Maitasuna koronabirusaren garaian


Niretzat, gizon zaputz, dibortziatu eta jada adinean aurrera noana, iraultza izan zen nire eguneroko bizitzan. Arratsaldeko kafea hartzera joaten nintzen kafetegian ezagutu nuen. Nire adinekoa zen, eta gero jakin nuen ezkongabe zegoela, hurbileko familiarik gabe. Desberdinak, baina bizitzari buruzko ikuspegi bertsuekin, elkar ondo hartzen genuen. Hori bai, lurralde intimoetan sakontzerik ezta pentsatu ere. Behin edo behin etxera lagundu nion, ataria inoiz zeharkatu barik. Nire konfort gunea zen, geure buruari eustea hautatu genuen, arriskuak eta gorabeherak saihestuz.

Eta pandemia iritsi zen, eta beste ezerk baino gehiago gertakarien erritmoak harritu gintuen. Bai, egiten genuen berba koronabirusaz, baina urrutiko zerbait iruditzen zitzaigun: alemaniar bat Kanarietako hotel batean, Lonbardiako kasuak, garrantzi gutxiko gauzak. Baina bizitzak bira egin zuen asteburu hartan: 2020ko martxoaren 14an, larunbata, alarma-egoera ezarri zen, digeritzea kostatu zitzaidan kontzeptua. Egun hartan ere paseo ederra eman nuen, baina astelehenean “alarma-egoeraren” ondorioak neurtzen hasi nintzen, eta hainbat esamolde uztartzen hasi nintzen, besteak beste, “distantzia soziala”, “konfinamendua” … eta ondorengo egunetan ohikoa bihurtu zen gainerako literatura. Erosketak egitera atera nintzenean, hutsuneak harritu ninduen: ggiro zapaltzailea, kalea hutsik, jende gutxi elkarri betertzetik begira…

Hiru egun igaro ziren, eta izua etorri zen. Datuak, estatistikak, zifrak, dena ikaragarria izan zen. Infektatuak, hildakoak, kurbak, pikoak, estrategiak, osasun-adituak…  Pandemiaren ondorioak arintzeko neurri ekonomikoak. Telebistari itsatsita, irratia entzuten, goiz, arratsalde eta gau, distentsio-unerik gabe.

Bakardadearen larritasuna sentitzen hasi nintzen, eta ia txantxetan esan nion, pentsatu ere egin barik: “Edozein egunetan zure etxera joango naiz, ez ginateke hain bakarrik egongo”. Harritu egin ninduen haren erantzunak, baiezkotik hurbilago ezezkotik baino: “Gizona, pentsatu egin beharko litzateke”. Eta ez nuen zalantzarik izan: “Ostegunean zure etxera noa”. Eta onartu egin zuen.

Zakutoa prestatu nuen: txandala, pijama, barruko arropa, beste galtza batzuk eta kamiseta pare bat. Espiritu aitzindari eta emozio lauso batez ekin nion martxari. Ondo ezagutzen nituen baina exotikoak egin zitzaizkidan kaleetan barrena joan nintzen, lozorro arraro batean lez bilduta; topaketa iheskorrak pertsona mozorrotuekin. Neure irudia ikusi nuen zarratutako denden erakusleihoetan islatuta, bakardadetik ihesi zebilen baten irudia proiektatzen zutelarik.

Harrera atsegina eta irribarre gozoa; gela xume bat erakutsi zidan, eta han ipini nituen nire gauzak, berrogeialdia konpainian bizitzeko prest. Kosta egin zen zenbait erreparo gainditzea, izotzaldia urtzea, baina dena aurrera joan zen pixkanaka. Elkarrizketa luzeak, irribarreak, jatordu soilak, musika, telebista eta txaloak arratsaldeko zortzietan.

Distantziak laburtuz joan ziren. Banakako besaulkitik biko sofara igaro nintzen, laster handitu egin zen eta gelaz aldatu nintzen azkenean… Elkarrekin entzun genuen alarma-egoeraren laugarren luzapenaren albistea, eta, paradoxa, ondo sentitu ginen. Eta une hartan, Nobel saridunaren “El amor en los tiempos del cólera” (Maitasuna koleraren garaian) nobelaren izenburua igaro zitzaidan burutik, eta irribarre egiten nuen bitartean berehala egokitu nuen neure kolkorako: “Maitasuna koronabirusaren garaian”.

Jesús Montero

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude