Hipoteka-gastuen itzulketarekin bueltaka

Auzitegi Gorenaren 2015eko abenduaren 23ko Epaiaren (2016ko urtarrilaren 21ean argitaratu zenaren) ostean, zeinetan abusuzkotzat jotzen baitzen BBVAk mailegu-hartzaileari hipoteka-mailegu bat eratzearen ondoriozko gastu guztiak ordaintzeko ezarritako klausula, ez da gutxitan aldatu, zabaldu, murriztu eta, batez ere, aipatu epai horren osteko milaka erreklamazioetan.

Hasieran, sinesgogor, kontsumitzaileak eta horien aldeko elkarteok epaitegietatik kanpoko eta ondoren epaitegietako erreklamazioei ekin genien, eta, horien metaketaren ondorioz, epaitegi espezializatuak sortu ziren, auzialdiko epaitegi arrunten lan-karga arintzen saiatzeko, eta, pixkanaka, klausula deuseztatzearen aldeko epaiak lortuz joan ginen, baina ez gaitezen engaina, erabateko kaosa sortuz zenbat eta zer den eskatu eta erreklamatu dezakeguna.

Auzitegi Gorenak irizpideak finkatu arte ez dugu segurtasun apur bat izan kontsumitzaileentzat, nahiz eta oraindik baden Probintzia Auzitegiren bat Egintza Juridiko Dokumentatuekin bueltaka dabilena; baina, oro har, Auzitegi Gorenaren azken epaien (zehazki 2019ko urtarrilaren 23koaren, 2020ko uztailaren 24koaren, 2020ko urriaren 26koaren eta 2021eko urtarrilaren 27koaren) ostean, hipoteka-mailegua eratzeko kontsumitzaile baten eta banketxe baten artean egindako kontratu orotan, gastu-banaketa honela ezarrita geratu da:  

  1. Erregistro-zerga hipoteka-bermea inskribatzeagatik: banku mailegu-emailea.
  2. Gestoriako gastuak:banku mailegu-emailea.
  3. III. Hipoteka-eragiketa eratzeko eskrituraren notario-zerga: erdibana.
  4. Tasazio-gastuak: banku mailegu-emailea.
  5. Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga: mailegu-hartzailea.
  6. Hipoteka ezerezteak eragindako gastuak:mailegu-hartzailea.

Irakurleari ohartarazi behar zaio, hori horrela izan dadin, funtsezkoa dela erreklamaziogileak gordeta izatea fakturak, itzuli behar dizkioten kopuruenak, hipoteka-maileguaren eraketari buruzkoak.

BERRITZE EDO NOBAZIO-ESKRITUREN GASTUAK.

Kasu askotan, finantza-eragiketa ez da hipoteka-maileguarekiko independentea den eskrituran egiten, baizik eta hipoteka-subrogazio eta –nobazioarekin egindako salerosketa izaten da, edo nobazio-eskritura soilik. Kasu horietan, hainbat baldintza bete behar dira aurrez erreklamazioa egin ahal izateko: lehenengoa da beti agertu behar dela banketxea eskrituran agertutako gisa, eta maileguaren baldintzen berritze edo nobazioa dagoenean bakarrik erreklamatu ahal izango dira, hots, epea luzatzen denean, kapitala handitzen denean, interesa aldatzen denean, etab.

Erreklamazio horietan arazoa Quantum izaten da, non eta ez den berritze edo nobazio-eskritura bakarra, egoera arraroa; izan ere, faktura ez da soilik erreklama daitekeen kontzeptuari buruzkoa izaten, baita beste batzuei buruzkoa ere, salerosketa, subrogazio eta abarri buruzkoa.

Kasu horretan, kasu bakoitzean eta erreklamazio bakoitzean baloratuko da zenbatekoa, eta, zenbatekoa indibidualizatu ezin bada, aurreko ehunekoetara orokortuko da.

PRESKRIPZIOARI BURUZ

Aurreko hori, nori eta nork erreklama dezakeen eta zer erreklama daitekeen, argituta, azken auzia dago ebazteke, noiz edo noiz arte.

Gai horren inguruan ere irizpide bat baino gehiago erabili da, eta horrek egikaritutako akzioen izaeran du jatorria. Gaur egun, doktrina zientifikoan, auzi baketsua da kontsumitzaile batek abusuzko klausula baten deuseztasuna eskatzen dueneko akzioa deklarazio-akzio bat dela, eta ez duela preskribatzen, ezta iraungitzen ere, erabateko deuseztasuna baita. Eta beste gauza bat da klausularen deuseztasunetik eratorritako zenbatekoak itzultzeko akzioa, hori ekintza pertsonala da eta preskripzio-epe baten mende dago, eta, arauketa edo erregulaziorik ez badago, epe orokorra 5 urtekoa da, KZren 1964. artikuluak ezartzen duena.

Eztabaidagai nagusia hau da: zein da DIES A QUO? Zein unetatik hasten da epea zenbatzen? Edo badago benetan eperik ala preskribaezina da? Auzitegi Gorenaren erantzuna espero genuen 2021eko ekainaren 23an, irizpide-aniztasuna amaiarazteko, baina judizio aurreko gai bat eroan du Europar Batasuneko Justizia Auzitegira, eta oraindik ez da hori ebatzi.

Orain arte, gure Probintzia Auzitegiak lehenik preskribaezintasun-irizpideari eutsi zion; izan ere, baldintza orokor batetik dator, zeinaren deuseztasuna preskribaezina baita; eta epai berrienetan, preskribagarria dela esan du, baina preskripziorako epea gastu-klausularen deuseztasun-deklaraziotik hasi behar dela zenbatzen, edo, bestela, irizpide hau hartuta: hasierako eguna Auzitegi Gorenak epai uniformeak eman zitueneko hura dela, eta epai haietan adierazi zuen gastu guztiak kontsumitzaileak ordaindu behar zituela esaten zuten klausulak abusuzkoak direla, eta klausula hori kontratutik bota ostean gastu horiek zelan banatu behar ziren erabaki zuen, azken irizpide hori eraginkortasun-printzipioaren aurkakoa izan daitekeelarik, zalantzazkoa baita batez besteko kontsumitzaile aski arretatsu eta zoli bat Auzitegi Gorenaren jurisprudentziaren (STS 2019ko urtarrilaren 23a) edo TJUEren jurisprudentziaren (SSTJUE, 2020ko uztailaren 9koa eta 16koa) jakitun izan daitekeenik.

Irizpide horietako edozein kontuan hartuta, oraindik ez da amaitu gastuak itzultzeko akzioaren preskripzio-epea.

BANKETXEEN JARDUNA

Urte hauetan irizpideak finkatzen eta sendotzen joan diren bezala, banketxeek ere jarduketa desberdinak izan dituzte: lehenik eta behin gastuen klausularen gehiegikeria ukatuz; ondoren, erakunde batzuek ordaindu egiten zuten judizioz kanpo aurkeztutako erreklamazioaren aurrean, betiere erreklamatutako fakturak egiaztatuta, baina banku-erakunde bakar baten aldetik ere irizpide argi eta jarraiturik gabe.

Horregatik, Euskadiko Kontsumitzaileen Batasunetik (EKU), hipoteka-maileguen eskrituretan sartutako klausulen deuseztasuna eta hipoteka-gastuen itzulketa erreklamatzera dei egiten dizuegu guztioi.

 

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.plugin cookies

ACEPTAR
Aviso de cookies