Opor egun batzuk Sorian eta arratsalde batean Medinacelira bisita. Ismael gure gidariak kontatu zigun Medinaceli hiria ezaguna dela hainbat arrazoirengatik, eta lehenengo gauza sekulako Arku Erromatarra izan zen, hiriaren nortasun-ikurra. Gero Kristo ospetsuari buruz hitz egin zigun. Baina ez zen Medinacelikoa eta jatorrizkoa ere ez zegoen han; benetakoa Medinaceliko Gure Aita Jesusen Basilikan dago Madrilen, Medinacelin erreplika baino ez dago.
Azaldu zigun, halaber, Almanzor (edo Al-Mansur) buruzagi arabiarra, Calatañazorreko batailan garaitua eta zauritua 1002. urtean, Medinacelira joan zela aterpetzera, eta han hil zela zaurien ondorioz.
Hiriaren goialdean, buruzagi arabiarraren busto bat dago. Calatañazorren galdu zuen Almanzorrek bere danborra, hau da, bere alaitasuna.
Gure gidari Ismaelek, gizon atsegin eta dibertigarriak, pasadizo bat kontatu zigun: Arratsalde bero haietako batean, eguzkiak bere izpiak eta bakea eztia bezala soroen gainera botatzen dituenean, bera gidari izateko prestatzen ari zenean, Medinaceli gainera igo omen zen hiria ikustera eta hari buruz ikastera. Eta bertako hiru herritarrekin topo egin zuen han, eserita, lasai, berba egin barik, urrutira begira eta erabateko bakean zeudela. Bat-batean zaunka gorgarri batzuk entzun omen ziren, zaunk, zaunk, zaunk!!! Ezarritako bakea hautsiz, handik gutxira txakur bat agertu zen, zaunk, zaunk, zaunk!!! Pixkanaka, ordea, aldenduz joan zen, zaunkak ere isildu eta bakea itzuli zen.
Hamabost bat minuturen buruan, herritarretako batek esan omen zuen: “Juanaren txakurra da”, erabateko isiltasuna, eta bakea nagusitu zen berriro landan. Beste hamahiru bat minutu igaro ziren, eta herritarretako beste batek esan zuen: “Ez! Alfonsoren txakurra da”, berriro isiltasuna, isiltasun erabatekoa eta berriro bakea nagusi airean. Beste hamar minuturen, edo agian hamabost minuturen, buruan, azken herritarrak zutitu eta bota omen zuen: “Banoa! Ezin ditut zuen eztabaidak gehiago jasan!”, eta halaxe, lasai eta atzera begiratu barik, urrundu egin zen, beste biek kalma osoan urrutira begira jarraitzen zuten bitartean. Eta berriro Baretasuna itzuli zen landara.
Juan Carlos Ruiz de Villa 2026.04.14