Iritsi da berriro abendua eta berarekin batera Gabonetako Jaiak beste behin. Eta beste behin ere akats berberak egingo ditugu ia denok, estresatu egingo gara pentsatuz zer prestatu behar dugun Gabon gaueko afarirako, Eguberri eguneko bazkarirako eta, zer esanik ez, Urte Zahar gauerako: mahatsa gauerdiko kanpaietarako, pipitekin edo barik, gutxi edo asko izango den, hobe izango dela ospakizuna etxetik kanpo jatetxe batean egitea, edo are hobeto: zergatik ez landetxe bat alokatu eta denok bertara joan? Eta modu triste horretan, gure gogoa beste edozein lekutan jarriko dugu, baina ez Gabonen funts edo mamian.
Eta asko konplikatuko gara, asko! “Zer premia daukagu, ordea?” esaten zuen izeko Mercedes maiteak, eta horixe diot nik: “Zer premia daukagu horrela konplikatzeko?”.
Zein erraza izango litzatekeen bakoitzak bere aldetik pixka bat jartzea, denok zerbait xumearekin laguntzea eta horri maitasun handia eta irribarre asko jartzea!
Berriz ere huts egingo dugu janarietan eta oturuntzan gehiago pentsatzen badugu bazkaltiar edo mahaikideengan baino, horiek gure senide kutunenak izango direlarik edo izan beharko luketelarik. Beraz, pentsa dezagun kanpoan lan egiten duten eta egun hauetan amaren besarkada eskatuz etxera itzultzen diren seme-alaba horiengan; maitasuna eskatzen duen eta egun batzuetan gure etxera ongi hartua izateko ilusioarekin etortzen den neba-arreba, anaia edo ahizpa absente horrengan; eta baita betiko joan eta maitasun guztiarekin gogoratzen ditugun haiengan ere, gogoratzen ditugun bitartean beti gurekin egongo baitira. Horretarako dira jai hauek, maitasuna eman eta jasotzeko.
Tragediaz betetako urtea izan dugu, eta komunikabideek horren berri eman digute era guztietako hondamendi, gerra, genozidio eta suntsipenekin bonbardatuz; beraz, uste dut garaia dela José Mª R. Olaizolarekin hausnartu eta pentsatzeko:
Haserretu eta oihu egin behar da
bizitza-profanatzailearen,
itxura-saltzailearen,
kredo-merkatariaren
eta pena-lukurariaren kontra.
‘Ez!’ esan behar zaio
gerrekin dirua egiten duenari,
eta fede biluzia kontrajarri
armei eta zentzu-, hitz-,
itxaropen- eta inozentzia-gose den
gizateria atzaparkadaka
mehatxatzen duten basapiztiei.
Lurrera bota behar dira
legeekin tratuan dabiltzan
eta kontzientziak manipulatzen dituzten
trukatzaileen mahaiak.
Aurre egin behar zaio duintasunik ezari
nahiz eta erresistitzeak
ezeroso bihurtu borrokalaria,
eta arriskutsu alegatzen duena
maitatzea ez dela negozioa,
ezta egoismoa ere bandera.
Sarrailak eta kateak
kendu behar dira tenplutik,
torlojuz loturiko kredoak
eta harrizko bihotzak.
Zaratotsa isildu behar da,
eta profetei ahotsa eman”.
Berriro ere Jainko Haurra, Jesus Salbatzailea, guri apaltasunaren jarraibidea erakusteko Belengo aska batean umil-umil jaio nahi izan zuena, dator bakean bizi behar dugula gogoraraztera, denok senide garela, iparraldea eta hegoaldea mapetan bakarrik daudela, eta bidea erakustera eta zelan jokatu behar dugun irakastera: “Maita ezazue elkar, nik maite izan zaituztedan bezala”, esan zigun.
Izan ere, maitasunez, ilusioz eta bakez betetako irribarrea ezpainetara ekartzeko balio behar digute Gabon jai hauek.
Maitasun guztiarekin, Gabon jai zoriontsuak opa dizkizuet!
Juan Carlos Ruiz de Villa 2025.12.01