IN MEMORIAM

Intolerantzia zentzugabe eta krudelak ez diezagula mundu zabal eta askotariko honetan jende, paisaia eta kulturekin txunditu eta hunkitzen jarraitzeko ilusioa akabatu”.

Egokia iruditu zitzaidan Araceliri hori helaraztea, maiatzaren 19 hartan, Kabulgo ospitaletik berak lagun-taldeari idatzi ostean. Bizirik zegoen (‘mirari hutsez’, esaten zigun), eta osatzen ari omen zen, Bam-go azokan berak eta bidaideek pairatutako tiroketaren ondoren.

Bi hilabete luzez hura osatzeko zain egon ginen. Uda ongi finkatua zegoen, agurrik eta ekipajerik gabe, Araceli itzulerako txartelik ematen ez den lekuren batera abiatu zenean.

Oroitzapenak metatzen zaizkit. Hainbeste ibilaldi, hainbeste mendi, hainbeste bidaia elkarrekin. Asko etortzen zaizkit gogora, baina batek begirada berezia merezi dit. Beraz, oroimen horretan arakatzen saiatuko naiz, eta duela urte batzuk Libanon elkarrekin egin genuen bidaia zoragarri bati letra jartzen.

Bidaia taldekoa zen, baina orduan taldea Araceli eta biok ginen. Beraz, gure eskura jarri zuten auto bat, turismo motakoa, ibilbiderako gidari-txofer batekin. Eta ibilaldietarako mendi-gidariak, neurri batean mendi-ibiliak egin behar genituen eta.

Beiruten Corniche aldean ibili ginen paseoan ilunabarrean. Igandea amaitzen ari zen, maiatza ere bai, eta pasealekua jendez gainezka zegoen: familiak ume zalapartatsuekin, eta gazteek jaiegunaren azken orduak aprobetxatzen zituzten itsaso ondoan, batzuk kirola egiten edo arrantzan.

Biharamun goizean, gure gidari-txoferra zain genuen, herrialdean zehar gurekin joateko prest. 60 urte inguruko gizona zen, jatorra eta hiztuna, eta ondo berba egiten zuen gaztelaniaz. Kristau maronitatzat zeukan bere burua, eta berehala sumatu genion herrialdean erlijio musulman edo Islama praktikatzen zutenekiko zelanbaiteko ezinikusia. Kexu zen, besteak beste, kristauek baino seme-alaba gehiago dituztenez, etorkizunean musulmanak izango direlako Libanoko gizartearen gehiengoa…

Maasser el Chouf zedro-erreserban, gidari ofizial batek lagundu zigun lehenengo ibilaldian zuhaitz zoragarriz betetako baso trinko batean barrena. Han hiru mila urte zeramatzan bat seinalatu zigun… Zedro zahar hura istorio askoren lekuko izana izango zen bere gelditasun isilean.

Hiru ordu pasatxoren buruan Barouk-era iritsi ginen, eta handik autoz itzuli ginen Maasser el Choufera gaua pasatzera.

Herri txiki eta lasaia zen, eta bertako biztanle gehienak drusoak dira. Ikusteko eta egiteko askorik ez zegoen herri hartan. Kanpoan mahai-pare bat zituen dendatxo batera hurbildu ginen, eta han egon ginen denbora-pasa, dendako andrea lagun genuela (hura ere drusoa, argitu zigunez), gurekin freskagarri batzuk eta arratsaldeko lasaitasuna partekatzera eseri baitzen.

Baalbek-era bidean, Baroukeko zedroen artean ibili ondoren, Anjar-en gelditu ginen omeiatarren hiri zaharreko aztarnen artean paseatzeko, jada Bekaa haranean. Eta geldialdi bat ere egin genuen Tsaran, upategi bat bisitatzeko (zorionez, hura ez zegoen erortzeko zorian). Bertan, ardoa dastatu eta botila batzuk erosi ahal izan genituen, bidaiaren uneren batean lagun onak izan zitezkeelakoan.

Eta Baalbekera iritsi ginen; hura, irakurri eta entzun genuenaren ondoren, bidaiaren indargune bat izango zela pentsatzen genuen. Itxaropena, beraz, handia genuen. Eta fede ematen dut horretarako arrazoiak soberan zeudela.

Hiri txikian sartuta, zelanbaiteko kutsadura ikusi genuen eguratsean. Eguna zoragarria zen, eta inguruan ez zegoen industriarik. Beraz, gure gidariari galdetu genion zergatik zegoen airean flotatzen zirudien hauts-mota hura; erantzunak ikaratuta utzi gintuen; Siriako bonbardaketek harrotutako hautsa omen zen; izan ere, Baalbeketik ikusten ziren mendien beste aldean zegoen justu…

Hiri hark eskaini zigun beste ezusteko bat, oraingoan atsegina, ostatu hartu genuen hotela zen, Palmira hotela.

Iritsi ginenean, itxita zegoela ematen zuen; etxetzar bikain, orain zaindu bako eta zartatu hartatik ez zen irteten ez argirik, ez soinurik. Txirrina jotzean, gizon zahar eta txiki bat irten zen atea irekitzera, eta barrura sartzera gonbidatu gintuen. Gero jakin genuen Ahmed zela, 1954tik hotelean lanean zebilena. Beste pertsonaia ospetsu batzuen artean, Persiako Sha, De Gaulle, Einstein, Cocteau edo Ella Fitzgerald ere han izan zirela jakin genuen.

Barruak luxu dekadentea uzten zuen agerian. Ia eraikin osoa itxita zegoela iruditu zitzaigun, eta solairuetako bat baino ez zutela erabiltzen. Ematen zuen gu ginela gau hartan ostatu hartu genuen bakarrak. Solairua areto handi bat zen, garai hobeak ezagutuko zituzten alfonbraz ia erabat estalia, eta tapizeria aldatzea eskatzen zuten sofak. Ispiludun armairu pare bat eta zur iluneko mahaitxo batzuk ziren hango altzari guztiak. Aretoaren inguruan geletako ateak zeuden. Hain zuzen ere, solairu hartan zegoen De Gaullek noizbait hartu zuena, 30. zenbakia, nik uste. Pentsatzekoa da bere garaian gurea zegoena baino egoera hobean egongo zela: leihoak gortina handi zahar eta higatuz apainduta zeuden, koltxoiak oso deserosoak benetan (nire ustez, urte askoan aldatu barik erabili izanagatik) eta koloka zegoen aulkiren bat ere bazegoen. Bainugela ez aipatzearren, zeren eta, txorrota irekitzen zenuenean, hodien eta hustubideen kontzertua eragiten baitzenuen. Zorionez, ez genuen gogaitu genezakeen ondokorik ere.

Baina Baalbeken hondakinen aurrean zegoen hotel zahar haren xarma nekez alda zitekeen bizitokirik erosoenaren truke ere.

Aracelik eta biok erabakita genuen gure afari-festa hoteleko aretoan prestatzea. Halako leku batez gozatu beharra zegoen. Eta, gainera, hirian ez genuen afaltzeko batere leku atseginik ikusi. Baziren janari lasterreko leku batzuk, non hartua genuen eguerdiko mokadua, baina besterik ez. Etxetik geurekin eroandako urdaiazpiko on bat geneukan eta goizean Tsarako ardo bikainaz ere hornituta geunden. Gozokiren bat besterik ez zitzaigun falta. Ilunabarrean, gune arkeologikotik irtenda, tea hartzera eseri ginen, eta artatu gintuen gizonari galdetu genion ea gozotegi on baten berri eman ziezagukeen. Eskertu genuen adeitasunez, tea bukatzen genuenean bere lehengusuaren dendara laguntzeko prest agertu zen, eta hura zela onena ziurtatu zigun. Ba ez dakit onena izango zen edo ez, baina fede ematen dut lehengusuaren dendako pastelak ezin hobeak zirela. Jakiak aretoan mahaitxo baten gainean ipinita, isil-misilka jangelara jaitsi ginen, behar genuen baxeraren bila. Dena ilunpetan eta isilik zegoen, ez zirudien inor zegoenik han. Gure txoferra bere etxera joana zen gaua pasatzera, Baalbeketik ez zen oso urrun egongo, eta, antza denez, Ahmedek hoteletik kanpo ematen zuen gaua (edo erabat diskretua zen eta ez zuen agertu nahi izan).

Amaiera ona izan zen zoragarria izan zen egun baterako.

Arratsaldean Bekaa haraneko harribitxia ezagutu genuen. Baalbek betierekoak, feniziarra, grekoa, seleukotarra, erromatarra, bizantziarra eta otomandarra izan zenak (eta une hartan Hezbolaren feudoa zenak), erromatar aiurrien artetik paseo harrigarri eta zirraragarria oparitu zigun.

Erromatarrek K.a. 64an konkistatu zuten hiria eta bere historiako garairik garrantzitsuenari eman zion hasiera.

Gaur egun dirauten aztarnak zirraragarriak dira. Munduko aztarnategi erromatar handienetako eta hobekien kontserbatuetako bat izango da. Propileoen arteko sarrera zoragarria da. Jupiterren tenpluko sei zutabeak dira agian barrutiaren gauzarik adierazgarrienak. Tenpluaren neurriak irudikatzen dituzu 22 metro altu diren zutabe haiek ikustean. Ilunabarreko argi laranjaren artean haiek begiestea ahaztezina izan zen. Bakoren tenplua da ziur asko hobekien kontserbatuta dagoena. Baina multzo osoak du aparteko edertasuna. Behin eta berriz luzatu genuen denbora zutabeen, patioen, tenpluen… artean paseoan. Bakarrik geunden, ez zegoen beste bisitaririk, eta geure burua zoriontzen genuen leku hartaz gozatzeko zorteagatik, ezelango ahotsik gabe, inolako giza presentziarik sartu barik kontenplazio-gune hartan.

Barrutitik irtetera gindoazela, bi neska gazte libanoar sartu ziren irribarre xarmangarri batekin, eskerrak eman zizkiguten beren herria bisitatzeagatik, eta gogo bizia erakutsi zuten guri argazki bat egiteko.

Baalbek ahaztezina!

Gaueko isiltasunean, Palmira hoteleko balkoi batetik hurbil zegoen Siriako tiroketen hotsa entzuten genuen.

Inguruko kale batean, polizia-autoek hiriko sarbidea kontrolatzen zuten. Iluntasunak beldur eta tristurazko ñabardura ematen zuen hain edertasun handiko eszenatoki hartan.

Biharamun goizean berriro elkartu ginen gure gidariarekin, kezkatuta zirudien erabat musulmana zen herri batean bakarrik utzi behar izan gintuelako

Ahmed adio esatera etorri zen (ez dakigu nondik), eta penaz utzi genuen etxetzar hura, hainbeste hunkitu gintuen hiri hura.

Paisaia zoragarrietatik igaroz, Afqako iturrietara iritsi ginen, eta, handik gutxira, Aaakoura herrira, non mendi-gidari bat gure zain baitzegoen eguneko ibilaldiari ekiteko. Gure ustez, berrogeita hamar urte inguruko gizona zen, garaia eta sendoa. Ordubetean Balaa izeneko leku batera iritsiak ginen, non ur-jauzi ikusgarri bat jausten baitzen kobazulo batetik putzu baten gainera, haren hondoa igarkizun hutsa zelarik. Lekua, haitzuloz betea, uraren zarata gorgarriarekin, apur bat beldurgarria iruditu zitzaigun. Gero bidezidorretik aldendu eta luzaro ibili ginen harri handien eta belaunetik gora iristen zitzaigun landaretzaren artean. Gizonak oso erritmo bizkorra zeraman, guk, ordea, ahulezia-zantzurik erakusteko prest ez geundenez, atzetik jarraitzen genion txintik atera barik, baina mihia kanpoan genuela. Geroago bide atsegin bat berreskuratu genuen, eta herrixka eta haran batzuetatik igaro ginen, non naturak lurreko tapiz handi bat ehundua zuen lorez berandu baino lehen iritsiko zen udako oinatzen zain.

Geroxeago, gure gidariak galdetu zigun ea jateko gelditu nahi genuen. Ezetz esan genion, geroago egingo genuela. Handik pixka batera berriro aipatu zuen atseden hartzearena, baina ez zitzaigun une egokia iruditu. Argazkiren bat ateratzeko distraitu eta bideko bihurgune batetik irtetean gizona harri baten gainean eserita topatu genuen, izerdi patsetan eta aurpegi zurbilarekin. Izuturik, zerbait gertatzen ote zitzaion galdetu genion, eta aitortu zigun aspaldi gabe bihotzeko ebakuntza bat egin ziotela eta ez zegoela ondo. Beraz, atseden hartzen geratu ginen. Baina ez zirudien gizona ibiltzen hasteko adina hobetzen zenik. “Eta zer egingo dugu orain?”, esaten genion elkarri Aracelik eta biok, apur bat larrituta egoeraren aurrean. Inoiz ez zitzaigun halakorik gertatu. Mendi haietan barrena gidatu behar gintuen pertsonaz arduratu behar genuen geuk… Ez genekien zehazki non geunden, ez jarraitu beharreko bidea, ez nora iritsi behar genuen. Eta argi eta garbi laguntza behar zuen norbaitekin geunden. Panorama ederra! Zorionez, atsedenaldi luze baten ostean, gidariak apur bat oneratuta zirudien, eta ibilbidea laburtzea erabaki zuen, errepide batera irteteko laguntza eske. Errepidera iritsitakoan, ibilgailu bat geldiarazi eta alde egin zuen, gu han utzita, auto-stop egin eta Tannourinera eraman gintzatela esanda. Haren etxera iritsi ginenean (gau hartan gidariaren etxean lo egin behar genuen), lasai aurkitu genuen, sofa batean zabal-zabal, kolorea oneratuta zeukan aurpegiarekin, bere emaztea eta gure txoferra lagun zituela. Gogoz afaldu genuen eta lasaitasun-sentipenarekin.

Gizon hark gidatu behar gintuen biharamuneko ibilaldian ere, baina, bistako arrazoiengatik, ordezko bat bilatu behar izan zuten. Gidari berria mutil gazte eta atsegin bat zen, eta harekin egin genuen bidea Tannourinetik, zedro-erreserbatan barrena ibiliz, beste erreserba bateraino, Bsharriraino joateko (Biblian aipatzen diren Libanoko zedro mitikoak ikusiz), ekainean kolore guztietako lore ugariz estalita zeuden mendien magaletatik.

Trekkingaren azken egunean zedro ederrak utzi eta haran sakon eta berde batean, Qadisha haranean, sartu ginen: Erdi Aroko monasterio ugari daude han barreiatuta, batzuk oraindik erabiltzen dituztenak eta beste batzuk itxita. Haran hartan daude Ekialde Hurbileko monasterio-komunitate zaharrenetako batzuk. Hasiera batean, sakabanaturik zeuden eta nekez irits zitezkeen haitzulo natural haietan baldintza ezin hobeak zeuden bakardadean eta kontenplazioan bizi gura zuten monje eta eremutarrentzat. Geroago, gaur egun ikusi eta mirets daitezkeen kaperak eta monasterioak eraiki ziren.

Ibilbideari hasiera emateko, igoaldi txiki bat egin genuen Mar Lishaako monasterioraino, bere harlauza beltz misteriotsuarekin. Gero, etengabe gora eta behera ibiliz, beste monasterio batzuk ezagutu genituen. Batzuek fresko ederrak dituzte barruan. Uste dut Hawqako Andre Maria delakoan izan zela, Escobar abizeneko eremutar bat aurkitu genuen, ez dut gogoratzen espainiarra edo hegoamerikarra zen, inguru hartan urte batzuk eroango zituen eta, ziur asko hain isilik egoteaz nekatuta, hitz egiteko gogo handi samarra zuen.

Metro dezente igo ostean, Hawka herrixkara iritsi ginen, eta tea eta atsedena hartu genituen. Venezuelan bizi izandako bi emakume ezagutu genituen han, eta gaztelaniaz oso ondo moldatzen zirenez, uste baino gehiago luzatu zen solasaldia. Baina ez zegoen presarik, eta beti merezi du berriketaldi lasai batek leku lasai eta eder batean. Beste ordu eta erdi geroago, estua zen eta ia inor ez zebilen errepide batetik, Qozhayako San Antonio monasteriora iritsi ginen, Libanoko zaharrenetakoa eta haraneko garrantzitsuenetakoa da. Hantxe esan genion adio gure gidariari, azken ibilaldi hartan aparteko adeitasunez eta begikotasunez lagundu zigun Elie mutil gazteari. Mutilak ingelesez eta frantsesez hitz egiten zuen, Araceli ingelesez hobeto moldatzen zen, eta ni berriz frantsesez; beraz, mutila saiatzen zen guk aukeratutako hizkuntzan guri hitz egiten. Sarritan huts egiten zuen hizkuntzarekin, eta hirurok algaraka bukatzen genuen. Bide ederra eta dibertigarria izan zen, eta pena handia eman zigun agur hark. Beharbada trekkingaren amaieragatik ere bazen pena. Oraindik egunak geratzen zitzaizkigun Libanon, baina botak esekitzeak beti sortzen du nostalgia apur bat.

Erromesak ostatu hartzen duten eta eraiki berria zen monasterio batean igaro genuen gaua. Ez zen orduan jende asko egongo, zortzi oheko eta bi bainugelako gela zabal-zabal bat jarri baitziguten biontzat. Leku lasaia merezitako atsedenerako.

Monasterioak utzi, gure ibilgailuan jaisten joan kosta-lerroraino eta Tripolira hurbildu ginen, Libanoko bigarren hiririk handienera. Hiri hark liluratu egin ninduen, guztiz arabiarra da (feniziarren, erromatarren eta otomandarren eraginak ere izan dituen arren), dotorea eta aldi berean dekadente samarra. Hirira eta Mediterraneora begira dagoen muino batean, gurutzaden garaiko gotorleku bat, San Gilles gaztelua, bisitatu ostean, hiriaren alde zaharrean sartu ginen. Gozamena izan zen zoko animatu haietan barrena presarik gabe ibiltzea, harrizko etxe zaharrek lotsa barik erakusten dituzten kable bihurrituz eta lehortzen jarritako arropaz betetako kale estuetan barrena ibiltzea. Interesgarria izan zen, halaber, oraindik ere inguruan badauden antzinako hammam haietakoren bat ikustera sartzea eta meskitaren bat bisitatzea, gero portura hurbildu eta itsasoaren kresal-usaina hartzeko.

Beste egun batean Tiro eta Sidonen txanda iritsi zen.

Tiro, antza denez, antzinako feniziar hiririk garrantzitsuena izan zen. Kontinente-alderdi bat zeukan, eta beste uharte-alderdi bat, kilometro bat baino gutxiagoko itsasarte batez banatuak. Alexandro Handiak hiria setiatzean egindako istmo artifizialak elkartu zituen bi zatiak. Gaur egun garrantzitsuenak hango bi gune arkeologiko bikainak dira.

Antzinako hiriaren ekialdean dagoen Al-Bass izenekoa antzinako nekropoli feniziar batek eta nekropoli erromatar-bizantziar batek osotzen dute, egundoko garaipen-arku bateraino doan hiribide bikainarekin, akueduktuaz eta ondo kontserbatutako erromatar hipodromoaz gain. Zoragarria zen lautada zabal hartan begirada galtzea, zutabe, arku, estatua eta abarrekin topo egiten uztea begiei, haien artean palmondo txiki eta segailak, pikondoak, hibiskoak eta beste landare batzuk hazten direlarik.

Bisitatu genuen bigarren gune arkeologikoa Al-Mina izenekoa da, Tiroren uharte-alderdiaren kokalekuan dagoena. Al-Bass-ekoa baino txikiagoa da, baina ez edertasun txikiagokoa. Bizitegi-auzoak, bainu publikoak, galtzadak eta zutabeak topatzen dituzu, gehienak erromatar eta bizantziar garaikoak. Leku ikusgarria da, itsasoa bertan dela, zutabe-ilara ugari, heriotzorri zuri eta fuksiekin edertuak; lekua presarik gabe paseatzeko da, eskaintzen zaigun edertasuna astiro dastatuz.

Portura bidean, autoa gelditzeko eskatu genion txoferrari, duda barik hilerri musulmana ematen zuenaren ondoan. Kanpoko hormak dozenaka gizonen, gehienak gazteak, erretratuez estalita zeuden, eta armadun jendearen marrazki batzuez ere bai. Gure zain egoteko esan genion gidariari, eta, haren protestei jaramonik egin barik, hilerriko atea zeharkatu genuen. Handia zen eta ondo zainduta zegoen. Baziren Hezbolaren sinbologia zuten banderak eta identifikatu ezin izan genituen beste batzuk.

Sarreratik urrun samar, gizon bat zegoen, zuriz jantzita, aulki batean eserita, eta, gu ikustean, zutitu eta guregana etorri zen zerbait zehatza jakin nahi ote genuen galdetzera. Hilerria ezagutu nahi genuela esan genion, eta irribarre atsegin batekin gonbidatu gintuen horretara, baina hori bai, “argazkirik gabe eta isilik” esan zigun, “hildakoen bakea ez nahasteko”. Horrela egin genuen.

Irten ginenean, gidaria izuak jota topatu genuen. “Zer gertatu da?” galdetu zigun asaldatuta. “Ba, ezer ez”. Hilerrian gizonarekin izandako topaketaren eta esan zigunaren berri eman genion. Ia sinetsi ezinik, berriro galdetu zigun. “Hori bakarrik? Ez dizue besterik esan?”. Ez dakit zer pentsatzen zuen edo zeren beldur zen… Aracelik eta biok barre egin genuen disimuluz, eta autoan sartu ginen portura bideratzeko.

Han, kale estu batzuekin topo egin genuen, albo banatan solairu bateko etxetxoak, kolore desberdinez margotuak, zituztela; etxe xumeak ziren, baina ondo zainduak eta harmonia handiz koloreztatuak. Sufritu zuen gure gidariarekin adiskidetzeko, itsas ondoan zeuden jatetxeetako batean jatera geratzea proposatu genion.

Bai Tiron eta bai Sidonen kalean militarrak zeudela ikusi genuen eta tankeren bat ere aurkitu genuen aparkatuta.

Bi hirien artean errefuxiatu palestinarren kokaleku bat zegoen. Libanon dauden askotariko bat. Palestinako bandera batzuek iragartzen zuten herrixka, eta, itxuraz eragozpenik ez zegoen arren, eta zelanbaiteko jakingura ere bagenuela aitortu behar dut, ez zitzaigun egokia iruditu jendea zelan bizi zen miatzera sartzea.

Sidoneraino jarraitu genuen.

Sidon beste feniziar hiri garrantzitsu bat izan zen, Tiro eta Biblosen garai berean sortua, garai hartan merkataritza oparoa zuena. Itsas Gaztelua, gurutzatuen garaiko gotorlekua, zubi batez lehorrera lotzen den uharte txiki baten gainean dago eraikita. Dorre-pare bat eta harresi bat besterik ez dira geratzen, baina dorreak ondo kontserbatuta daude eta kokalekua bikaina da.

Bitxia da han indusketarik ez egotea. Auzo-hiri den Tirok bezalaxe, antzinako biztanleen aztarnak izan beharko lituzke. Gabezia hori, dirudienez, hiriak XIX. mendean jasan zuen espoliazio izugarriak azaltzen du.

Portua utzi eta Erdi Aroko zokoetan sartu ginen. Leku liluragarria iruditu zitzaidan, bere kalezuloak bizitasunez beteak, non denda ugari aurki zitezkeen, batzuk kaleetako harrizko arkuez baliatuz jarriak, haien pean merkatariek salgaiak, gehienbat ehunezkoak, erakusten dituzte eta. Plaza bat ere aurkitu genuen, meskita zahar batekin eta hammamen bat ere bai kalezulo batean ezkutatuta.

Beirutera itzuli aurretik geldialdi bat egin genuen Libanoko gozoki paregabeak erosteko.

Gure gidari eta txofer izan zen gizonari adio esatea egokitzen zitzaigun. Ia bi astez paseatu genuen berarekin, eta, “jainkojale”-tik batzuk izan arren, laguntzaile ona izan zen.

Autobusa hartu genuen Biblosera iristeko. Munduan etengabe bizitza izan duen hiririk zaharrena da, baina badirudi hainbat hiri lehiatzen direla ohore horrengatik, hori bai, guztiak eremu geografiko berean daude. Edozelan ere, Biblos hiri garrantzitsua izan zen, Mediterraneo ekialdeko merkataritza-gunea.

Zokoa zeharkatu behar da porturaino iristeko. Zoko hura beste hirietakoen aldean zertxobait desberdina da; oso zaindua dago eta turismora bideratuagoa: mendebaldeko gustuko denda eta kafeek txukun betetzen dituzte kale estuak. Dena oso polita eta atsegina, baina agian beste hirietan ikusia genuen eta benetakotasun-zigilu bat ematen duen tokiko bizitza barik.

Portuko Gaztelua XII. mendeko gotorleku bat da eta handik antzinako harresiak ikus daitezke. Harresien ondoan, beste garai batzuetako aztarnak daude. Badat Gebal tenplua Bibloseko zaharrena da, K. a. IV. mendekoa, Baal feniziar jainkoari eskainia. Erromatarren garaiko zutabe erraldoi batzuk daude, baita feniziar hilobiak ere. Ez dira Libanon ikusi ditugun hondakinik ederrenak, baina itsasoaren ondoan egoteak xarma berezia ematen die; goiza beste bizitza batzuen aztarna artean igaro genuen lasai.

Pepe Fishing Club ospetsura joan ginen bazkaltzera: portuan dagoen lokal bitxi hura 60ko hamarkadan zinemako antzezleak eta gainerako jende dotorea biltzen ziren tokia da. Egia esan, otordua ez zen beste mundukoa izan, baina bai gotorlekura eta itsasora begira dagoen terraza zoragarri batez gozatzeko lekua.

Beiruten azken eguna museo bikaina bisitatzeko aprobetxatu genuen, ez da oso handia, baina ia goiz osoa berari eskaintzeko adina erakarri gintuen.

Dowtown izeneko eremura iritsi, eta Muhammad Al-Amine meskitan sartu ginen, hiriko meskitarik garrantzitsuenean, baita San Jorge katedral ortodoxoan ere, bi erlijioak pozik utzi behar bagenitu bezala. Nehmaj plazatik gertu, alanbre-hesiekin eta kontrol militarrekin topo egin genuen. Agian iraganeko gatazken oroigarriak edo etorriko ziren beste batzuen seinaleak.

Hotelera bidean, liburu-denda txiki batean sartu ginen, eta han ere kafea har zitekeen. Haren ardura zuen neska gaztea gurekin berbetan hasi zen eta, bezero gehiago ez zegoenez, kafea berriketaldi atseginean luzatu zen establezimendua ixteko ordua iritsi arte. Hainbeste paisaia-edertasun, zedro eder, hondakin txundigarri, zoko liluragarri eta abarren ostean, ondo etorri zitzaigun Libanoko neska gazte batekin izandako solasaldi lasai hura, eta hark bere lanaldia bi turistekin selfie bat eginda amaitu zuen.

Zalantza barik, Libano leku ederra zen. Eta gurea bidaia bikaina izan zen.

Gero bidaia gehiago etorriko ziren Aracelirekin. Asko: batzuk mendian ibiltzekoak, beste batzuk gehiago hirietan ibiltzekoak, denak oroitzapen bikainekoak. Baina herrialde hartakoa gogoratu eta hausnartu nahi izan dut, eta hartaz gozatu (bidaia bat ez baita behin bakarrik gozatzen), une honetan, gainera, bidegabeki pairatzen ari baita izugarrikeriaren bisita desiratu gabea.

Min ematen du haizea zedroen artean intzirika imajinatzeak, Balbeekeko zutabeen arteko bolbora-usainak, zokoetan barrena dabilen Herioren itzalak.

Min ematen du Araceliren hutsuneak nire hurrengo bidaiarako poltsa prestatzen dudan bitartean.

Araceli, Libano, beti intolerantzia heriotza-epaiak emanez. Baina intolerantzia horrek ez du lortuko mundu zabal, anitz eta eder ‒batzuetan era jasanezinean ankerra baina ederra ere baden‒ mundu honetako paisaia, kultura eta jendearekin, batez ere jendearekin, gu harritzeko eta hunkitzeko ilusioa akabatzerik.

A. Larrañaga

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude