Duela gutxi, Elkarteko zuzendaritza-batzordeko kide batek gai honi buruz lerro batzuk idaztera animatu ninduen, Elkartearen aldizkarian argitaratzeko, irakurtzen dutenak entretenitzeko asmoz, eta hori egitea erabaki dut, katedra sortu gura barik; izan ere, elkartekide gehiago egongo dira, nirea baino askoz irizpide hobearekin, arlo honetan dakitena azaltzeko.
Bildumagileentzat zaletasun hau lehen bidaia egin zutenean hasi ahal izan zen, oroigarri bat izateko objektu bat (intsignia, hontza, titarea, …) erosi genuenean, gero behin eta berriz errepikatu genuen zerbait hurrengo geure bidaietako bakoitzean, edo senideren batek bere bidaia egin ostean objektu horietakoren bat ekarri zigulako oroigarri lez, eta hainbeste metatzeak ekarri zuen bilduma baten hasiera.
Edo baita ere hasi ahal izan zen, finantza-erakunde batean behar egitean, billeteak eta txanponak batzen hasi ginelako. Gogoan dut eman zidaten sustoa bulegoan ikerketa bat egin zidatenean, atzerriko dibisa-trukea aprobetxatzen nuelako herrialde askotako billete-bilduma handitzeko; hori bai, erakundeari inolako kalterik egin barik, eta neuretzat inolako irabazi asmo barik.
Nire kasuan, nire zaletasuna Zahor txokolate-tableta haiek erosten genituenean hasi zela uste dut; kromo batzuk zeuzkaten barruan, eta haiekin album bat osatzen zen, gero futboleko baloi batekin trukatzeko aukera ematen zizuna. Baloiak, bere kalitateagatik, ez zuen asko irauten, eta ondorioz denboran zehar hainbat album osatu behar izan genituen.
Zaletasun hark ligako futbol-taldeen kromo-bildumekin jarraitu zuen; haiek urtez urte ahalegin handi samarra eskatzen zuten, jasotzen genuen aste-sari edo ‘pagatik’ ateratzen baitziren, eta gero zuk errentagarri bihurtu behar zenituen beste lagun batzuekin trukatzeko zure trebetasunen bidez.
Bada, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, Elkartea osatzen dugunetako asko eta asko bildumagileak garela uste dut. Eta zergatik uste dut hori? Bildumazaletasunak zoriona ematen duelako. Eta hori ez dut nik bakarrik esaten, Arturo Pérez Revertek ere bai XLSemanalen argitaratu zuen eta elkartekide guztiokin partekatu gura dudan artikulu batean: https://www.zendalibros.com/coleccionar-felicidad/
Horregatik, nik ere zorionekoak garela uste dut. Eta zorionekoa naizela uste dudanez, Interneten topatu nuen bildumazaletasunaren dekalogo bat partekatu gura dut zuekin, oso interesgarria dela uste dut eta.
Bildumagile ONAREN Dekalogoa
1- EGITEN ARI DEN BILDUMA MAITATZEA:
Bildumagile baten oinarrizko printzipioa da. Balio ekonomikoa ez bilatzea. Bildumagile batek gustatzen zaiona erosten badu, prezioarekin engainatu ahal izango dute, baina edertasunari eta gustuari dagokienean ezinezkoa izango da bera engainatzea.
2- ESPEZIALIZATZEA:
Ezin daiteke gauza guztien bilduma egin. Askotan konpultsiboki erosten duten pertsona dirudunak ikusten ditugu enkanteetan, zer erosten ari diren ez dakitenak. Zerbaitetan espezializatzea beharrezkoa da bilduma garrantzitsu bat lortzeko eta gai hortan aditua izateko.
3- GAIEZ JAKITEA:
Hasieratik, akatsak eta iruzurrak saihesteko, gaiaren gainean zerbait jakitea komeni da. Denborak aurrera egin ahala eta bilduma handitzen doan heinean, bildumagilea materiari buruzko benetako aditua bihurtzen joango da.
4- ESPAZIO EGOKIA IZATEA:
Dugun espazioa txikia bada, ezin izango dugu tamaina handiko objetuen bilduma egin. Espazio egoki bat izatea ezinbestekoa da gure bilduma aukeratu eta antolatzeko.
5- BALIABIDE EKONOMIKOAK IZATEA:
Dugun eta izan nahi dugun bilduma kontutan izanik, berau gauzatzeko beharrezko errekurtsoak izatea, behin bildumaren zurrunbiloan murgilduta gaudenean eta eskuratu nahi ditugun piezak aurkitu ditugunean, hauek gureak bihur daitezen errekurtsoak izan ditzagun.
6- IKASTEA ETA DOKUMENTATZEA:
Gaiaren gainean ahalik eta gehien jakitea, beste kide batzuei galdetuz eta liburuetan kontsultatuz, nahiz eta azken hauek, gaur egun oraindik, oso urriak diren.
7- GAIAREN INGURUAN AZTERTZEA:
Ezinbestekoa da azoketara eta urtean zehar egiten diren erakusketetara joatea, dendak eta galeriak bisitatzea. Bildumagileak sarritan joan behar du leku hauetara, nahi dituen piezekiko interesa erakutsi behar du, galderak egin, arreta jarri eta enkanteetan parte hartu piezek lortzen dituzten prezioak ezagutzeko.
8- BILDUMAGILE-KLUBEN BATEN PARTE IZATEA:
Bere sorrera sustatu behar da, interaktibotasun honetatik egunero ikasten da eta.
9.- AUKERATZEA ETA SAILKATZEA:
Ez dugu objekturik bildu behar, sailkatu egin behar ditugu eta aztertu, horrela, gure bilduman zein leku izango duten jakin ahal izateko.
10- ERAKUSTEA ETA PARTEKATZEA:
Bildumagile baten ohoretariko bat bere bilduma erakustea da, bila dezagun txoko bat gure etxean bisitari bakoitzak gure bildumaz goza dezan eta ez dezagun aukerarik galdu beste pertsona batzuek ere gure bilduma ezagutu dezaten.
Beren burua bildumazaletzat dutenak animatzen ditut: bere zaletasunaz idatzi dezala bakoitzak, zelan sortu zen, bere bizitzarako zer suposatu duen, zelan daroan eta beste gai askori buruz; horrela, ezagutzera emateaz gain, agian, txiripaz, guk bere bilduma hobetzen eta handitzen lagundu ahal izango diogu eta.
Jendeak batzen dituen beste gauza batzuen artean egon daitezke: Intsigniak, Orratz edo pinak, Giltzatakoak, Pospolo-kaxak; Orrialde-markatzaileak; Egutegiak; Titareak, Imanak, Koilaratxoak, Bolalumak; ONCEren kupoiak; Loteria-txartelak; Numismatika; Notafilia; Ardo-etiketak; Edontzi-azpikoak, Isolagailu elektrikoak, Telefono-txartelak, etab.
Azkenik, artikulu hau idazteak ematen didan aukeraz baliatu gura dut esateko Elorrioko elkarte filateliko eta numismatiko bateko bazkidea naizela; beraz, seilu, txanpon eta billeteen bildumak egiten ditut, eta prest nago nire zaletasun bera duten guztiekin trukeak egiteko. Hona hemen harremanetarako nire datuak.
Posta elek.: jmlersundi@bitaka.es
Besarkada bat, eta osasuna guztiontzat.