Itziar


Bilbora ikastera eta bizibidearen bila etorri eta berton geratu nintzen ezkonduta neska batekin, Edurnerekin. Baserritar peto-petoa zen. Ikasle ona izaki, Bilboko Unibertsitatera etorri zen, eta han ezagutu genuen elkar. Eta hemen geratu ginen bizitza osorako. Baina geure bizitzaren jatorriak eta lehen urteetan inguratu gintuzten pertsonak ez dira ahazten.

Horregatik, Edurnek eutsi egin zion, urrun samarretik izanda ere, haurtzaroko eta nerabezaroko lagunekiko harremanari. Batez ere, Maiterekin. Pertsona xarmangarria zen. Eta harremana, noski, nik ezagutu baino lehentxoagatik Maiteren senarra zen Josebarekin ere.

Bikote zoragarria zen. Bizkaiko ekialdean bizi ziren, beraien baserrian. Edurneren gurasoen auzokoak ziren.

Maitek eta Josebak, biek zituzten neba-arreba gazteagoak. Ia beraiek haziak ziren. Gaur egun familia ugariak izango ziren. Agian horregatik, lehen unetik gura izan zituzten beren seme-alabak. Lehenbailehen, gainera. Bat baino gehiago, “hiruzpalau, gutxienez”, esaten zuen Josebak. “Geldi hor!”, erantzuten zion Maitek, “igartzen da bai ez dituzula zuk ekarri behar mundura!”.

Baina ez ziren iristen. Azkenean, ezkondu eta bost urtera, Maite haurdun geratu zen. Hura poza! “Neskatila bada, Itziar jarriko diogu izena”, esaten zion Josebak Maiteri. Haurdunaldia gogorra izan zen, oso gaitza. Behin baino gehiagotan egon zen umekia galtzeko zorian.

Osagileak bere jakintza eta maitasun guztiz artatu zituen, eta guztien artean prozesua ondo burutzea lortu zuten. Eta neskatila bat jaio zen: Itziar. Baina amatxorentzat arazo gehigarri batekin etorri zen: ezingo zuen beste seme-alabarik izan. Horregatik agian, egunetik egunera gehiago maite zuten zeukatena. Mundura ekartzea hainbeste kosta izan den alaba bakarra maitatzen den lez.

Umetxoa bedeinkazio hutsa izan zen hasieratik. Polita, buruargia, bizi-bizia. Ez zuten hori aitaitak eta amamak bakarrik esaten. Horrelakoa zen berarekin alditxo bat jolasean ematen zuen edonorentzat. Zer gozamena!.

Ikastolara joateko garaia iritsi zitzaion. Asko ez zela zendua zen Madrilen agintzen zuena eta askatasunez ikas zitekeen ikastoletan. Euskaraz, noski, Josebari gaitz samarra egiten zitzaion euskara horretan, baserrian berba egiten zuten lakoa ez zela iruditzen baitzitzaion. Baina guztiok bateratzeko beharrezkoa.

Ikastolan lagatzea trauma txiki bat izan zen. Egunero joan ziren beraren bila urte askoan, harik eta neskatoak esan zuen arte jada handia zela. Etxeko lanak egiten laguntzen zioten eta bizitzako urrats guztietan babesten zuten. Familia guztietan lez. Tira, ama Maite izanda, apurtxo bat gehiago.

“Ez ezazu Itziar horrenbeste mimatu, biziatu egingo duzu eta”, esaten zion eten barik Maitek Josebari. “Lelotu egingo zaigu, edo zerbait okerragoa”. Baina eskatzen zuen guztia ez ematea ezinezkoa zen. Beraien neskatila gurgarria zen, etxeko printzesa. Munduko politena eta zintzoena. Eta buruargiena. Dena gutxi zen harentzat. Gainera, Josebak ikusten ez zuenean, Maitek berdin jokatzen zuen. Eta aitaitak eta amamak, zer esanik ez. Adurra zeriela zeuzkan denak.

Haziz joan zen. Amaitu zituen Ikastolako ikasketak. Beti nota onekin, oso behargina baitzen. Eta beti pozik. Bilbora joatea eskatu zuen, lagunak ere joango ziren Institutura. Erdialdean dagoen batera. Maitek esaten zion: “Urrun dago eta eskolak amaitzen dituzunean ordubete itxaron beharko duzu autobusez etxera etortzeko”.

Baina Itziarren zerbait eskatzen bazuen, Josebak eman egiten zion, zalantza barik. Eta Maitek amore ematen zuen azkenean. Eta Institutura joan zen.

Lehen urtean, gutxi-asko dena ondo joan zen. Bigarren ikasturtean autobusen bat galtzen hasi zen eta etxera beranduago iristen. Eta notak jaisten hasi ziren. Asko, gainera.

Asteburuetan iskanbila sortzen hasi zen. “Ezin liteke etxera hain goiz itzuli. Nire lagunak beranduago etxeratzen dira. Eta Bilbon astea pasata hain nekaturik egoten naizenez, merezi dut atsedena. Eta ondo pasatzea. Eta gauetan kanpora irtetea”. Beti lez, gura zuena lortzen zuen.

Iritsi ziren nota txarrak. Oso txarrak. Uda hartan ikasketetarako errefortzua jarri zioten, baina aurrerapen urriarekin. Ederra eta jendearekin atsegina izaten jarraitzen zuen, baina orain erreakzio bitxiak zituen. Maitek eta Josebak ez zekiten zer egin. “Aldaketa izango da”, esaten zieten. Eta sinetsi egiten zuten. Ez zegoen beste aukerarik.

Egun batean abisatu zuen Bilbon geratuko zela lotan, Institutuko lagun baten etxean; gurasoek ez zuten laguna ezagutzen. Handik egun gutxira, berriro geratu zen Bilbon. Eta geroxeago, berriro. Abisatu barik ere bai. Errieta egiten bazioten etxean, sumindu egiten zen. Haren bizimodua arazo bihurtua zen familiarentzat. Eta pentsa zenbateraino maite zuten! Zein garrantzitsua zen gurasoentzat! “Egunen batean heldu eta zentzutasuna sartuko zaio”, pentsatzen zuten.

Sarri irteten ginen bi bikoteak elkarrekin. Beren arazoak kontatzen zizkiguten. Itziar izaten zen elkarrizketa guztien ardatza. Kalezulo batean lez zeuden eta ez zekiten zelan irten. Familia abandonatzeko mehatxua ere egina zien alabak. Laguntzen saiatu ginen, zaintzeko, jagoteko eskatu ziguten, edozein aitzakiaz baliatu eta etxera gonbidatzeko. Baina aingira lez ihes egiten zuen.

18. urtebetetzea, adin-nagusitasuna, hurbildu zenean, alaiago eta maitagarriago zegoela ematen zuen. Ez zen umetako neskatila hura, baina behintzat ilusio gehixeago transmititzen zion familiari. Edo hori iruditzen zitzaien. Amama zeharo beraren alde zegoen. “Orain, bai, orain zentzatuko da helduak lez”, esaten zuen bere artean.

Iritsi zen urtebetetze-eguna. Larunbata zen. Baserrian izugarrizko festa prestatu zuten. 18 urte, alajaina! Adinez nagusia. Familia osoa zen bazkaltzera etortzekoa. Eta lagunik onenak ere bai, ahal baldin bazuten. Gu ere joan ginen, noski. Ez al genituen ba beraiekin bizi izan une onak eta txarrak? “Hemendik aurrera dena ondo joango da”, esaten genuen uste osoz.

Eta oparien sorpresa ere bazegoen. Zoragarriak baitziren. Batzuk oso garestiak. Motor bat ere bai. Eta dena Itziar pozik egon zedin. Hain polita izan zen erostea eta jasoko zituen unea amestea, bera maite zuten guztiak inguruan zirela! Eta, batez ere, familiara itzuliko zela amesten genuen.

Itziar berandu jaiki zen. Ia 12:00etan. Lagunekin parrandan ibilia zen. Berandu etxeratu zen eta itxura eskasarekin. “Edan egingo zuen”, pentsatu zuten. Baina normala da. Ez dira egunero 18 urte betetzen.

“Banoa unetxo bat, berehala nator” esan zuen. Ordu bietan jangelan geunden denok aperitiboa hartzeko, baina Itziarren arrastorik ez. Ez hiruretan eta ez lauretan. Zer egin?

Maitek logela arakatu zuen. Dena. Eta paperen artean, Bilboko taberna baten txartela aurkitu zuen. Jada zazpiak ziren. Eta Josebak esan zidan: “Aizu, goazen biok taberna horretara, zu Bilbon bizi zara eta errazago topatuko duzu. Eta beraren berri baldin badute, bilatzen lagunduko didazu. Aurkitu eta etxera ekarri behar dugu”.

Taberna Santutxun zegoen. Klub bat zen. Oso itxura txarra zuen. Joseba eta biok sartu eta Itziarri buruz galdetu genion zerbitzari bati; esan zigun: “Nor dabil bere bila?”

“Bere aita eta lagun bat”, erantzun nion. Joseba mutu zegoen, berba barik. Eta zerbitzaria desagertu egin zen, baina berehala itzuli zen, gure ustez, hango burua izango zenarekin.

“Pasa erreserbatu honetara nirekin”, esan edo erdi agindu zigun. Han xehetasunak eman zizkigun. “Zure alaba beharrean dago bezero batekin. Egunak daramatza hemen bueltaka, lan egin guran. Oso tankera txarreko morroi batekin etortzen da, gamelu batekin, ziur aski jonkia izango da”.

“Esan nion ez nuela adingaberik gura” esan zigun arduradunak, “hau leku serioa dela”. Berak zekienagatik, aitortu zigun, Itziar saiatu zela beste klub batzuetan ere, baina erantzun bera jaso zuela. “Gaur, 18 urte betetzean, berriro agertu da hemen. Eta onartu egin dut.”

Eta han omen zegoen, askatasunez, bezero batekin. “Gura badu, joan daiteke” esan zigun, “klub honetan ez dugu inor beharturik atxikitzen eta”. Han jarraitzen bazuen, diru-sarreren zati bat eramango zuela ere esan zigun hoztasun handiz. “Aizue, eta ez deitu Ertzaintzari, alferrik da eta. Arauz dago dena hemen.”

Zain geratu ginen. Amaitu zuenean, gu geunden erreserbatura etorri zen alaba. Ikusi nuenean, aitortuko dut, esan nuen neure artean: “Honen neska ederrak ez dauka hain jantzi gutxirekin ibili beharrik”. Harrituta begiratu zigun: “Zer egiten duzue hemen? Zelan topatu nauzue?” galdetu zigun.

“Zuek alde egitea gura dut, eta ni ahaztea. Heroinaren mende eroria nago. Eta ez dut lagako. Ez dut laga gura eta ez nauzue konbentzituko. Honela irabaziko dut bizimodua eta nire mutilak pasatuko dit droga. Eta horrela egongo naiz gorputzak ahal duen bitartean. Egun batean apurtu arte. Baina gura dudana eginez. Eta ez zaituztet gehiago ikusi gura, nire erabakia da. Adinez nagusia naiz”

Josebari baserrira lagundu nion. Atsekabeak zeharo hartua zuen. Zelan esan Maiteri? Oso gogorra izan zen. Ez zegoen kontsolamendurik. Ezinezkoa zen.

Beren saminarekin laga nituen. Ez zuten sekula gehiago gurekin irten gura izan. Ezin zuten. Askotan dei egin genien, saiatu ginen bisitatzen, baina ez zuten gura. Ez zuten erreakzionatzen. Suntsiturik zeuden. Iritsi zen memento bat egoera gaindiezina bihurtu zitzaienekoa.

Gaur oroitzapena besterik ez da geratzen. Oroitzapen iluna. Eta gure oroitzapenak ere ilunak dira gazteak, neskak edo mutilak, kalean botata topatzen ditugunean.

OHARRA.- Istorio honen oinarrian eta atzean duela urte asko, 80ko urteetan, kontatu zidaten zerbait dago; garai haietan gazte askok pairatu zuten droga madarikatuaren zigorra.

Jorge Ibor
2019ko azaroa.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude