SAN PETERSBURGO


Batzuentzat errusiar kutsu gutxieneko hiria Errusian.
Niretzat, zoragarria eta paregabea.

San Isaak katedrala

SARRERA
San Petersburgon 2002an izan ginen, sortu zeneko hirugarren mendeurrena ospatu baino urtebete lehenago, BBK-ko bezeroentzako bidaia batean parte hartu genuenean.
Urteak igaro ostean, aztarna ezabaezina laga zidala esan dezaket. Hainbesteraino, ezen han ikusitako gauza asko oraindik bizirik ditut oroimenean.

Agian horretarako lagungarri izan zen bisita ekainaren 23an hasi izana, gau zuriak baitziren bete-betean, argiak dena betetzen duenean; bidaide oso berezik izatea, eta haietatik bereziki gogoan ditut Ricardo, jada zenduak diren Pepe, beti alai, eta Enrique, ingeniari erretiratua eta elikagai-bankuaren sortzaileetakoa, bere emazte zoragarriarekin zegoena; profesional paregabe bat, Andrei, han gidari izan genuena; eta Bilbotik laguntzaile bikain batek lagundu izana (ez dut haren izena gogoan, baina ‘gerrako neskato’ bat zen).
Eragozpenen bat aipatzekotan, esango nuke, nire gusturako, egun gutxi izan zirela ikusteko hainbeste egonik. Lasai-lasai gozatu behar da monumentu, jauregi, eliza, lorategi… bakoitzaz, ikusi, entzun edo irakurri ditugun gertaerak gogoratu ahal izateko. Saihestu beharra dago irudiak ordena barik nahaspilatzea gure oroimenean.
Baita ere uste dut 300 urte bakarrik baina historia asko eta garrantzitsua duen hiri honetara bidaiatzeak aurretik irakurketa batzuk egitea eskatzen duela, ondo ulertzeko Romanovtarrak, edo Dezenbristak, Rasputinen bizitza harrigarria, Errusiako Iraultza ─bakoitzaren ideiak gorabehera, gertaerarik garrantzitsuenetako bat izan baitzen gizadiarentzat─, nazien armadak egindako setio gupida bakoa eta abar; eta horiek are gehiago gozatzen lagunduko digute gutxienez astebetekoa edo hamar egunekoa izan beharko lukeen turismo-bisitaz.

Zalantza barik, berriro itzultzeko gogo handiena ematen duen hirietakoa da. Neva ibaia begiestea eta ubideak zubi ugarirekin, gehienak arte-lan hutsak, ikuskizun gehigarriarekin: gau batzuetan haietako hainbat irekitzen ikustea; San Petri eta San Paulo gotorlekuan patxadaz ibiltzea, hiriaren bihotza, izen bereko katedralarekin, tsarren hilobiak eta presondegi politikoa, Hermitage ikustea, eta hango arte-bildumak, aretoak, multzoa, … Odol Isuriaren gaineko Salbatzailearen elizara joatea kanpotik eta barrutik ikusteko, han gertaturiko atentatua gogoratuz, Katalinaren jauregia eta bere anbar-aretoa.
Orduak ematea Neguko Jauregian; Peterhof, Pavlovsk edo Tsarskoye Selo jauregiak eta lorategiak ikustera joatea, non gogora ekarriko ditugun Rasputin eta tsarina eta bere semearen, tsarevitx hemofilikoaren, gertaera edo jazoerak; hirira itzultzea ubideetan bidaia egiteko gabarran, San Isaak katedralean sartzea, Mariinski antzokia ikusi barik ez lagatzea, eta, eszenatoki hauetan guztietan, tsarren garaiko bizimodua zelakoa izan zen irudikatzen saiatzea.

Ezin da paseo magiko bat egin barik laga Nevski Perspektibatik (Hiribidetik). Hango edertasuna, eraikinak, dendak, saltegiak eta kafetegiak, Kazango Andre Mariaren katedrala, ikaragarrizko liburu-denda, nahiz eta ez nuen izenburu bakar bat ulertzen… leku haiek guztiek txunditu egin ninduten, eta zirkulazioaren kaosak ere bai; baina, gainera, juliotar egutegian urriaren 25eko (egutegi gregorianoan, azaroaren 7ko) eta Neguko Jauregiari egindako erasoaren irudiak etorriko zaizkigu gogora

Jakina, bilakaera politikoa apur bat gehiago bizitzea interesatzen bazaigu, Tauride jauregiraino joan beharko dugu, han egon baitzen lehen Duma, kanpotik bakarrik ikus daitekeen Smolny Institutua, non Leninek eta beretarrek Estatu Nagusia muntatu baitzuten gertaera iraultzaileak zuzentzeko eta, noski, Aurora itsasontzia.
Jakina, berriro paseatu behar da Neva ibaiaren ertzetatik. Eta Almirantegoaren Orratzaren distira begietsi egunsentian edo, are hobeto, ilunabarrean.
Gidari on bat baldin badugu, Andrei lakoa, halako hiria eraikitzeak eskatu zuen ahalegin ikaragarriaren berri emango digu, leku zingiratsua baita, negu oso hotzak dituena; han oso urri diren harriak urrunetik ekarri behar izan zituzten, baita zura ere, biak eraikinetarako beharrezkoak; eraiki bitartean jopu asko hil ziren, %40 inguru; errusiar iraultzako bizipenak kontatuko dizkigu, eta Leningradeko Setioan bizi izandako une lazgarriak, xehetasun horiek lagunduko digutelarik ulertzen noraino irits daitezkeen gizakiaren mugak: sinesgaitza!
Eta behin hasita, komeni da txango bat egitea Novgorod hiri polit eta historikora, gutxi gorabehera 190 km-ra dago; IX. mendean sorturiko hiria da, edertasun handikoa; eta han Errusiak mende hartatik gaur egunera arte izandako bilakaera ikus daiteke, baita bilakaera erlijiosoa ere, hain eragin handikoa zibilizazio guztietan, eta are gehiago honetan.

Garbi daukat, San Petersburgora itzultzeko gogoa dut. Siberiarako bidaian dena ongi ateratzen bada, saiatuko naiz. Destino hori bakarrik. Moskurekin konbinatu barik, ezta itsas bidaia baten geraldi gisa ere. Poztuko nintzateke Joserrak eta Marinak zerbait antolatuko baligute. Amesten hasita, ahalegindu beharko genuke ostatu hartzen edo gutxienez denbora izaten otordu bat egiteko edo kafe bat edo te bat hartzeko Astoria Hotel zoragarrian, non, bide batez esanda, behar edo lan egitera iritsi baitzen Spiridon Putin, egungo errusiar presidentearen aitona, Lenin eta Stalinen sukaldari pertsonala izan baino lehen.
Zalantza barik, arrastoa laga zidan San Petersburgok.

DATU BATZUK

1703.05.27an Petri I.a edo Handia tsarrak sortua, horrela izendatzea agindu zuen bere patroiaren ohoretan.
Petri I.a gaztaroan Herbeheretan bizi izan eta ikasitakoa zen, eta Amsterdamek txundituta zeukan. Gainera, Europan zehar egin zituen bidaietan Veneziak eta Italiako jauregiek ere liluratu egin zuten, baita frantziarrek eta hauen herrialdeko glamour edo xarmak ere. Eta konbentziturik geratu zen berak gobernatzen zuen lako herrialde batek itsasoz irteera behar zuela Europarantz. Baltikoa zen garai hartan irtenbiderik onena.
Juntando todo esto llegamos a los motivos que llevaron a la elección del emplazamiento, el urbanismo, los palacios, la construcción, el lujo y, dicen algunos, hasta la bandera rusa.

Gaur egun 5,5 milioi biztanle ditu, Errusiako bigarren hiririk populatuena izanik.
Klimatologia muturrekoa du, eta neguan -20 °C-raino jaisten da tenperatura. Bere ipar-latitudeagatik, ekainaren bigarren hamabostaldian, gau zurien fenomenoa izaten du, eta garai hauxe izan liteke hara bidaiatzeko unerik egokiena, baina ezagutzen ditut negua are garai egokiagoa dela esaten duten batzuk.

 

ODOL ISURIAREN GAINEKO SALBATZAILEAREN ELIZA

Nevski hiribidetik oso gertu, hiriaren erdi-erdian, eliza hau aurkituko dugu, agian nik ikusi ditudan politenetako bat. Benetako arte-lana bere osotasunean, barrutik eta kanpotik.
Bere eraikuntza 1883an hasi zen, Alexandro III.a tsar zela, eta 1906an bukatu zen, Nikolas II.a herrialdeko buru zela.
Alejandro II.a atentatu batean hil zen tokian dago (horregatik deitzen da “Odol Isuriaren gaineko”) eta enperadore-familiaren diru eta garaiko nobleen dohaintza bidez finantzatu zen.
Errusiar estilokoa, zalantza barik, tenplu ortodoxoen ohiko koloretasuna hemen distira gorenera iristen da.

Esaten da Leningradeko Setioan lehergailu bat erori zela bere kupulan eta, miragarriro, ez zela lehertzera iritsi. Tira, urte batzuk lehenago Zaragozako Pilarreko basilikan eta, zalantza barik, beste santutegi askotan gertatu omen zen lez.

 

AURORA GURUTZAONTZIA

“Gurutzaontzi babestu” deituriko horietako itsasontzi bat da, errusiar armadaren jabetzakoa, berdin-berdinak diren beste birekin batera, Nikolas II.a tsarrak 1897an eginarazia, eta 1900ean uretaratua, zerbitzu aktiboan ari izan zelarik 1957ra arte.
Errusiarren eta japoniarren arteko gerran parte hartu zuen, lehenengoentzat emaitza negargarria izan zuen gerran. Hasieran gorabehera diplomatiko larria eragin zuen, tripulazioak, behe-lainoagatik dirudienez, britainiar arrantzontzi batzuk japoniar torpedo-ontziekin nahastu baitzituen.
Aipaturiko gerra horretan 18 lehergailuk jo zuten bere fuselajean, baina agintean zegoen almiranteak lortu zuen ur gainean mantentzea, baita orduan neutrala zen Manila hiriraino iristea ere.
Bere gertaerarik gogoratuena errusiar iraultzaren garaian jazo zen. Ontziko tripulazioak uko egin zion itsasoratzeko aginduak betetzeari. Matxinoek, ordea, urriaren 25ean 09:15en jaurti zuten kanoikada, Neguko Jauregiaren aurkako erasoa hasi zuena, boltxebikeen agintarien aginduei jarraituz.
Gaur egun museo bihurtuta dago.

ZER EGITEN DU HEMEN GURE ARMIARMAK?

Hermitagera egin genuen bisita laburregian, leiho batera hurbiltzean, gure “armiarma” ikusi nuen. Esan nuen neure artean: “Zer egiten ote du hemen? Aldi baterako mailegua izango ote da?” Ez, nire ezjakintasuna baino ez zen.
Maman arte-lanaz ari naiz, Louise Bourgeois-ek bere amaren omenez egin zuenaz, Bilboko Guggenheim Museoaren ondoan ikus dezakegunaz; munduan zehar barreiaturiko 10eko serie baten parte dira, eta aipaturiko bi leku horiez gain Tokion, Londresen, Parisen ere badaude.

“Armiarma neure amari egindako oda bat da. Nire adiskiderik onena zen bera. Armiarma bat lez, ehulea zen ama. Gure familia tapizak zaharberritzeko negozioan zegoen, eta ama zen lantegiaren arduraduna. Armiarmak bezalaxe, ama ere oso azkarra zen. Armiarmak eltxoak jaten dituzten presentzia atseginak dira. Jakin badakigu eltxoek gaixotasunak zabaltzen dituztela eta, beraz, ez dira ongietorriak. Orduan, armiarmak proaktiboak dira eta laguntza handikoak, nire ama zen lez.”
 Tate acquires Louise Bourgeois’s giant spider

PASTEL ERRUSIARRA

Bi pastel ezagutzen ditut, “errusiar” deituak, Bilbokoa eta Huescakoa. Guztiz ezberdinak dira. Bigarrenari buruz arituko naiz.
Izenaren jatorriaz, gogokoen dudan bertsioak dioenez, Katalina Handiak, oso jatuna izaki, Europako sukaldaritza eta gozogintza onena eduki nahi izan zuen; beraz, bere sukaldarietako bat bidali zuen jakiak dastatzera eta gastronomiaren artean espezialistarik onenak kontratatzera. Gozogintzari dagokionez, Huescako batekin topo egin omen zuen, pastel gozo-gozoa egiten zuena merengea eta almendra erabiliz. Eta Errusiara eraman zuen.
Beste istorio arruntago baten arabera, Frantziako Napoleon III.aren emazteak, Granadako Eugenia de Montijo delakoak, Parisen 1855ean egin zen Erakusketan, Alejandro II.a tsarra gonbidatu omen zuen bazkaltzera, eta azken buruko gisa, pastel hau emateko agindu omen zuen.
Ziur asko ez da izango egia ez bata eta ez bestea. Baina biak politak dira.
Funtsean arbendol-ore eta merengezko bizkotxo-geruza mehea du, gurin-krema, hur eta arbendol karamelu bihurtua. Zaragozara joanez gero, Pastelerías Ascaso-n erostea gomendatzen dizuet. Niretzat, onena.

 

IRAKURTZEKO GOMENDIOAK

 

Nire ustez, lehenengo aipatu beharrekoa idazle erromantiko kostunbrista bat da, hiri honetan jaioa eta oso ospetsua: Aleksandr Pushkin, idazten apurtzailea eta, gainera, bohemio zentzakaitza, dueluak eragiten eta horietan parte hartzen espezialista.
Bere lanen artean, uste dut gomendagarria eta oso miretsia dela Eugenio Oneguin, baina itzulpen on bat aurkitu behar da, poesiaz ari gara eta.

Dena den, Boris Godunov, beste atal batzuetan ere aipatzen dudan drama historikoa, haren lan nagusitzat jotzen da, izen bereko operaren oinarri izateaz gain.
Opera-generoaz oso gutxi dakidanez eta musika zalea naizen arren horretarako ezaugarri berezirik ez dudanez, Javi Campo lagunari eskatu dizkiot lerro batzuk gaiaz, eta hona hemen berak idatzia:

 

 

Borís Godunov da, zalantza barik, Pushkinen lan dramatikoetako biribilena eta distiratsuena, eta bere argitalpenak indarrean zegoen klasizismoaren bukaera ekarri zuen eta guztiz eraldatu zuen antzerkia Errusian. Bere erbestealdi ugarietako batean asmatua, Pushkin ohartzen zen errefusatu egingo zutela eta berekin gorde zuen, harik eta, zentsuraturik bazen ere, 1831n argitaratu zen arte. Egileak espero lez, kritikatu egin zuten eta ez zuten ulertu, baina laster lortu zuen Boris Godunov-en errealismoak merezi zuen aitortza, eta Maximo Gorkik berak definitu zuen «errusiar drama historikorik onena» lez, eta Mussorgski-ren opera handia ere inspiratu zuen. Boris Godunovek ezohiko edertasun eta sakontasunez erretratatzen du XV. mende-bukaerako eta XVI. mende-hasierako Erdi Aroko gizartea, izena ematen dion tsarraren figuraren bidez.

Modest Musorgskiren operak bi iturri erabiltzen ditu: Aleksandr Pushkinen drama eta Kasamsinen Errusiar Inperioaren Historia. Pushkinek bere «Boris tsarraren kronika»n idatzitako 24 agerraldietatik, Musorgskik zazpi bakarrik erabili zituen. Lehen bertsio baten ostean, Musorgskik berrikusi egin behar izan zuen Boris Godunoven libretoa Antzoki Inperialean eman ahal izateko, errefusatu egin baitzioten ez zelako batere konbentzionala (adibidez, ez zeukan emakumezko figura nagusi bat) eta askotan gai politikoa ukitzen zuelako. Azkenean, San Petersburgoko Antzoki Inperialean eman zuten lana 1874ko otsailaren 8an, eta harrera hotza egin zioten.

Musorgskiren literatura-talentua bere musika-jeinua bezain miresgarria zen. Eszena batzuk ia guztiz aldatu zituen berak, batez ere herria protagonista den eszenak. Libretoak azterketa dramatiko eta psikologiko oso interesgarria aurkezten du. Musikak bezalaxe, hainbat aldaketa izan zituen, labur bada beherago adieraziko ditudanak. Lan paregabea, bere garaian iraultzailea eta hain da orijinala ezen ezin baita sartu joera jakin batean, ezta alderatu ere bere garaiko beste ezein operarekin. Indar dramatiko handia du eta xehetasun psikologiko liluragarriz betea dago; konpositoreak opera tradizionalaren arauetara hurbildu behar duenean, adibidez «Poloniako ekitaldia» delakoan, orijinaltasuna apur bat murrizturik geratzen da; baina, aukera duenean, Musorgskik benetakoa eta paregabea den asmamen melodikoa du. Gainerako eszena guztiak oso ausartak dira harmoniari dagokionez, eta hain errealismo indartsuko deklamazio-forma, ordura arte ezezaguna, dutenez, ez da harritzekoa bere garaikoek ez ulertzea.

Geroago, Nikolai Rimski-Korsakovek, Musorgskiren adiskide handiak, aldatu eta «leundu» egin gura izan zuen iraultzaileegia, zailegia eta latzegia iruditzen zitzaiona eta lanaren beste bi bertsio egin zituen 1896an eta 1908an instrumentazio liluragarriarekin, lehen aldiz Parisen emana 1908an. Arrakasta erabatekoa izan zen, nahiz eta izan ziren polemika idatziak, urteetan luzatu zirenak eta moldatzaileari ere gogor eraso ziotenak. Esaten zuten Rimski-Korsakovek «faltsifikatu» egin zituela harmoniak, «leundu» egin zituela akorde ausartak, antzinako errusiar abestiak bere bertsio post-romantikora egokitu ere egin zituela, baina bertsio honek Musorgskiren jatorrizko lana estali izan du duela urte gutxira arte, korronte historizista musikalen eraginez jatorrizko bertsioa indartsu birsortu den arte.

Baina ondo jeniala izan behar du lan honek bere bizi-indarra ez baita ahuldu hainbeste birmoldaketa egin arren eta gaur egun inoiz baino distira handiagoa izateko!!!

Tsarren hiriaren historia hobeto ezagutzeko erreferentzia gisa beste artikulu batzuetan ere aipaturiko bi liburu aipatuko ditut hemen: bat oso atsegingarria gertatu zitzaidana, The Romanovs (Los Románov) Sebag Montefiore-rena, eta beste bat askoz teknikoagoa, Rasputín, Romaña getxoztarrarena.
Jakina, errusiar handiak ere aipatu behar dira, Tolstoi, Dostoievski, Txekhov eta beste hainbat.
1917ko gertaerak “barrutik” ere birbizi edo gogora daitezke Leon Trotskiren Errusiako Iraultzaren Historia-n.

AMAITZEKO:

San Petersburgori buruzko bideo asko daude ikusgai, adibidez, Expediaren hau:
St. Petersburg, Russia

ERREFERENTZIAK

Artikulu hau idazteko honako hauetaz baliatu naiz:

  • San Petersburgora egin genuen bidaiaren oroitzapenak.
  • Lonely Planet gidaliburua
  • Beti legez, wikipedia.

Blog batzuk, eta horien artean honako hauek:

Jorge Ibor

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude