Txangoa: Azpeitia – Loiolako Santutegia – Burdinbidearen Euskal Museoa eta Añota sagardotegia

Joan den otsailaren 14an, Azpeitiko Añota sagardotegira antolatutako txangoa egin genuen, jardueraz betetako egun bikainaz gozatzeko. 08:30ean, aparteko antolaketarekin, bi autobusak bete ziren izena emandako 108 pertsonekin, eta Bilbotik Azpeitira abiatu ginen; Durangon geldialdi teknikoa egin hiru lagun hartzeko eta Loiolako Santutegiraino jarraitu genuen.

Bidaia girotzeko asmoz, Javi Campo lagunak Basilikako organoaren eta ondoren elizan joko zituen hiru piezen historia kontatu zigun. Era berean, San Ignazio Loiolakoaren abestiaren testuarekin orri bat eman zigun, autobusean entseatu eta gero elizan abestu ahal izateko, berak edo Itziar Urbietak (Santutegiko organistak) organoarekin lagunduta. Entseguan ez ginen oso fin ibili, baina organo-jotzailearengan jarri genuen konfiantza akatsak disimulatzeko. Helmugara 9:40ak aldera iritsi eta, aurreikusiaren arabera, gosaldu egin genuen berehala, ibilbidea indarberrituta hasteko.

Goizeko 10etan Loiolako Santutegia bisitatzeari ekin genion. Prestatuak zituen obrekin gozarazi zigun Javi Campok: bikain jo zituen eta, entzundako iruzkinen arabera, bertaratutakoen gustukoak izan ziren, nahiz eta, apaltasunagatik, bigarren mailako organistatzat izan bere burua Javik. Nire zorionik beroenak! Ezin dut gauza bera esan gainerako bidaideei buruz, San Ignazioren ereserkia ez baitzen oso txukun atera, autobuseko entsegua eta organo-jotzailearen borondate ona gorabehera. Ondoren, Santutegiaz arduratzen zen jesuitak, Indautxuko Jesuiten Ikastetxeko irakasle ohiak (oroitzapen onak zituen Bilboko egonaldiaz), ongietorria egin zigun.

BHMI1147Gidariak barroko, eta barruan churrigueresko, estiloko santutegiaren historia azaldu zigun. Santutegia San Ignazio Loiolakoaren jaiotetxearen ondoan eraiki zuten (1688 – 1888). Santua Jesusen Lagundiaren sortzailea izan zen, haren izena Eneko (Iñigo) Lopez Loiolakoa zen, Beltran Yañez Loiolakoaren semea, Loiola Etxeko VIII. jauna, oinaztarren burua. Eraikina 1738ko uztailaren 31n inauguratu zen, San Ignazio egunean. Eraikin osoa Izarraitz menditik ateratako marmolezko bloke handiekin egin zuten 600 harginek.

Ondoren, santuaren jaiotetxea bisitatu genuen eta haren bizitzaren berri eman ziguten. 1521eko maiatzean, soldadu zenean, Iruñeko Guduan zauritu omen zuten, Nafarroako Henrike II.aren erregealdia babesten zuen nafar eta frantziar kontingente baten aurka borrokan. Gertaera hori erabakigarria izango zen haren bizitzan, eriondoan erlijio-liburuak irakurtzeak fede katolikoan sakontzera eta santuen imitaziora eroan baitzuen. Beraz, osatu zenean, Jerusalemera erromes joatea erabaki zuen. Lurralde Santutik itzuli zenean, ikasten eta predikuan hasi zen, bere gogo-jardunen metodoan oinarrituta. Geroago, Jesusen Lagundia sortu zuen. Hamabost urtez Jesusen Lagundiaren buru izan zen jeneral lez eta Erroman egon zen. 1556ko uztailaren 31n hil zen.

Santutegiaren egungo egoerari buruzko irudi eta iruzkinekin etxean ibilaldi bat egin ostean, eraikina utzi eta autobusera bideratu ginen Azpeiti erdialderaino joateko, eta han Trenbidearen Museoa ikusteko.

Museora iritsita, txartel bat eman ziguten nasara sartu ahal izateko. Bertan, museoko langileek egin ziguten harrera eta lurrun-trenean eroso jarri gintuzten. Azpeititik Lasaora 5 km-ko bidaia egin genuen Urolako trenaren ibilbidetik; garai batean Zumarragatik irten eta Zumaiaraino herri guztiak zeharkatzen zituen. Bailarako ikuspegiez gozatu ahal izan genuen, eta ibilbidean zehar behin baino gehiagotan zeharkatu genuen Urola ibaia. Barre txikien artean gogoratu genituen gure haurtzarora eraman gintuzten argi gabeko tunelak eta zurezko eserlekuak zituzten bagoiak. Lasaon, Juanjo Olaizola museoko zuzendari eta makinistak lurrunezko makinen eta Gernikatik Bermeorako burdinbidearen eraikuntzaren historia azaldu zigun. Gero, bidez aldatu eta lurrunezko tren ketsuan museora itzultzen hasi aurretik, zenbait begiluzek tren zaharraren WCaz gozatu zuten, bere oroigarri desatsegin eta guzti, baina hori bai, gezurrezkoa.

Berriz ere Museoan, lantegiak eta nabeak ikusi genituen. Bertan daude erabat zaharberriturik eta funtzionamenduan 60 ibilgailu baino gehiago: lurrunezko tren-makinak, hiri-tranbiak, bidaiarientzako eta salgaientzako bagoiak, trolebusak, Donostiako suhiltzaileen ‘Magirus’ markako kamioi bat (1922), motorrak eta Seat 600 E bat martxan.

Ezagutzen ez duenarentzat merezi du buelta bat ematea eta han iragana gogoratzea.

EQAR9187Museora bisita 14:00etan amaitu ostean, Añota sagardotegira joan ginen. Bertan, taldeko argazkiaren ostean, Azpeitiko herriaren eta Xoxote eta Erlo mendi ederren ikuspegiak miretsi genituen, mahaian eseri eta menuaz eta gure arteko giro onaz gozatzen hasi aurretik. Juan Marik Txotx! oihu egitean, kupeletara joan-etorriak hasi genituen bakoitzaren egarriaren arabera.

Menua programan agertzen zena izan zen eta, beti bezala, txuleta, egokitu zaizunaren arabera, ba, ona, erdipurdikoa edo batek daki; generoaren kalitatea, oro har, oso ona izan zen nire ustez, baina kafeen inguruko zerbitzua eta antolaketa oso eskasa; kantu batzuen ostean, lokala utzi genuen.

FAAE0513Egitarauari jarraituz, Elosiagako Andre Mariaren ermitaraino joan ginen oinez gidarekin batera. Han, herriko bizilagun bat genuen zain, giltzarekin. Santa Luziari eskainitako ermitako erretaulari buruzko azalpenak eman zizkigun, eta inguruko ohiturak azaldu ere bai: zaindariaren jaiegunean biltzen dira bertan animaliak bedeinkatzeko eta abar, erromeriaren aurretik. Hilean behin egiten dira mezak han, eta gainerako egunetan itxita egoten da. Barruan, lankide izandako baten lagunek, musika-abesbatza bateko kideak, abesti polit batekin alaitu gintuzten. Autobusera itzuli eta jende guztia iritsi bitartean, publikoak kantu berriak eskatu zizkien abesbatzako kideei, Azpeitia herria ikustera abiatu aurretik, baina hori bai, abesti politengatik txalo-zaparrada handiak eskaini ondoren.

Herrira iritsitakoan, gidarekin ibilaldi bat egin genuen erdigunean, eta hainbat eraikin ikusi genituen: hala nola Enparan dorretxea, Azpeitiko eraikinik zaharrena, non Informazio eta Turismo Bulegoa dagoen; edo Soreasuko Sebastian Deunaren eliza, barruan San Ignazio Loiolakoaren bataiarria duena; baita Basozabal jauregia eta Garbitoki Zaharra ere, 1842an eraikia.

Autobusera itzultzea besterik ez zen geratzen Bilbora itzultzeko, eta bukatutzat eman genuen esperotakoa erruz gainditu zuen txangoa. Nire zorionak antolatzaileei!.

Beste barik, agur.

Javi Guerrero

 

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude