Loikaw – Heho (autoz) – Yangon (hegazkinez)

Ezer jan gabe nengoenez, “almax” hutsez elikatuta, nire urdaila egoera onean zegoen esnatu nintzenean. Gosari arin batek uxatu egin zituen nahigabe guztiak.

Eguna, hasiera batean, joan-etorrietarako bakarrik izango zen. Hasteko, ibilbide luze bat egin behar genuen errepidez (4 ordu ingurukoa), Hehoko aireporturaino, eta, handik, tarte labur bat hegazkinez, Yangoneraino.

Ez genekien, ordea, sari berezi bat izango genuela hain goiz jaikitzeagatik: leku zeharo interesgarriak ikusi ahal izango genituen bidaia paregabe hartan.

myanmar-191
                        

Abiatu aurretik, ibilbiderako bi aukera eskaini zizkigun San Yuk: mendebaldekoa, egiten errazena, dena errepidez, baina paisaia hein handi batean lehendik ikusia geneukan; eta ekialdeko ibilbidea, guretzat ezezaguna eta itxuraz interesgarria. Argi zegoen: azken horren aldeko erabakia hartu genuen. 186 km eta 4 ordutik gorako bidaia genituen aurrean.

Lehenik, erregaia bota beharra zegoen. Gasolindegi batera iritsi ginen, eta alboan kamioi bat kargatzen hasi zen… Ez dakit nola azaldu ere. Kalitate onekoa ez bada ere, hobe izango duzue gure ibilgailutik egin nuen argazkia ikustea. Bitxia gidariaren jantzia.

myanmar-190
                   

Bigarrenez gosaltzeko garaia zen, eta, berriro ere, tea hartu genuen, ohi bezala gure aurrean egin zituzten txurro edo porro batzuez lagunduta. Bikainak, beti bezala. Oso atseginak ziren bertakoak; irribarrea ezpainetan zuten beti. “Sukaldariei” argazki batzuk egin genizkien, eta, poz-pozik jarri zirenez atzerritar batzuk haien trebetasunei begira zeudela ikustean, denetarik eskaini ziguten.

Nolanahi ere, garbitasuna nahiko utzia zeukaten aspalditxotik.

Javik esan zuen komunera zihoala, pixa egitera. San Yuk esan zion komunean izana zela eta hobe zuela pixari eustea, hara ez joatea, eta herritik irtetean geldituko ginela nonbait, pixa landan egiteko.

Bidean aurrera egin genuen. Ustez inoiz aurkitu ezingo duzun leku horietako batean izan zen hurrengo geralekua.

Ohiko ibilbide turistikoetatik nahiko urrun dagoenez, ia-ia bertakoek soilik bisitatzen dute, martxoan egiten dituzten ospakizunetan bereziki. Gainera, zona santu bat da, eta kanpotarrak gida baten edo bertako baten laguntzaz bakarrik sar gaitezke bertara, betiere budistak badira, eta errespetuz jantzita.

Leku ezkutu batean dago, despistaturen bat bisitan joan eta ahoa bete hortz noiz geratuko zain. Kakkuko Pagodak dira.

myanmar-1922.500 estupa txikik baino gehiagok osatutako erlijiogunea da. Gure ikuspegiaren aurrean agertu ziren, ezin hobeto lerrokatuta, ia-ia denak desberdinak, historian une desberdinetan eraikiak (zaharrenak K.a. 300. urtekoak direla esaten da); figura txikiak dituzte inguruan, eta airean dabiltzan milaka kanpaitxo goialdean, etengabe txilin-hotsa sortzen amaigabeko otoitz baten moduan.

myanmar-193

Batzuen barrura sar zitekeen eta han, ohi bezala, Buda irudikatzen zuten eskulturak zeuden. Horietako batean, multzo desberdin bat ikusi genuen, ia bakarra: Buda hilik, bere jarraitzaileez inguratuta, eta, haien artetik nabarmenduta, bere monjerik gogokoena, errausteko zur hezea piztea lortu zuen bakarra.

Baina ez zen hura izan bideko azken ezustekoa. Hamsi Pagoda falta zen. Beste bat gehiago izan zitekeen, baina ez. Oso hunkigarria iruditu zitzaidan, eta amaiera bikaina eman zion bidaia zirraragarri honi. Esparruko bakardadeak eta ezin konta ahala pagoda txikiek –denak urre-kolorekoak– sentsazio ikaragarri bat sorrarazi zuten gugan: oso zorionekoak sentitu ginen paregabea, handia, errepikaezina eta ia beste mundukoa den leku hau, Myanmar, bisitatzeko aukera izan genuelako.

Ume batzuk jolasean ari ziren esparruan, oinetakoak jantzita. San Yu pazientzia handiz hasi zen haiekin hizketan, eta kasu egin zioten: esparru sakratuan, oinutsik.

myanmar-194
                     

Bazkaria Heho hirian egin genuen, aireportutik gertu, ikasturtea bukatu berri zuten ikasleak ziruditen gaztez betetako jatetxe batean. Menu merkea eta janari birmaniarra: egun hartan, auskalo zergatik, ohi baino gehiago gustatu zitzaidan. Agian, bidaiaren amaieran, ohitzen hasia nintzen.

Hortik aireportu txikira joan ginen. Hegazkinaren zain jarri ginen, baina berandu zetorren, bi ordu inguruko atzerapenarekin, ohar berezi batek argi uzten zuenez: herritar bat itxaron-eremu txikian hara eta hona zebilen, eskutan makila bati loturako zurezko errotulu bat zeramala, gorabehera jakinaraziz.

Aireportura sartzean, ez erretzeko eta metxerorik ez eramateko hainbat seinale ikusi genituen. Isabelek poltsan zeramana horretarako jarritako ontzi batera bota zuen.

Baina… segurtasun-kontrola pasatzean, bizkarrean zeraman motxilan beste metxero bat zeukala ikusi zuten detektagailuan. Dena aterarazi eta konfiskatu egin zioten.

myanmar-195

Esparruaren barruan geundenean, bertako herritarrek nahi zituzten metxero guztiak zeramatzatela ikusi genuen. Terminal eskas horretan erretzen uzten ez zutenez, erre nahi zutenak pistetara irteten ziren, hegazkinen ondora.

Gela sarrailarik gabeko zurezko ate baten ondoan zegoen, eta ateak ez zuen zaintzarik; beraz, inolako kontrolik gabe sar zitekeen handik pistetara. Iritsi zenean, sarbidetik 50 bat metrora gelditu zen hegazkina.

Zuzeneko hegaldi erosoa egin genuen Yangonera (Yangon AirwaysYH730 16:45-17:55). Handik Plaza hotelera joan ginen, bidaia-hasierako hotel berera.

Afaldu bitartean naten dantza tipikoa ikusteko aukera ematen zuen jatetxe berezi bat bilatzeko eskatu genion San Yuri. Esan zigun ez zela posible, hegazkinak atzerapen handia izan zuelako.

Horretaz gain, galdetu genion non eros genezakeen Myanmarreko saskibaloi-selekzioko ekipamendu bat Gorkarentzat. Dendaren izena, gutxi gorabeherako helbidea eta testu bat eman zizkigun, birmanieraz adierazten zuena zer nahi genuen, eta esan zigun zalantzarik izanez gero berari deitzeko.

Azkenean, hotelean afaldu genuen. Gaikako buffet librea zegoen: itsaskiak (gidak txipiroiak deitzen zien) eta itsasoko arraina. Lastima: produktua bikaina zen, baina oso ahula, ur gezatan egosia baitzen, eta gatzik gabea. Gainera, plantxan zerbitzatutakoa gehiegi egina eta lehorra zegoen.

Hoteleko jatetxean afaltiar gazte batzuk izan genituen ondoan, denaren premia duen herrialde bateko ume mimatuak. Mahai bateko taldetxo batek Ballantines edaten zuen janariari laguntzeko.

Berandu iritsi ginenez, afaltzen hasten eta lokaletik irteten azkenak izan ginen.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude