INLE LAKUA

Shan estatuko hegoaldean kokatua, bere izena “Laku Txikia” bezala itzul daiteke, herrialdearen iparraldean handiago bat dago-eta.

Eremu handia du, 500 km2 inguru: 100 km luze eta 5 km zabal, batez beste. Hala ere, ez da oso sakona, 3 eta 5 metro arte ibiliko da, batez beste, urtaroaren arabera; argi eta garbi, ibai-aintzira bat da, ibai batek hornitzen baitu urez, eta ibai horrek berorrek ematen dio irteera ere.

myanmar-130
                                         Etxeak lakuan

Haren arroan 160.000 pertsona inguru bizi dira, 100 bat herritan banatuta. Nekazaritzatik, arrantzatik eta, demokrazia zainduaren garaian, turismotik lortzen dute bizibidea.

Gainazalean zurezko etxeak daude, uretan eraikiak, ia beti material bereko hesolen gainean. Pinuz eginak badira, 30 eta 40 urte artean iraun dezakete egoera onean, eta tekaz edo beste zuhaitz gogor batzuez eginak badira, 200 urtera iritsi daitezke. Diru kontua, beti bezala.

Ohitura zahar baten oinordeko diren arrantzale tipiko batzuk aritzen dira bertan arrantzan (gaur egun, gehienbat, turistak erakartzeko): kanoaren brankan kokatuta, oin batekin arraunari heltzen diote eta, aldi berean, besapean sartzen dute; beste oinak, berriz, oreka handiz bermatzeko balio die; esku bat arrainak erakartzeko erabiltzen dute, eta beste eskua, sarea botatzeko.

myanmar-132
                           Ihartutako hiazintoen artean nabigatzen

UNESCOk “RAMSAR gune” gisa, hau da, nazioarteko garrantzia duen hezegune gisa definitu du Inle laku edo aintzira.

Horrek bere arazo handi eta larriak azaleratzea erraztu du. Hona hemen horietako batzuk (ordenak ez du garrantzia adierazten):

 – Lakuaren beraren barruko nekazaritza, ortuetako laborantzak duen eraginarekin.
Adibidez, tomateek hainbat izurrite jasan dituzte eta pestizida kimikoak erabili dira, horiek nabarmen areagotuz uren kutsadura.

 – Inguruko mendien hegaletan zuhaitzak moztu dira, eta eurite-garaian lur gehiegi iristen da aintzirara, hondoan pilatzen da eta ur-emarian eragin logikoa du horrek.

 – Arrantza bereizi gabea. Are gehiago, duela gutxi arte orain debekatuta dauden metodo elektrikoak (deskargak) erabili izan dira.

 – Espezie inbaditzaileak, batez ere uretako hiazinto ugariak, azkar ugaltzen dira eta oxigenazioa zailtzen dute,

 – Barraskiloak arazo bihurtu dira harraparirik ezagatik.

 – Ibaiertzetan dauden arroz-sailak. Uzta hobeak lortzeko, oso kalitate txarreko ongarriak erabili dira, biztanleriaren pobreziagatik, zalantza barik.

 – Turismoaren gehikuntza.

myanmar-133
                     Arrantza, oreka-ariketa bat

Azterketa horren ondorioz, hobekuntza-planak garatu dira, NBEk babestuak eta, oro har, Norvegiako gobernuak sostengatutako eta herrialdeko alderdirik garrantzitsuenak modu masiboan lagundutako unibertsitate eta fundazioetako kide diren ikertzaileek garatuak. Ziur asko hori guztia aldatu egingo zen estatu-kolpearen ondoren.

Inle laku edo aintzira, beraz, naturaren lan eder eta zirraragarria da, gizakiak erasoa, beste askotan bezala, kasu honetan, gainera, gabezia ekonomiko handiek eta biztanleen premia larriek eragiten dituzten arazo gehigarriekin.

Inle lakua (I)

myanmar-134
                            Zein gozoak!

Goiz jaiki beharra zegoen berriro Bagango aireportura joateko, eta han Hehorako hegaldia hartu genuen Mandalayn eskala eginez.

Terminalera iristean, esparru hartan zegoen banku-bulego bakarrera joan ginen, dibisak trukatzeko asmoz. Ni izan nintzen lehenengoa 100€rekin. Jarraian Javi saiatu zen, baina ezetz esan zioten. San Yuk zergatia galdetu zuen, eta erantzun zioten nirekin amaitu zirela tokiko monetan zeuzkaten izakinak.

Beste monobolumen bat genuen zain Lakuraino eroateko. Bidean janari-azoka ibiltari batean geratu ginen, egun hartan Heho ondoko hiri batean zegoen-eta. Beti legez, zalaparta, kolorea, fruta eta ortuari asko, espeziak, arrain freskoa (baita bizia ere) eta lehorra.

Jakina, txurroak ez ziren falta izan.

Hurrengo geldialdia txinatar erako eguzkitakoen artisau-fabrika batean izan zen, turistei zuzendua, nola ez. Oso polita eta interesgarria da prozesua. Eta dendako prezioak gutxi-asko arrazoizkoak. Hura gustatu zitzaigun. Baina ez genuen erosi ekipajean har zezaketen lekuagatik.

Laku edo aintzirako hiririk garrantzitsuenera, Nyaung Shwe-ra, iritsi ginen. 100.000 biztanle baino gehiago ditu eta turistak hartzen ditu bere kale zalapartatsuetan, batez ere lakutik gertuen daudenetan.

myanmar-135
           Birmaniar eguzkitakoaren apaingarriak.

Kanoa motordun estu eta, nola ez, koloretsu eta polit batean sartu ginen, eta bostok eroan gintuen, eroso eserita, ilaran jarrita zeuden zurezko besaulki txiki atsegin eta bigunetan. Maletak, balizko ur-zipriztinetatik babesteko plastikoz estalita, brankan zihoazen, eta pilotua, normala denez, txopan.

Gogoan dut oso ibilbide interesgarri eta atsegina egin genuela, abiadura txikian eta inguratzen gintuen guztia geureganatzen eta barneratzen saiatuz, gure begientzat berria eta atsegina baitzen, zalantza barik.

Ur gaineko hiazintoek ibilbidearen zati handi bat betetzen zuten. Lakuan oso ohikoak diren arrantzale orekariak eta aipaturiko landareen hondakin-biltzaileak hurbiletik ikusteko aukera izan genuen. Hondakin haiek, besteak beste, lehen aipatutako ur gaineko baratze edo ortuen oinarria eratzeko erabiltzen dira.

myanmar-136
           Bitxikeria bat

Horrela, jatetxe berri samar batera iritsi ginen, non askotariko karta baitzegoen, birmaniar eta italiar janarien nahasketa. Pasta eskatu genuen. Bidaia hartan lehenengo aldiz eta behin bakarrik, bertoko ardoa edan genuen: itxurazkoa zen, eta oso garestia birmaniarrentzat (15 €).

Hotelerainoko bidean, San Yuk tailer eta lantegiak ikusarazi zizkigun “aspertzeraino”.

Lehenik, zeta faltsua egiten zuen batera joan ginen, harrigarria hain kalitate onekoa izatea, aintzirako hiazintoen harizpiz egina.

Dena erabateko desordenan zegoen. Gainera, argia eskasa zen. Eta “ergonomia” kontzeptua ez zen haraino iritsia.

Une oro irribarrea ahoan zuen behargin bati Begok 5.000 kiats-eko (3,50 €) eskupekoa eman zion eta neska hura hunkitu egin zen. Gidariaren arabera, gehiegi eman zion. Esan zigun ez zela ona hainbeste hartzera ohitzea.

Emakume turista lodi samar bat ikusi genuen orkatila igeltsuztatuta zuela, eta kanoa estutik ateratzeko eta fabrikarako eskailerak igotzeko egin behar izan zituzten mugimenduei erreparatu genien. Bere denbora behar izan zuen.

Jarraian, turistentzat pentsatutako beste negozio batera jo genuen: aihotz-fabrika zen.

Burdindegi faltsu eta kalamastra bat zen, arma zuriak, irudiak eta forjako beste burdin lan batzuk saltzen zituen, erakusketa-areto handi batekin. San Yuri azaldu nion bi anaia errementari ezagutu nituela eta benetan lanean ikusiak nituela, eta berak han erakusten ziguna ez zela batere zirraragarria ez Begorentzat ez niretzat. Saldu nahi zutena, oso garestia izateaz gain, ez zen oso egokia hegazkinean bidaiatzeko.

myanmar-137
                            Ihartutako hiazintoak batzen

Horrekin pozik ez eta, beharbada guk gauza desberdinak ikustea gura zuelako, tabako-fabrika batera eroan gintuen. Eskuz biltzen zuten tabakoa.

myanmar-138
                   Zeta faltsua iruten

Hainbeste bisitaren monotoniari, barrunbe hura betetzen zuen tabako-kirats desatsegina gehitu zitzaion. Langile eta bisitari gehienak erretzen ari ziren. Isabelek bai, orduan erretzaile amorratua izaki, estimatu zituen erakutsitakoak. Minutu bat ere ez nintzen egon ni, eta kanpoan zegoen banku batean itxarotera irten nintzen.

Hantxe esan nion gure gidari estimatuari, oso eztiki esan ere, egun hartan nahikoa denda ikusi genuela, eta ulertu bide zuen, zeren eta beste bisita batzuk bertan behera utzi baitzituen, haiekin “mehatxuka” ari zitzaigun arren.

Hotelera joatea egokitzen zen; resort bikaina zen, mundutik erabat bereizia, hara ere txalupan iritsi ginen, eta aldi baterako hango ontziralekuan geratu zen. Zirkulaziorik gabeko errepide berri bat eta goi-mailako beste hotel bat baino ez zituen inguruan.

Eraikin nagusia lorategi handi eta ederrez inguratuta dago, eta Bego eta biok han ibili ginen lasai paseoan arratsalde atsegin hartan.

Isabelek masaje tipiko bat hartzea erabaki zuen. Oinez eta eskuez ematen dituzte; soin gainera igo eta masajea ematen dizute zure bizkarrean dabiltzan bitartean. Desegin egingo zutela iruditu zitzaion gure lagunari, eta behin baino gehiagotan saiatu zen geldiarazten ondorio txarrak izango zituela pentsatuz.

Baina zeharo indarberrituta geratu zen, ezelango markarik eta kalterik gabe. Eta oso erlaxatuta eta gustura.

San Valentin eguna zenez (hotel hauek ez dute erlijiorik edo, hobeto esanda, denak dituzte), afaria lorategietan zen, eta prezioan sartuta geneukan buffet bikain bat zegoen han jarrita.

Agian erromantizismoagatik, janari-guneak ez zeuden oso argiztatuta, kandelaz besterik ez. Guk mugikorraren esku-argia erabili genuen ekarri zizkiguten azpil edo erretiluen edukia ikusteko, eta bazirudien hori ez zutela atsegin zerbitzari batzuek.

Inle laku edo aintzirak harritu egin gintuen modu nabarmenean. Originala da, bizitzaz eta kolorez betea. Eta oso desberdina.

myanmar-139

myanmar-140

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude