bizitza bateko oroitzapenak


1

“Inversión Social Docente Ahorro Benéfico Español”, a priori asko esaten ez diguten berba horiek oso esanguratsu edo adierazgarriak bihurtzen dira ISDABE esaten badugu.

Espainia osoko eta hainbat belaunalditako familien topagune bat izan da ISDABE; kasu askotan, gurasoak beren seme-alabekin etortzen hasi ziren, eta, gero, horiek beren seme-alabekin, … eta urtero txanda bera eskatzen zuten, gurasoen eta seme-alaben lagunekin bat egiteko.

Nire kasuan, ISDABEk bi alderdi ditu: bata pertsonala eta bestea lan edo beharrari dagokiona:

Arlo pertsonalean, nire haurtzaroko eta gaztaroko unerik onenak oparitu dizkit, hainbat lekutako jende asko ezagutu eta haiekin bizitzeko aukera eman dit, egiten ziren jarduerekin loturiko guztiaz gozatzeko aukera eman dit, baina, batez ere, eta are garrantzitsuagoa, nire lagunik onenak ezagutzeko aukera, eta 30 urte baino gehiago igaro ostean adiskidetasun horri eutsi egiten diogu; deitoratzen dudan gauza bakarra hurbilago ez izatea da.

Lagun horiei esker, Espainia osoan zehar ibiltzeko aukera izan nuen; bisitatu nituen erkidegoen artean Euskal Herria, Galizia, Madril, Gaztela eta Leon, eta abar daude; beti harrera ezin hobea egin zidaten beren familietan; bidaia horiek elkarrekikoak izan ziren bi aldeetatik.

Lagunek esaten zidaten zorte handia nuela, 15 egunero lagunarte edo kuadrilla berria izaten nuelako. Eta arrazoi zuten.

Lan-ikuspegitik, ikasten ari nintzela, udatan hasi nintzen beharrean; urte batzuk geroago, jada modu egonkorrean, hainbat sailetan lan egin nuen, baina gehien gozatu nuen etapa azken urteetakoa izan zen, Erreserbetako sailean egindakoa. Horri esker, sakon ezagutu nuen Kutxei buruzko guztia eta Kutxetako arduradunak Isdaberi zegokionean, bezeroekin etengabeko harremanean betiere.

BBK izan zen Isdaberi bezero gehien ekarri zizkion Kutxetako bat: jarduneko enplegatuak, enplegatu erretiratuak, bezeroak edo taldeak, eta batez ere Aste Santuko eta udako txandetan, bere beharginentzako diru-laguntzen funtzionamendu onari esker, besteak beste.

Adibide gisa, 2007. urtean BBKtik etorritakoen egonaldiak, bezeroen segmentu guztietan, urteko guztien ia % 15 izan ziren.

Alde horretatik, Giza Baliabideetako Mercedes Álvarez gogoratu gura nuke, besteak beste, BBK-ko jarduneko eta erretiratutako enplegatuen eskaerak kudeatzeaz arduratzen zen eta; urte luzez eta 2008ko amaierara arte berarekin lankidetza estuan aritzeko atsegina izan nuen.

Guneko instalazioen gabeziak gorabehera, beste edozeren gainetik baloratzen zuten gauza batean bat etortzen ziren bezero gehienak: ETXEAN lez sentitzen zirela berton, ISDABEko langileen aldetik tratu arretatsu eta hurbila jasotzen baitzuten, oso eroso sentiarazten zituena; ingurune zabalak ere eragiten zuen horretan: ia 30.000 m2 berdegune zabalekin, helduek, gazteek eta umeek beren lekua zuten han.

Esate baterako, bezero askok gela edo apartamentu berbera eskatzen zuten urtez urte, zelanbait eurena zela sentitzen zutelako. Eskaeren adibide askoz gehiagorekin jarrai genezake, hala nola jangelako mahaiaren kokapena eta zerbitzaria (José Luisen ardurapean), talde batzuek eraikin jakin bat esleitzeko ere egiten zuten eskaera, etab.

Bezeroen etorrera errazten zuen beste faktore bat ordaintzeko erraztasuna eta prezioak ziren, ez baitzen gordailurik egin behar erreserba egitean; garai batean, 4 epetan ere ordain zitekeen interesik barik eta oporrak igaro ostean. Ondorioz, familia ugarien kasuan, egonaldi luzeak egin ahal izaten zituzten horrela.

Hor zetzan arrakasta eta bezeroek urtez urte errepikatzearen arrazoia; establezimendu gutxik izango zuten bezeroen aldetik ISDABEk izaten zuen fideltasuna, eta hori berresteko aski da kontuan izatea zein azkar egiten ziren eskaerak hurrengo urterako epea irekitzen zenean.

Gogoan izan gura nituzke oporrak ISDABEren esku utzi zituzten pertsona guztiak; Gune hura mantentzeko konpromisoa hartu zuten Kutxa guztiak; atseden-egun batzuk igarotzeko lekurik egokiena zela erabaki zuten elkarte, kolektibo eta taldeak, eta bereziki dut oroimenean Telefonicako Nagusien Taldea, eta Luis Sánchez Morillas, urteko bilerak ISDABEn izateko egiten zuen ahaleginagatik; baita Portugalgo Aurrezki Kutxen Enplegatu Erretiratuen Elkartea (ANAC) ere eta bertako arduradunak: Artur Vieira Filipe, Antonio Serra, Jose Maria Fernandes, Antonia, etab.

Nire ustez, enplegatuak izan dira ISDABEk izan duen aktiborik onena, eta aukera honetaz baliatuz eskerrak eman gura dizkiet lankide ohiei, beti eskaini baitzuten beren onena.

Atal honetan, aipamen berezia Luis Mesa jaunarentzat, ISDABEko zuzendari izan baitzen 39 urtez (1968tik 2007ra), gaur egun, etenbako aldaketa garaiotan, pentsaezina den zerbait. 

Eskerrik asko bere profesionaltasunagatik, sen onagatik, ISDABEri emandako dedikazio iraunkorragatik, bere giza kalitate eta lan onagatik, bai Kutxetako kontseilukide, buruzagi eta arduradunekin, bai ISDABEko bezero eta enplegatuekin.

ISDABEn, bai nire belaunaldiko jendeak, bai aurrekoek eta bai ondorengoek bizipen asko izan ditugu, lagun asko egin dira, hondartzan moraga festak egin dira sukaldean eskatzen zen perol ospetsuarekin, amodio iheskorrak … eta bestelakoak, beste zerbait bihurtu zirenak, ezagutu dira; hamaika pasadizorekin barre egin dugu, mozorrotu egin gara, gauez igerilekuan bainatu gara, Tourra ikusi dugu telebista-gelan, logeletan telebistarik ez zegoenean, Mister/Miss Isdabe lehiaketara aurkeztu gara, kafetegiko terrazan sangria eta sardinak eta kopak hartu ditugu, bezeroak itzartu ditugu igerilekuan edo Arundan gauez egindako elkarretaratzeetan, negar egin dugu azken agurreko uneetan (egun hori ia tragedia bihurtzen zen), baina kontaktua mantendu dugu elkarri gutunak idatziz eta egun jakin batzuetan telefono finkotik berba egitea hitzartuz (orduan ez baikenuen ia mugikorrik), eta abar, eta abar.

Geroago, beste etapa batean, gauez San Pedrora, Puerto Banusera edo Marbellara ateratzen ginen, autobusez joan eta ez dakit zelan itzultzen ginen, igerilekuan kuluxka egiten genuen palmondoen gerizpean, hondartzako tabernan aperitiboa hartzen genuen, … eta horrela hamaika gauzarekin jarraitu ahal izango nuke, baina batez ere oso ZORIONTSUAK izan gara, eta sentimendu hori han egoteko zori ona izan dugunok bakarrik uler dezakegu.

Pribilegiatu hutsa izan naiz bizipen hauetaz guztiez gozatu ahal izan dudalako, eta, horregatik, beti-beti esker ona izango diot ISDABEri.

Duela gutxi Facebooken kontu bat sortu dut,  https://www.facebook.com/isdabe.antoniomesa, oporrak ISDABEn igaro zituztenei lagun zaharrak topatzeko, pasadizoak kontatzeko eta irudiak argitaratzeko lagungarri gerta dakien.

Amaitzeko, eskerrak eman gura dizkiot Jorge Ibor BBK-ko Erretiratuen Elkarteko kideari, artikulu hau idatzi eta Elkarte horren webgunean argitaratzeko aukera eman didalako. Espero dut nire ekarpentxoa baliagarria izatea ISDABEren ingurukoak ezagutarazteko.

 

Mila esker!

   Antonio Mesa

 

Elkartearen Oharra:

Jarduerak antolatzen jarraitzen dugu, egungo egoera oneratzen denerako. Isdaberi dagokionez, datorren 2021eko irailaren 26an bidaia bat antolatzeko gogoa dugu, urtero errepikatzeko asmoarekin.

Azkenik, gomendatzen dizuegu Antonio Mesari Facebooken jarraitzea eta behar diren iruzkinak idaztea, bai horman, bai artikulu honetan. Antoniok irakurtzen gaitu. 

Mila esker!

Utzi iruzkina

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.