Metroko nasa etxera iritsi gura duen jendez mukuru dago. Arratsaldeko zortziak, jada gautu du. Puntako ordua, denak presaka. Hotz egiten du eta kanpoan euria eten barik.
Igogailuaren aurrean ilara luzea sortu da. Bi aulki gurpildun aurreratu dira, itxaroten daudenak atzera utzita. Erabateko lehentasuna dute. Jendeak lehentasuna onartzen du, baina ez oso gogo onez. Ume-aulki bat, ama gazte batek bultzatua, eta elbarrien aulki bat sartu dira lehenak kabinara. Gainerako lekua guztiz bete du estu-estu sartu den jendeak. Hasi da igoera.
Bi orgak bata bestearen atzean geratu dira. Umeak bi urte-edo izango ditu, aurpegi biribiltxoa, ile nahasia, eta eten barik mugitzen da eta eskuak astintzen ditu. Elbarriak berrogeita hamarren bat izango ditu, ez ondoegi eramanak. Gorputz handi zabarra, egunetako bizarra, jantzi xumeak, eta ilea euriak bustita du. Ez da erraza gurpil-aulkian nork bere burua babestea. Bere baitara bildua, haren aurpegi serioak nekea adierazten du: gaur, hotz eta euriagatik ezatsegina den egun honetan, gainditu behar izan dituen eragozpen guztiek eragindako nekea; eta beste neke bat, sakonagoa, kroniko bihurtua eta begitartea zimurrez markatu diona. Batek daki zenbat oztopo, eta noizdanik, gainditu behar izan dituen kontrako, bere mugapenetarako diseinatu bako, ingurunearekin borrokan.
Biak, umea eta gizona, maila berean daude. Orgek berdindu dituzte. Haurra, jakin-minez, atzerantz bihurtu da. Antzeko bat ikusi du beste organ, baina ezberdina den susmoa hartu dio. Ez, ez da bera lakoa, ezta beste batzuetan ikusi dituen beste ume batzuk lakoa ere. Elkarri begiratu diote. Umearen begietan harridura, jakin-mina, itxaropena dago. Besteak, helduaren begiak, goibeltasun lauso batek estaliak, oraindik zehaztu bako argitasuna hartuz doaz.
Ustekabean hiru txistu-hots entzun dira: “fiu, fiu, fiu”. Elbarriak bozina sakatu du. Harrituta, igogailuko bidaiari guztiak mutu geratu dira, urduri samar. Bi protagonistek zer egingo zain daude besteak. Berriro “fiu, fiu, fiu”. Gizonak berriro sakatu du botoia bere begiak umearengan josita. Aldi berean, haren ezpainetan irribarre gozo eta xaloa agertu da, une batez haren aurpegia argitu duena. Haurrak, harrituta eta pozik, gizonari begira jarraitzen du. Berak ere irribarre batez erantzun dio, gero eta argitsuagoa eta bere lau hortzak agerian uzten dituena. Bai, irribarre egin dio, ume batek bakarrik dakien lez. Bere eskutxoa luzatu du gizona ukitu guran. Harekiko harremana, haren adiskidetasuna gura du. Biak harrapatuta geratu dira begiraden, irribarreen, samurtasunaren truke horretan. Une magikoa izan da.
Jendea hunkituta dago. Talde anonimo hori, hainbesteko presa duena, gizatiartu, humanizatu egin da. Elkarri begiratu diote begi distiratsuz, samurtasunez. Une berezi horren konplize dira.
Ibilaldia amaierara iritsi da, hogei segundo iraun du. Atea zabaldu da, orgak irten dira lehenik. Gero, banan-banan, gainerako guztiak. Kanpoan atertu barik euria eta oraindik ere hotz.
Jesús Montero