HELIOGABALO. Erromatar enperadore baten nerabezaro zaila


SARRERA

Gutako askok Erromatar Inperioari buruzko filmak, liburuak edo podcastak ikusi, irakurri edo entzun ditugu, bereziki Julio Zesar protagonista nagusi izan zuen Errepublikaren azken faseari eta kristau-jazarpenei eskainitako pasarteak.

Horretan eragina izan dutenak dira:

  • Quo Vadis, Espartaco, Ben Hur edo Gladiator bezalako filmak, non Komodo enperadorea erretratatuta geratzen den: diotenez, zirkuan “arinki” drogatuta zeuden 700 gladiadore baino gehiagori aurre egin eta jendaurrean hiltzera iritsi omen zen, eta horrek, bide batez, ikaragarrizko kostua ekarri zuen Inperioko diru-kutxentzat.
  • I, Claudius (Ni, Klaudio) bezalako telesailak, Robert Gravesen eleberri zoragarrian oinarritua, Roma eta beste batzuk.
  • Lehen aipatutakoa bezalako eleberri historiko entretenigarriak, Santiago Posteguilloren bi trilogiak eta, horien guztien gainetik, Masters of Rome saga: 7 liburu horietan Colleen McCullough australiarrak oso modu atsegin eta erakargarrian deskribatzen du behe-errepublikaren garaia.
  • Podcast-ak, besteak beste Ivooxen daudenak nabarmenduko ditut, hala nola “El Ocaso de Roma”, “Roma Aeterna” eta askoz gehiago.

Erroma modan dago eta egoten jarraituko du. Bere historia liluragarria da eta mendebaldeko munduan izan duen eragina argia da. Politikoki esan daiteke gaur egun gertatzen den guztia jada erromatarren munduan gertatua dela.

Baina Erromaren azken garaiari buruz, batzuek, nik neuk adibidez, oso gutxi dakigu edo genekien. Orain jabetzen naiz zaila dela hainbeste une, eta une liluragarriak, kontatzea, are gehiago morbotik ihes egiten saiatzen bagara, baina horixe da, bestalde, kolaborazio honetako protagonistaren istorio harrigarria kontatzeko oinarria.

Bihoa artikulu hau eskerrak emateko Erdi Aroko Historian lizentziadun bati, Gaztelako hirietan bigarren hezkuntzako irakasle den Carlos de Miguel delakoari, ezagutzen ez dudan arren lehen aipatutako “El Ocaso de Roma” podcastaren bidez asko irakatsi baitit; ikuspuntu guztietatik gomendagarria da podcast hori.

Mundu liluragarri hau, bere gainbehera eta, lehen esan dudan bezala, morboak ezartzen duen sedukzioa elkartu nahian, pertsonaia sinestezin baten ─Heliogabalo-ren─ istorioa kontatuko dut, bizi izan zen urte gutxitan posible zen perbertsio guztia gauzatu zuen eta.

AURREKARIAK

Makrino usurpatzailea enperadore erromatar (217-281) izan zen; postu hori lortzeko baldintzak ez zituen betetzen, baina Legioko jenerala zen eta Legioak altxatu zuen agintera, bere aurrekoari bizia kendu ostean; bere ahaleginak partiarren aurka borrokatzera zuzendu zituen Inperioaren ekialdeko muturrean, baina esperientzia hura ez zen oso ondo amaitu; orduan, borrokaren xede ziren lurraldeak ez galtzeko eta bera hainbesteraino gorrotatzen zuen Senatua baretzeko, arerioari izugarrizko dirutza eman zion, kontuan izan barik altxor publikoaren estutasunak.

Zelan lortu zuen itzelezko dirutza hori? Bada, legioetako soldaduen artean hasiberrienen soldatak nabarmen murriztuz. Egia da, bai bere aurrekoa izan zen Karakalak, bai berak, ordainsariak dezente igo zizkietela balizko altxamenduak, berak bultzatu zuena bezalakoak, eragozteko, baina egoera onera denok ohitzen gara erraz, batez ere, armak erabiltzen jakiteari esker, ordaintzen duenaren gaineko agintea dutela dakitenak.

Gainera, Makrinok akats handi bat egin zuen: enperadore-familia bateko kide izan barik tronura iritsi zelarik, ez zituen bere aurreko Karakalaren oinordeko izan zitezkeen guztiak hiltzeko agindu. Eta garesti ordaindu zuen hori.

FAMILIAREN GARRANTZIA

Karakalaren izeba eta lehengusina bat, biak ala biak “Julia” familiakoak eta Sirian bizi zirenak, bigarrenaren semearentzako, beraz lehenengoaren bilobarentzako, boterea lortzeaz arduratu ziren.

Bere ama kutunak berehala zabaldu zuen zurrumurru bat, dirudienez, egia ez zena:  enperadore kargugabetuaren lehengusuak egin zion bortxaketaren ondorioz sortua zela bere seme Bario Abito Basiano. Beraz, oinordetzarako eskubide gehien zuena zen, Makrino iruzurgilearen gainetik.

Gaineratu behar dut Julia biek, oso dirudunak izanik, ekialdean garrantzitsua zen El-Gabal, mendebaldean (Helios) deitu, jainkoaren apaiz izendarazi zutela mutila oso umetan.

Azpijokoak, aberastasuna eta erlijioa, oro har tropen eta bereziki Emesan ezarritako Galiziako Legioko kideen nahigabearekin elkartzeak azken horren altxamendua eragin zuen, besteek berehala babestu zuten, eta Makrinoren erorketa ekarri zuen, eta, ohi bezala, bere soldaduek hil zuten, eta gainera, semea ere garbitu zuten, gidoia ongi zekitela erakutsiz.

Apaiz gaztea mailarik gorenera igo zen, 14 urterekin enperadore izendatu zuten, eta Severa dinastia berrezarri zuen, bere ustezko aitarena zen dinastia.

NERABE BAT AGINTEAN

Bere agintaldiko lehen urtea ekialdean igaro zuen, bere jainkoaren aurrean meritu handiak eginez haren omenezko jaiekin, non, dirudienez, oposiziogileen exekuzioren bat ere sartzen baitzuen, ukitu exotiko eta koloretsua emate aldera.

Erromara iritsirik, eta bere jainkoa denetan garrantzitsuena legez ezarri ostean, bere menekoentzat onartezina izan zen zerbait, Heliogabalo izena hartu zuen.

Bere agintaldi laburraren 3 urte eskasetan (218 – 222), eta ume bat izan arren, oraindik ere Guinness liburuan egon zitezkeen hainbat marka hausteko gai izan zen.

Horien artean aipatzen da 5 aldiz ezkondu zela, horietako bat birjina vestale batekin, jainko eta jainkosen zerbitzura soilik egoteagatik erlijioak babesturiko pertsona batekin. Aitzakia izan zen jainko nagusiaren apaiz goren bat –honetan ere mailaz igota baitzegoen– birjina sakratu batekin elkartzeak izaki jainkotiar batzuk bakarrik izan zitzakeela emaitza gisa.

Ezkontza horiez gain, beste bat ere egin omen zuen bere guardiako soldadu leial batekin.  Jauregia prostituzio-etxe homosexual bihurtu zuen, non ‘sexu-ezaugarri’ handienak zituztenak omen ziren sarituenak; administrazio-maila gorenera igo zuen berak oso “maitea” zuen esklabo bat, eta esan genezake genero-berdintasunaz ere arduratu zela bere erara, ama eta amona senatari bihurtuz, Erromako historian lehen aldiz gertatu zena eta jardunean zeuden senatariek oso txarto hartu zutena.

Era berean, aipatzen da garaiko mediku gailen bat hautatu eta diruz ondo baino hobeto hornitu zuela, bere gizonezko sexu-organoak emakumezkoenak zelan bihurtu iker zezan, eta hori gauzatu izan balitz, historiako lehen transexual ezagun bihurtuko zatekeen Heliogabalo.

Bere bizitza labur, gazte eta aktiboa, tradizioaren arabera, pretoriar zaindari batek eten zuen, bere amonak sustaturiko ekintza batean, azpilanean jardun zelarik hura biloba agintean jartzeko nahiz agintetik kentzeko, … atso txiki goxo bat, ikus daitekeenez. Gertakari ilun hura bi emakumeen aurrean gertatu zen.

OHARRA

Historialaria ez naizenez, pertsonaia honi buruz entzun eta irakurri ditudan gauza batzuen laburpena kontatu dut, nire iritziaren arabera.

 

Bilbo, 2022ko otsaila.
Jorge Ibor.

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.