelan aurreratu behar zuen esanez, hori uste dugu behintzat, eta, gainera, edonondik ateratzen ziren motor eta idiez ere ohartaraziz.
Motozikleta batek ezkerrera jo nahi bazuen, aurrez aurre zetozkion bi erreien artean sartzen zen, bere bide berria hartu arte, beti abisatu barik. Idiek tiratutako gurdi batek alde bateko lursailetatik beste aldekoetara zeharkatu behar bazuen, zirkulazioa kontuan hartu gabe egiten zuen. Edo kamioi batek noranzkoa aldatu nahi bazuen, zalantza barik egoki iruditzen zitzaion unean eta moduan egiten zuen.
Errepidean hildako asko izaten ote ziren galdetu nion. Ez zuen ideiarik. Interneten bilatu nuen eta ez nuen daturik aurkitu. Hori bai, esan zidan ohikoena dela inork ez izatea ibilgailua aseguratuta, edo oso gutxik.
Bidaia-planaren barruan, Shwedandaw pagoda ikusi gabe utzi genuen. Ez zigun astirik ematen denerako. Izan ere, geldialdi bakoitzean, komenigarritzat jotzen genuen beste entretenitzen ginen. Herri hartan dena, baita bertako jendea ere, berria eta interesgarria iruditzen zitzaigunez, gehienetan uste baino denbora gehiago ematen genuen. Hori ez zen posible izango, logikoa denez, talde bateko kide izan bagina.



Aurreko egunerako programatutako txangoa ere, Powintaung kobazuloak, egiteke genuen. Harantz abiatu ginen. Muino batean induskatuta daude, eta Budaren estatuen eta labar-pinturen bilduma handi bat dute. Egoera on samarrean daude oraindik, baina, barrutiak ezelango zaintzarik ez zuenez, pentsatu genuen ziur asko azkar hondatuko zirela, aurreikus zitekeen turismoaren gorakadarekin.
XVI. mendetik XVIII. mendera bitartean eraiki ziren. Diotenez, gune hartan, agerian eta lurperatuta, Budaren 400.000 estatua baino gehiago daude.
Haietako asko ikus daitezke. Txundigarriak dira haien irudikapenak, bai estatuetan, bai kolorez betetako margolanetan, eta maisuaren bizitzako pasarteak jasotzen dituzte.
Kondairaren arabera, kobazulo-gune hura «Zawgyi» edo naturaz gaindiko ahalmenak zituen alkimista baten bizilekua zen. U Po Win zeritzon eta hortik datorkio izena: Powintaung kobazuloak.
Myanmarreko tradizio herrikoiaren arabera, zawgyiek, ahalguztidunak direnez eta hegan egin eta urpean igeri egin dezaketenez, edozein lekutara berehala iristeko ahalmena dute. Era berean, gaixotasunak eta gaitzak sendatu eta metalak urre bihur ditzakete, era guztietako hondamendiez ohartaraz dezakete jendea eta beste gauza batzuk ere egin ditzakete, horregatik are interesgarriagoa da leku sakratu hau bisitatzea, misteriozko kutsu mistikoa baitu.
https://www.destinosasiaticos.com/blog/las-cuevasde-powintaung-en-myanmar/
Egia esan, kobazuloen edertasuna are gehiago nabarmentzen da kultu-zentro bihurtzeko egileek egin behar izan zuten ahaleginean pentsatzen badugu. Benetan txundigarriak.
Esparru hartatik irten ginenean inguruan zebiltzan tximino batzuekin topo egin genuen, Gibraltarrekoak gogorarazi zizkidaten. “Kontuz lapurretekin!” esan ziguten han ere.
Bertako produktuak saltzen zituzten postu gutxi batzuk zeuden. Haietako lehenengoan hiru koko erosi genituen, ugari zuten likidoa edan eta haien mamiar
en zati bat jan genuen. Hemen ditugunak baino zapore gutxiagokoak iruditu zitzaizkidan.
Handik hurbil, ukendu bat saltzen ari zen neska bat zegoen, ‘tanaka’ izeneko landare baten enborra harri baten kontra igurtziz lortua, eta bertakoek diotenez eguzkitik babesten duena. Emakumeek eta haurrek oso maiz ematen dute eta haien larruazal marroiaren gainean ukenduaren kolore zurixka nabarmentzen da.
San Yuk eta saltzaile gazteak produktu hura Begoren aurpegian jarri zuten. Gero kontatu zigunez, azala lehortu zion. Ez zen konturatu eragin babeslerik izan zuenik.
Azkenik, beste postu batean poto bat ezti natural erosi genuen, Baganeko gosarietan erabiliko genuena. Oso ona. Guztira prezio barregarria ordaindu genuen.
Kontsumitu genuen guztia aire zabalean saltzen zen, ezelango kontrolik edo osasun-erregistrorik gabe.
Goizaren gainerakoa Baganera joaten eta ostatu hartu genuen Thazin hotelean gure logeletan kokatzen eman genuen. Han atseden hartu eta bazkaltzen geratu ginen.
Hiriaren kanpoaldean dago Thazin Garden hotela, eremu handia hartzen du, oso polita da. Igerilekua eta lorategi asko ditu, non estupa eta tenplu txiki batzuk dauden. Gosaria, maila onekoa, txabola handi eta eroso moduko batean ematen zuten. Gainerako instalazioak zikin zeuden, abandonatuta bezala. Ikusten denez, gutxi gastatzen zuten mantentze-lanetan.
San Yuren arabera, ohikoak ziren bertan ostatu hartzen zuten bidaiarien kexak. Dirudienez, jabeak larregi esplotatzen ditu langileak, sarritan aldatzen ditu, eta horrela beti eskarmenturik gabeko beharginak izaten ditu.

Esan zigunez, Baganen, herrialdeko gainerako lekuetan bezala, ez daude maila handiko hotel asko, hain leku erakargarria izan arren. Bidaia-agentziek asko lan egiten dute gure hotelarekin. Hala ere, okupazioa, egun haietan behintzat, txikia zen.
Arratsaldean denbora libre izan genuen. Buztinezko bide batetik hiriko kale nagusiraino joan ginen, egiazki hemen Ayeyarwady izena duen ibaiarekiko perpendikularra den errepide bat, berriro ere espaloirik gabea eta trafiko handi samarra zuena, inolako ordena barik; baina Mandalayn baino nabarmen txikiagoa zen zirkulazioa, besteak beste, askoz hiri txikiagoan geundelako.
San Yuk enkargatu ziguna afaldu genuen hotelaren ondoko jatetxe aski duin batean, kanabera gurutzatuz estalitako eremu ireki batean, olanen papera imitatzen zuten oihal trinkoz babestuta. Luxu handi eta salbuespen gisa, arrautza frijituak eta igurzteko ogia eskatu zituen guretzat. Ezin gozoagoak iruditu zitzaizkidan. Postrean banana garreztatuak jarri zizkiguten.
Barrutiko mahairik handienean eta ongien kokaturikoan geunden. Mahaia estaltzeko mantel bat zegoen, orbanez betea, eta han eman zituen egun gehiago ere. Hurrengo aldietarako, mahai txikiago baina garbiago bat eskatu genuen.
Gure otordua amaitzean, jada gauez, hotelera bideratu ginen buztinezko bidetik. Burdinazko farola batzuek, goiko aldean plater beltz alderantzikatu baten modukoa duten horietakoak, argitasun eskasa ematen zuten, erdian indar gutxiko bonbilla bat baitzeukaten, eta gure helburura iristeko orientazio gisa bakarrik balio zuten.
Ez zegon zertan beldur izan. Dena segurua zen han. Eta handik autoak ezin ziren ibili. Hori bai, pasatu zenen batek hautsaldia harrotu zuen, eta are ilunago utzi zuen bidea.
Jarraitu baino lehen, esan behar dut eguneko une batean, gugandik banandu baino lehen, San Yuri esan geniola txotxongilo-antzerki bat ikusi nahi genuela, inguru hartan oso errotuta dagoen ikuskizuna baita.