Istorio hau idaztean ez naiz saiatu benetako gertaerak jasotzen. Izan ere, neurri handi batean, nire irudimenaren emaitza dira. Idazkiaren azken zatian ikusiko den lez, liburu baten gomendioa oinarritzeko balio izatea gura dut,
Aurrera zihoan 1970eko hamarkada. Artean bizi zen diktadorea. Baina gizartean dena aldatzen ari zen eta hori nabaria zen gazteen artean.
Laster iritsiko zen jende gehienarentzat itxaropenezko beste garai bat. Gorte Konstituziogileak, “Aberriaren Gurasoak”, Konstituzio demokratikoa prestatzen ari ziren, gobernu-modu berriak eta, batez ere, askatasun handia, bereziki aurreko urteekin alderatuz gero egoera.
Baina gogoan izan behar dira garai haiek askorentzat ekarri zituzten arazoak ere: krisialdi ekonomikoa, langabezia, arrapaladako inflazioa, … eta, aurreko guztia eta askatasunaren lehen haizeekin drogak eskuratzeko iritsi zen erraztasuna elkartuta, gazteriaren zati baten suntsipena. Hein handi batean galdutako belaunaldi bat.
Jakina, ez dut ahazten ETAren jardueraren areagotzea eta “grisen” kopuru handia, horien artean polizia “sekretuak”, azken urteetan Bilbon ugari zebiltzanak: haietako asko zokomiran ibiltzen ziren unibertsitateko fakultateen inguruetan, bereziki gatazkatsuenetan (Sarrikon, adibidez) eta gazteen aisialdi-eremuetan (Deustun edo San Inazion, esaterako), non bizi baitziren “ikasle-politikari”etako asko 60ko hamarkada amaieratik, gutxienez.
Urtebete baino gutxiago zen nik lanpostu bat aurkitua nuela. Pentsio batean bizi nintzen, jarduera politikoa, oso ezkertiarra eta 25 urtetik beherakoen artean oso zabaldua, sumatzen zen ikasle-eremu haietako batean.
Etxean lau ginen: maisu bat, bi ikasle eta ni. Giroa ona zen, aniztasuna gorabehera. Gatazkarik ez. Eta, gauza arraroa, inor ere ez “istilutan” sartuta.
Uda iritsi zen. Bi ikasleak beren etxeetara joan ziren hilabete haietan, besteak beste iraileko azterketak prestatzeko. Maisua ezkondu egin zen. Pentsioa maizterrak berritzen hasi zen, ni bakarrik geratu bainintzen jarraitzekotan.
Data ezohiko samarrak izan arren, uztailaren amaieran beste apopilo bat sartu zen. Ez dut haren izena gogoan, edo agian ez zuen inoiz esan. Esaten zuen “Melilla” deitzen ziotela bere doinuagatik ─nahiz eta berak kanariarra zela ziurtatu─ eta hala deitzen genion. Telefonican teknikari gisa behar egiten zuen eta Bilbora bidaliz promozionatu omen zuten. Gaztea izaki, eta bere lan-etorkizunean sinesten zuenez, onartu egin omen zuen lanpostua.
Hiria eta auzoa triste zeuden udan. Jende gutxi. Auzoko edo hiriko jaiak artean ez ziren garai ilunetatik suspertu. Melillak eta biok denbora libre asko ematen genuen elkarrekin. Beti nire bila ibiltzen zen. Eta jatorra, oso jatorra zen nirekin.
Pentsiora iritsi eta gutxira, esan zion etxekoandreari ─galiziarra zen─ Tenerifen bizi zen neskalagunari deiak egiten uzten bazion, telefono-kontsumoa doan izango zuela. Eta, bide batez, berarekin bizi ginenok ere bai.
Eta horrela izan zen. Bere gelaraino kable bat instalatu ahal izatea jarri zuen baldintzatzat, berak ekarritako telefono osagarri bat konektatuta edukitzeko. Pentsioan ez geundenean egiten zuen berba beti, edo, norbait bertan egonez gero, ozen jartzen zuen musika. “Pribatutasunagatik”, esaten zuen. Lotsa ematen omen zion guk haren “elkarrizketa eztiak” entzuteak.
Egun batean, bere lantokira, Telefonicak Madariaga kalean zuen eraikinera, eraman ninduen, egiten zituen txanda arraro haietako batean (20:00etatik 03:00etara, igande arratsetan), eta deiak ez kobratzeko zer egiten zuen erakutsi zidan.
Telefono-linea bakoitzaren kontagailuan botoi bat zegoen, eta, hari sakatuta eutsiz gero, pausoak azkar aurreratzeko aukera ematen zuen. Hilero, zegokion irakurketa egin aurretik, denbora dezente ematen zuen hatza botoian jarrita, kontagailuak buelta osoa eman eta aurreko neurketa baino aurreratuxeago geratu arte irakurketa. Gutxienekotik beherakoa zen kontsumoa, beraz, zero kostua deietan. Emandako berba betetzen zuen, nahiz eta berari ordaintzen zion enpresa engainatu.
Beste egun batean kontatu zidan ordu jakin batean elkarrizketa bat ‘zulatzen’ zuela, eta entzutera gonbidatu ninduen. Bere lanpostura eraman ninduen eta entzungailuak jarri zizkidan. Bi maitale ziren, biak ezkonduak, sexu-harreman beroa iradokitzen zuten elkarrizketa erotikoak zituztenak. Lineak norenak ziren eta non bizi ziren aurkitu zuela esan zidan. Beraien etxe aurrera ere joan omen zen, eta ustez identifikatuta omen zituen biak. Usain txarra hartu nion hari. Lotsagarria iruditu zitzaidan. Larregi zen.
Beste gertaera bitxi bat ere izan zen. Harropuztuta esaten zuen futbolean jokatua zela erdialdeko defentsa gisa, eta Tenerife taldean ordezkoa izatera iritsia zela, non oso gazte zela eta jarraitutasun barik debutatu omen zuen bigarren mailan. Jaioterriagatik diskriminatzen ez zuen klubik egonez gero Bizkaian, bertan jokatu nahiko zukeela, esaten zion entzun gura zionari.
Tragoak hartzen ibiltzen ginen tabernetan, erregionaleko talde bateko presidenteak ere hartzen zituen baxoerdiak, eta hark entzun eta beraiekin joateko aukera eman zion. Lehen bizpahiru entrenamendu-saioen ostean, bota egin zuten: jokoari ez zion antzik ematen!
Umeak lez irabazi gura izan ninduen morroi hura agerian geratu zen gauza haiengatik guztiengatik. Urrian, pentsiora iritsi eta hilabete gutxira, esan genion igarri egin geniola. Oso gaizki egiten zuela bere papera. Desagertu egin zen.
Handik gutxira beste gazte bat etorri zen, irekia eta berritsua, Espainia hegoaldekoa. Gurekin ondo konpontzen saiatu zen, eta egunero bisitatzen zituen unibertsitate-giroko gure guneak. Gure artean denbora gutxi zeramala, arrats-gau batean behar baino gehiago edan zuen eta, berarekin berbetan, agerian geratu zen. Hura ere polizia sekretukoa zen.
Harrigarria bada ere, gure giroan jarraitu zuen… ageri-agerian, “sekretu” barik. Zer zen bagenekien garbi asko eta, beraz, kaltebako bihurtua zen. Hark bere zeregina betetzen zuen eta ardoren bat hartzen zuen gurekin. Baina aste batzuk besterik ez zuen iraun. Hura ere desagertu egin zen laster.
Handik gutxira, sarekada bat izan zen, eta ezkerreko “politikari-ikasle” batzuk, ustez garai hartan debekatutako eta jazarritako erakundeetako kideak omen zirenak, atxilotu zituzten. Maria Muñoz kaleko komisariara eraman zituzten. Han zegoen bera. Eta gazte izutuek espero ez zuten keinu batez, guztien erantzule bihurtu zen, eta bere buruen aurrean ziurtatu zuen ez zeudela ezertan sartuta, kaltebakoak eta errugabeak zirela, nahiz eta, egia esateko, sistemaren oso aldekoak ez ziren ideiak izan … eta huts egin zutela haiekin. 1975eko udaberriaren amaiera zen.
Askatu egin zituzten atxilotuak. Ez genuen gehiago haren berririk izan. Tira, bai, norbaitek esan zigun bere beharretik kendu egin zutela eta bere herrialdera itzuli zela.
Honaino kontatu dudan guztia nire lagun eta lankide erretiratuak, Carlosek, gomendaturiko liburu on bat irakurrita sortu zait: Leonardo Paduraren El hombre que amaba los perros (Txakurrak maite zituen gizona), oso interesgarria.
Kutsu historikoa duen eleberri honetan, erbestean zegoen Troskyren eta haren hiltzailea izan zen Ramon Mercader-en istorioak kontatzen dizkigu idazle kubatarrak, eta aldi berean komunismoaren, Sobietar Batasunaren eta Stalinen inguruan gertatutakoaren deskribapen oso interesgarri eta irakurterraza da, Espainiako Gerra Zibilean alderdi errepublikarraren barruko interesen eta ekintza politikoen kontaketa barne.
Izan ere, haien agente sekretuen formazio beldurgarria, NKVAren jardun gupidabakoa eta Stalin, Beria, Yakhov eta abarrek beren ekintzak gauzatzerakoan erakutsitako gogortasuna imitaezinak dira. Ez dut aukerarik ikusten hain maltzurra den norbait berriz ere halako boterea izatera iristeko zigor barik.
Garai haietan, prestakuntzari zegokionez, PNko kideak ezin ziren alderatu antzinako KGBkoekin.
Beraz, liburu hori irakurtzera animatzen zaituztet. Hona hemen erreferentzia-datuak:
IZENA: El hombre que amaba a los perros
Egilea: Leonardo Padura
Orrialde-kopurua: 576
ISBN: 9788483831366
2020ko uda