Munduko aitaitarik onena


Daniel mutil urduria da, lekurik bitxienetan azterka ibiltzea gustatzen zaio, eta objektu zahar eta ahaztuenen artean bilatzea. Seme bakarra da, hamabi urte ditu, eta esan daiteke bere etxean ez dagoela txoko bakar bat ere miatua ez duenik.

Arratsalde hartan, amama Fortunata bisitatzera joan ziren gurasoak. Amama azken aldian ohean egoten zen beti, adinak ez du barkatzen, eta gorputzak larregi pisatzen zion andre zahar gaixoari. Izeko Felisa, amaren ahizpa, berarekin bizi zen eta haren zaintzaz arduratzen zen. Noizbehinka, Danielen gurasoek han ematen zituzten arratsaldeak amama jagoten, horrela Felisa pixka bat irten ahal izateko. Aitaita Gustavo, Fortunataren senarra, Daniel jaio aurretik hil zen. Horrela, kontatu zizkioten istorio, pasadizo eta gertakarien bidez bakarrik ezagutzen zuen Danielek arbaso hura.

Mutila aspertu egiten zen telebistarekin, eta gorroto zituen iragarkiak, ez zioten-eta filmak gustura ikusten uzten. Horregatik, arratsalde hartan ganbarara igo zen jolastera. Han, kaxa, altzari zahar, apurtutako gauza, askotariko apal, arropa ahaztu, garai bateko traste eta hauts asko-askoren artean, etxe osoko lekurik dibertigarrienean zegoen Daniel.

Izkina batean, kartoizko kaxa batzuen azpian, denborak ahaztuta, kutxa zahar bat zegoen. Danielek bilgarri guztiak kendu zituen kutxa bitxi hura ireki ahal izateko. Laster hasi zen barruan gordeta zeuden gauzak ateratzen. Marinel-txano bat, pipa bat, zenbait liburu, jadanik funtzionatzen ez zuen patrikako erloju zahar bat, argazki zahar batzuk, haien artean amama gaztea zeneko bat ikusi ahal izan zuen, galtzak, alkandorak, jertse lodiren bat eta nahiko ondo kontserbatutako jaka bat zeuden. Jaka behin eta berriro aztertu zuen eta poltsiko batean gutun-azal bat aurkitu zuen, idazkiarekin barruan. Jakingura piztu zitzaion begietan. Maitasun-gutun ezkutu eta zegokionari inoiz eman bako horietako bat ote zen? Edo azken agurrekoa ote zen?  Urduri, gutun-azala ireki, idazkia zabaldu eta irakurtzen hasi zen Daniel:

Kaixo, sentitzen dut zu ezagutu ez izana, baina berdin dio, gutun honekin zuri esan ahal izatea espero dut bilobari beti kontatu gura izan diodana… Ez da ezer garrantzitsua, nik pentsatzen dudanari buruz pixka bat berba egin ahal izateko guraria besterik ez da. Mutiko formala izatea espero dut, nik horrela imajinatzen zaitut. Ez dakit zelan imajinatuko nauzun zuk, baina ondo uste dut, amak, amamak eta izekok ez baitzuten nitaz txarto berba egingo; ez perfektua eta akasgabea izan nintzelako, baizik eta hildakoez beti ondo berba egiten delako, haien dohainak nabarmenduz eta akatsak zurituz. Horrela, zuretzat ia perfektua izango naiz, munduko aitaitarik onena, zalantza barik.

Ikasteko esango nizuke, eta ikasi egin behar duzu biharko egunean gizon garrantzitsu bat izateko, ezer falta ez dakizun, dirua izan dezazun eta denek errespeta zaitzaten. Baina pentsa ezazu beti bizitzan garrantzitsuena ez dela hori, bizitzan garrantzitsuena ez dela gizon ospetsua izatea, ez merkatari boteretsua, ez bankari diruduna. Bizitzan garrantzitsuena maitasuna da, zuk besteak maitatzea eta besteek zu maitatzea, egunsentian itzarri eta irribarre egitea egunari, oharkabean irribarre hori mantenduz iluntzera arte, eta oheratzea, nekatuta, baina berriro esnatzeko desirarekin, bizitzen jarraitzeko. Horretarako, batez ere konpainia bilatzen jakin behar duzu, eta ez duzu horretan huts egin behar. Horregatik, nire ustez, agian garrantzitsuena hori da: gure bizitza osoa norekin bizi behar dugun aukeratzeko erabakia. Hala ere, hori inork ez digu erakusten, zuk bakarrik sentitu eta jakin behar duzu.  Baina ez zaitez nahastu, diruak, posizioak edo besteek zuri dizuten errespetuak ezer gutxirako balioko baitu, baldin eta goizero, esnatzen zarenean, ez baduzu pozaldi bat sentitzen bihotzean dama eder hori zure ondoan edukitzeko zorteagatik. Zertarako balio du etxe handi dotore batek, harriz bakarrik bete badezakezu, nahiz eta harribitxiak izan?

Ziurta diezazuket nire bizitzako egun guztietan zoriontsu izan naizela, eta ospitalean nengoenean ere biziki desio nuela zure amama ikustea… eta bera han zegoen beti, ni noiz esnatuko zain.

Gogoan dut elkarri musu eman genion lehen eguna, a zer garaiak haiek! Mendian geunden, elkar besarkatu genuen estu-estu, eta lurrean pirritan edo bueltaka joan ginen, txikoria-belar artean iraulka; mando-belar edo sorgin-belar ere esaten zaie, eta haiekin jolastuz gero ohean pixa egiten dela esaten dute. Fortu horretaz ohartu zenean, zutitu guran hasi zen oihuka: Sorgin-belarrak! Sorgin-belarrak! Eta hainbeste mugimendurekin asun bat zapaldu zuen, eta hark, loreen artean ezkutaturik, orkatila erresumindu zion. Nik, zaldun lotsabako honek, ostikada batez erauzi nuen landarea. Zure amamak, nire erreakzioa ikusita, adaxka bat kendu zion asunari eta bere liburuko orrien artean gorde zuen. Gero esan zuen: “Gaixoa, ez duzu ikusten bakarrik, geldi eta lasai zegoela gu etorri garen arte?”, begiratu eta musu eman zidan.  Horrela gorde zuen bere liburuan une eder haren oroitzapena.

Ikusten duzu zelan konta diezazukedan nik gura dudana hilda egonda ere, denbora zurbildu egiten da desiraren indarraren aurrean. Zerbait kontatu gura badidazu zuk, idatz iezadazu eta utzi jakaren poltsikoan, nik irakurri eta Zerutik erantzungo baitizut.

Gutuna irakurtzean, haize leun batek teilatua igurtzi zuen eta zirrikituen artean sartu zen isiltasunarekin nahastuz. 

Danielek ez zion inori ezer esan aitaitaren gutunaz, zaila egiten zitzaion sinestea iloba ezezagun bati idazki bat bidaltzea zegoenik. Aldi berean ilusioa egiten zion, aitaitak ezagutzen zuela sentitzen baitzuen berak. “Egia ote da elkarri idatzi diezaiokegula?” galdetzen zion bere buruari behin eta berriz. Baina, jakina, gauza batzuk ezin dira inorekin komentatu erotzat har zaitzakete-eta.

Behin, Fortunata amamari buruz gurasoen arteko elkarrizketa bat entzun zuen, eta kezkatuta geratu zen. Aitaita alegiazko hark jakin behar ote zuen zein egoeratan zegoen bere emaztea izan zena? Zalantza handia izan arren bere idazkiak zerbaitetarako balioko zuenik, eta dena bere irudimenaren emaitza izanda ere, hura jaka ahaztu baten poltsikoan uzteagatik ez zuela ezer arriskatzen pentsatu zuen; beraz, boligrafoa hartu eta hasi zen: 

Aitaita maitea:

Hau irakurtzen baduzu, amama Fortunata oso gaixo dagoela esan behar dizut. Gurasoei entzun diet ez dutela uste asko iraungo duenik, oso urtetsua dela eta oso gaixorik dagoela, jada ez duela jan gura. Pena handia ematen dit, ez dut hiltzerik nahi, izekoren etxera joaten naizenean, bera han egotea gura dut, zumezko aulkian eserita.

Tira, zure emaztea zenez, esan egin behar nizula uste izan dut. Ez dakit zer gehiago kontatu, beraz musu bat bidali eta agur esaten dizut.

Daniel.

Idatzitakoa hartu, gutun-azal batean sartu, ganbarara igo, kutxa ireki, eta aitaitaren oharra aurkitu zuen jakaren poltsiko berean utzi zuen mutikoak bere idazkia. Gero bere gelara joan, liburu bat hartu eta irakurtzen hasi zen. Haren begiak lerroen gainetik pasatzen ziren, dena irakurri eta orrialdea pasatzen zuen, baina irakurritakoaz ezertxo ere jabetu barik. Ezin zuen arreta bildu, idatzi zituen lau letra haiek aitaitarengana iritsiko ote ziren jakin gura zuen, eta ea aitaitak erantzuten zion. Beraz, ganbarara igo zen berriro, kutxa ireki, jaka zaharraren poltsikoan begiratu eta gutun-azal bat aurkitu zuen, baina hura ez zen berak utzitakoa, beste bat zen eta paper bat baino zerbait gehiago zeukan, ohar batzuekin.

Izan ere, tolestutako gutunaren artean asun-hosto lehor eta zanpatu bat zegoen, denbora luzea eman izan balu bezala norbaitek maitasun handiz gordetako liburu baten orrien artean. Oharra zabaldu eta irakurtzen hasi zen:

Ez duzu zertan kezkatu, biloba maite eta ezezagun hori. Hemen, irudimenezkoaren eta desiratuaren arteko leku bitxi honetan, oso ondo gaude. Ez duzu zertan amama ‘joatearen’ beldur izan, pentsa ezazu zelanbait ere niregana etorriko dela gure ametsak gogoraraztera, eta haren desirak gehiago daudela leku honetan utziko duen lekuan baino. Pentsa ezazu zoriontsu izango dela, jada nekatuta dagoela hainbeste borrokatzeaz, eta zuek hemendik zainduko zaituztegula amamak eta biok, denboraz gozatzen dugun bitartean.

Egizu esango dizudana, mesedez, ikusiko duzu zelan irribarre egingo duen, ikusiko duzu zelan samurtzen zaion begitartea eta zelan ixten zaizkion begiak oroitzapen atsegingarri batean. Zoaz eta emaiozu musu bat sudur-puntan, gero emaiozu eskutitzarekin batera bidaltzen dizudan asun-adaxka hau. Ez egin beste ezer gehiago, soilik begiratu eta ikusiko duzu ez nagoela oker.

Ez esan berari nire kontua dela, berak asmatuko du.

Maite zaitut, nire biloba ez hain ezezagun hori.

Haize txiki arraro batek bultza egin zien ganbarako hormei, existitzen ez zirela ziruditen pitzadura urrien artean sartu eta, mutikoaren aurpegia leunki laztanduz, usain berezi batez bete zuen giroa.

Biharamun arratsaldean, eskolako lanak egin ostean, Danielek amamarengana joateko baimena eskatu zien gurasoei. Haiek, oso zintzoa izan zedila aholkatuz, onartu egin zuten eskaera, harro-harro beren semea amama zaharraz arduratzen zelako.

Izekoren etxera sartzean, giro serioa sumatu zuen, egur iharraren betiko usainak irauten zuen, eta isiltasuna zen leku osoan nagusi, bazterrik ezkutuenetaraino ere sartuz.  Korridorearen amaieran amamaren gela zegoen, erdian, bi mahaitxo alde banatan zituela, ohea zegoen, ohe gainean gurutze batek apaintzen zuen horma biluzia, eta maindire artean, zurbil eta geldi-geldi, begiak zarratuta eta ilea nahastuta, Fortunata zegoen.

Amamak lo zirudien. Danielek, hurbildu eta aitaitak esan ziona egin zuen: musu bat eman zion sudur-puntan. Une hartan, begi lokartuak ireki egin ziren, mutikoak bere amamaren esku hezurtsuetan utzi zuen asun-adaxka iharra, eta hark ez zuen eskaintza ikusi beharrik izan. Haren begirada, gura barik, zerurantz joan zen; irribarre batek argitu zuen oraindik larruazal akasgabea zuen aurpegi nekatua. Bere atzamar baldarrez oparia estutu eta, irribarrez, loaldi atsegingarrian murgildu zen.

 

©F. Urien

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude