Azkenaldian asko idazten dut Madrili buruz. Izan ere, nire biloba Madrilen bizi da eta hazten ikusi nahi dut, ipuinak irakurri nahi dizkiot, haren ikasteko gaitasuna nabaritu nahi dut, zelan kuxkuxeatzen duen ikusten duen eta jakin gura duen guztia. Horrek bizia ematen dit. Eta libre ez dagoen bitartean, bere ikastetxean dagoelako, edo arratsaldeetan, oheratuta eta lo dagoelako, hiriburuak eskaintzen duen guztiaz asetzeko aprobetxatzen dut, eta asko da eskaintzen duena, denbora luzean ez bada begiak ikus dezakeena baino askoz gehiago.

Bada Clair Thompson-en liburu bat, The Art of Mindful Birdwatching (Hegaztiak behatzeko artea) izenekoa. Liburu horretan, pasadizo pertsonalen eta ezagutza adituaren bidez, lorategi, hiri, zelai, baso, kostalde eta mendietan barrena bidaia kontziente bat egitera gonbidatzen gaitu, hegaztien munduaren edertasun handiaz eta aniztasunaz gozatu eta ikasteko; bidaia horretan, hegodun izaki horiek mirariak egin ditzakete gure bihotz eta buruetan, beraiei arreta eskaintzearekin bakarrik. Behaketa bistaratze hutsetik harago doa. Etenaldi- eta introspekzio-une bat eskatzen du, birsortze mental helduarekin amaitu arte.
Gogoeta horrek berorrek balio dezake, oro har, “behatzeko arteaz” hitz egiteko, edozein artez, hala nola pinturaz, musikaz, dantzaz, arkitekturaz, baita sukaldaritza-arteaz edo dialektikaz edo poesiaz edo zinemaz ere. Baina berba horiek biltzen duten guztia ez da artea. Obra bat artetzat hartzeko, bihotza bizkortzen ari zaigula, gure tripak nahasten ari direla, gure buruan dabilela, oilo-ipurdia jartzen digula, gure gorputza iraultzen ari dela sentiarazi behar digu. Ikusi bakarrik egiten badugu, baina axolagabe uzten bagaitu, zalantzan jar ezazue hura artea ote den. Behintzat, ez zuretzat.
Hotel guztiek sarrerako hallean izaten duten publizitate-panelean kuxkuxean nenbilela, atentzioa eman zidan liburuxka bat ikusi nuen. Banksyren mural edo horma-irudiei eskainitako museo bat. Lehen aldiz berari buruz hitz egiten entzun nuenetik eta edozein herrialdetan, hiritan, hormetan egiten duena irakurri nuenetik, orain dela gutxi arte ezezaguna zitzaidan haren bizitzan gehiago sakontzeko eta haren marrazkietako batzuk argitzeko jakingura sentitzen nuen. Bizitza honetan gertatzen diren kasualitateak direla-eta, museo hori duela gutxi inauguratu da, eta ostatu hartzen dudan hoteletik oso gertu dago. Beraz, paseoan eta kalez kale ibiliz, aipaturiko jakingura asetzera joan ginen. Ez zitzaigun kostatu hura topatzea, eta, jende askorik ez egon arren, harritu egin gintuen hainbeste ikusteak. Ez genuen espero, bakarrik egongo ginela uste genuen, baina artista honek erakarmen handia duela egiaztatu ahal izan genuen. Kale-artista honen erakusketak ez du huts egiten, zoragarria da, erreprodukzioak oso onak dira eta birsortzea ezin hobea da areto zabal eta hedatsuetan.
Banan-banan, hormaz horma, pausoz pauso, gorri bizi batzuk dituzten kolore beltz haietan zehar ibili ginen, haren esaldi zorrotzak ezagutuz itzultzailearekin, ingelesa ez baita nirea. Marrazki guztiek dute beren mezua, mezu kritikoa, jakina. Mezu hori hurrupatu, heltzen utzi eta gero tu egin behar da, hurrengoa xurgatu ahal izateko. Haren lanek mezu urratzaile indartsua daramate, politika beren bizitza propioa hobetzeko baliatzen dutenei kritika garratza egiten baitie mezu sozial zorrotzekin; berez nabarmentzen dira eta oso hiri desberdinetako kale, horma eta zubietan agertu dira.

Ezkerrean dugun grisezko lan honek elementu sinboliko erlijiosoak (aingerua) eta basakeria modernoa (balen aurkako txalekoa eta burezurra) uztartzen ditu, eta indarkeriari eta bizi baten galerari buruzko gizarte-iruzkin gisa balio du. Banksyren lagun Ozone grafiti-artistari egindako omenaldia dela uste da, bat-bateko heriotza, inozentziaren galera sinbolizatzen dituena. Kasu honetan, irudi inozente eta delikatua irudikatzen du balen aurkako txaleko batekin, eta bere baitan indarkeria eta gerra gorpuzten ditu. Banksyren lanetan, satirak, arrakastatzat joa izateko, ez dauka ideologia bat erabat desegin beharrik, nahiz eta mezu politiko indartsuak eman.
“Girl with baloom” (Neska puxikarekin) da obrarik ospetsuena eta erreproduzituena. Murru mailakatu batean dagoen neskatila bat irudikatzen du, ilea eta soinekoa haizetan dituela, itxuraz eskuetatik ihes egin dion bihotz-formako puxika gorri bati heldu edo, agian, jaregin nahian. Puxika gorria, kolore-ukitu bakarra, haurtzaroaren eta askatasunaren sinbolo arketipikoa da, gutako asko identifikatzen garelarik horrekin. Haur-jostailu soil bat baino gehiago, irudikatzen duenaren hauskortasuna ekartzen du gogora: inozentzia, ametsak, itxaropena eta maitasuna.

Girl with Balloon (Neska puxikarekin), Waterloo zubia, South Bank, Londres, 2002
Oso irudi ezaguna da, eta 2017an Erresuma Batuan egindako inkesta baten arabera, britainiarren artelanik gogokoena. 2018ko urriaren 5ean, Sotheby’s enkante-etxeak markoan ipinitako kopia bat enkantean jarri eta milioi bat libra baino gehiagoren truke saldu zuen. Enkantearen ondoren, eta partikular bati salmenta ontzat emateko mailuak atrila jo ostean, marko victoriarrean ezkutatutako paper-birringailu bat aktibatu zen, obraren erdia birrinduz, han zeudenak zur eta lur utzita. Hurrengo egunean, Banksyk bideo bat argitaratu zuen «The urge to destroy is also a creative urge» (Suntsitzeko bulkada ere bulkada sortzailea da) testuarekin, Pablo Picasso aipatuz. Bere burua suntsitzen ari zen irudia mundu osoan biralizatu edo hedatu zen. Enkante-etxeak ohar batean azpimarratu zuen performancea munduko artearen historia bihurtu zela berehala, eta ez zituztela artistaren planak ezagutzen. Komunikabideek balioztatu zuten obrak merkatuan zuen balioa bikoiztu egin zela haren suntsiketaren garrantziari esker. Autorearen beraren arabera, obra erabat suntsitu beharko zen, baina mekanismoak huts egin zuen eta obraren erdia baino ez zuen birrindu.
2019ko irailean, Christie’s enkante-etxeak irudi ospetsuaren bi grabatu jarri zituen enkantean, bata urrezko globoarekin eta bestea globo gorriarekin. Bi grabatuak lote baten parte ziren, eta besterentzean, egileak oihu egin zuen: «Ezin dut sinetsi ergelek benetan erosten dutenik kaka zahar hau».
Txundituta hasi genuen bisita, eta hurrengo margolanek ere ez ziguten huts egin.
“Mediterranean Sea View 2017“ (Mediterraneo itsasoaren ikuspegia 2017) triptikoa, zeinaren eredu edo erakusgarri bat uzten dugun hemen, enkantean jarri zen Sotheby’s etxean 2020ko uztailean, artistak haurrentzako ospitale bati laguntzeko dohaintzan eman ostean. Pinturen triptikoak Europako herrialdeetan dagoen errefuxiatuen krisiari egiten dio erreferentzia. Hasiera batean “itsas pintura” soilak ziren, baina obra horiei izaera gehitutakoek ematen diete: salbamendu-txalekoak eta buia abandonatuak. Europa azken hamarkadetan bizitzen ari den migrazio-krisiaren aurrean erreakzioa lortu nahi dela uste da. Krisi horretan, ehunka mila pertsonak gerratik eta gatazketatik ihes egin dute, eta kontinentera iristen saiatu dira, bidaia arriskutsuak eginez batez ere Mediterraneo eta Egeo itsasoetan barrena. Hasiera batean, 1,2 milioi libera esterlinako prezioa izatea espero zen Sotheby’s-ko “Rembrandt to Richter” enkantean agertu zirenean. Batutako dirua gaixo zerebrobaskular akutuak artatzeko unitate berri bat eraikitzeko eta Belengo Errehabilitazio Elkarte Arabiarrean haurrentzako errehabilitazio-ekipoak erosteko erabili zen.
“Kissing Coppers” (Poliziak musuka) lanak bi polizia britainiar elkar musukatzen irudikatzen ditu. 2004an inauguratu zen Brightoneko Prince Albert pubeko horman. Bi “bobby”ak zuri-beltzean margotuta daude. Biak uniforme osoarekin, beren gerrikoetan eskuburdinekin eta borra banarekin. Sexu bereko pertsonen arteko maitasun-ekintza baten irudikapen hori elementu komuna da artean, XVI. mendetik ere presente dagoena, Michelangelok margotutako Kapera Sixtinoaren sabaian ikus daitekeen lez.
Banksyk une oro bilatzen zituen gizarte-kritikarako leku eta egoera egokiak, eta New Orleansen “Katrina” urakan suntsitzailea gertatu eta hiru urtera, hara joan zen “in situ” kritikatzera Gobernuak garbiketa-operazioetan zuen moteltasuna, eta laguntzak argi eta garbi berandu iristen zirela eta gutxiegi zirela. Banksyren lanak umoretsuak dira, eta kritika ikusgarriagoa egiteko erabiltzen du hori.
Horren adibide da haren “Nola” lan ikonikoa, han sortu zituen 15etatik atze-oihal ikusgarri gisa mantentzen den bakarrenetakoa.

2008ko abuztuan, Katrina urakanak eragindako hondamenditik hiru urtera, Banksyk New Orleans bisitatu zuen. Artistak hiriaren hiri-ehuna, artean hondatua, erabili zuen egoera kritikatzeko atze-oihal adierazgarri gisa, eta 15 txantiloi inguru utzi zituen. Haietako gehienak aspaldi desagertu ziren, baina oraindik ere modu askotara agertzen dira. Neska aterkiaren azpian dago, eskuineko eskua luzatuta, baina ez dio eragozten gogotik ari duen euria sentitzea. Aterkia, jakina, erabiltzen duena busti barik eta eguraldi txarretik babestuta edukitzeko diseinatuta dago. Euria zerutik ez erortzea, aterkiaren barrutik baizik, Banksyk daukan modua da ikusleari iradokitzeko gu babesteko sortu eta diseinatu ziren erakunde berberek, batzuetan, kontrakoa egiten dutela. Artearen merkatuari umorez egiten dion kritika garratza da? Kontraesanean dago? Hainbeste kritikatzen duen merkatuari bere burua saltzea aurpegiratu izan zaio. Edozer dela ere, haren lanak ez du inor axolagabe uzten.
Gizon haren eta haren lanaren ospea hain dira handiak, ezen aldi baterako estalki bat jarri behar izan baitute haren grafitietako batzuk bandalismo-ekintzetatik babesteko, adibidez, “Seasons Greetings” (Jai Zoriontsuak) izenburua jarri ziona. Bi aurpegiko grafiti bat, ume bat irudikatzen zuena, mihia kanpoan zuela, erortzen ziren elur-malutak harekin harrapatzen saiatuz, baina, benetan, erortzen zirenak kea eta hurbileko su baten txingarrak ziren, baina umeak ez zituen ikusten. Angelua egiten zuten eta siderurgia-langile baten garajekoak diren bi hormatan agertu zen obra hori.


Banksy kale-artista britainiar iheskorrak ofizialki aitortu zuen, duela denbora bat, AEBetara egindako bidaia labur baten esparruan, New Yorken agertu zenean, “You Loot, We Shoot” (Zuk lapurreta, guk tiroketa) murala bere lana zela. Txantiloiarekin egindako lanak negozio-gizon bat erakusten du, New Yorkeko burtsan lan egiten dutenek erabiltzen duten ohiko jantziarekin, eta azkar doa ihesi, billete-sorta bat eskuetan duela. Hori da akzioekin eta finantza-merkatuekin lotutako bigarren lana, hilabete batzuk lehenago Coney Island Avenuen agertu zen lehenengoaren ostekoa, eta ez da oso zorrotza izan behar eman gura izan zion interpretazioa asmatzeko.
Ageriko sekretua zen Ukrainan, sare sozialak animatzen hasi ziren bertoko kale eta hormetan agertutako grafiti batzuen argazkiengatik, Banksyren zigilua zeramaten eta. Kieven eta Ukrainako hiriburutik gertu zeuden kokaguneetan, gerrak gogor zigortuetan, agertu ziren. Haraino joan zen kaleko artista, beti gatazka baten epizentroan, beste behin ere. Haren jarraitzaile askoren eldarnioa iritsi zen, bere webgunean baieztatu zuenean haietako baten egiletza: gimnasta bat, Errusiak bonbardatutako eraikin baten hondakinen gainean kulunkatzen ageri zen. Hau da Banksyk Ukrainan utzitako arrastoen atzean haren benetako nortasuna aztertzen zebiltzan hainbat kazetarik egindako ibilbideko piezetako bat.

Berriz ere, aurri-egoeran dagoen eraikin batean eta Borodyanka herrian, beste mural batean gizon bat agertzen da, Vladimir Putin irudikatzen duena, judo-borroka batean ume batek eraitsia (Errusiako presidentea arte martzial honetan gerriko beltza izateaz harro agertu ohi zen, nahiz eta 2022. urtearen hasieran ezeztatu egin zioten).
Borodyanka askatu ondoren, ikertzaile ukrainarrek dozenaka hobi komun topatu zituzten, non torturatu eta eraildako zibilen gorpuak baitzeuden lurperatuta.
Banksyri egozten zaion horma margotu honek dioenez, “If graffiti changed anything, it would be illegal” (grafitiak zerbait aldatuko balu, legez kanpokoa litzateke); Clipstone Streeten aurkitu zen, Fitzrovian (Londres), 2011ko apirilaren 28an. Dirudienez, Emma Goldmanen “If voting changed anything, they’d make it illegal” (Botoa emanda zerbait aldatuko balitz, legez kanpo utziko lukete) esaldi historikoa du inspirazio-iturri. Goldman jatorri judutarreko anarkista eta idazle lituaniarra izan zen, “Amerikako emakumerik arriskutsuena” izendatua. Baina zer sinbolizatzen dute Banksyren lanetan sarri-sarri agertzen diren arratoiek? Agian Banksyk arratoiak estimatzen ditu, besterik gabe, ala esangura sakonagoa dago haren lanen atzean arratoiak agertzen direnean? Hori jakiten saiatzeko, ohartu behar dugu Banksyk sarritan kapitalismoa eta kontsumismoa jorratu dituela bere kaleko artean, eta uste da arratoi ikonikoek kapitalismoaren “arratoi-lasterketa” sinbolizatzen dutela: lehia eta kontsumismoa margotutako arratoiaren tamainaren arabera nabaritzen dira.
Banksyren arratoiek baztertuak sinbolizatzen dituztela ere uste da. Banksyk “gorrotatuen eta jazarrien” ahots gisa deskribatu ditu. Esan zuen: “Zikina eta ezdeusa bazara eta ez bazaituzte maite, arratoiak dira jarraitu beharreko eredu nagusia”. Banksyk uste du, arratoiek bezala, kaleko arteak ere aldaketa eragiteko gaitasuna duela, eta horregatik idatzi zuen esaldia ondo ikusten zen horma batean. Adierazpen horrek grafitia erresistentzia gisa zein ahaltsua izan daitekeen azpimarratzen du: grafitiak aldaketa eragin dezake, baina legez kanpokotzat jotzen da. Ongi dakigu arratoiak hiri-guneetan mugitzen direla antzeman barik. Banksyk berak baieztatu zuen arratoiak «baimen barik existitzen direla. Gorrotatu eta jazarri egiten dituzte. Etsipen isilean bizi dira zikinkeriaren artean. Eta, hala ere, zibilizazio osoak mendean hartzeko gai dira». Baliokidetasun bat behartzen badugu, arratoiak kaleko artistak, ilunpetan kalez kale isilean mugitu behar dutenak, bezalakoak dira. Ihes egin eta udal eta ordena-indarretatik ezkutatu behar dute. Banksyk berak bere nortasuna ezkutatu behar du bere lanak sortzeko. Sarritan gizarteak gogaikarritzat, borrokatu beharreko izurritetzat, jotzen ditu biak, Banksy eta arratoiak. Izan ere, Banksyk aerosolekin margotzen ditu arratoiak, eta horrek indartu egiten du paralelismo hori.

‘Flower Thrower (Lore-jaurtitzailea) 2003an Banksyk txantiloiak eta spray erabiliz sortutako lana da Beit Sahour-en (Zisjordania): gizon mozorrotu bat borrokako helikoptero batzuen aurka lore-sorta bat jaurtitzen erakusten du. Lan hau Banksyren ikonikoenetakotzat jotzen da. Mundu osoan erreplika asko egin izan da. Plexiglasen gainjartzeak kontserbaturiko irudian, kokapena bereziki garrantzitsua bihurtzen da, bere esanahirako −bakea, alegia− nabarmenagoa bihurtuz. Banksy 1960ko hamarkadako protestetako irudietan oinarritu zela uste da, hala nola Bruno Barbeyk 1968ko maiatzean Frantzian egindako argazkian.
Aurreko bertsio bat Banskyk 1999an marraztu zuen, eta 2000. urtean aurkeztu zuen bere lehen erakusketan. Irudiak 1960ko campuseko gertaerak eta kaleko istiluak gogorarazten ditu. Argi dago, gizonaren jarrera, aurpegiera eta posturagatik asmo bortitza dagoela, baina hori debaluatu egiten da bonba, harkosko edo “molotov koktela”ren ordez loreak jartzean. Banksyk mezu sendoa sortu du: soldatapeko bakea. Izenburua ez zion Banksyk jarri. Lana Flower Thrower (Lore-jaurtitzailea) izenaz biralizatu zen, milioika pertsonak Interneten ikusi zuten eta, dagoeneko, horrela aldaezin utzi zuten. Lan honek bakea, erresistentzia eta aktibismoa jorratzen ditu, eta indarkeriaren eraginkortasuna eta moraltasuna protesta-bide gisa berriz aztertzeko eskatzen digu. Beste batzuek, aldiz, maskaratu edo mozorrotuak gizarte-arauak desafiatzen dituelako mezua optimizatzen dute, aktibismoak artean duen papera birpentsatzera bultzatuz ikusleak.
Lore Jaurtitzailea 150 konposizioz eta sinatu gabeko 600 bertsioz osotutako edizio serigrafiatu gisa argitaratu zen, eta hori “Pictures on Walls” enpresa independentearen editoreek egin zuten; enpresa horrek artista grafitigileen −besteak beste, Banksyren− marrazkiekin txartelak merkaturatzen zituen, harik eta 2003. urtearen ondoren ospetsu egin ziren arte. 2020an, ‘Flower Thrower’ (Lore-jaurtitzailea) lanaren egile-eskubideengatik “Full Colour Black” posta txartel-konpainiaren aurkako bi urteko borroka judizialaren ostean, Europar Batasuneko Jabetza Intelektualaren Bulegoko auzitegiak ebatzi zuen Banksyk, edonor zela ere, ezin zuela obra EBren barruan erregistratutako marka gisa erreklamatu, ez bazuen benetan frogatzen bera zela jabea eta ez bazuen bere benetako izena agerian uzten.
Dirudienez, bere anonimotasuna mantentzea garesti ateratzen hasi zaio kaleko artista misteriotsuari. Nahiz eta lehenago hainbat aldiz adierazia izan “egile-eskubideak galtzaileentzat” zirela, eta bere artelanak libreki erabili eta deskargatzeko aukera eman. Epai horrek ere gauza bera adierazi du, hots, artistak “jabetza intelektualaren eskubideekiko mespretxuari dagokionez oso argia izatea erabaki duela”. Eztabaida areagotu egin daiteke, Banksyren marka erregistratu guztiak arriskuan daudelako, bere obra guztiek arazo bera baitute. Banksyri eta haren izen onari ekonomikoki hori kostatu ahal zaiona alde batera utzita, haren artelanak jada iruditeria publikoan daude, eta haren izen publikoari lotutako pieza ikoniko bihurtu dira.
Ez dakigu zenbat obra margotu dituen mundu osoko kaleetan zehar. Ingalaterran, Bristolen, bere sorterrian, Palestinan, Gazan, Frantzian, Doverren eta Calaisen, AEBetan, San Frantziskon eta Los Angelesen, Australian, Ukrainan, Kieven eta Borodiankan. Horietako asko desagertu egin dira, batzuk modu kontzientean, eta gehienak modu inkontzientean. Gaur egun, erakundeak ahalik eta egoerarik onenean mantentzen saiatzen dira, batez ere, merkatuan lortu duten prezio altuagatik.
Banksy ez dago bere obra eta bere pertsonarekiko kritikatik salbuetsita. Talde batzuek sistema kapitalistaren erabilera eta gaitzespen ironikoa aurpegiratzen diote, enpresa handientzat eta arte-galerientzat lan egiten baitu diru-kopuru handiak kobratuz. Beste kolektibo batzuek, erakunde publikoetatik eta grafitigile lankideen artetik batez ere, uste dute haren lanak bandalismo hutsa direla, eta hala ere ez dutela besteak bezala zigortzen, kontuan izan barik, hain zuzen ere, haren kutsu politikoko irudi berezien −batzuk ironikoak, beste batzuk poetikoak− obra dela askotan bandalizatu izan dena.
Gutxiengoen jarrerak dira; izan ere, gehiengo handi batek gogo onez onartzen du horma publikoetan orban hori, paregabeak direlako eta salaketa ere egiten dutelako, ez ironia eta umore barik. Bere izena ezagutaraztea lortu du, baimenik gabe hiri-guneak bereganatzen joan den arren, horrek legezkontrakotasunean kokatzen du, eta lortutako ospea bere komenientziara aprobetxatzen du. Banksyren pinturak gauetik goizera agertzen dira munduko hainbat lekutan, inork ulertu barik zelan hain jazarria den arte bat, nola baita grafitia, irudikatu daitekeen zigorgabetasun osoz. Hori da bere paradoxa: legez kanpoko obra bat egiten du, anonimoa gainera, eta, hala ere, milioika dolarretan baloratzen da enkante-etxe handietan. Urte batzuk igaro eta Banksy desagertzen denean, historiak erabakiko du ea haren arteak merezi duen bertan agertzea. Gaur gaurkoz, behintzat, berba egiten da hari buruz, eta gehiengo batek onartu egiten du, artea dela uste duelako, arte urbanoa nahi bada, baina artea, azken finean.
Azkenik, bere identitate edo nortasunaz hitz egitea falta zaigu. Banksy beti agertu da harro bere anonimotasunaz, eta hori zen identitaterik gabeko artistaren auraren zati garrantzitsu bat. Nahikoa idatzi da horri buruz, kazetari eta sasi ikertzaile askok denbora asko eman dute horren bila, eta azken aldian badirudi bere benetako izena aurkitu dela. Horrela ari dira argitaratzen. Hori ere legenda eta apologiaren barruan sartzen da. Zalantza horrek berak ere puztu egin ditu bere koadroen prezioak.
BBCrako egin zioten irrati-elkarrizketa batean, bere izena Robbie Banks dela esan zuen. Beste hautagai bat, agian nagusia, Robin Gunningham zen. Bristolgo natibo honi 2008an The Mail on Sunday-k kendu zion mozorroa Banksy gisa. Urtebete iraun zuen ikerketa Banksyren nortasuna “azaltzetik inor baino gertuago” egon zela adierazi zuen tabloide britainiarrak. Hala ere, tabloidea nahiko zuhur eta kontuz ibili zen. Bere azalean “Banksy zela uste zen” gizon baten argazkia argitaratu zuen. Argazkia 2008ko artikulua baino urte batzuk lehenago argitaratu zenean, artistaren ordezkariak ukatu egin zuen Banksy zela.
2004. urtean, Rickards argazkilari jamaikarrak ustez Banksyrenak ziren 21 argazki argitaratu zituen, baina ez zuen bere izena argitu. Irudien konparazioak erakusten du Banksyk eskumuturrekoa eta erlojua eramaten zituela, beti ezkerreko besoan. Ilea marroia eta tente zuen. Betaurrekoak eta ezkerreko belarrian belarritako bat zeramatzan. Rickardsek bere argazkietan tatuaje bereizgarri bat ere atzeman zuen Banksyren ezkerreko besaurrean. Rickardsen argazkietako gizona Banksy zen. Baina oraindik ez zuen izenik.
2008an, bere ordezkariaren bitartez, legezko izen-aldaketa bat kudeatu zuen bere bezeroarentzat. Robin Gunningham, jada ontzat ematen zen izena, beste pertsona bat bihurtu zen, inoiz berari lotu ezingo zitzaion izen batekin. Reuters agentziak, hainbat herrialdetan hainbat urtez ikertu ostean, bildutako datu guztiak aztertu eta beste erregistro publiko batzuekin alderatu ondoren, beraien ustez Banksyk erabiltzen zuen izena identifikatu zuen. Britainia Handiko izen ezagunenetako bat da, hain ohikoa, non oharkabean pasatzeko aukera eman dion. Izen hori David Jones da. Izen ezagunenetako bat gizon britainiarren artean. 2017an, adibidez, David Jones izeneko 6.000 gizon inguru zeuden Erresuma Batuan.
Gizon horri izen horrekin egindako miaketa- eta jarraipen-prozesuan eta ondorengo txosten batean, azaldu zuten 2022ko urriaren 28an, Duley eta Del Naja (Banksyren ustezko bi laguntzaile eta konplizeak) Ukrainan sartu ziren egun berean, “David Jones” izeneko batek ere leku beretik zeharkatu zuela muga, immigrazio-prozedurekin ohitutako iturri baten arabera. Iturri horrek argitzen zuen, halaber, Jonesen pasaportean agertzen zen jaioteguna bat zetorrela Robin Gunninghamen jaiotegunarekin. Banksyk, zeinen jaiotza-izena Robin Gunningham baitzen, David Jones izena hartu zuen gero. Ez dakigu oraindik erabiltzen duen edo ez. Hori da Erresuma Batuan egoitza duen Reuters albiste-agentziak esan duena.
Badira beste teoria eta autoretza batzuk. Bakoitzak har dezala gehien komeni zaiona, baina ez Madrilgo museo berri hau ikusi eta artelan bakoitzak dituen mezuak xehatu arte. Banksyk oso ondo zekien, lurreko bazterrik ezkutuenean horma bat aukeratuta ere, sare sozialek mundu-mailako zabalkundea emango ziotela eta izugarrizko oihartzuna izango zuela.

2026/4/1 Javier Campo