haizeak bere lana egin zuen

Berriz ere abenduaren zortzia iritsi zen, eta Juanitak, beste hainbat umek legez, ilusio handiz espero zuen ospatzea berarentzat urteko bi festa politenak zirenak: Gabon-gaua eta Errege-bezpera. Jaiotza jartzeko unea zen, beraz, andre batek oparitutako irudi txikiak atera zituen kutxatik maitasun eta kontu handiz: Jesus Haurra bere sehaskatxoan, Ama Birjina, San Josef, idia eta mandoa.

Abenduaren 24ko afarian, neskatoak oso ondo pasatu zuen gurasoekin, bera baino zaharragoak ziren bost neba-ahizpekin eta aitaita-amamekin. Oso familia apala osotzen zuten, beraz, gau hartako jakiak ez ziren urte guztikoen aldean oso bestelakoak izan, baina berritasun handi bat izan zuten: turroi-zatitxo bat dastatu ahal izatea. Ondoren, beheko suaren ondora hurbildu eta Gabon-kanta batzuk abestu zituzten: «Din-dan-don», «Olentzero joan zaigu», «Hator, hator» eta, Juanitari gehien gustatzen zitzaiona, «Ai! Hau gauaren zoragarria!».  

Egutegiak aurrera jarraitu zuen, eta laster adierazi zuen Errege-bezpera, Errege Magoek opariak uzten zituzten gau magiko hura. Juanitak ez zuen inoiz erregalu bakar bat ere jaso, baina, amaren arabera, izango zuen horrek azalpenen bat.

— Maitea, alde batetik, gure etxea herritik oso urrun dagoenez, agian Erregeak beste bide batetik joango dira eta ez dute jakingo gu hemen gaudenik ere; edo, agian, hain etxebizitza zaharra dugunez, pentsatuko dute hau etxola bat dela eta ez dela inor bizi hemen.   

Neskatoak beti izaten zuen irribarrea aurpegian, eta itxaropena bihotzean. Gau hartan, badaezpada ere, afaltzeko zituen gaztainetatik hiru gorde zituen, Erregeak pasatzen baziren haientzat esku-erakutsi gisa uzteko, eta leihoan jarri zituen bere zapatila higatuen ondoan.   

— Gaur, kasualitatez, gure etxetik pasatzen badira, ziur nekatuta eta goseak iritsiko direla eta, gutxienez… —esan zuen umeak ozenki.

Une hartan bertan, haren ahotsa entzun zuen haize leun batek istorioa osotzea erabaki zuen.

— Batzuetan, badakit larregi haserretzen naizela eta nire haserrearekin hondamendi handiak eragiten ditudala, baina planetari onura ere ekartzen diot polena barreiatzen dudanean, gaueko izozteak eta behe-lainoak eragozten ditudanean, edo lurruntze-efektuaren bidez soro eta lurralde istilduak sikatzen laguntzen dudanean. Badakit bihotz handia dudala eta, gaur, neskato hau ezin da opari barik geratu.

Une batez pentsatzen egon ostean, bururatu zitzaionarekin pozik geratu zen.    

— Etxe handi bat ezagutzen dut, terraza handia, lorategi ederra eta zuhaitz ugari dituena. Bertan bizi diren umeen gurasoek diru asko dute eta badakit haien seme-alabek jostailu asko dituztela eta gaur gehiago jasoko dituztela. Beraz, egoera hau konpondu eta zuzendu dezakedala uste dut. Kilometro asko daude haraino, baina joateko eta itzultzeko behar dudan denboran, eta denbora horretan bakarrik, indartsu putz egingo dut lehenbailehen iristeko —esan zuen haizeak samurtasunez.

Esan eta egin. Neskatoak bere zapatilen ondoan lagatako hiru gaztainak hartu eta opariz betetako etxe dotore hartako terrazan utzi zituen. Gero, etxe xumera itzuli zen jaioberri baten tamainako panpina eder batekin, zeina gona handi zuriz jantzia eta oihal-tarteki finez apaindua baitzegoen. Gainera, jaka txiki bat, txanotxo bat eta artilezko zapatatxo zeru-urdin batzuk zituen soinean.

Hurrengo goizean, zaila da azaltzea neskatoen ala amen harridura izan zen handiagoa, baina une bakoitzean behar diren baliabideak erabil daitezke interesatzen dena konbentzitzen saiatzeko.   

Bere gutunean panpina eskatu zuen neskatoa txundituta geratu zen bere oparien artean topatzen ez zuelako; lehen aldiz gertatzen zitzaion hori, eta harriduraz galdetzen zion eten barik:

— Ama, txarto portatu al naiz, ba?

— Ez, maitea, ez horixe! Gaur gauean entzun dut bolada batean haizea zakar ibili dela. Nik uste dut panpinak hegan egingo zuela eta lorategiko zuhaitzen baten adar artean geratuko zela. Terrazan hiru gaztaina ere badaude, eta ziur nago haize-bolada horietakoren batean erori eta iritsi direla honaino. Ez kezkatu, gero aita joango da eta ekarriko dizu.

Neskatoa lasai geratzen zen bitartean, etxeko pertsona bat lasterka atera zen aurrekoaren antzeko beste panpina bat erostera, eta ia haizearen beraren abiaduran itzuli zen.

— Begira, laztana, uste genuena gertatu da. Zure panpina gaztainondo baten adar artean zegoen katigatuta.    

Hori gertatzen zen bitartean, Juanita bere opariarekin liluratuta zebilen jolasean. Ez zuen inoiz Erregetan oparirik jaso, eta beso artean zeukanak soberan gainditzen zuen berak imajina zezakeen guztia. Aldi berean, ama jiratu egin zen begietatik zerizkion bi malkoak ezkutatzeko.

© Alazne Díez Muñiz

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude