Zein beharrezkoa den, batzuetan, bakardadea. Eta zein emankorra eta oparoa den tristura: beti, zigor barik, buru-argitasuna oparitzen digu. Batzuetan, oso maitea dugun norbait joaten da. Eta “bakarrik” uzten gaitu apur bat. Eta triste samar. Herenegun, 2022ko apirilaren 3an, horrela utzi ninduen nire lagun Karimek, “urruti” ezagutu ditudan pertsonen artetik maiteenak, ziurrenik.
Gure elkartearen azken komunikazioetako batean, aldizkarirako artikuluak eskatzen zitzaizkigun. Ideia bikaina iruditu zitzaidan: gogoko dut idaztea; baina beti naiz gai gehiago gustatzen zaizkidan jarduerak aurkitzeko. Eta horiek neke fisikoa sortzen duten gauzekin dute zerikusia ia beti: harresien junturak betetzea, egurra moztea, mendian paseatzea, eskiatzea, eskalatzea… askoz ere erakargarriagoak direnak, alde ederra! Baina herenegun bakardadea eta tristura oparitu zizkidan egunak. Eta buru-argitasun apur bat, nire gaitasunen artean oso ohikoa ez dena. “Bart gauean Karim hil da”, esan zidan atzo nire lagun Sebasek. Eta oso triste utzi ninduen. Eta halako buru-argitasunez utzi ninduen tristurak, non zerbait garrantzitsuaz ere ohartu bainintzen: Hara!, baina hau dagoeneko idatzita daukat ia! Egitura apurtxo bat aldatu eta kito. Aspaldi ez dela idatzi nuen zerbait da. Hain zuzen ere, liburu baten azken zatia zen eta izenburu hau jarri nion liburuari: “Cuánto es mucho tiempo” (Zenbat da denbora asko). Ondoren datorrena obra haren amaiera da, neurri batean, hori zelako haren ordena kronologikoa. Eta alde garrantzitsuago batean, bizitzeko zortea izan dudan emoziorik bizien eta baliotsuenetako batzuk biltzen dituelako.
Orain ea nor den bukaera irakurri ostean liburua erosten duen baboa (niri kalifikatzaile hau zoragarria iruditzen zait; eta hori esaten dut aldizkarian berba edo egoera itsusi edo zantarrak saihestea gomendatu didatelako).
Baina ez dizuet liburuaz berba egingo. Karim adiskideaz hitz egin gura dizuet. Eta, neurri handi batean, berari esker bizi izan ditudan beste sentsazio zoragarri batzuez. Bide batez, eta oso ezaguna den arren, ezin geratu gure lagunaren pasadizo bat kontatu barik: 70eko hamarkadaren hasieran, Sir Christian Bonington Baltorora iritsi omen zen, eskualde hartara egin zuen bere lehen espedizioetako batean. Boningtonek zamaketariak behar zituen, eta Karimek, lana. Lehen begiratuan ingelesak atzera bota zuen baltiarra: Zer zamalan egin zezakeen metro eta erdiko garaierara iristen ez zen gizon ihar batek? Baina Karimek lan egin beharra zeukan, eta, beraz, adeitasunez Bonington, 1,80 metroko gizon puska, bere besoetan hartu, kalera atera eta etxadiari bira osoa eman zion halaxe. “Little” Karimek horrela irabazi zuen lehen lana zamaketari gisa, eta huraxe izan zen haren kondairaren hasiera. Hona hemen berarekin partekatzeko zortea izan nuen gauzetako batzuk.
AMINA, SUDIQA, MARIOM, PAKISTANGO IPARRALDEA ETA, BATEZ ERE,
ABDUL (“LITTLE”) KARIM
Karimekin, Skardun. 1986. urtea zen
2018ko uda zen…
Uda hartan nire azken hamarkadetako bidaiarik berezienetako bat egin nuen. Itxuraz, ez zuen zertan hala izan: azken batean, bisitatzen nuen herrialdea ezaguna nuen. Laguntzailea ere bai. Bidaia ez zen bakarrik oso maitea nuen herrialde batean zehar;

Nire seme Jon, Karimekin, ia leku berean, 2018an
paisaia ezin ederragoetan, emozio eta gogo-aldarteetan, oroitzapen eta gogorapenetan, eraldatzen zaituzten lurralde-mota horietan bizitako esperientzia bizi-bizietan… barrena ere bazen. Norberak bere bizi-bilakaeraren zera garrantzitsuena ikus dezakeen leku batera joatea bezala zen. 35 urte ziren Pakistanera egin nuen lehen bisitatik. Eta uste dut Jon semearentzat, nire laguntzailearentzat, haren lehen bidaia handia izan zela. “Puruen Herrialde”ra iritsi ginen lehen unetik, jada ezaguna nuen bulkada batek harritu ninduen: une batzuetan, nire paisaiarik gogokoena ez zen han inguratzen gintuena. Nire semea zinemara eraman nuen lehen aldietan bezala, ez baitzen pantaila nire arreta erakartzen zuena, baizik eta semearen aurpegia, emozioak liluratuta ikusten zuenaren aurrean. Une magiko haiek irauten zuten Jonek egoeraz ohartu eta begirada bat botatzen zidan arte esanez bezala: “Zu, aita, baboa zara, ezta?”. Bidaiak hilabete iraun zuen, urria eta bizia izan zen. “Karakoram Highway” egin genuen, Hunza bailara zeharkatu genuen, Shimshal eta bertako jendeaz maitemindu ginen, Manglik Sar mendiaren oinera iritsi ginen, Indoko arroila miretsi genuen… Gero, jada Baltistanen, bizarra kendu eta txukundu egin gintuzten Skarduko bizartegi fantastiko batean (itsusienean). Khaplura joan eta Saling, Machulu eta Husheraino iritsi ginen, lagun zahar eta maite-maiteekin topo egin nuen, haien maitasunak txundituta utzi zuen Jon eta, aldi berean, hark bere harremanak hasi zituen (izugarri gustatzen zitzaion pakistandarra ematen zuela esan ziezaioten). Dena zoragarria izan zen bidaia hartan, eta bi zati izan zituen: bigarrena, Machulu La-ra egin genuen txangoa izan zen; eta lehenengoan
AMINA, SUDIQA ETA MARIOM
ezagutu genituen. Pakistanen hiru emakumerekin bidaia bat partekatzea ohiz kanpokoa da, baina bidaiaren zati hura askotan errepikatzen den irudi batekin hasi zen: kanpamentu nagusi bat Karakorumen, Sebastian Alvarorekin. Harekin batera, beste hainbatetan izan genuen paisaiaren parte, Abdul (Little) Karim gure lagun zahar, maitatu eta txiki bikaina ere han zegoen. Behin galdetu zidaten ea zein izan zen nire “lorpenik handiena”. Eskertu nuen galdera, hari esker harritu ninduen erantzun bat topatu bainuen: “Uste dut nire lorpenik handiena ez dela izan ez ezelango gailurrik, ez eskalatutako biderik… beharbada, nire lorpenik handiena da bizitzen ari naizen bizitzak bizi nahi dudanaren antz handia duela.”
Gogoan izan nuen galdera hura une hartan, zeren eta, ez nuen zalantzarik txikiena ere izan, pozarren bainengoen une hura bizitzeagatik. Sebasek, topaketa haren errudunik handienak, Javi semea du urrutitik laguntzen istorio honen hari batzuk maneiatuz, azkenean, dokumental itxura emango diolarik. Nirekin Jon semea dago eta Karimekin haren semeetako bi eta bilobetako hiru (neskak hirurak). Koadro errepikakor horrek, gu guztiokin (eta lagun berri batzuekin) denda/jangela aurrean, Mangilik Sarren oinean, bizi-lotura sakonak ehuntzen jakin ─eta ahal izan─ dugula sentiarazten dit, gure esperientziei etekina atera diegula, zorte handikoak garela… bizitzen ari garen bizitzak bizi nahi dugunaren antz handia duela. Pakistanen zehar 10 bat bidaia luze egin ditut, eta horiek batuta, bi urte baino gehiagoko egonaldia egin dut herrialde hartan; beren kokapen eta izenez leku, hiri, mendi, tokiko lagun… asko ezagutzen ditut, baina Fatima eta ─agian beste kontakizun bat merezi duten arrazoiengatik─ Shumaila izan ezik, ez dut batere emakume-izen musulmanik ezagutzen. Egia esan, urte hauen guztien ostean, ez dut inoiz Pakistango emakume bakar batekin ere harremanik izan. Beraz, Karimen biloben izenak ezagutu aurretik ere, mundua atseginagoa bihurtzen ari den halako sentipen bat doa nitaz jabetzen… zeren eta nire semeak egun batzuk besterik ez baititu behar izan, eta ez 35 urte, bizitzaren zati txiki bat Amina, Sudiqa eta Mariomekin partekatzeko. Jonek eta biok egun batzuk geroago ekin genion bidaiari. Eta ezin izan genituen harrapatu denok igo gura genuen mendiaren oineraino haiek iritsi baino lehen. Beraz, kanpamentu nagusi haren istorioa kontatuko dut, non pozik, harro eta triste sentitu bainintzen: Mangilik Sarreko kanpamentu nagusia. Kanpamentu nagusi batera iristea beti izaten da pozgarria, gutxienez hiru gauza adierazten ditu eta: bat, burutu dela espedizio ororen lehen etapa. Beste bat, azken fasearen atarian gaudela: gailurra prestatzen den fasean. Eta, azkenik, erosotasun jakin batzuez gozatzen den leku bihurtzen da. Nire seme Jonentzat, gainera, inoiz igo zuen altitude handienera iristea esan gura zuen: 4.700 metro, ia Mont Blanc-eko kota. Eta, biontzat, kanpamentu nagusi hark, batez ere, aspaldiko lagunekin elkartzea esan gura zuen, beste berri batzuekin topo egitea eta, jakina, Amina, Sudiqa eta Mariom ezagutzeko unea. Arratsalde hartaz eta biharamunaz altxor gisa metaturik ditudan oroitzapenek ez diote kontakizun baten ordenari jarraitzen. Gauza garrantzitsuen zenbaki-segidan bezala datozkit ia: kanpamentu nagusiaren irudia, urrunean, abentura hartako lagun haiekin guztiekin, denden aurrean gure zain, gure esperoan. Karim eta Sebas elkartuta, oinarrizko elementu kimiko horietatik sortzen dira istorio honen eta beste batzuen jatorriak. Aspaldiko lagunak. Berriak. Jonen detailea, Islamean hezitako hiru neskekin elkartzeko galtza motzak ─bere gogokoenak─ alde batera utzi eta luzeak erabiltzea. Beraren eta Karimen hiru biloben arteko berehalako konexioa. Adinak, bizi-energiak, jakingurak eta desberdina denarekiko erakarpenak, enpatiak… bat eginda. Hanif eta Hussein, Karimen semeak, Amina eta Sudiqaren aitak, han daude. Karimen alabaren ─inoiz ez dut haren izena jakin─, Mariomen amaren, arrastorik ez.
Ondoren gertatu zen guztia zoragarria izan zen: Benasqueko mendi-gidari Miriamek zuzendu eta lagunduta, 6.060 metroko Mangilik Sar gailurrera iritsi ziren hirurak. Haiekin joan ziren Hanif eta Hussein ere. Eta Sebas, eta lagun zahar eta berri guztiak. Ezin izan nintzen haien ondoan egon gailurrean, baina zoriontsu sentitu nintzen. Haiengatik eta, batez ere, neskengatik. Ez semeak ez nik ezin izan genuen tontorra partekatu.

Jon, Karim, Mariom, Sudiqa eta Aminarekin
Taldea gu baino bi egun lehenago abiatua zen oinez: bi egun besterik ez, baina bi egun horiek markatu zuten aldea aklimatatuta edo girora egokituta egotearen edo ez egotearen artean, gailurrera iritsi ahal izatearen edo ezin izatearen artean. Une batez pentsatu nuen Jonek, ni baino askoz indartsuagoa izanik, egingo zuela. Baina izugarri gustatu zitzaidan kontatu zidatenean, amaieratik 200 metro pasatxora, buelta eman eta kanpamentu nagusira itzultzea erabaki zuela, espantu barik. Orduan harro sentitu nintzela uste dut. Hiru egun eskas egin genituen zelai hartan. Hiru egun haietan Karim ia ez zen dendatik mugitu. Bere belaunaldiko baltiar gehienek bezala, hark ez daki ziur zenbat urte dituen. Badaki, gutxi gorabehera nik beste dituela, baina gaixotasun kroniko batek askoz itxura zaharragoa ematen dio makalaldietan, oraingoa lakoetan. Orduan, hura behatzeari utzi barik eta duela 35 urte ezagutu genuen gizon harrigarri hura ahaztu ezinik, triste sentitu nintzen.
Karakorum mendilerro txiki samarra da: 500 kilometro baino ez ditu luze… aitzitik, Himalaiak 1.500, Kun Lun-ek 3.000 edo Andeek 7.000 kilometro. Hala ere, Karakorumen badira munduko beste edozein menditan errepikatzen ez diren inguruabarrak: han daude 110 tontorretatik 60 garaienak, glaziarrez estalitako eremu handiena ─poloetako eskualdeak eta haien eragin-eremuak izan ezik─ eta munduko desnibel handienak. Oso berezia da Karakorum “txikia”. Gure lagun Karim bezain berezia. 1983an ezagutu nituen biak, K2ra egin nuen lehen espedizioan. Espedizioek, orduan, tankera klasikoa zuten: pisutsuak ziren, soka finko, oxigeno-ekipamendu eta alturako zamaketariekin. Zaila zen informazio fidagarria lortzea, eta geneukan apurrak aukeratutako ibilbidearen (mendebaldeko aurpegiko japoniarraren) neurri handiaz hitz egiten zigun, zati batzuen zailtasun teknikoaz, Otamik, Yamashitak eta Nazir Shabirrek oxigenoa erabili zutela gailurrera iristeko, eta espedizio hartan bi goi-zamaketari bikainen ─Rozzi Ali eta Abdul Karim-en─ laguntza izan zutela. Orduan, mantentze-lanak egiteko, asteko zazpi egunetatik lautan itxita egoten zen Karakoram Highway, eta hiru egun behar ziren bide hura egiteko. Espedizio hura prestatzen lau hilabete eman genituen (11 egun behar izan ziren hegazkinez bidalitako ekipajea jaso ahal izateko), eta, beraz, zentzuzko epea iruditu zitzaigun Skardu inguruko haranetan Rozzi Ali eta Karim aurki zitzaten inbertitu behar izan genituen hiruzpalau egunak. Orduan ezin genituen susmatu ere egin itxaronaldi haren onurak. Oso onak ziren biak ala biak. Baina Karimek hasiera-hasieratik maitemindu gintuen: itzelezko berotasuna, poza, enpatia, sinpatia, ontasuna, energia, leialtasuna… zituen bere gorputz ñimiñoan. Bi irudi datozkit gogora: bata, III. kanpalekutik II. kanpalekurako jaitsiera hamazazpi minututan!, walkie-talkie elkarrizketa batek iraun zigun denboran; eta bestea, itzultzean, zelan ekarri zuen bere pisua baino zama handiagoa eta bolumenez laukoitza. Bai: Karakorumaren funtsa gizaki batengan gorde ahal izango balitz, hori Karim izango litzateke. Ondorengo espedizioetan, oso gutxitan izan genituen goi-zamaketari gehiago, baina Karim kontratatzen jarraitu genuen. Ez genuen behar zamaketari gisa. Besterik gabe, ez genuen ulertzen Karakorum hura barik. Askoz geroago, muturreko kotatara espedizioak egiteari utzi genionean, konturatu ginen, egia esateko, Karimekin bizitza partekatzen jarraitu behar genuela. Hark eta haren seme Hanifek (Aminaren aitak) denboraldiak eman dituzte gure etxeetan, guk (bereziki Sebasek, ezagutzen dudan pakistanomendekorik handienak) maiz bisitatu dugu Hushe. Hango haranean sortu ziren Sarabastall eta Felix Baltistan fundazioak, eta, batzuetan mundua mugitzen duten arrazoi bitxi horietakoren batengatik, giza eskalan Karakorumaren erreplika maitagarri hau, Karim alegia, gure bihotzetan betiko sartuta geratu zen 1983tik. Beraz, Karimek Sebastian Alvarori laguntza eskatu zionean bere bilobetako batzuk bera iritsi zen tokira iristeko, batek daki zer igaro zen gure lagun txikiaren burutik. Askotan harritu nau ikusteak jarduera berberak ─ibilbide batek, igoera batek, abentura batek, helburu bererako bide berak, gorabehera berberekin, arrisku eta ziurgabetasun partekatu berdin-berdinekin…─ zelan ekar diezazkiokeen hain sentipen, esperientzia, emozio eta ondorio desberdinak soka-talde bereko kide bakoitzari. Badira soka-taldeen hainbat kasu, batzuk oso ezagunak, non ez zituzten kideak banandu elkarrekin bizitako esperientzia garratzek, ezta gozoek ere, eta bai, ordea, bizitako esperientziei buruz egindako kontakizun desberdinek. Beraz, gutxienez, konturatzen naiz jarraian datorren guztia izan daitekeela neure interpretazio pertsonalaren ustezko, eta sakoneko, akats baten emaitza. Batzuetan, neure buruarekin zintzoa naizenean eta presaka pentsatzen dudanean (nahiko ohikoa), joera dut ondorioztatzeko mendiak eskalatuz bizitza konplikatze hori bizitza konponduta dugun ─zorioneko─ babo batzuk garenon gauza dela. Hori ez da Pakistango gure lagunen kasua. Nire indarrik handienak mendiak igotzen eman nituen garaian, ez nuen inoiz neure buruari galdetu beharrik izan zergatik egiten nuen hura. Orain ezin dut saihestu argitu gura izatea zerk eroan ote zuen Karim bezalako musulman on bat hiru neska, eta ez bere biloba mutiletako inor, gailurretara “bultzatzera”. Izan ere, ez Amina, ez Sudiqa, ez Mariom ez dira izan mendiak igotzen lehenengoak, ezta bakarrak ere, baina bai gaur arte hori egin duten Pakistango neska bakan-bakanen artean daudenak. Susmatzen dut Karimek bere bilobak (neskak) ikusi gura zituela bere herrialdeko “zortzimilako”ren baten gailurrean. Eta badakit Sebas ez dela fidatzen horrelako helburuak lortzeko bidezidorrez. Beraz, irizpide onez, zeharkako bidea aukeratu zuen, konplexua, luzeena: mendi txikiagoetan aurretik lortutako eskarmentutik igarotzen den bide hori. Bildumazaleen bulkada azkarrak asetzera baino gehiago ezaupideak metatzera eta gaitasunak hobetzera behartzen duen bidea da. Eta bide horrek zeregin-multzo konplexu bati ekitea eskatzen du: oinarrizko ideiak zehaztea, helburu partzialak eta azken helburuak finkatzea, estrategiak diseinatzea… edo proiektua finantzatuko duten babesleak bilatzea, babestuek hartutako konpromisoak ahaztu barik. Bide horrek, hamarkada batzuk lehenago berarekin eta gurekin gertatu zen legez, orain Amina, Sudiqa eta Mariom komunikaziora, bizitako esperientziak kontatzera, susmatu bako galderen erantzunak aurkitzean harritzera eroango zituen, baita hunkitzera ere erantzunik ez duten galderak badirela ohartzean. Imajinatu gabeko unibertsoengatik liluratzera, haietako batzuk, hala ere, jada ezagunak zituztenen artean zeudelarik: haien hurbileneko mendien magal eta gailurretan, herrietan, haranetan. Unibertso haiek Amina, Sudiqa eta Mariom harritu zituzten, Mangilik Sar tontorraren ostean Skardura, Baltistango hiriburura, iritsi zirenetik, tokiko prentsaren interesgune nagusi bihurtuta, Hushera, beren herrixkara, itzuli ziren arte, auzokoek heroi gisa goretsi zituztelarik. Mundu berriak, Amina, Sudiqa eta Mariomentzat hasi besterik egin ez zirenak.
Mundu berri haiek, aurrez ezagututakoek ez bezala, ez zuten mugarik, eta Mangilik Sar mendiaren tontorra atalase magiko bihurtu balitz bezala zen, eta Amina, Sudiqa eta Mariom garraiatzeko gai izan zen, inguruko paisaietara ez ezik, baita tokiko albistegietara, Baltistango eskoletara, Skarduko unibertsitatera… ere, edo urrutiko beste leku batzuetara, hala nola Madrilera, Zaragozara, Tenerifera, Bilbora… eta beren bizitzan lehen aldiz itsasoa eta ezagutzen ez zituzten beste gauza asko ikusiko zituzten. Beren mendi-prestakuntza jarraituko zuten Miriam Marcorekin, haien mendi-gidari, irakasle eta konplizearekin; hirurek ateak irekita zeuzkaten etorkizunean era guztietako leku eta paisaietan aurrera egiteko, dena zoragarria zen (diot nik, baina batek daki…), harik eta errealitatezko txorro izoztu batek Mariomen ametsak zapuztu zituen arte. Beste barik, aitak ez zion egoki iritzi alaba Hushetik irteteari. Bi munduren arteko ─baina benetan mundu berean daude─ ezberdintasun itzela egiaztatzea bezala izan zen. Bi agertoki desberdin, termino ia berdin-berdinak dituztenak, bi izen propio, bat bera direnak: Miriam eta Mariom. Baina zein ondorio ezberdinekin…
Zer sentitu ote zuen Mariomek, bere bizitzako bidaia bakarra izan zitekeena galdu zuenean? Eta zelan imajinatu Amina eta Sudiqarentzat bi hilabeteko bidaia hark, haien “2019ko udak”, izan zuen garrantzia? Mangilik Sarri esker, beribiletan ibili ziren, mahaietan eserita jan zuten… bizitzan lehen aldiz. Bestelako paisaiak ikusi zituzten, glaziarrik ere ez zuten mendi “txiki-txikiak”, Pirinioak edo Teide, esaterako; Teideko tontorrera “mantsoegi” igo ziren egun batean hondartzatik; hiri erraldoietan bizi izan ziren, oso etxe garaiekin, eta ozeano mugagabea ukitu zuten, zeinaren hondar-ertzetan “hain pertsona pobreak baitzeuden, non ez baitzuten estaltzeko arroparik ere”. Asko gustatu zitzaien arraina, arrain-zopa, patata-tortilla…; ─inoiz desestali ez zuten— buru gainera ehunka ezezagunen mimoak, maitasuna eta opariak jausi ziren, Zumaiaren “jurisdikziopeko” uretan nabigatu zuten, eta han “nahasarazi” zituzten (eta akitu ziren) Flyscheko lasterketa ederrean, itsasotik inoiz bereizten ez ziren mendietan korrika egiteko abenturan. Zer pentsatuko zuten Zumaia inguruan, ezelango arrazoi barik, amorratuta legez korrika zebiltzan ehunka pertsona haietaz? Ibilbide osoan zehar eurak animatzen zituzten milaka lagunez? Lasterketa hasi aurretik eskaini zizkieten bertsoez eta ohorezko aurreskuaz? Eta, batez ere, zelan eragin ote zien hemen bizi izandako guztiak beren etorkizunerako? Pakistanera itzuli baino lehentxeago, 19 urteko Aminak aitortu zuen ez zuela presarik etxera itzultzeko, eta “guztionganako esker ona sentitzen zuela, baina bereziki Hanif bere aitarenganakoa”, beraien bidaia hura bultzatu zuelako, eragotzi beharrean. Gaineratu zuen “ikasten jarraitu gura zuela, unibertsitatera joan, gaztelaniaz berba egiten ikasi. Eta ez zuela umerik izan nahi”. Sudiqak, 16 urtekoak, denbora azkar igarotzea nahi zuen lehenbailehen itzultzeko, nahiz eta iruditzen zitzaion “Espainia paradisua zela emakumeentzat”. Nik neuk, haien bidaiaren azken egunetan batez ere, Dersu Uzala nuen gogoan, Kurosawak sortutako pertsonaia; eta haren laguna, Arseniev kapitaina, bere ehiztari maitea gonbidatu eta Jabarovsk hirian bere etxera eroaten duena…, harik eta berriro taigara itzultzea erabakitzen duen arte. Eta despedidako opari gisa, militarrak Dersuri oparitzen dion erriflea, potentzia handiko mira teleskopikoa duen erriflea, kapitainak uste baitu lagungarri gertatuko zaiola jada murriztuta dituen ahalmenak konpentsatu eta Siberiako basoetan harrapakinak ehizatzen jarraitzeko. Errifle hark, eskrupulurik gabeko lapurren desio bihurturik, egun batzuk geroago Dersu maitagarriaren heriotza eragingo zuen. Behin batean, K2ra egindako bigarren saiakeraren amaieran, 1987an edo, gure Karim maitagarriak uko egin zion denboraldi batez Espainiara gurekin etortzeko egin genion gonbidapenari. Errifle bat oparitu genion urtea izan zen, Karakorumeko negu latz eta gogorretan, hura ere ehizan ibiltzen baitzen bizirik irauteko.
Juanjo San Sebastián
Karim, Husheko bere etxean, 2018an egin genuen azken bisitan